Doors: Paradox

Wikipedia, Entziklopedia askea


Doors: Paradox
Jatorria
Argitaratze-data2022
IzenburuaDoors: Paradox
Banatze bideabanaketa digital
Ezaugarriak
Hizkuntzaingelesa, frantsesa, italiera, alemana, gaztelania, japoniera, portugesa, errusiera, koreera, Txinera sinplifikatua, txinera tradizionala, turkiera eta Indonesiera
Joko-moduabakarka jokatzeko modua
EuskarriaMicrosoft Windows

Doors: Paradox 2022ko azaroaren 4an kaleratutako bideojokoa da.[1] Big Loop Studios[2] taldeak garatutako eta Snapbreak-ek[3] argitaratutako artelana da. Hainbat saltokitan dago eskuragai: PCko GoG,[4] Epic[5] eta Steam[6] saltokietan, horrez gain Google Play eta Apple Store plataformetan ere aurki daiteke. Playstationeko gailuetarako kaleratzeko aurreikuspena dago, baina oraindik ez da gauzatu.[7] Diorama txikiak erabiliz, jokalaria objektu ezkutuak eta buruhausteak askatzera bultzatuko duen abentura sinplea da.

Jostagarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doors: Paradoxek iraupen laburreko puzzleak aurkezten ditu, ate itxura daukatenak. Bere mailetako bakoitzean ate bat ireki behar izango du jokalariak. Jokalariak 360° biratu ahal izango dituen diorama txikiak izango dira, bakoitzak buruhauste labur eta sinpleak josiko ditu bata bestearen atzetik. Arazorik ez izatekotan, minutu gutxitan askatuta izango du buruhauste orokorra, ondoren atea irekiko da, eta berau zeharkatuta, hurrengo mailara iritsiko da jokalaria.

Jokalariak baliagarriak izango zaizkion objektuak bilatzen eta dagokien tokietan jartzen ibiliko da. Beste zenbaitetan jokoak proposatutako buruhausteak ulertu eta osatu beharko ditu. Maila bakoitza oso espazio txikian garatzen da, interakziorako gaitasuna duten objektuak oso argi egoten dira, eta honek erraztu egiten du erabiltzailearen esperientzia.

Puzzle jokoa izanik, gerta daiteke zerbait ondo ez ulertzea, jokoaren garapena trabatuz. Behar izatekotan, bideojokoak laguntza moduan ematen duen informazioa eskaintzen du. Erronka errazteko eman dezakeen informazio gehiagorik eman ezin badu, zuzenean hurrengo mailara pasatzea eskainiko dio jokalariari.

Kontrol oso sinplea erabiltzen du, mugikorretatik, tabletetatik eta antzeko gailuetatik datorren jokoa izanik, ordenagailuan saguaren bi botoiak erabiliko ditu kudeaketa guztiak egiteko. Ezkerreko botoia sakatu eta arrastaka eramanez, puzzlea biratu ahal izango da, beharrezkoa irizten den errotazioa aplikatuz. Ezkerreko klik soilak erabiliz, nahi denean dioramaren zati jakin batzuetara gerturatuko da kamera, behin bertan egonda, objektuekiko interakzioa gauzatu ahal izango da botoi berdina erabiliz.

Batzuetan objektu batzuk bildu eta pantailaren eskuinaldean metatzen dira, beranduago beste kontestu batzuetan erabiliak izateko. Pilatutako objektuak eskuineko kokapenetik hartu eta ezkerreko botoia sakatuz, dagokien tokira arrastaka eramanez garraiatzen dira. Eskuineko botoia, kamera jadanik puzzlearen toki jakin batera hurbilduta dagoean eta ikuspegi orokorrera bueltatzeko erabiltzen da, ingelesez “zoom out” bezala ezagutzen den esaera gauzatzeko.

Ordenagailuko bertsioaren luzerari dagokionez, 58 diorama ezberdin daude. Doors: Paradox hau, aurretiaz sortutako antzeko jokoen bilduma da, Doors: Awakening eta Doors: Origins aurretiazko bideojokoei Paradox izena duen hirugarren atala gehituz. Mugikorren eta tableten saltokietan ordea, banaka har daitezkeen bideojoko bezala agertzen dira hiru atalak.[2][3]

Maila bakoitzean hiru objektu egongo dira ezkutatuta aurkitu eta bilduma osatzen joateko: gema urdina, gema gorria eta mezua daukan pergamino kiribildua. Berez, objektu hauek ez dira beharrezkoak maila gainditzeko. Paperean datorren mezu bakoitzak istorio bat kontatzen du astiro-astiro, eta maila desberdinen artean lotura ezartzen du.

Kanpaina bakoitzaren amaieran bi maila egoten dira, hauetan jokatu ahal izateko gemak izan beharko ditugu, batek kanpaina horretako gema urdin guztiak izatea eskatuko digu, eta besteak, gorriak. Jadanik eginda daukagun mailetan, falta zitzaigun gemaren bat aurkitzea nahikoa da, ez dugu maila berriz erabat bukatu beharrik, maila desberdinak aukeratzeko menura bueltatuz gero, zuzenean eguneratuko baita gure lorpen berria.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gamerauntsia. «Doors: Paradox» gamerauntsia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-21).
  2. a b (Ingelesez) «bigloop» bigloop studios (Noiz kontsultatua: 2024-03-22).
  3. a b (Ingelesez) «Snapbreak Games - A new adventure awaits» Snapbreak Games - A new adventure awaits (Noiz kontsultatua: 2024-03-22).
  4. (Ingelesez) «Doors: Paradox» GOG.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-21).
  5. .
  6. (Ingelesez) «Doors: Paradox on Steam» store.steampowered.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-21).
  7. «Doors: Paradox» store.playstation.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]