Errinozero iletsu
| Errinozero iletsu | |
|---|---|
| Sailkapen zientifikoa | |
| Klasea | Mammalia |
| Ordena | Perissodactyla |
| Familia | Rhinocerotidae |
| Generoa | Coelodonta |
| Espeziea | Coelodonta antiquitatis Blumenbach, 1799 |
| Banaketa mapa | |
| Datu orokorrak | |
| Luzera | 3,6 m |
| Altuera | 1,6 m |
| Masa | 2.000 kg |
Errinozero iletsua (Coelodonta antiquitatis) Eurasian Pleistozenoan bizi eta duela 8.000 urte inguru iraungi zen errinozero-espeziea izan zen[1].
Bere une gorenean, duela 30.000 urte inguru, Iberiar penintsulako erdialdetik eta Ingalaterrako hegoaldetik Mongolia eta Siberiako ekialderaino hedatuta zeuden. Siberiako permafrostean izozturik egoera bikainean mantendu diren errinozeroak aurkitu dira. Euskal Herriko leizetan ere azaldu dira animalia hauen hezurrak. Egungo bere seniderik gertuena hego-ekialdeko Asian bizi den Sumatrako errinozeroa da.
Aurkikuntzen historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izaki mitologikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errinozero iletsuen aztarnak espeziea deskribatu baino askoz lehenagotik ezagutu izan dira. Siberiako jatorrizko biztanleek errinozeroen adarrak aurkitzen zituztenean antzinako hegazti erraldoien erpeak zirela uste zuten[2]. 1335. urtean errinozero iletsuaren garezurra aurkitu zen Klagenfurten eta dragoi batena zela uste izan zuten[3]. XIX. mendean Gotthilf Heinrich von Schubert-ek jarraitzen zuen pentsatzen hegazti erraldoi baten erpeak zirela eta balizko espezie hari Gryphus antiquitatis izena eman zion, hau da, "antzinako grifoa"[4].
Espeziearen deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errinozero iletsuek fosil ugari permafrost eremuetan aurkitu izan dira. 1771. urtean Siberia ekialdeko Viliui ibaiaren ertzean burua, bi hanka eta larrua aurkitu ziren eta San Petersburgoko Kunstkamera museora eraman zituzten[5]. 1877. urtean merkatari batek Jana ibaiaren adar batean burua eta hanka bat aurkitu zituela ere jaso da[6].
1907an Staruniako (Ukraina) meatzariek ozokerita meategi batean mamut hezurdura bat aurkitu zuten eta hilabete beranduago bost metro sakonago begiratuta errinozeroiletsu bat aurkitu zuten. Ale biak Dzieduszycki museora eraman zituzten eta haien deskribapen zehatza argitaratu zuen museoak[7]. Argazkiak paleontologiari buruzko hainbat aldizkari eta liburutan argitaratu ziren eta espeziearen aurreneko margolanak egin ziren[8]. Errinozero iletsu hori Lviv hiriko museo nazionalean dago ikusgai, Ukrainan[8]. 1929an Poloniako Arte eta Zientzia akademiak espedizioa egin zuen Staruniako meategira eta momifikaturiko hiru errinozero aurkitu zituzten. Hiruetako bati adarrak eta larrua falta zitzaizkion eta igeltsuzko moldeak egin zitzaizkion. Ale hori Londresko Historia Naturalaren Museoan aurkitzen da gaur egun[9].
1972. urtean Siberia ekialdeko Lena eta Amga ibaien arteko eremuan garezurra eta hainbat sahiets aurkitu zituzten eta handik gutxira hezurdura osoa jaso zen, larru zatiak zituena eta urdaila betea zeukana[10]. 1976. urtean eskola-irteera batean duela 20.000 urteko errinozero iletsuaren hezurdura bat aurkitu zuten Aldan ibaiaren ezkerreko ertzean. Garezurra, adar biak, bizkarrezurra eta sahiets hezurrak zituen hezurdura horrek[11].
Errinozeroen momiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
XXI. mendean ere aurkikuntza berriak izan dira Siberia aldean, permafrostaren urtzearekin lotuta. 2014ko irailean duela 34.000 urteko errinozero gazte baten momia aurkitu zen eta haragi zati batzuk animaliek janda zeudela ikusi zuten, permafrosta desizoztu ondorengo ekintza izan zen. Hortzak aztertuta jakin zuten 7 hilabeteko kumea zela[12]. Hain ongi kontserbatua izan zenez zientzilariek DNA analisiak egiteko baliatu zuten[13].
Toki hartatik gertu 2020. urtean 3-4 urteko errinozero iletsua aurkitu zen. Ongien kontserbaturik mantendu den errinozero fosila da, barneko organoak kaltetu gabe baitaude[14]. Sudur gaineko adar txikia ere badu[15].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errinozero iletsu heldu batek 3-3'8 metroko luzera hartzen zuen burutik isatsera, 1.800-2.700 kg pisatu eta 2 metrotako altuera (sorbaldetan) har zezakeen, gaur egungo errinozero zuri baten antzera[16]. Hilabete bakarra zuen kumeak 1'20 metrotako luzera eta 72 cm-tako altuera hartzen zuen[17].
Burua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gainerako errinozeroekin alderatuta errinozero iletsuaren burua luzeagoa zen. Garezurrak 70-90 cm-tako luzera zuen. Hezur okzipitalaren inguruan gihar indartsuak zituen garezur handiari eusteko. Barailak 60 cm ere har zitzakeen eta 10 cm-tako altuera zuen[6]. Sudurreko septuma osifikatua zuen gainerako errinozeroek ez bezala, batez ere arrek azaltzen zuten osifikazio hori[18]. Dirudienez adar luzeen presioaren ondorioa zen.
Aurpegian keratinazko bi adar zituzten sexu biek. Muturrekoa zen handiena, 1-1'4 metrotako luzera[19] eta 15 kg-ko pisua. Bigarren adar bat zuten begien artea, aurrekoa baino laburragoa[6].
Gorputza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errinozero iletsuen gorputza gainerako errinozeroena baino luzeagoa zen eta hanka laburragoak zituen. Sorbalden parean zuten konkorrak aurpegiko adarrei eusteko gihar indartsuak zituen. Konkor horrek gantz erreserbak ere bazituen estepa izoztuetako neguak jasan ahal izateko[20].
Aurkitu diren fosil izoztuek erakutsi dute errinozeroaren larruazala eta ilea arre-gorrixkak zirela. Bizkarraldean beroki sendoa osatzen zuen, hanketan ordea ilea laburragoa zen, elurrak gehiegi itsatsi ez zedin[20]. Gorputzaren amaieran 45-50 cm luzerako isatsa zuen, muturrewan ile matazu zuena. Emeek bi titiburu zituzten errapeetan[16].
Eboluzioa eta Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elasmotherium da errinozeroen ahaide gertukoena. Bien arteko banaketa Miozenoaren hasieran gertatu zen. Errinozero iletsua bera Eurasiako C. tologoijensis edota Tibeteko C. thibetana espezietatik etorriko zela pentsatzen da. Duela 40.000-70.000 urte arteko DNA ikerketak egin ondoren seniderik gertuena hego-ekialdeko Asian bizi den Sumatrako errinozeroa dela ikusi da[21].
2021. urtean horrela kokatu zuten Coelodonta generoa Liu et al. taldeak:[22]
| Rhinocerotini |
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Paleobiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errinozero iletsuen bizimodua ez zen gaur egungo errinozeroekiko oso desberdina. Emeek bi titiburu izateak adierazten du kume bakarra edo gehienez bi izango zituztela aldiro eta 2-3 urtean behin ugalduko zirela[16]. Kumeak era berean amarekin hiru urte inguru biziko ziren eta ondoren haien lurralde propioa ezartzen hasiko ziren. Bost urterekin heldutasun sexuala lortzen zuten[23]. 40 urte inguru bizitzera iristen ziren.
Adarren erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Adar handi horiei esker harrapari gutxi zituen errinozero helduak. Lehoi eta hienek tarteka errinozero gazteak erasotuko zituzten. Felido baten markak dituen garezur bat aurkitu da, gaztetan erasoa jasan baina helduaroraino iritsi zena. Errinozeroek elkarren arteko borrokak egiteko erabiltzen zituzten adarrak, hara bakoitzaren lurraldea defendatzeko, nola bikotea bilatzeko[18]. Neguan elur azpian zegoen landaretza ateratzeko ere baliagarria izango zitzaizkien[19].
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mamuten estepatan aurkitzen ziren belar eta ziperazeoek osatzen zuten errinozero iletsuen dieta. Buruaren itxurak eta kokapenak eta hortzen egiturak bazkatzeko postura egokia ematen zioten animaliari. Polenaren analisiek azaldu dute zurezko landareak ere jaten zituela (koniferoak, sahatsak eta haltzak)[6], bai eta loreak, forbiak eta goroldioak ere[24].
Zelulosa ugariko eta proteina gutxiko landaretzaz elikatzen zenez kopuru handiak jan behar izaten zituen.
Paleoekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Errinozero iletsuak lautada zabaletan bizi ziren, klima erdi-lehorretan eta ibaien haranetan. Kilma epelagoko garaietan altuera handiagoetara migratzen zuten, baina mendikateak zeharkatzea ekiditen zuten. Toki zabal irekiak atsegin zituzten belarrez estalitako eremu handiak. Haien inguruan mamutak, irlandar oreinak, elur-oreinak, saigak eta bisonteak bizi ziren. Errinozeroen antzeko beste animalia batzuk ere konpartitzen zuten eremua, esate baterako Stephanorhinus eta Elasmotherium espezieak[25].
Dirudienez ez zuen Bering itsasartea gurutzatu Ipar Amerikara sartzeko, garaiko megafaunako espezie ugarik egin zutenaren aurka. Yukon aldean belarjale handiak baziren eta haiekiko lehia ekidin zuen.
Gizakiekin egin zuen topo baina ez dirudi harreman handirik izan zutenik. Leizeetan irudiak aurkitu izan dira eta baita hezurrak ere, baina badirudi hienak izango zirela errinozero gazteak erasotu eta ondoren atalak leizeetara eramango zituztenak[26]. Gizakiek ondoren errinozero hilen hezur eta adarrak tresnak egiteko baliatuko zituzten[27].
Errinozero iletsua Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errinozero iletsuaren aztarnak aurkitu dira Euskal Herriko hainbat leizetan.
Duela 45.000 urte Kantauri itsasertza gaur egun baino 18 kilometro aurrerago zegoen eta eremu guztia estepa lau zabala zen. Gaur egun eremu horrek itsas plataforma osatzen du ur azpian[28].
Arrasateko Labeko Koban 1983. urtean egindako indusketetan animalia erraldoien hezurrak aurkitu ziren, tartean errinozeroarena ere bai[29]. Handik gertu Arrikrutzeko kobetan (Oñati) ere aurkitu dira hainbat aztarna, leize hiena, orein erraldoia eta leize hartzarekin batera[30]. 2009an Santimamiñeko ermitaren azpian duela 20.000 urteko errinozero baten pelbisa aurkitu zuten[31]. Nafarroa Garaian Larraungo Uitzi kontzejuko Mainea leizean orduko faunaren aztarnak aurkitu ziren 1996. urtean. Adin ezberdinetako bost errinozero iletsuaren 200 hezur aurkitu ziren, bai eta mamutaren eta oreinaren hezur bana ere[32]. Errinozero gazteena fetua edo jaioberria zen eta zaharrenak 25 urte zituen[33]. Dirudienez tranpa natural batean erorita iritsi ziren irteerarik gabeko zulo hartara[34].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Agirre, P. (2009ko urtarrilaren 29a), «Desagertutako animaliak berpizten», Berria.
- ↑ Howorth, Sir Henry Hoyle (1887), The Mammoth and the Flood: An Attempt to Confront the Theory of Uniformity with the Facts of Recent Geology (Ingelesez), S. Low, Marston, Searle, & Rivington (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Price, Samantha, «Aquatic Mammals», www.aquaticmammalsjournal.org (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Schubert, von, G.H. (1823), Die Urwelt und die Fixsterne: eine Zugabe zu den Ansichten von der Nachtseite der Naturwissenschaft, Arnoldischen Buchhandlung, Dresden.
{{Erreferentzia}}: Erreferentzien mantentzea: izen anitz: egileen zerrenda (lotura) - ↑ «Three Centuries of Hunting for Ice Age Mummies and the Prospect of De-Extinction», Capeia (Ingelesez) (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- 1 2 3 4 Boeskorov, Gennady G.; Lazarev, Peter A.; Sher, Andrei V.; Davydov, Sergei P.; Bakulina, Nadezhda T.; Shchelchkova, Marina V.; Binladen, Jonas; Willerslev, Eske; Buigues, Bernard (2011eko abuztuaren 1a), «Woolly rhino discovery in the lower Kolyma River», Quaternary Science Reviews, Beringia and Beyond: Papers Celebrating the Scientific Career of Andrei Vladimirovich Sher, 1939–2008 (Ingelesez), 30 (17): 2262–2272, doi:10.1016/j.quascirev.2011.02.010, ISSN 0277-3791 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Bayger, J.A., Hoyer, H., Kiernik, E., Kulczyński, W., Łomnicki, M., Łomnicki J., Mierzejewski, W., Niezabitowski, E., Raciborski, W., Szafer, W. & Schille, F. (1914), Wykopaliska staruńskie. Słoń mamut (Elephas primigenius Blum.) i nosorożec włochaty (Rhinoceros antiquitatis Blum. s. tichorhinus Fisch.) wraz z współczesną florą i fauną. Muzeum im. Dzieduszyckich we Lwowie, 15, 386 pp + atlas (67 tab.) (Polonieraz).
{{Erreferentzia}}: Erreferentzien mantentzea: izen anitz: egileen zerrenda (lotura) - 1 2 Chornobay, Yuriy M.; Drygant, Daniel M. (2009), «The Starunia collections in the Natural History Museum of the National Academy of Sciences of Ukraine in Lviv», Geotourism/Geoturystyka (Ingelesez) (18): 45–45, doi:10.7494/geotour.2009.18.45, ISSN 2353-3641 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Nowak, J., Panow, E., Tokarski, J., Szafer, W. & Stach, J. (1930), The second woolly rhinoceros (Coelodonta antiquitatis Blum.) from Starunia, Poland (Geology, Mineralogy, Flora and Fauna). Classe des Sciences Mathématiques et Naturelles, Série B:, Sciences Naturelles, Supplément 1-47.
{{Erreferentzia}}: Erreferentzien mantentzea: izen anitz: egileen zerrenda (lotura) - ↑ Lazarev, P.A., Boeskorov, G.G., Tomskaya, A.I., Garutt, N.V., Vasil’ev, E.M., and Kasparov, A.K. (1998), Mlekopitayushchie antropogena Yakutii (Mammals of the Anthropogene in Yakutia), Yakutsk: Yakut. Nauch. Tsentr Akad. Nauk SSSR.
{{Erreferentzia}}: Erreferentzien mantentzea: izen anitz: egileen zerrenda (lotura) - ↑ «Woolly Rhino Fossils Found», The New York Times (Ingelesez), 1976ko urriaren 10a, ISSN 0362-4331 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ «Lifelike again after 34,000 years, the world's only baby woolly rhino», siberiantimes.com (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ «Sasha, the world's only baby woolly rhino, is 34,000 years old, say scientists», siberiantimes.com (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Lartzanguren, Edu, «Milaka urtez izoztuta egon den errinozero iletsu bat topatu dute Errusian», Berria (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ «Woolly rhino from Ice Age unearthed in Russian Arctic», BBC News (Ingelesez), 2020ko abenduaren 30a (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- 1 2 3 Boeskorov, G. G. (2012ko abenduaren 1a), «Some specific morphological and ecological features of the fossil woolly rhinoceros (Coelodonta antiquitatis Blumenbach 1799)», Biology Bulletin (Ingelesez), 39 (8): 692–707, doi:10.1134/S106235901208002X, ISSN 1608-3059 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Shpansky, A. V. (2014ko maiatzaren 30a), «Juvenile remains of the "woolly rhinoceros" Coelodonta antiquitatis (Blumenbach 1799) (Mammalia, Rhinocerotidae) from the Tomsk Priob'e area (southeast Western Siberia)», Quaternary International, Quaternary of East Asia and Western Pacific: a Regional to Global Perspective: Part I (Ingelesez), 333: 86–99, doi:10.1016/j.quaint.2014.01.047, ISSN 1040-6182 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- 1 2 Shidlovskiy, Fedor K.; Kirillova, Irina V.; Wood, John (2012ko martxoaren 26a), «Horns of the woolly rhinoceros Coelodonta antiquitatis (Blumenbach, 1799) in the Ice Age Museum collection (Moscow, Russia)», Quaternary International, Mammoths and Their Relatives 1: Biotopes, Evolution and Human Impact V International Conference, Le Puy-en-Velay, 2010 (Ingelesez), 255: 125–129, doi:10.1016/j.quaint.2011.06.051, ISSN 1040-6182 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- 1 2 Stuart, Anthony J.; Lister, Adrian M. (2012ko irailaren 19a), «Extinction chronology of the woolly rhinoceros Coelodonta antiquitatis in the context of late Quaternary megafaunal extinctions in northern Eurasia», Quaternary Science Reviews (Ingelesez), 51: 1–17, doi:10.1016/j.quascirev.2012.06.007, ISSN 0277-3791 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- 1 2 Kahlke, Ralf-Dietrich; Lacombat, Frédéric (2008ko azaroaren 1a), «The earliest immigration of woolly rhinoceros (Coelodonta tologoijensis, Rhinocerotidae, Mammalia) into Europe and its adaptive evolution in Palaearctic cold stage mammal faunas», Quaternary Science Reviews (Ingelesez), 27 (21): 1951–1961, doi:10.1016/j.quascirev.2008.07.013, ISSN 0277-3791 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Orlando, Ludovic; Leonard, Jennifer A.; Thenot, Aurélie; Laudet, Vincent; Guerin, Claude; Hänni, Catherine (2003ko irailaren 1a), «Ancient DNA analysis reveals woolly rhino evolutionary relationships», Molecular Phylogenetics and Evolution, Special Issue: Papers presented at the Mammalian Phylogeny symposium during the 2002 Annual Meeting of the Society for Molecular Biology and Evolution, Sorrento, Italy, June 13-16, 2002 (Ingelesez), 28 (3): 485–499, doi:10.1016/S1055-7903(03)00023-X, ISSN 1055-7903 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Liu, Shanlin; Westbury, Michael V.; Dussex, Nicolas; Mitchell, Kieren J.; Sinding, Mikkel-Holger S.; Heintzman, Peter D.; Duchêne, David A.; Kapp, Joshua D.; Seth, Johanna von (2021eko irailaren 16a), «Ancient and modern genomes unravel the evolutionary history of the rhinoceros family», Cell (Ingelesez), 184 (19): 4874–4885.e16, doi:10.1016/j.cell.2021.07.032, ISSN 0092-8674, PMID 34433011 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Ballenger, Liz; Myers, Phil, «Rhinocerotidae (rhinoceroses)», Animal Diversity Web (Ingelesez) (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Guthrie, R. Dale (1990), Frozen Fauna of the Mammoth Steppe: The Story of Blue Babe (Ingelesez), University of Chicago Press, ISBN 978-0-226-31123-4 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Pushkina, Diana (2007), «The Pleistocene easternmost distribution in Eurasia of the species associated with the Eemian Palaeoloxodon antiquus assemblage», Mammal Review (Ingelesez), 37 (3): 224–245, doi:10.1111/j.1365-2907.2007.00109.x, ISSN 1365-2907 (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ Diedrich, Cajus (2008), Eingeschleppte und benagte Knochenreste von Coelodonta antiquitatis (Blumenbach 1807) aus dem oberpleistozänen Fleckenhyänenhorst Perick-Höhlen im Nordsauerland (NW Deutschland) und Beitrag zur Taphonomie von Wollnashornknochen in Westfalen (Alemanez), Mitteilungen der Höhlen und Karstforscher, 100–117. or.
- ↑ Gaudzinski, S. (1999), The faunal record of the Lower and Middle Palaeolithic of Europe: remarks on human interference. In The Middle Palaeolithic Occupation of Europe. (ed. W. Roebroeks and C. Gamble), Leiden: University of Leiden, 215–233. or.
{{Erreferentzia}}: Erreferentzien mantentzea: argitaletxea eta kokapena (lotura) - ↑ Aranzadi | Zientzia Elkartea · Society of Sciences · Sociedad de Ciencias · Societé de Sciences » Azken glaziazioan Kantauri itsasoaren ertza nolakoa zen kontatzen digute Kiputz leizeko animalia hezurdurek (Gaztelaniaz) (kontsulta data: 2021eko urriaren 17a).
- ↑ «Macromamíferos del yacimiento de Labeko Koba (Arrasate, País Vasco) - PDF Free Download», docplayer.es (kontsulta data: 2021eko urriaren 17a).
- ↑ Tubia, Iker, «Euskal Herriko barrunbeak», Berria (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ «Duela 20.000 urteko aztarnategia aurkitu dute Santimamiñen — Unibertsitatea.Net», www.unibertsitatea.net (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ SLU, Herritar Berri (2021eko otsailaren 4a), «Duela 45.000 urte Maineara heldu ziren mamut eta errinozero iletsuen istorioa», GAUR8 (kontsulta data: 2021eko urriaren 16a).
- ↑ Zientzia, Elhuyar (2021eko urtarrilaren 20a), «Larraungo larreetan errinozero iletsuak eta mamutak bazkatzen ziren duela 46.000 urte», Zientzia.eus (kontsulta data: 2021eko urriaren 30a).
- ↑ «Uitziko Mainea leize-zuloa, errinozero iletsuen eta mamuten hilerri», EITB Euskal Irrati Telebista, 2021eko urtarrilaren 17a (kontsulta data: 2021eko urriaren 16a).