Pierre Bordazarre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pierre Bordazarre

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPierre Bordaçarre
JaiotzaIruri1908ko maiatzaren 30a
Herrialdea Zuberoa, Euskal Herria
HeriotzaPaue1979ko urriaren 1a (71 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jardueraknekazaria, idazlea eta musikaria
Lan nabarmenak
Izengoitia(k)Etxahun-Iruri

Literaturaren Zubitegia: 336 Musicbrainz: 6a3c1b8d-636d-45dc-9f24-84ab169de2fb Edit the value on Wikidata
Artikulu hau Etxahun-Iruri buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etxahun».

Pierre Bordazarre Etxebarne, ezizenez Etxahun-Iruri (Iruri, Zuberoa, 1908ko maiatzaren 28a - Paue, Okzitania, 1979ko urriaren 1a) euskal idazlea, musikaria, txirulari harrigarria, bertsolaria, idazlea, abeslaria, kantu eta pastoral egilea izan zen. [1]

Bizitza osoan berak egindako 100 kantu baino gehiago bildu zituen "Khantan - Etxahun Iruri" liburuan 2017an.[2][3] Horietatik ezagunenak dira, seguruenik, Agur Xiberua, Goizian argi hastian eta Oi ama Eskual Herria.

Ogibidez laboraria eta artzaina izan zen.

Bizialdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa (1908-1923)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruriko Etxahunian sortua, etxe horretan bizi izan zen.

Aita, Gabriel Bordazarre, etxe horretako jabea, Ameriketako Estatu Batuetan zortzi urtez lan egin zuena gaztaroan; ama, Aña Etchebarne, Barkoxe Etxebarne baserrikoa, Gaztelondo auzokoa, Etxahun «xaharra» bezala. Bi arreba eta anaia bat zituen Pierrak. Bigarren haurra zen, baina lehen mutikoa; beraz aitak premu egin zuen, baserriko lanetan goizik laguntzaile baten edukitzeagatik. Hori zen Zuberoako usaia edo ohitura nagusia.[4]

Haur-denboran eskolara joan zelarik (13 urte bete artean), ikasle ona izan omen zen. Bereziki gustuko omen zituen literatura-gaiak, frantsesez ikasiak, jakina. Geroztik, beti maite izan zuen irakurtzea. Lanbidez, laborantza lanetan aritu zen, hala nola artzain.

Mattin eta Etxahun Irurikoa bertsotan Zuberoan.

Gazterik hasi zen pastoraletan parte hartzen. Harmonika eta txirula jotzen ere ikasi zuen. Hurrengo urratsa kantuak egiten hastea izan zen.

Gaztaroa (1923-1939)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal jaien munduan goizik sartu zen. Hor maisu izan zuen Leon Salaber Ozazekoa: kantari, dantzari, istorio kontalari, soinulari ezteietan bereziki, eta «pastoral errejenta», hots taula zuzendaria. Etxahuneko familiaren adiskide handia zen aita Gabrielen denboratik, eta Pierra gazteari 15 urteetan kargu bat eman zion 1923an, Irurin antzezturiko Charlemagne trajerian.[4]

Soldaduska Bordelen egin zuen. Orduan zendu zitzaion aita, nahiko gazterik, septizemia (odol-zornatze) batetik, aitona bezala, eta ber gaitzak eroanen du bera. 1934an ezkondu zen, Santa-Grazi/Urdatxeko Ütürbürüa baserriko Felicie Borthiry, dendari-jostuna ere bazenarekin. Ezteietan bertsoak ondu zizkien Louis Ligetx adiskideak.[4]

Bigarren Mundu Gerran soldadu eta preso (1939-1945)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerra handira deiturik izan ziren 1939an Bordazarre bi anaiak. 1940ko ekainean, Frantziako eta Britainia Handiko lur-armada zepoan hartu zuelarik ustekabean Alemaniakoaren sarekada izugarriak, zortez atera zen Pierra Soissons aldetik, sarean gelditu aldiz anaia, bost urterako Alemaniarantz eroana milioi bat eta erdi lagunekin. Zorigaizto erraldoia poetarentzat ere. Gerra horretan galdu zuen anaia. Pierre bederatzi hilabetez preso egon zen Alemanian[5].Oroitzapen mingarri horretarik ez zen behin ere askatu Pierra, ez zuen aipatu nahi ere. Gero sorterrira itzuliko zelarik, zein hunkigarriki abestuko zuen Ama kantu bihotz erdiragarrian! Bertso gogoangarri hauek idatzi zituen[6][4]

Aski sofritüz nik hanitzetan
desir nükean hiltzea
ez bazüntüdan hain maite üken
oi Ama Euskal Herria

Kantari, bertsolari, kantugile eta pastoral-egile (1946-1979)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Louis Ligetx zuberotar koblakariaren ikasle izan eta gero, harekin ibili zen bertso deman. 1946an sari bat irabazi zuen Hazparnen eta, Zuberoan lehiakiderik gabe geratu zenez, batzuetan Xalbador[7] eta Mattinekin egin zituen saioak.

Mendizale ere bazen, bereziki Maidalena mendia maite zuen. Horren maldan bordalde bat bazuen gainera Etxahunek. Udan artaldea Igeluko «olaltearen» aldamenean zuen, eta Etxahun Barkoxek abestu zuen horretara itzuli baten egitea maite zuen Bordazarrek, aziendaren eta semearen ikustera igotzeko aukera zuelarik.[4]

Etxahunek oso gaztetatik adierazi zuen bertsogintzan oso erraza zela. 1930eko hamarkadan hasi zen bertsolari eta kanta-egile famatua izaten, gerraren garai iluna iritsi zen arte. Gerraren ondoren. 1946an, Agur Xiberua, Ama idatzi zituen, besteak beste etxera itzultzeko presoei buruz pentsatzen.[8]

Nolanahi ere, bertsolari baino gehiago kantugile eta pastoral-egile izan zen.

« Etxahunekin ere kantatu izan dugu, batez ere Xuberoan ginabiltzalarik. Hau ez da ordea —berak aitortzen duena— hainbat trebe bat batean bertset egiten. Baina baditu eginak kantu xoragarriak. Musika ere berak egiten badaki, eta hortan bekaizti nitzaio, Xuberoako izarra den horri. »

Xalbador, Fernando Aire. (Odolaren mintzoa, 51. or., 1976)[9]


Heriotza (1979)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paueko klinika batean ebakuntza txiki baterako sartua, ustekabean itzali zen 1979ko urriaren lehenean, astelehenkari, arratseko bederatziak irian. Eskiulatik Bilbora bihotz asko zaurituz, biharamunean tximista bezala hedatu zen berri tristea.[4]

Kantugilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Louis Ligetx larraintarrarekin ikasi zuen kantuan. Orduko sonatua zen Lipetx. Zihigako Baratzabal etxera ezkondua baitzen, merkatu arratsetan geldialdi bat egiten zuen Etxahunean, eta berandu arte koblakan ari zen Pierra gaztearekin.[4]

Kantu idazten ere hasi zen Bordazarre munduko bigarren gerla aurrean: 1938 urte ingurukoa da haren abesti hunkigarrienetako bat, «Domecq mariñelaren hiltzia». Donibane-Lohizunekoa zen arrantzale hori: beraz ordukotzat Zuberoatik harantz ikusten zuen Etxahunek. Baina gerla ondoan loratuko da gehienik Irurikoaren dohain hori.[4]

Gerra ondoko abesti-zaparrada arrakastatsua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniatik itzuli berriak ziren gerlako presoneren ohoretan, kermeza izeneko jai batzuk antolatu ziren 1946ko udaberrian, herriz herri, eta horietan elkarrekin kantari agertu ziren bi lagun: Etxahun Irurikoa eta Arabarco Mendikotakoa. Zer abestu zuten? Nagusiki Etxahunen kantu berri bat, oso hunkigarria, presoner ohiena: «Ama».[4]

Irurikoak laster atera zuen abesti zaparrada bat harrigarria: «Oihanean», «Goizean argi hastean», eta denetatik sonatuena, ekain hartan udako sua pinudian bezain azkar hedatu zena 1946an: «Agur Xiberoa!»[4]

Kantuan Alexis Etxekopar (Attuli) barkoxtarrarekin lehiatu zen. Attuli barkoxtar laboraria, poeta hunkigarria zen, baina plazaratzeko herabea, goizegi gelditu zena publikoan agertzetik. Agian isilka lan egin duke, baita oraino egiten olerkian.[4]

Berrehun bat kantu ditu idatziak. Gehienak euskaraz, baina frantsesez ere 26 bat egin zuen.[4] Euskal kantugintzan lehiakide on bat izan zuen une batez,

Abesti ezagun batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira bere Etxahun Iruriren abesti ezagun batzuk: [1]

Baina gehiago dira abesti ezagunak. AGUR XIBEROA abestiaren hasiera hau da:


\new Staff \with {
  midiInstrument = "flute"
}

\relative c'' {
    \time 6/8
    g4.
    
    g'2.(g4) f8 g4 f8 | e2.(e4) g8 g4 f8 | e4 g8 g4 f8 | e4 f8 g4 e8 
      \bar "" | \break
      f4. d4.(d4.) g,4. |  f'2.(f4) e8 f4 e8  | d2.(d4) f8 f4 e8  | d4 f8 f4 e8 
      \bar "" | \break
      d4 d8 c4 d8 | e4. c4. (c4.) 
}

\addlyrics {
  \lyricmode {
A -- gur Xi -- be -- ru --a
Baz -- ter gü -- zie -- ta -- ko xo -- kho -- rik ei -- je -- rre -- na
A -- gur sor le -- khi -- a
Zu -- ri di -- tit e -- ne a -- me -- tsik go -- xu -- e -- nak

  }
}

\midi {
  \context {
    \Score
    tempoWholesPerMinute = #(ly:make-moment 90 3)
  }
}

Etxahunen abestien interprete ezagun ugariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal abesbatz gehienen errepertorioan Etxahun Iruriren abestiak sartzen dira. Abesbatzetan egin diren bertsioak kontuan hartu gabe, 2015ean Badok.eus musika-atariak erraz bildu zuen lista bat 20 abestirekin urte horretan Etxahuni egin zitzaion omenaldi baterako[12]

Etxaun Iruri
  1. Ama Euskadi - Jean Mixel Bedaxagar(Pierre Bordazarre \'Etxahun-Iruri\')
  2. Laida pilotaria - Jojo Bordagarai(Doinua eta hitzak: Pierre Bordazarre \'Etxahun-Iruri\')
  3. Goizian argi hastian - Amaia Zubiria(Hitzak eta musika: Pierre Bordazarre \"Etxahun Iruri\")
  4. Oi ama Eskual Herri - Benito Lertxundi(Hitzak: Etxahun Iruri-Musika: Herrikoia / Moldaketa: Benito Lertxundi)
  5. Ai zer plazerra - Erramun Martikorena(Pierre Bordazarre \'Etxahun Iruri\')
  6. De Treville-ren azken hitzak - Imanol(Hitzak eta musika: Etxahun Iruri)
  7. Madarixatik itsasora - Imuntzo eta Beloki(Hitzak: Beloki-Musika: Etxahun Iruri)
  8. Anaia etxen da ezkontü - Niko Etxart(Hitzak: Etxahun Iruri-Doinua: Herrikoa)
  9. Oihanian - Pantxoa eta Peio(Hitzak eta musika: Etxahun Iruri)
  10. Zantxo Azkarraren heriotzea - Pier Paul Berzaitz(Hitzak eta musika: Pierre Bordazarre \"Etxahun Iruri\")
  11. Agur Xiberua - Kepa Junkera(Etxahun Iruri / Moldaketa: Kepa Junkera)
  12. Ama Euskadi - Ruper Ordorika(Hitzak eta musika: Etxahun Iruri)
  13. Goizian argi hastian - Benito Lertxundi(Etxahun Iruri)
  14. Matalazen hiltzea - Pier Paul Berzaitz(Hitzak eta musika: Etxahun Iruri)
  15. Goizian argi hastian - Bidaia(Hitzak eta musika: Etxahun Iruri / Moldaketa: Mixel Ducau)
  16. Bedatsiaren heltzean - Jean Mixel Bedaxagar(Musika eta hitzak: Etxahun Iruri)
  17. Haur maitea - Jean Bordaxar(Hitzak eta doinua: Pierre Bordazarre \'Etxahun Iruri\')
  18. Anaia etxen da ezkuntu - Erramun Martikorena(Pierre Bordazarre \'Etxahun Iruri\')
  19. De Trevilles-n azken hitzak - Kalakan(Hitzak eta musika: Pierre Bordazarre \'Etxahun Iruri\')
  20. Etxahun plaza gizona - Jean Mixel Bedaxagar(Musika eta hitzak: Jean Mixel Bedaxagar)

Musika sortzeko eta gogoratzeko gaitasun harrigarria solfeoa ezagutu gabe[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxahunek ez zuen solfeoa ezagutzen eta, gainera, ez zuen inoiz ikasi nahi izan. Ez zuen musika-teknika ezagutzen, baina haren doinu asko kalitate musikal handikoak dira. Doinu bat bere buruan sortzen zenean, behin betiko inskribatuta geratzen zen; harentzat ez zen beharrezkoa idaztea, bere teknika zuen. Egia da Etxahun ez zela inoiz bulego batean jarri paperezko orri baten ondoan, abestiak konposatzeko. Berak konposatzen zituen kantak, soroetan lanean edo animaliak zaintzen ari zela. Bere ingurukoak konturatu ziren, sortzen ari zela, errealitatea, une hartan, desagertu egiten zela.[8]

1956an, Etxahun «Autoreen Elkarteko» kide egin zen, azterketa bikain bat egin ondoren. Urte batzuk lehenago Oldarra taldearekin Veneziara egindako bidaiari buruzko abesti bat frantsesez idazteko eskatu zioten. Aztertzaileak emandako harmonika bat erabili zen melodiarako. Aztertzailea guztiz hunkituta geratu zen Etxahunek erakutsitako erraztasunarekin eta testuaren kalitatearekin... harmonika oparitu zion.[8]

Urte batzuk geroago, 1962an, kasualitatez hasi zen bere txülülari karrera. Garai hartan musikari-eskasia zegoenez bere txülülarekin laguntzeko eskatu zioten. Hala, 10 urtez, Xuberoaren sinbolo bihurtu zen. Garai hartan, txülüla lantzen hasi zen, eta denbora gutxian asko aurreratu zen. Txülülülari-urritasunaz jabetuta, musikariak osatzea izan zuen kezka. Horrela, berari esker txülülülari-belaunaldi berri bat sortu zen Etxekopar-ekin (Bedaxagar), eta txülüla-ikastaro bat sortu zen Mauleko musika eskolan.[8]

Etxahun Irurikoaren ondokoa Jean Pierre Bertzaiz omen da Davanten ustez. itxuraz eta maneraz ez, segur aski, denborak ere zinez aldatu baitira, baina bai Xiberoan eta beste probintzietan betetzen duen lekuaz, eta lehenik gizon-orkestra izateaz.[13]

« Eta zü bethi khantüz... Ni Sibase huntan etxenko zaharrek ützi fediaren eta mintzajiaren begirale nündüzün. Zü aldiz mündüko gaiza ederren: amodio, familia, zelü, lür eta gure üngürünetako gaiza oroen.

Begia argi, izpiritia zorrotz, erri eijer bat ezpañetan. Iruri Etxahuneko etxeko-jaun, zure büriaren eta lanaren nausi, mündüko ofiziorik ederrenian zure familiaren ogia geilhatu düzü.

Kabalen onduan, phertika bizkarrian edo makhila eskian, khorpitza txüt phensamentükan, bardin koblakan, zankhuak eta enthelegia ber denboran ebil-eraztez, hola zütügü maite, faizurik gabe, laborari sinple düzün gano amiagarria izanagatik.

»

Madalena Jauregiberri[2]


Txirularia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bixkotxaren gaineko gerezia, txirula. Gaztaroan ikasirik, gero ahantzixerik, 1962. edo 1963. urtean berriz lotu behar izan zitzaion Pierra, zerbitzu egiteagatik. Beste hiru txirulari zeuden Zuberoan, adinekoak, eta hirurak betan eri gertatu Atharratzeko «kermeza» edo festa baten unean. Etxahun behartu zuten atharraztarrek. Jaia animatu zuen Pierra bihoztoiak ahal bezala! Ondoko astean amorru betean txirula jotzeari ekin zion soroan, trebatzeko. Laster maskaradaz maskarada ibili zen, Pierra Aguer Ga(r)at A(r)hane lagun atabalean: bikote mitiko bihurtu ziren Euskal Herri osoan.[4]

Zuberotar anitzek bezala, harreman estuak zituen Maule eta mauletarrekin. Sozialisten kidea zen bereziki, bere ideiak ez zituen gordetzen. Halere estimu handitan zuten zuriek ere, gizon irekia baitzen, maitagarria, alaia, denekin edonon «eijerki» elestatzeko denbora hartzen zuena. Etxean usu jendea, eta beti ongi hartzen berak eta familiak.[4]

Pastoral-egilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuberoako muturrean, pastoralaren ohitura berriz biziarazi zuen Etxahun Irurik, ikusgarrien muina euskal historian sustraituz, Etxahun Barkoxeren biografia edo Bereterretxen Kantorea bezalako tematikak garatuz, lau orduz, orduan gizonak baizik ez zirela tauladetara igotzen![14]

Bederatzi Pastoral edo trajeria idatzi zituen; herri-antzerki mota hau berriztatu zuen, batez ere protagonista euskaldunak sartuz. Mende laurden batez pastoral idazle bakarra izan zen.

Roger Idiartek idatzi eta 2001ean taularatutako Etxahun Iruri pastorala bere omenezkoa da.

« Alhor, soho, arthegi, sükhalte, arrabotü ala ostatian, gizun eijer hunen begithartia üsienik erri ezti batez argitürik zaikü agertzen. Bena ez uste ükhen Etxahunek bere ganua kanpoz edo axalez baizik eztiala: Uskal-Herria ezinago barnatik maite dü eta fente xehiarekin hanitxez laketago da jaun killotareki beno... egiazko olerkari edo poeta güziek bezala bihotza minbera beitü eta zuzengabekeria hügü. Behar denin badaki lilistatzen, bena bardin ostikata zunbaiten igorteko ezta gibel egoiten. Hots, goguan dütianak elkhitzen deizkü, xüxenka ezpada eijerki üngüratzez, phezüxka direnek ezpeitie berhala enthelegatzen... bena nur da phezü Xiberuan? Bego hortan.

Nork ez du ezagutzen AGUR XIBERUA ontu duen pertsularia?».

»

—R. I.[2]


Euskal Herri osoko zuberotarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxahunen aberria, Euskal Herria izan zen bere osotasunean: «zazpi probintziak». Davantek dio gauza berria izan zela hori Zuberoan. Davant txikia zenean zuberotar zaharrek «üskaldünak» zioten berentzat, eta «manexak» edo «espainolak» beste euskaldunentzat. Ez dira desagertu geroago «manex» eta «espainol» izen horiek, baina zuberutarrentzat «üskaldünak» dira haiek ere. Davantek dio Etxahuni esker zuberotarrek badakite zuberotarrak direla, eta zazpi lurralde historiko dituela Euskal Herri osoak. Gainera, Bordazarrentzat aberria ez da hiltzera doan ama xaharra, emazte gaztea baino, eta haurrak egin dizkio. Batetik bestera, lekukoa luzatu digu Etxahunek.[4]

Euskaltzain urgazlea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzain urgazlea izan zen. Besteak beste, zuberotar hauek bezala: Itxaro Borda, Battittu Coyos, Jean Louis Davant, Jean Pierre Epherre eta Michel Epherre anaiak, Madelena Jauregiberri, Pierre Eyheramendy, Pierre Lhande, Constantin, Jon Mirande, D. Peillen, Cazenave...

Eta lehenago ere, Euskaltzaindiarik ez zenean ere, pertsona handiak eman zizkion Zuberoak euskarari: Oihenart, Tartas, Zalgize, Maister, Etxahun Barkoxe, Archu, Intxauspe, Barreix, Chaho, Abbadie, Sallaberry, etab. Gabel eta Lafon bera ere, nahiz eta Zuberokoak ez izan, oso atxikiak ziren Zuberoko euskarari.[15]

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1977: Etxahun Iruriren adiskidea izan zen Jean Haritxelhar Euskaltzainburua. Atharratzen 1977ko uztailaren 24an Pierre Bordazarrek ukan zuen omenaldian, “Xiberuko zohardia” kultura elkarteak antolatua bere urteko beste nagusiaren baitan. Eguerditan, pilota plaza jendez betea zelarik, mintzaldi hunkigarri bat egin zion Haritschelharrek. Etxahunen familiak, eguerdi eguzkitsu baina ez beroegi hartan, horren hitzak arras preziatu zituen, han bilduak zeuden jende guztiek bezala.[16]
  • 1979: Etxahunen ehorzketan ordea, 1979ko urriaren hiruan, Haritxelhar ezin izan zen gertatu, eskolako lanarengatik. Baina Herria kazetan, urriaren hamazortziko zenbakian argitaratu zen Haritschelharrek Iruriko hilarrietan egin zuen mintzaldi mamitsua, lehen orrialdean agertzen baita “Etxahun Iruri-koa” izenburuaz hasia. “Agur Etxahun” azpitituluaren segidan, mintzaldia honela burutzen du zubereraz:[16]
Etxahun Iruriren omenezko oroitarria Irurin.
Eta orai Euskaltzaindiaren eta euskaltzaleen izenean eginen deizüdan
azken agurra zihauri hartüko deizüt, Etxahun Barkoxeri egin deiozün
omenaldian huntü düzün berset sarkor eta maitagarria eskeiniz.
Zihaurek beste Etxahuni eskeinia, zihaurrek orai hartüko düzü:
Othoitzerik den gozuena eginik zur(e) ilherrian,
nahi zütügü Etxahun zena bethikoz izar herrian,
zeren zure orhitzapena argi da Eskual Herrian,
adioz koblari(ri)k ederrena zaude zelüko lorian.
Garai horretan Roger Idiart zen Zalgize eta Iruriko erretorea. Azkaineko Pantxoa St-Estebenekin adostu zuten harri zizelkatu baten jartzea Irurin. Pantxoa jin zen Iruriko herriaren ezagutzera eta Allandu Bordazarre, Iruriko auzapezarekin adostu zuten frontoi bazterrean kokatzea. Allandu Bordazarre oroitzen da nola 1979 abenduan omenaldi bat egin zuten Pantxoaren obraren ondoan, kantari eta bertsolari batzuekin. Guk taldeak kantatu zuen "Zilar ezpata üdüri", Etxahun Iruriren omenez.
Hor doakizu zure ahairean,
Sekulan zuk egin ederrenean,
Hazi zaharra egungo moldean,
Irauten du gure barrenean.
Horregatik maite zaitut Etxahun,
Harriak zaitzala betiko lagun,
Jo eten gabe hamar mila ttun-ttun
Zure gainean dantza dezagun.
« Etxahunekin ere kantatu izan dugu, batez ere Xuberoan ginabiltzalarik. Hau ez da, ordea, –berak aitortzen duena– hanbat trebe bat-batean berset egiten. Bainan baditu eginak kantu xoragarriak. Musika ere berak egiten badaki, eta horretan bekaizti natzaio Xuberoako izarra den horri. »

Xalbador, 1976 [18]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Iriondo, Joxemari. «2014ko Xalbador Eguna: Xalbador eta Etxahun Iruri gogoan» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).
  2. a b c «Khantan - Etxahun-Iruri» armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-17).
  3. Bordazarre, Pierre. (1977). Khantan. I.P.A. Jakes Larrondo agertzailea.
  4. a b c d e f g h i j k l m n o Davant, Jean-Louis. (2004). Pierre Bordazarre, Etxahun-Iruri (1908-1979). Eusko jaurlaritzaren argitalpen zerbitzu nagusia = Servicio central de publicaciones del Gobierno vasco ISBN 84-457-2185-2. PMC 470641411. (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  5. https://web.archive.org/web/20190119121017/http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/congresos/11/11439447.pdf
  6. «YouTube» www.youtube.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
  7. Biak artzainak zirelako hurbiltasun handia izan zuen urepeldarrarekin.
  8. a b c d e (Gaztelaniaz) «Pierre Bordaçarre “Etxahun Iruri”» Txistulari (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  9. Aire, Fernando. (2016). Odolaren mintzoa. (40. urteurreneko edizio. argitaraldia) ISBN 978-84-9027-668-6. PMC 1038069067. (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  10. "Bedatseko lehen beroetan, Orhi delarik berdatzen, harrotürik artzainak dira petik gora abiatzen, beha itzazü kantan ari zure lürraren laidatzen, zuri diren amodiua ez dizie ezabatzen".
  11. «Ama Euskadi» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  12. «Etxahun Iruri» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-16).
  13. 1935-, Davant, Jean-Louis. (2008). Zuberoako literaturaz antologia laburra. Euskaltzaindia ISBN 978-84-95438-49-2. PMC 733626439. (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).
  14. Boda, Itxaro. (2021). «EEE: Euskara Eskuz Esku» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).
  15. Davant, Jean Louis. (1976). Euskaltzainburuaren agurra: Maule, 1976-VIII-22. Euskaltzaindia- Euskera. -- 22. libk. (1977, 1), 7-9 or. ISBN 0210-1564..
  16. a b Jean Haritschelhar-i omenaldia = omenaje a Jean Haritschelhar = ommage à Jean Haritschelhar.. Euskaltzaindia DL2008 ISBN 978-84-95438-33-1. PMC 793141021. (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).
  17. «Plazarik plaza» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-26).
  18. Xalbador.. (2016). Odolaren mintzoa. Elkar ISBN 978-84-9027-668-6. PMC 1055578767. (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]