Galeriano
- Artikulu hau galeretara zigortutako pertsonari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Bordaxuri».
Galerianoa galeretara zigortutako pertsona zen. Oso zigor krudela zen, antzinako denborako zenbait herrialdetan ezartzen zena. Antzinaroan, Grezian eta Erroman ohikoa zen arraunerako esklaboak eta preso kondenatuak erabiltzea. Erdi Aroan eta Aro Modernoan, berriz, Frantzian, Veneziako eta Genovako errepubliketan, Espainiar Inperioan eta Otomandar Inperioan erabili zen. Galeriano ospetsuak dira John Knox, Miguel de Cervantes eta Martin Larralde.
Galerianoak Espainiar Inperioan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cartagenako armategiko artxiboan galerianoei buruzko informazio xehea jaso zuten 1624tik 1748ra. 25 liburukiz osaturik dagoen Galeretako Liburu Orokorrak kondena horren inguruko xehetasun ugari ematen ditu. Eserlekura girgiluz lotuta egoten ziren beti, eta hantxe egiten zuten lo, jan eta bestelako behar guztiak. Itsas guduetan ez zituzten askatzen eta, hala, galera hondoratuz gero, galerianoak ere harekin batera joaten ziren itsas hondora.[1]
Oinutsik zeuden eta ilea larru-arras moztuta eramaten zuten, ihes eginez gero erraz ezagutzeko moduan; bide batez, zorriak saihesteko ere balio zuen neurriak. Egunean ogi egosi zati gogortu bat –bizkotxo esaten zioten, optimismo handiz–, baba eltzekari pixka bat eta ura ematen zizkieten bizirauteko.[1]
Hilketa leporatuz gero, galeretan urte batzuk pasatzeko aukera zegoen, baina sexu delituak, edo garai hartan delitutzat jotzen zirenak, gogorrago zigortzen zituzten. Francisco Gimenez ijitoari zortzi urteko zigorra eman zioten hilketa leporatuta; Juan de Moralesek, aldiz, 200 zigorkada eta hamar urteko galera zigorra jaso zituen, pecado nefando delakoa egotzita, homosexuala izateagatik, alegia.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Irazustabarrena Uranga, Nagore. “Sekulakotz galerak enetako dire”. Argia, 2012ko maiatzak 20, CC BY-SA 4.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-23).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau zuzenbideari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |