Edukira joan

Baxoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzea, 2016.

Baxoa (frantsesez baccalauréat, hizkuntza kolokialean bac eta lehenago bachot[1]) Frantzian Goi Mailako ikasketak egin ahal izateko ezinbestean eskuratu behar den titulua da.

Titulu bateratua da, Frantziako Errepublika osoan proba berberak egiten dira egun jakin batean, gero erkaketak-eta egin ahal izateko.[2]

Haren bertsio modernoan, Napoleon Bonapartek 1808ko martxoaren 17ko dekretu baten bidez sortu zuen; Europako azterketarik zaharrenetakoa da.

Lizeoetan prestatzen den batxilergoa amaitu ostean egiten da eta ikasketei balio ofiziala ematen dienez, unibertsitateetako ateak zabaltzen dizkie ikasleei, batzuek bestelako berezko probak ere eginarazten badizkie ere. Selektibitatean ez bezala, nota azterketa horren arabera kontatzen da eta ez da lizeoan lortutakoa kontuan hartzen. Lizeoko bigarren urtea amaitzen denean ikasgai batzuen azterketa egiten dute eta gainontzekoak, Terminala bukatutakoan. Gehienezko nota 20 da; 8 baino gutxiagorekin hurrengo urtean ikasleak azterketa errepikatu behar du, 8 eta 10 artean bigarren aukera du (idatziz aprobatutako bi gai ahoz eginez), hortik gora gainditu egiten da hiru, noten arabera: "Nahiko ondo" (12-13), "Ondo" (14-15), "Oso ondo" (16 edo gehiago). Azterketak ekainaren amaieran egiten dira.

Iparraldean, euskaraz irakasten duen Seaskaren Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek ere azterketa hori frantsesez egin behar dute, bizpahiru gai bakarrik euskaraz egin ditzaketenean. Baxoa erabat euskaraz egiteko eskubidea errebindikatzen du "Baxoa Euskaraz!" elkarteak.[3]

Hiru mota daude:

  • Orokorra: haren baitan Ekonomiko eta Soziala, Literarioa eta Zientifikoa daude.
  • Teknologikoa: Kudeaketaren Zientziak eta Teknologiak, Zientzia eta Teknologia Industrialak, Laborategiko Zientzia eta Teknologiak, Osasun eta Gizarte Zientzia eta Teknologiak, Bizitza eta Agronomiaren Zientzia eta Teknologiak, Musika eta Dantzaren Teknikak eta azkenik Ostalaritza daude.
  • Profesionala: 80 bat adar daude: Aeronautika, Modaren alorrekoak, Argazkilaritza, Idazkaritza...

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Bachot hitzetik dator euskaraz erabiltzen den hitza.
  2. «Etxepare Lizeoa, Baxoaren emaitzetan onena Frantziako lizeo guztien artean» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
  3. «Desobedientzia ekintza baxoan: berrogei ikaslek euskaraz erantzun dute filosofiako azterketa» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-06-17).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]