Gaizkiaren hutsalkeria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Gaizkiaren hutsalkeria kontzeptua azaltzen duen bideoa.

Gaizkiaren hutsalkeria adierazpena Hannah Arendtek (1906-1975) sortu zuen, jatorri juduko alemaniar filosofo eta pentsalari politikoak, Eichmann Jerusalemen liburuan. Haren azpititulua Gaizkiaren hutsalkeriari buruzko txostena da.[1]

Esaldiaren aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1961ean, Israelen, Bigarren Mundu Gerran juduen aurkako genozidioa zela-eta hasi zen Adolf Eichmanni egindako epaiketa. Eztabaida ugari izan ziren epaiketan. Munduko egunkari gehienek kazetariak bidali zituzten saioen berri emateko. Israelgo gobernuak egin zituen saioak.

Juduen aurkako krimenez gain, gizateriaren aurkako krimenak leporatu zizkioten Eichmanni, eta helburu kriminalekin antolatutako talde bateko kide izatea. Eichmann kondenatu egin zuten krimen horiengatik, eta 1962an urkatu, Tel Avivetik gertu.

The New Yorker aldizkariaren kazetari gisa, epaiketako korrespontsaletako bat Hannah Arendt zen.

Liburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1963an, epaiketako erreportajeetan eta haren ezagutza filosofiko-politikoan oinarrituta, Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua idatzi zuen. Bertan, saioen garapena ez ezik, «Eichmann gizabanakoa» ere aztertzen du.

Arendt-en arabera, Adolf Eichmannek ez zuen ibilbide edo ezaugarri antisemitarik, eta ez zituen izaera bihurriko edo mentalki gaixotutako pertsona baten ezaugarriak. Bere karrera profesionalean gora egin nahi zuelako jardun zuen, eta bere ekintzak nagusien aginduak betetzearen ondorio izan ziren. Burokrata hutsa zen, eta aginduak betetzen zituen, haren ondorioei buruz hausnartu gabe. Eichmann-en aburuz, dena zeloz eta eraginkortasunez egiten zen, eta bere egintzetan ez zegoen «ondo» edo «gaizki» sentimendurik.

« In diesen letzten Minuten war es, als zöge Eichmann selbst das Fazit der langen Lektion in Sachen menschlicher Verruchtheit, der wir beigewohnt hatten - das Fazit von der furchtbaren »Banalität des Bösen«, vor der das Wort versagt und an der das Denken scheitert. »
Arendt, Eichmann en Jerusalén[2]

Esaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arendten aburuz, Eichmann ez zen «munstroa», «gaiztakeria-putzua», prentsaren gehiengoak onartzen zuena. Eichmannen ekintzak ez ziren barkagarriak, ez eta bera errugabea ere, baina ekintza horiek ez ziren egin Eichmannek krudelkeriarako gaitasun izugarria zuelako, baizik eta burokrata delako, hilketa-egintzetan oinarritutako sistema baten barruko langilea.

Azterketa horren gainean, Arendtek «gaizkiaren hutsalkeria» esamoldea sortu zuen adierazteko gizabanako batzuk beren sistemaren arauen barruan jarduten dutela, beren egintzei buruz hausnartu gabe. Ez dira beren ekintzen ondorioez arduratzen, aginduak betetzeaz bakarrik. Tortura, gizakien exekuzioa edo egintza «gaiztoen» praktika ez dira aintzat hartzen haien efektuetatik edo azken emaitzatik abiatuta, halako moldez non haiek gauzatzeko aginduak goragoko estamentuetatik baitatoz.

Giza izaeraren konplexutasunari buruzkoa da Hannah Arendten pentsamendua, eta ohartarazi du beti adi egon behar dela «gaizkiaren hutsalkeria» zeritzonari, ager dadin ekiditeko.

Gaur egun, esaldia esanahi unibertsalarekin erabiltzen da, ankerkeria handiko eta errukirik gabeko ekintzak egin zituzten pertsonaia historiko batzuen portaera deskribatzeko. Pertsona horientzat ez da traumarik aurkitu, ez eta beren ekintzak justifikatzen dituen nortasunaren desbideratzerik ere. Laburbilduz, «pertsona arruntak» ziren, nahiz eta egin zituzten ekintzak.

Kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Gaizkiaren hutsalkeriaren» kontzeptua zenbait intelektual eta analistak kritikatu dute, batez ere Israelen. Bereziki, masako hiltzaile bati buruzko «hutsaltasun» esamoldeari eraso egin zion hainbat frontetatik, besteak beste, Hans Jonas-ek. Raul Hilbergek ere kritikatu zuen «gaizkiaren hutsaltasunaren» ideia.[3]

Adibidez, The Psychologist psikologia-aldizkari britainiarreko artikulu batean, S. Alexander Haslam eta Stephen D. Reicher argudiatzen zuten Eichmannek egin zituen eskalako krimenak ezin dituztela «pertsona arruntek» egin. Horrelako krimenak egiten dituzten pertsonak «ideologiak besteen zapalkuntza eta suntsiketa justifikatzen eta barkatzen duen taldeekin identifikatzen dira aktiboki». Alegia, badakite krimen bat egiten ari direla, baina hori justifikatzeko modu bat besterik ez dute aurkitzen.[4]

Bestalde, The Wilson Quarterly aldizkarian, Stephen H. Miller autoreak argudiatu zuen genozidio baten atzean arrazoiak hutsalak direla esatea apartekoa dela. Gizateriaren pertsona bat bere ekintzak etikoki zalantzan jartzeari uzteko adina kanporatzea ez da hutsala. Arendtek Eichmann gizon hutsaltzat hartzen zuen, ez erregimen totalitariotzat edo atzean zenbait kontzeptu dituen gaizkiatzat, hala nola ekintza bortitz horiek egiten dituen pertsonaren nortasuna eta funtsa. Beraz, haren “teoriak” orokortasuna galtzen du, eta Eichmann-en kasuaren azterketa bihurtzen da, giza portaerari eta etikari buruzko azalpen filosofiko bat baino gehiago. Gainera, Miller-en arabera, Arendt, ez zegoen oker Eichmann psikopata ez zela esatean, baina psikopata antisemita ez izateak ez du esan nahi fanatiko erradikala ez zenik. Eichmann-en arabera, bera Kant-en jarraitzaile azkarra zen, baina inperatibo kategorikoaren lege unibertsalak Hitlerren lege bihurtu zituen: “Führerentzat ontzat har zitekeena egitea”. Arendtek burokrata hutsa zela zioen. Juduak ez zituen gorroto, Hitler miresten zuen.

Geroko eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stanley Milgram-ek egindako Milgram esperimentuak eta Stanfordeko espetxeko esperimentuak Arendten tesia berresten dute. Milgram «gaizkiaren hutsaltasun»aren kontzeptuan oinarritu zen autoritatearekiko mendekotasunaren emaitzak azaltzeko.

Rony Braumanek eta Eyal Sivanek film bat egin dute Eichmann-en prozesuko artxiboetan oinarrituta (Espezialista bat), eta liburu bat, Desobedientziari gorazarre izenekoa, eta autoritatearekiko menpekotasunari buruzko hausnarketa luzatu dute, gaur egungo gatazketan basakeriaren tresna gisa.

Margarethe von Trottak, 2012an, Hannah Arendt filma zuzendu zuen, eta Arendtek «gaizkiaren hutsaltasuna» kontzeptua nola formulatzen duen azaltzen du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Voz: Hannah Arendt» Stanford Enciclopedia of Philosophy.
  2. Eichmann en Jerusalén, Barcelona 1999, pág 368, traducción del inglés de Carlos Ribalta; original alemán: Eichmann in Jerusalem. Ein Bericht von der Banalität des Bösen. Múnich 1986, pág. 371.
  3. Eichmann war nicht banal (Eichmann no era banal), Die Welt, 28 de agosto de 1999
  4. "Questioning the banality of evil", The Psychologist, vol. 21 (enero de 2008). Enlace consultado el 15 de febrero de 2009.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hannah Arendt, Eichman in Jerusalem: A Report on the Banality of Evil, New York, The Vinking Press, 1963