Ekoizpen indarrak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Karl Marx filosofoa.

Ekoizpen indarrak kontzeptua (alemanez: Produktivkräfte) “historiaren ikuspegi materialista” edo “materialismo historikoaren” kontzeptu nagusietako bat da. Materialismo historikoa esan zioten Friedrich Engels eta Gueorgui Plejánovek Karl Marx filosofoak giza historia ulertzeko egindako marko kontzeptualari. Materialismo historikoaren arabera, historia baldintza materialen emaitza da, eta ez giza kontzientziarena; gizarte batean dagoen bizitza materiala ekoizteko moduak, hau da, ekoizpen indarrek eta ekoizpen harremanek, determinatuko dute gizarte horren antolakuntza soziala[1].

“Ekoizpen indarrak” ekoizpen bitartekoen (tresneria, makinak, etab.) eta giza lan indarraren arteko konbinaketari egiten dio erreferentzia. Pentsatzen da Adam Smithen The Wealth of Nations (1776, 8.kapitulua) liburuan aipatzen den “lanaren indar produktiboak” hitzetik hartu zutela kontzeptua, naiz Friedrich List ekonomilari politiko alemanak ere aipatu The National System of Political Economy (1841) lanean.

Ekoizpen prozesuan pertsonok erabilitako indar guztiak (gorputz eta buru, tresna zein teknika, materialak, baliabideak...) barnebiltzen ditu kontzeptu honek, baita lantegi barruko lan banaketa teknikoa eta giza jakintza bera ere. Ekoizpen harreman sozialekin batera ekoizpen indarrek ekoizpen modu historiko jakin bat osatzen dute[2].

Ekoizpen indarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

L.D. Yaroshenko kamaradaren akatsak” (1952) kritikan Stalinek esan zuen ekoizpen indarrak “gizakien harremanak naturarekin” zirela, ekoizpen harremanei kontrajarriak, zeinak, bere esanetan, “ekoizpen prozesuko gizakien arteko harremanak” ziren[3].

Marxismoak esaten duenaren arabera, gizarte orotan gizarte hori ezaugarritzen duten ekoizpen harreman eta ekoizpen indarren garapen mailaren arteko korrespondentzia bat dago, nahitaez. Beste modu batera esateko, garai jakin batean gizarte batek duen antolaketa soziala ez da bakarrik gizarte horretako kideen nahiaren araberakoa, baldintzatua baitago: haien biziraupen eta erreprodukziorako beharrezkoak diren ondasunak ekoizteko gaitasunaren garapenaren araberakoa izango da gizarte horren antolaketa soziala[4].

Ekoizpen harremanak osatzen dituzten makina, teknika eta harreman sozialen zerrenda bat egitea baino, ekoizpen harremanen kontzeptuari ondo heltzeko zera da garrantzitsua, ulertzea historian zehar gizakiek bere ekoizteko, natura eraldatzeko, gaitasuna garatu dutela, eta haien erreprodukziorako beharrezko lan denbora murriztu dutela. Marxek horrela deskribatu zuen fenomeno hau:

Lanaren produktibitatearen hazkuntzaz, oro har, lan-prozesuaren aldaketa bat esan nahi dugu, aldaketa honek ondasun bat sortzeko sozialki beharrezkoa den lanaldia laburtzen duelarik, eta lan kantitate jakin batek erabilera-balio handiagoa (edo ondasun gehiago) sortzeko gaitasuna eskuratzen duelarik[5].

Aipu honek argi adierazten du ekoizpen indarren garapena funtsean lanaren produktibitatearen hazkundea dela, edo, beste hitzetan, gizarte baten gaitasuna momentu batean ondasun kopuru berbera ekoizteko lehen erabiltzen zuena baino lan gutxiagorekin.

Gizarte batek momentu historiko jakin batean duen ekoizpen indarren garapenari erreparatzeko mota ezberdineko faktoreak hartu beharko ditugu kontuan: Materialak (tresneria, makinak), intelektualak (teknologia) eta sozialak (ekoizpen harremanak). Hala ere, ekoizpen harremanek ekoizpen indarrek garapenean eragina dutela esaten badugu ere, horrek ez du esan nahi bere hortan ekoizpen harremanak ekoizpen indar direnik[6].

Ekoizpen indarrak eta ekoizpen harremanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marxen ekoizpen harreman eta ekoizpen indarren arteko lotura eta elkarekintzaren inguruko interpretazio ezberdinak egin dira. Esan genezake hedatuena dagoen ikuspegia honako hau dela: ekoizpen harremanek ekoizpen indarren garapena lagundu dezaketela, baino oztopo ere izan daitezkela. Kasu honetan, ekoizpen harreman berriak garatu beharko dira, ekoizpen indarrek haien garapena jarrai dezaten. Ekoizpenaren bi alderdi hauek, beraz (alderdi tekniko-materiala eta alderdi edo forma soziala), ez dira burujabeak: Garai jakin batean gizarte batek duen antolaketa soziala ez da gizarte horretako kideen nahiaren araberakoa bakarrik, baldintzatua dago: haien biziraupen eta erreprodukziorako beharrezkoak diren ondasunak ekoizteko gaitasunaren garapenaren araberakoa izango da gizarte horren antolaketa soziala[7]. Marxek esan bezala:

Bizitza materiala ekoizteko moduak bizitzaren prozesu sozial, politiko eta mentalak baldintzatzen ditu era osoan...haien garapenaren momentu batean ekoizpen indarrak indarrean dauden ekoizpen harremanekin talka egiten dute, edo gauza beraren espresio legala diren ordura arte edukitako jabetza harremanekin. Ekoizpen harreman hauek ekoizpen indarren garapen formak izatetik ekoizpen indarren kate bilatzen dira. Orduan iraultza sozialen garai bat hasten da… Formazio sozial bat ez da sekula hondoratzen beharrezko ekoizpen indarrak nahikoa garatu arte eta ekoizpen harreman berri eta handiagoak ez dituzte sekula zaharrak ordezkatzen haien existentziarako baldintza materialak gizarte zaharraren sabelean heldu arte[8].

Ekoizpen indarrak ekoizpen harremanen oinarrian badaude ere, honek ez du esan nahi ekoizpen harremanek ez dutenik inolako eraginik ekoizpen indarrengan; beste modu batera esateko, gizakien arteko harreman sozialek badute gizakiaren naturaren transformazioan hein batean eragiteko gaitasuna. Adibidez, gizarte batek bere gaitasun produktiboak armagintzan inbertitzea eta garatzea erabaki dezake, baina osasungintzara bideratzea ere bai. Erabaki bata edo bestea gizakion antolaketa sozialaren araberakoa izango da, gizarte horretan lan soziala distribuitua den eraren araberakoa.

Ekoizpenaren alderdi bikoitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marxismoaren arabera ekoizpenak bi alderdi ditu: Alderdi tekniko-naturala eta alderdi soziala. Ekoizpenaren izaera bikoitz hau adierazten dute hain zuzen ere “ekoizpen indar” eta “ekoizpen harreman” kontzeptuek. Ekoizpena, ordea, ez da bi alderdi dituen kategoria marxista bakarra; horregatik bere obran zehar behin eta berriz erabiltzen ditu Marxek “forma ekonomikoa”, “forma soziala” nahiz “forma historiko-soziala” kontzeptuak. Ekoizpenak bezala, merkantziak ere (trukatua izateko ekoitzi den lanaren produktua) izaera bikoitza du, alde batetik erabilera balioa (haren ezaugarri naturalak), eta bestetik truke balioa (trukatua izateko gaitasun soziala ematen diona) bereiz daitezke eta. Era berean, lanari buruz hitz egitean ere lan konkretua eta lan abstraktua bereiz ditzakegu.[9]

Marx ekoizpen prozesuaren eta haren forma sozialaren arteko ezberdintasunetik, hau da, merkatu ekonomiaren egitura sozialetik, lanaren izaera bikoitzera pasatzen da, bere alderdi tekniko eta sozialari dagokionez, eta merkantziaren izaera bikoitzera, erabilera eta truke balio gisa[10]

Egiatan gizakien arteko ekoizpen harremanen adierazpen direnak gauzek berezko dituzten ezaugarri gisa ikusteak sortutako nahasketa seinalatzeko asmatu zuen Marxek merkantziaren fetitxismoaren ideia[11]. Ekonomilari klasikoei forma sozialak emantzat hartu izana leporatzen die Marxek, forma sozialetik abiatzen baitziren gauzen oinarri tekniko-materiala aurkitu nahian. Honen ordez Marx ekoizpen prozesuaren oinarri tekniko-materialetik abiatzen da ekoizpen prozesu horrek hartzen duen antolaketa sozial eta historikoaren sorrera eta nolakotasuna azaltzeko[12].

Egitura eta gainegitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marxen arabera, ekoizpen indar materialek (hau da, lan indarrak eta ekoizpen bitartekoak) eta ekoizpen harremanek gizartearen egitura ekonomikoa osatzen dute, haren oinarri erreala. Egitura honen gainean gainegitura eraikitzen da, hots, egitura ekonomikoari egokitutako forma legal, politiko eta ideologikoak. Estatua, ideologia, erlijioa… gizartearen egitura ekonomikotik eratortzen dira, hor daukate oinarria. Adibidez, ekoizpen indarren garapen ahula zuen gizarte primitibo batean ezin zen estatu moderno bat sortu, estatu modernoaren sorrerak ekoizpen indarren garapen maila bat eskatzen duelako[13].

Ekoizpen indarrak kapitalismoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte kapitalistan ekoizpen bitartekoak klase kapitalista edo burgesiaren esku daude, eta lan indarra berriz langile klasearena da. Ekoizpena gauzatu ahal izateko behar den ekoizpen bitarteko eta lanaren konbinaketa kapitalistak lan indarra alkilatzen duenean bakarrik ematen da. Bizitza materialaren sorrerarako gizadiaren gehiengoa inolako bitartekorik gabe agertzen da gizarte mota honetan, eta bizitza materialaren ekoizpen prozesua gainbalioaren metaketara dago zeharo bideratua. Honekin amaitzeko sozialismoak jabetza pribatuaren abolizioa aldarrikatzen du.

Azelerazionismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekoizpen indarren izugarrizko garapenak garapen horren ondorioei buruzko gogoeta eta interpretazio ezberdinak piztu ditu. Haien artean dago azelerazionismo deituriko korrontea.

XXI. mendeko azelerazionismoa Erresuma Batuko Warwick Unibertsitatetik sortu zen. 1995ean ikasle talde batek Kultura Zibernetikoaren Ikerketa Unitatea (CCRU dira siglak ingelesez) sortu zuen, zeinak  Sadie Plant eta Nick Land filosofoen eragin handia zuen. Landek berak bi azelerazionismo bereizten zituen: Alde batetik, berak sortutako azelerazionismoa (eskuinekoa), eta bestetik ezker azelerazionismoa, zeinaren adibide bat Alex Williams eta Nick Srniceken Politika Azelerazionista baten aldeko Manifestua (2013) den. Bi hitzetan, ezkerreko azelerazionismoak esaten zuen prozesu teknologikoen bizkortzeak (azeleratzeak) emantzipazio totala, kapitalismoaren gaindipena, ekarriko zuela, eta beraz desiragarria zela teknologia muturreraino garatzea. Teknologiaren kapitalismoaren produktu historikoa zela onartzen zuten arren, kapitalismoarengandik bereiztea eta postkapitalismorako trantsizioan erabiltzea posible eta beharrezkoa zela aldarrikatzen zuten[14].

Deleuze eta Guattariren eragin nabarmena dago azelerazionisten lanean, besteak beste, aipu argigarri hau etengabe aurkitzen da azelerazionisten idazkietan:

Baino, zer bide iraultzaile, badago baten bat? Mundu mailako merkatutik erretiratzea, Samir Aminek hirugarren munduko herrialdeei gomendatzen dien bezala, “soluzio ekonomiko” faxistaren berritze kurioso batean? Edo kontrako norabidea hartu? Hau da, are urrunago joatea merkatuaren mugimenduan, deskodifikazio eta territorializazioan. Zeren eta agian fluxuak oraindik ez daude nahikoa desterritorializatuak, nahikoa dekodifikatuak, maila eskizofreniko altuko fluxuen praktika eta teoria baten ikuspuntutik. Ez prozesutik erretiratzea, baizik eta urrunago joatea, “prozesua azeleratzea”, Nietzschek esaten zuen bezala: egia esan, materia honetan oraindik ez dugu ezer ikusi[15]

Nahiz eta azelerazionismoak neoliberalismoaren oinarri materiala behar haiek beharrezkotzat duten garapen teknologikorako, honek ez du esan nahi posizio tekno-utopista bat zutenik, hots, garapen teknologikoak bere horretan kapitalismoarekin amaituko duenik. Teknologia kapitalismoaren gaindipenerako beharrezko baldintza jotzen badute ere, ez da nahikoa; ezinbesteko da estrategia politiko bat. Azelerazionistak marxismotik edan zuten nahiz eta haren balioaren teoria ez erabilgarri jo, eta Marxek berak joera azelerazionista erreprimitu bat izan zuela aldarrikatzen zuten, haien ustez aipu honetan antzeman daitekeena:

Baino orokorrean, gure egunetan, babes sistema kontserbadorea da, merkataritza askearen sistema berriz suntsitzailea da. Aspaldiko nazionalitateak disolbatzen ditu eta muturreraino darama burgesia eta proletalgoaren arteko antagonismoa. Zentzu iraultzaile honetan bakarrik, jaun andreak, ematen dut botoa merkataritza askearen alde[16]

Kapitalaren gaitasuna harreman sozialak suntsitzeko (kasu honetan, Marx feudalismoari ari da erreferentzia egiten) era positiboan hartzen dute azelerazionistek, etorkizun berri bat eraikitzea ahalbidetzen duelako. Baino Marxentzako ezinezkoa da, azelerazionistek esandakori kontra eginez, teknologiak lan denbora ekoizpenetik erabat alboratzea, nahiz eta kapital finkoak minimora murriztu sozialki beharrezkoa den lanaren denbora, giza lana delako balioaren iturri bakarra. Marxek esan bezala, kapitala “kontradikzioa prozesuan” da, alde batetik, lan denbora ahalik eta gehien murrizteko joera duelako, baino aldi berean lan denbora aberastasunaren neurri eta iturri bakarra duelako[17].

Teknologia digitalen inkorporazioak lan prozesuan oso zaila egin du lan biziaren inputa denbora aldetik zehazki zenbatekoa den kalkulatzea. Honek, ordea, ez du esan nahi lana balioaren formarengandik askatuko litzakeenik, izan ere, Marxen arabera giza lana da balioaren iturri bakarra, balioa harreman sozial bat delako. Produktibitatearen hazkunde masiboak dakarrena erreprodukzio sozialaren kolapso bat da, jendearen bazterketa lan prozesutik, baino ez lanaren askapena balioaren formatik.

Makinariak ez du harreman sozial kapitalisten desagerpena ekarriko. Balioa balorizatzeko, hasieran inbertitutakoa baino handiagoa den balio bat lortzeko, lan indarra behar da. Makinariak beti balio kantitate berbera “jartzen” du ekoizpen prozesuan; produktibitatea handitzean, ekoitzitako merkantzia bakoitzaren balioa txikiagoa izango da (haiek ekoizteko lan denbora soziala gutxitu delako), eta ekoizpenaren bolumena handitzea edo kapital konstantearen kostua murriztea izango da jarritako dirua berreskuratzeko era bakarra. Irabazia ateratzeko era bakarra, ordea, gizakiaren lan indarretik dator, hau baita kapital finkoari balio gehitu bat atxikitzen diona. Ekoizpen prozesuan makinak sartzean, lan indarra erlatiboki murriztu egingo da, eta beraz, irabazia ere bai[18].

Politika Azelerazionista baten aldeko Manifestua (2013) argitaratu eta urte batzuetara, Williams eta Srnicekek beste liburu bat idatzi zuten, Etorkizuna asmatzea. Postkapitalismoa eta lanik gabeko mundu bat (2017) izenekoa. Bertan ezin aurkitu azelerazionismo kontzeptuaren arrastorik, ezta Deleuze edo Guattariren aipamenik. Izan ere, ezkerreko azelerazionismoak ez du sekula benetan balorizazio prozesu kapitalista bizkortzeko saiakerarik egin, haien apustua ekoizpen indarren kristalizazioa den adimen orokorra (giza jakintza soziala, ekoizpen indar gisa ulertua) aldaketa politikorako erabiltzea izan da. Honek marxismoaren baitan nahiko normala den postura batera hurbiltzen ditu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Marx, Carl (1845). "The German Ideology". www.marxists.org. Retrieved 5 March 2019.
  2. Marx, Karl (1845). "The German Ideology". www.marxists.org. Retrieved 5 March 2019.
  3. Stalin.(1972). “Remarks on economic questions connected with the November 1951 discussion” in Economic Problems of Socialism in the USSR, Foreign Languages Press, Peking p. 1-2.
  4. Saba, Paul & Malcom. (1980).Productive forces. In struggle! No.226. Encyclopedia of Anti-Revisionism On-Line
  5. Capital, Vol 1, section IV, chapter XII, International Publishers, New York in  Saba, Paul & Malcom. (1980).Productive forces. In struggle! No.226. Encyclopedia of Anti-Revisionism On-Line
  6. See Marx, Capital, Book III, section III, Vol. VIII in Saba, Paul & Malcom. (1980).Productive forces. In struggle! No.226. Encyclopedia of Anti-Revisionism On-Line
  7. Illich Rubin, Isaak. (1924). Ensayos sobre la teoría marxista del valor. Siglo XXI Argentina Editores S.A. Córdoba 20164, Buenos Aires. 89-90 pp.
  8. Marx, Carl.(1859).Prólogo a la Contribución a la Crítica de la Economía Política.Marxists Internet Archive, marzo de 2001.
  9. Illich Rubin, Isaak. (1924). Ensayos sobre la teoría marxista del valor. Siglo XXI Argentina Editores S.A. Córdoba 20164, Buenos Aires. 87-88 pp.
  10. Illich Rubin, Isaak. (1924). Ensayos sobre la teoría marxista del valor. Siglo XXI Argentina Editores S.A. Córdoba 20164, Buenos Aires. p.125.
  11. Illich Rubin, Isaak. (1924). Ensayos sobre la teoría marxista del valor. Siglo XXI Argentina Editores S.A. Córdoba 20164, Buenos Aires. p.54.
  12. Illich Rubin, Isaak. (1924). Ensayos sobre la teoría marxista del valor. Siglo XXI Argentina Editores S.A. Córdoba 20164, Buenos Aires. p.92.
  13. T. McLellan, David. Marxism.Encyclopedia Britannica.
  14. Acosta Iglesias, Lorena eta Arroyo García, Nantu. (2019). Pensar el aceleracionismo, ¿con o contra Marx? El fragmento sobre las máquinas a debate en el s.XXI. Argumentos de Razón Técnica, no 22, 178-205 or.
  15. Deleuze, Guattari.(1985). El Anti-Edipo. 246 or.
  16. Marx, Karl. (1987). Filosofiaren Miseria.158 or.
  17. Acosta Iglesias, Lorena eta Arroyo García, Nantu. (2019). Pensar el aceleracionismo, ¿con o contra Marx? El fragmento sobre las máquinas a debate en el s.XXI. Argumentos de Razón Técnica, no 22, 178-205 or.
  18. Acosta Iglesias, Lorena eta Arroyo García, Nantu. (2019). Pensar el aceleracionismo, ¿con o contra Marx? El fragmento sobre las máquinas a debate en el s.XXI. Argumentos de Razón Técnica, no 22, 178-205 or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]