Edukira joan

Ekaitz Saralegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Saralegi
Izen osoa: Ekaitz Saralegi Mujika
Jaiotza data: 1979ko abuztuaren 14a (45 urte)
Jaioterria: Amezketa (Gipuzkoa)
Pilotaria
Modalitatea: esku huskako pilota
Egungo enpresa: erretiratua
Postua: aurrelaria
Altuera: 1,80 m
Pisua: 82 kg
Debutatze data: 2001eko otsailaren 25a
Debutatze pilotalekua: Beotibar (Tolosa)
Erretiratze data: 2015eko martxoaren 1a
Erretiratze pilotalekua: Larrunarri (Amezketa)

Ekaitz Saralegi Mujika, pilota arloan Saralegi deituraz ezaguna (Amezketa, Gipuzkoa, 1979ko abuztuaren 14a) esku huskako pilotari profesional ohia da. Aurrelari aritzen zen, Asegarce enpresarekin. Estatistika ofizialen arabera, 1,80 metro luze luze da, eta 82 kilo pisatzen zuen. Estreinako partida profesionala 2001eko otsailaren 25ean jokatu zuen, Tolosako Beotibar pilotalekuan; 2015eko otsailaren 24an bukatu zitzaion Asegarcerekiko kontratua, eta enpresak, aurrez ezer jakinarazi gabe, ez zion kontratua berritu. Hasiera batean enpresak ez zion erretiratze partidarik antolatu,[1][2] baina gero egun bateko kontratua egin zion, 2015eko martxoaren lehenean bere herrikide Jokin Altunaren aurka jaioterrian erretiratze partida joka zezan.[3]

Pilotari langilea eta saiatua, ez zen jo handikoa, baina bai, ordea, oso erremate zehatzekoa; joko handia zuen aurre-aurreko koadroetan.[4][5] Bere ibilbide profesionaleko azken bi denboraldietan lortu zituen emaitzarik onenak txapelketa nagusietan: hala 2013an nola 2014an, Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetara heldu zen. Aimar Olaizolak kanporatu zuen bietan.[2]

2013ko azaroaren 30ean jokatu zuen bere karrerako partida nabarmenena, beti bere jokorako egokiena izan duen txapelketan, lau eta erdikoan: lehenengo aldiz txapelketa nagusi bateko finalerdietaraino heldu zen, eta historia osoan lau eta erdiko txapelketa gehien irabazi dituen eta orduko txapelduna zen Aimar Olaizolaren aurka partida ikusgarria jokatuta galdu zuen, 22-18, Olaizola oso estu hartu eta gero (18-16 aurretik joan zen Saralegi). Zutik jarrita, txalo zaparrada luzea jo zioten zaleek Ekaitzi partidaren bukaeran.[6][7][8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Asegarcek ez dio kontratua berrituko Ekaitz Saralegiri», Berria, 2015-02-18.
  2. a b Joseba LEZETA: «Saralegiri ez dio kontraturik berrituko Asegarcek», Diario Vasco, 2015-02-17.
  3. «Asegarcek ez dio kontratua berrituko», EITB.eus, 2015-02-19.
  4. (Gaztelaniaz) Igor G. VICO: «La noche del cazador»[Betiko hautsitako esteka], Noticias de Navarra, 2013-10-19.
  5. (Gaztelaniaz) Joseba LEZETA: «Ekaitz Saralegi demuestra más en un partido que otros en diez», Diario Vasco, 2006-08-01.
  6. (Gaztelaniaz) Javier LEONÉ: «No fue tan fácil como decían»[Betiko hautsitako esteka], Noticias de Navarra, 2013-12-01.
  7. (Gaztelaniaz) Enrique ECHAVARREN: «Ekaitz, casi te sacan a hombros...», Diario Vasco, 2013-12-01.
  8. (Gaztelaniaz) Igor G. VICO: «Saralegi se despidió el domingo en Amezketa: “Nunca se me olvidará”»[Betiko hautsitako esteka], Noticias de Navarra, 2015-03-03.