Eperra (abestia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau abestiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Eperra».
Eperra (abestia)
Niko Etxarten eta Anje Duhalderen musika-lana
Egilea(k)Niko Etxart eta Anje Duhalde
Argitaratze-data1979
Ezaugarriak
Genero artistikoaherri-musika
Hizkuntzaeuskara
Deskribapena
Honen parte daIzan Gira
Hitzakezezaguna
Bestelako lanak
Musikagileaezezaguna

Eperra euskal abesti herrikoia da[1]. Zuberoan du jatorria. Abesti honen bertsiorik ezagunenak Niko Etxart altzürükütar abeslariak[2] eta Anje Duhalde lapurtarrak moldatutakoak dira.[3]

Abestia oso ezaguna da, 'Euskal abesti herrikoien' artean 4. bisitatuena izan da Wikipedian (2015-2023).[4]

Etxartek 1979an grabatu zuen lehenengoz Madrilen. Gerora, Anje Duhaldek Akelarre taldearekin abestu zuen eta hori da Hegoaldean hain ezagun den bertsioa. Horren ondotik berrogei bertsio inguru izan ditu abestiak, guztiak musikatuak. 2004ko Eperra albumean, lehen aldiz a capella abestu zuen Dominika Etxartekin eta Robert Larrandabururekin, jatorrizko bertsioan.

2005ean Euskal Kanturik Onena saioan hirugarren hautatu zuten.

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aldiz irakurrita ematen du kantuaren gai nagusia txoriak, eperrak, lumak direla. Baina hitz horiena artean metafora asko daude. Benetako gai nagusia amodio kontuak dira. Zeren metafora da lilia (lorea)? Zeren metafora da “lumarik eijerrena erori” kontu hori?[5]

XVIII. mendeko herri lirikan hegaztiak emazteak izendatzeko sinbolo ziren. Usoa bezala eperra kantatzen ez duen txoria izanez, bukaera zoriontsurik ez duten poemetan aurkitzen dira gehienbat. [1]

Zuberoako molde berezi batzuk azaltzen dira:[5]

  • kokarda: gandorra, eperrak buruan daukan apaingarria
  • eijer, ejer, edder… Batuaz eder.
  • bilo holli, batuaz ile hori.
  • gai , gauabadirudi Zuberoan ez dela gertatu e > i aldaketa eta forma arkaikoari eutsi diote:
  • ebili (ebiltia, batuaz hedatuago baina modernoagoa dirudien ibiltzea adierazteko).
  • haier, batueraz haiei esango genuke; 
  • so egin, soz – hau da, begiratzen.
Jatorrizkoa zubereraz Beste modu batera
Eperrak baditizu[6] bere bi hegalak

Bai eta bürün gainin kokarda ejer bat
Zük ere balinbazünü gaztetarzün[7] ejer bat
Neskatilen gogatzeko bilo holli pollit bat.

Amorosak behar lüke izan lotsa gabe
Gaüaz ebiltea ez üken herabe
Egünaz ebiltea desohore leike
Txoriak ere oro haier[8] soz dirade.

Ebili izan nüzü[6] gaüaz eta beti
Eia atzamanen nianez lili eijer hori
Azkenean atzaman düt, oi bena tristeki
Lümarik ejerrena beitzaio erori.

Mündüan ez da nihor penarik gabe bizi
Nik ere badit aski horitean segürki
Nik desiratzen nizün ezkontzea zurekin
Bena ene aitak ez dü entzün nahi hori.

Zure aitak zer lüke eni erraiteko
Ala ez nitzaio aski aren ofizioko
Ala zü soberaxe zitzaio enetako
Printzerik ez ahal da orai zurenganako.

Horra eperra bere bi hegalekin

Baita buru gainean gandor eder bat
Zuk ere baduzu gaztetasun eder bat
Neskatoak seduzitzeko ile hori eder bat

Maitalea ez da lotsatu behar
Gauez paseatzeko ez da herabe
Egunez ibiltzea desegokia litzateke
Txori guztiek ere begiratzen diete

Ibili izan naiz gauez eta egunez
Ea aurkitu nuen lili eder hori
Azkenean aurkitu dut! baina hain triste
Lumarik ederrena baitzaio erori.

Munduan ez da inor penarik gabe bizi.
Nik ere badaukat aski horretan ziur
Nik desiratzen nuen ezkontzea zurekin
Baina nire aitak ez du entzun nahi hori

Zure aitak zer du niri esateko
Ala ez naiz nahikoa bere ofiziorako
Edo zu gehiegi zara niretzat
printzerik ez dago orain zuretzat

Niko Etxarten Eperra diskoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Niko Etxarten Eperra albumaren historia 1993an hasi zen, Etxarten aitak, Dominikak, erretiroa hartu zuenean. Prozesua luzea izan bazen, nahita izan omen zen luzea. Herrian bertan estudio txukuna zuten grabazioak egiteko. Kantu hauek guztiak zuzenean balira bezala grabatzen zituzten eta mimo handiz gainera. 1999an sartu ziren estudioan eta behin kantua grabatu eta sei hilabete pasa zitezkeen hurrengoa grabatu arte. Hirurok elkartzeko modu bat izan zen batez ere eta abentura zinez ederra.[9]

Modu gordinean eta musikarik gabe, ahots hutsean, kantu laburrak egiten saiatu ziren, melodian ongi sar zitezen eta luzeegiak izatea saihestu nahirik. Hala, euskal kantu, kopla, pastoral eta abarrek euren luzeragatik batzuengan sortzen duen asperdura aienatu nahi izan zuten. eperra abestiaz gain beste 16 kantu sartu zituzten albumean[9]

  1. Pum-ba-pa (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
  2. Zelü zola zohardia (Hitzak eta doinua: Dominika Etxart)
  3. Buneta eta txapela (Hitzak: Louis Ligueix-Doinua: Herrikoia)
  4. Sor leküari (Hitzak: Jean-Baptiste Borthiri "Sala"-Doinua: Herrikoia)
  5. Ama Euskadi (Hitzak eta doinua: Etxahun Iruri)
  6. Builtrea (Hitzak eta doinua: Alexis Etxekopar "Attuli")
  7. Elür lümak (Hitzak: Dominika Etxart-Doinua: Niko Etxart)
  8. Zetabea (Hitzak: Dominika Etxart-Doinua: Robert Larrandaburu)
  9. Arrosarik ederrena (Hitzak eta doinua: Dominika Etxart)
  10. Ai! ardoa (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
  11. Biba besta (Hitzak: Dominika Etxart-Doinua: Niko Etxart)
  12. Anaia etxen da ezkontü (Hitzak: Etxahun Iruri-Doinua: Herrikoa)
  13. Eperra (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
  14. Partitzeko tenorea (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
  15. Argizagiak argitzen dizü (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
  16. Bazterretik bazterreala (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
  17. Ihautean maskaradak (Hitzak eta doinua: Niko Etxar

Diskoa grabatzen hasi aurretik, kantaldiak eskaini ohi zituen hirukoteak Iparraldean. Emozio handiko kantaldiak izaten ziren, elizak betetzen zituztenak eta adin guztietako jendearentzat gustagarri zirenak. Batzuentzat nostalgiaz beteriko kantuak ziren, baina kantari zuberotarrak dioenez, gazteek ere topatzen omen zuten zer edo zer kantu horien atzean. Zuberotarrak zain ziren disko hau noiz kaleratuko eta kantaldi bakoitzaren ostean, horixe eskatzen zieten. Hiru motako kantuak biltzen ditu: kantu zahar edo herrikoiak, xiberotar konpositore handiek utzitakoak eta hirukote honek sortutakoak.[9]

Kantu herrikoietariko bat, diskoari izenburua ematen diona da hain zuzen ere, Eperra. Beste abesti batzuk xiberotar kantuaren ikono diren konpositoreenak dira. Hor biltzen dira Etxahun, Attuli edo Ligeixenak, besteak beste. Azkenik, diskoaren egileek nostalgiarik gabe sortutako xiberotar kantuak ere badira. Bizirik den zerbait bezala defendatu dute, ez monumentu bezala. Gehienetan hitzak Dominika Etxartek idatziak dira eta musika Niko Etxart berak edo Robert Larrandaburuk sortua. Bildumak biltzen dituen 17 kantuetarik bada bat berezia: Pum ba Pa izena duena. Istorio polita du abesti honek. Dominikak, 16 edo 17 urterekin, taberna batean belarriz ikasi zuen abestia da, Italiako oihaneko langile batzuek abesten zutena. Ez da egiazko italieraz kantatua, aitak oroitzen duen moduan abestua da. Jogurt moduan kantatzen dutela diote eta grafia ere hala mantendu dute. Oso laburra eta bizia da eta badirudi kantaldietan arrakasta handia izaten duela.[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Tolosa, Mayi. (2005-1-23). «Eperra: kantagintzaren bizigarri» Argia (1976) ["... Kantu herrikoietariko bat, diskoari izenburua ematen diona da hain zuzen ere, Eperra. Etxartek 1979an grabatu zuen lehenengoz disko hau Madrilen. Gerora, Anje Duhaldek Akelarre taldearekin abestu zuen eta hori da Hegoaldean hain ezagun den bertsioa. Horren ondotik berrogei bertsio inguru izan ditu abestiak, guztiak musikatuak." Dibulgazio laburpena].
  2. Etxart, Niko. (2004). «Eperra» www.badok.eus (Elkar) (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  3. Duhalde, Anje. (2012). «Ibilean» www.badok.eus (Elkar) (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  4. «Euskal abesti herrikoi bisitatuenak Wikipedian (Massviews Analysis)» pageviews.wmcloud.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-10).
  5. a b gorkaazk. (2015-01-19). «Metafora – Eperrak» egunsentiederra (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  6. a b Ikus, baita, Zuketa eta xuketa
  7. -tarzun/-tasun atzizkiari buruz, ikus, esate baterako Elixabete Perez Gaztelu: «Koldo Mitxelenaren zinema-kritiketako hitz eratorriak», Euskaltzaindia, 1994.
  8. Datibo. 2015-04-01 (Noiz kontsultatua: 2018-11-12).
  9. a b c d «Eperra: kantagintzaren bizigarri» www.argia.eus (Argia) (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]