Edukira joan

Eskola segregazio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Venn diagrama pedagogian ohikoak diren zenbait termino grafikoki irudikatzeko: Esklusioa, erabateko bazterkeria, pertsona batzuk eskola sistematik kanpo uzten dira; Segregazioa, talde jakin batzuentzat eskola sistema berezituak edo talde berezituak sortzen dira; Integrazioa, talde jakin batzuei lekua egiten zaie, nolabait, eskola sisteman, eta egokitzapen batzuekin sisteman txertatu egiten dira, eta Inklusio, eskola inklusiboa non eskola sistema osoak egokitzapenak egiten ditu inor kanpoan ez uzteko.
Ghetto eskola esaten zaie, kokatuta dauden inguruan dagoen maila sozioekonomikoarekin konparatuz, espero den maila sozioekonomikoa baino nabarmen baxuagoko maila duten ikasleak biltzen duten eskolei; "pobreentzako" eskolei.
The Long Eaton School-eko kanpoko kiroldegiko hesi bat. Ikastetxe oso garestietara ahalmen ekonomiko oso handiko familietako ikasleak bakarrik joan daitezke. Horrelakoei eskola elitista edo bunker eskolak esaten zaie.[1][2]

Eskola sistema batzuetan ikasle mota jakin batzuek jasaten duten bazterkeriari, sistematikoa denean eta denboran jarraikita denean, eskola segregazioa deitzen zaio. Bazterkeria hori normalean egoera sozioekonomiko ahulenetan dauden ikasleek jasaten dute.

Ezaugarri jakin batzuengatik —ekonomikoak[3][4], linguistikoak[5], generokoak[6], erlijiosoak[7][8][9], jatorri geografikoak[10][11][12], jatorri etnikokoak[13]— leku jakin batean talde bat batzen denean erabiltzen da eskola segregazio kontzeptua.

Gizarteetan ez dago inoiz banaketa perfekturik, populazio taldeak ingurune jakin batzuetan biltzen direlako, baina, bereizketa gehiegizkoa bada, segregazioaz hitz egiten da. Hala da eskoletan ere; esate baterako, jatorri atzerritar eta egoera ekonomiko ahuleko ikasle asko batzen dituen ikastetxe bat. Horiek ghetto eskolak gisa izendatzen ditugu, baina bada beste aldea ere: bunker eskolak, klase altuko eta aberatsetako kideen eskola elitistak.[1]

Eskola segregazioa sustatzen duten eskola sistemek hainbat prozedura erabili ohi dituzte segregazioa sustatzeko, batzuetan diskurtso ofizialetan aldarrikatzen denaren kontrakoa eginez. Segregazioa sustatzen da ahalmen ekonomiko txikien dauzkaten familietako ikasleak eskola jakin batzuetara bideratzen, hainbat prozedura erabiliz, batzuetan agerikoak, beste batzuetan ez hain agerikoak. Bazterkeria eskola batzuen barru-barruan ere gerta daiteke, ikasle jakin batzuk ikasgela jakin batzuetara bideratuz.

Esklusioa

Eskola sistema batzuetan talde txikiak edo ez hain txikiak eskola sistematik erabat kanpo uzten dira hainbat arrazoirengatik. Pertsona horiek ez omen dira gai besteek jasotzen duten hezkuntza jasotzeko, edo besteen ikasketa prozesuan traba izango direla uste da...

Esate baterako, gizarte batzuetan neskak utzi izan dira eskola sistematik kanpo.

Segregazio

Talde jakin batzuentzat eskola sistema berezituak edo talde berezituak sortzen dira.

« Ez gaitezen inozoak izan. Segregazioa ez da nahi ez den albo-efektu bat, hezkuntzaren kalitatea hobetzea baino bilatzen ez duten hezkuntza-politika errugabeen ondorioa. Eskola-segregazioa zapalkuntza-ekintza kontziente eta deliberatua da – Iris Marion Youngen (2011) zentzuan –, eta horren bidez boterea duten taldeek talde minoritarioak bereizi, alboratu eta baztertu egiten dituzte, talde minoritarioei kalitatezko irakaskuntza jasotzea galaraziz. »

—F. Javier Murillo eta Cynthia Martínez-Garrido[14], (Amelia Barquínek aipatua[15])


« Gaur egun, eskola-segregazioa da gizarteak desberdintasun sozialak legitimatzeko duen mekanismorik eraginkorrena. Zalantzarik gabe, gizarte justuagoa eta inklusiboagoa nahi badugu, segregazioarekin bukatzeak lehentasun etiko gorena izan behar du. »

—F. Javier Murillo eta Cynthia Martínez-Garrido[14], (Amelia Barquínek aipatua[15])


Integrazio

Gizarte batzuetan talde batzuk integratzeko ahaleginak egin izan dira. Talde horietakoak desberdintzat jotzen baziren ere, sisteman integratzeko edo asimilatzeko ahaleginak egin izan dira. Talde horietakoei, baina, gutxiengo batekoak direla jakinarazten zaie eta beraiei dagokiela integratzeko lanaren parte handi bat.

Esate baterako, hezkuntza sistema batzuetan ahaleginak egin izan dira talde etniko edo erlijioso batzuk talde nagusietara erakartzeko, baina talde nagusietako lan ildoa gehiegi egokitu gabe.

Inklusioa

Eskola inklusiboa dela esaten da eskola sistemak ahalegin handiak egiten dituenean pertsona guztiak, ―bakoitzak bere ezaugarri propio nagusiei uko egin gabe―, bateratzeko, eta ahalegin horiek arrakasta dutenean.

Eskola segregazioa Euskal Herrian

Euskal Herriko hezkuntza sistemak saiatzen dira desgaitasun fisiko edo intelektualak dituzten ikasleekin inklusiboak izaten.

Euskal Herrian horrelakorik oraindik ere gertatzen dela salatu izan dute hezkuntza arloko profesional batzuek.[16][17][18][19][20] EAEko Hezkuntza Sailburuak nolabait aitortu zuen horrelakorik gertatzen zela bertoko hezkuntza sisteman eta segregazioari aurre egiteko plana iragarri zuen 2022an.[21][22][23]

Euskal Herrian bi Hezkuntza Sistema ditugu, Hegoaldean Espainiako legediari lotua eta Iparraldean Frantziako legediari.

Hegoaldean Espainiako Lege nagusiaren garapenerako bi Dekretu onartu egiten dira, bata EAEko Legebiltzarrean eta bestea Goi Nafarroako Legebiltzarrean. Iparraldeko hezkuntza sistema zuzenago kudeatzen da Frantziako administrazio zentraletik.

Segregazio mota batzuk EHn

Segregazio mota bat izan daiteke mutilak eta neskak bereiztea. Horrelakorik gertatzen da Hego Euskal Herriko zenbait ikastetxe pribatutan, non neskak eta mutilak bananduta ikasi behar dute. XXI. mendeko hasierako hamarkadetan ohikoena neskak eta mutilak elkarrekin ikastea bihurtu da bi estatuen menpeko hezkuntza sistema guztietan. Neskak eta mutilak komunetan eta gorputz hezkuntzako aldageletan berezitzeko ohitura orokorra izaten segitzen du. EHko hezkuntza sistema guztiak saiatzen dira inklusiboak izaten pertsona ez binarioekin, mutil/neska binarismoan sartzen ez direnekin; sexu joera guztiekin eta generoen espektro osoarekin inklusiboak izaten.

Agian inklusioaz, segregazioaz, integrazioaz eta, hitz egiten denean gehien aipatzen diren ikasleak desgaitasun fisiko edo intelektualen bat duten ikasleena izaten da. Euskal Herriko hezkuntza sistema guztiek aspaldidanik neurriak hartu dituzte desgaitasun fisiko eta intelektualak dituzten ikasleak, edo ikasteko nahasmenduak dituzten ikasleak, nola edo hala, beste ikasleekin integratzeko. Ikasle batzuk, baina, gela berezietan, "gela egonkorretan"[24] hazi eta hezi egin dira urtetan, eta berezitutako ikasgela horietatik saiatu dira hezitzaileak nolabaiteko integrazioa lortzen.

Beste segregazio mota bat ekonomikoa. Ikastetxe pribatu eta itunpeko batzuek familiei kuotak exijituz bunker eskolak sortzeko arriskua hortxe dago.[23][25] Ikasleen eskolatik kanpoko ekintzen kalitatea oso lotuta egoten da familien ahalmen ekonomikoekin eta eskolaz kanpoko jarduerak desoreka ekonomikoaren iturri direla frogatuta dago.[26][27]

Beste segregazio mota bat hizkuntzari dagokio[28]. Iparraldean euskarak ez dauka ofizialtasunik eta horrek hainbat problema ekarri dizkie euskarazko hezkuntza normal garatu nahi dutenei. Esate baterako azterketa ofizial batzuk, —Baxoa, Brebeta—, ezin euskaraz egin[29]. Hegoaldean euskara koofiziala da EAEn eta Nafarroako iparraldean. Euskara hezkuntza sisteman txertatzeko hiruzpalau eredu sortu ziren XX. mendearen 80. hamarkadan. A, B eta D ereduetan euskara irakasgai hutsa izatetik komunikazio lehen hizkuntza izatera, espektro osoa topa daiteke eskolatik eskolara eta batzuetan ikasgelatik ikasgelara eskola bakar baten baitan. Euskara eta euskal literatura irakasgatik ebaluatzetik salbuetsita geratu diren ikasleak ere badaude, (euskararekiko lotura duen irakasgai bakarra, eredu horretan). Azken urteotan Nafarroa garaian ingelesa komunikazio lehen hizkuntza bezala, PAI, sustatu duten hainbat ikastetxe ere sortu dira.[30][31]

"Ikasle bikainen taldeak" sortzea ere segregazio mota bat izan daiteke. Teorian XXI. mendean saihestu egin behar dira, legez, akademikoki bikainak izango diren taldeak edo akademikoki motelago moldatzen diren ikasleen taldeak osatzea. Baina praktikan sortu dira, noiz edo noiz, batez ere azken hauei laguntzeko talde bereziak, errekurtso gehiagorekin, etab. Hemen ere aitzakia hizkuntzen irakaskuntza izan da maiz. Hirugarren hizkuntza sustatuko da, "hirueledun" taldeak sortuko dira, eta talde horietan sartzeko emaitza akademikoak kontuan hartu dira. Batzuen ustez garai batean hainbat eskolatan, batez ere bigarren hezkuntzako ikastetxeetan ingelesa indartzeko egiten ziren berariazko taldeak segregazio mota bat sortzen zuten. Izan ere ingeles ordu gehiagotan ikasteko sortzen ziren talde berezietan irizpide akademiko batzuk ezartzen ziren eta, nolabait, ikaslerik onenak hautatzen ziren talde horietan ikasteko.

Erlijio jakin bat sustatzeko egitasmo nagusia duten ikastetxeak ere badaude. Hego Euskal Herrian erlijio bati lotutako eskolen artean, ikasle gehien batzen dituen proiektuak, Eliza Katolikoari atxikia daude[32][33][34]. Eskola horietan ikasteko ikasleak ez dira zertan katolikoak izan, ez dute zertan beren burua katolikotzat aitortu. Baina eskola horietan erlijio katolikoetako irakasgaia nahitaezkoa da.

Hego Euskal Herrian erlijio katolikoak, oraindik ere, badu lekutxo bat eskola sistema osoan. Erlijio eskolak hautazkoak dira, eta teorian, hiruzpalau erlijio zuzenean ezagutzeko aukera dago eskoletan bertan, ―judaismoa, islama, eta kristautasunaren bi aldaera―, baina praktikan, eskoletan irakasten den erlijio bakarra, katolizismoa da[35]. Hego Euskal Herrian familiek eskubidea dute erlijio jakin horietako batean eskolak eskatzeko eta Espainian diseinatutako legeak ezartzen ditu ebaluazio irizpideak-eta.

Iparraldean Frantziako Errepublikako laizismoa erabat hedatua dago hezkuntza sistema osoan.

Erreferentziak

  1. a b Ramirez de Okariz Kortabarria, Amaia. ««Dikotomiatik at, eztabaidaren norabidea aldatu behar da»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  2. Orzaiz, Ion. ««Desagertu behar dute bai eliteko bunkerrek eta bai ghettoek»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  3. Barquin, Amelia. «Utikan, behingoz, eskola segregazioa» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  4. (Ingelesez) Meatto, Keith. (2019-05-02). «Still Separate, Still Unequal: Teaching about School Segregation and Educational Inequality» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  5. Maruri Bilbao, Ibai. ««Hizkuntza ereduen sistemak segregazioa indartzen du»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  6. Gallastegi, Juana Lopez de Munain eta Resu Abasolo. «Segregaziotik bazterkeriara» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  7. Amuriza, Miren. «Segregazioa» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  8. (Ingelesez) «New types of religious state school deepen segregation» The Economist ISSN 0013-0613. (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  9. (Ingelesez) Smith, Alan. (2001). «Religious Segregation and the Emergence of Integrated Schools in Northern Ireland» Oxford Review of Education 27 (4): 559–575. ISSN 0305-4985. (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  10. Maruri Bilbao, Ibai. «Araban, ikasle atzerritarren %91 eskola publikora bidali dituzte» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  11. Iraola, Arantxa. «Lehen Hezkuntzako zentro publikoetan atzerriko jatorridunak dira ikasleen %22,8; itunpekoetan, %9,6» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  12. Iraola, Arantxa. ««Desoreken» erretratu berria» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  13. Indurain Eseverri, Javier. «Arraza segregazioa eskolan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  14. a b (Gaztelaniaz) (RINACE), Red Iberoamericana de Investigación sobre Cambio y Eficacia Escolar. «Vol. 18 Núm. 4 (2020): Segregación escolar» revistas.uam.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-21).
  15. a b abarquin. (2021-09-13). «“Ez gaitezen inozoak izan”. Eskola segregazioaz ezin argiago mintzatuz» Kinka (Noiz kontsultatua: 2022-08-21).
  16. Kaiera. (2018-04-12). «Segregazioa eta eskola inklusiboa (EAEn)» Kaiera (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  17. Urdalleta Lete, Irati. «Adituek segregazioa eragozteko neurri sorta bat proposatu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  18. (Gaztelaniaz) Barquín, Amelia. (2022-05-01). «La segregación escolar en Euskadi» Kinka (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  19. Urdalleta Lete, Irati. «Segregazioaren aurka ehunduz» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  20. Asensio Lozano, Maite. ««Sare bikoitza da egiturazko arazo nagusia»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  21. «Askotariko segregazioari nola erantzun hezkuntza sistematik? Adostasunerako bide partekatu baterako oinarriak» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-13).
  22. Berria. «Bildarratzek 2023rako prestatu nahi du segregazioaren aurkako planaren oinarria» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  23. a b Iraola, Arantxa. «Ikasle kopuru «zaurgarria» mugatu egingo dute hurrengo ikasturtean» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-22).
  24. «Gela Egonkorra. Ikaslearen beharretara egokitzea helburu» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-06-27).
  25. «Hezkuntzan borrokalari asko... diruaren alde» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-09-05).
  26. «Eskolaz kanpoko zenbat eta zein jardueratan hartu parte?» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  27. Garcia, Mikel. (2019-10-24). «Eskolaz kanpoko jarduerak, diruaren araberako desoreka iturri» Jendartean (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  28. (Gaztelaniaz) Barquin, Amelia. (2022-06-25). «Eskola segregatua eta euskalgintza» Kinka (Noiz kontsultatua: 2022-06-27).
  29. «Ipar Euskal Herriko parlamentariek bilera eskatu diote Hezkuntza ministroari, azterketak euskaraz pasatzeko eskaeraz aritzeko» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).
  30. «Ingeleseko PAI programako irakasleak egonkortzeko legea aztergai Nafarroako Legebiltzarrean» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-06-22).
  31. «Zer da PAI programa eta zertan datza Nafarroako Parlamentuak onartu duen egitasmoa?» EITB 2022-04-28 (Noiz kontsultatua: 2022-06-22).
  32. «Hezkuntza proiektua» Kristau Eskola (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).
  33. «Nor gara gu» Colegio Gaztelueta (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).
  34. (Ingelesez) (Gaztelaniaz) «Grupo Educativo COAS» COAS Educational Group (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).
  35. (Gaztelaniaz) Navarra.com. «Navarra rechaza sacar religión del currículo escolar pese a los intentos nacionalistas por lograrlo» Navarra.com (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).

Ikus, gainera

Kanpo estekak