Garapen Jasangarrirako 1. helburua: pobrezia desagerraraztea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Garapen Jasangarrirako 1. helburua: pobrezia desagerraraztea
Nazio Batuen Erakundearen helburua
Garapen Jasangarrirako Helburuak
1: Pobrezia desagerraraztea
2: Goserik ez
3: Osasuna eta ongizatea
4: Kalitatezko hezkuntza
5: Genero-berdintasuna
6: Ur garbia eta saneamendua
7: Energia irisgarria eta ez kutsagarria
8: Lan duina eta hazkunde ekonomikoa
9: Industria, berrikuntza eta azpiegitura
10: Desberdintasunak murriztea
11: Hiri eta komunitate jasangarriak
12: ekoizpen eta kontsumo arduratsuak
13: klimaren aldeko ekintza
14: itsaspeko bizitza
15: lehorreko bizitza
16: bakea, justizia eta erakunde sendoak
17: helburuak lortzeko aliantza

Pobreziaren amaiera Nazio Batuek 2015ean ezarritako 18 Garapen Jasangarrirako Helburuetatik lehenengoa da, eta izenak dioen moduan honen helburua da pobrezia mota guztiak mundu osoan amaiaraztea.

Gizarteak, biziraun ahal izateko, bere beharrak asetzeko adina baliabide kontsumitu behar ditu. Horregatik, naturatik hainbat baliabide ustiatzen ditugu, eta beste hainbeste eraldatu. Aitzitik, baliabideen urritasuna edo berauen banaketa desorekatua direla medio, giza populazioaren zati handi batek ezin ditu bere beharrak ase, eta pertsona horiek pobrezia egoera daudela esaten dugu.

Pobrezia, azken hamarkadetan zehar jaisten joan den fenomenoa da, 1820an munduko biztanleriaren %90etik gora pobrezian egotetik, gaur egun %50etik gora pobrezian bizitzera pasatu baikara Munduko Bankuak 2015an argitaratu zuenez. Hala ere, gaur egun munduko biztanleriaren erdiak egoera hau nozitzeak, afera honen dimentsio kezkagarria erakusten digu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pobreziak dimentsio asko ditu, hala ere, kausa nagusi modura ondorengoak zerrendatu daitezke: langabezia, gizarte-bazterketa eta hondamendiekiko edo gaixotasunekiko duten kalteberatasun handia[1]. Horrela, herrialde edo kontinente bateko pobrezia maila neurtzeko, hainbat adierazle ezberdin erabili daitezke, hala nola, BPGa edo GGIa.

Historialari askok kolonizazio prozesu europarra, gaur egun ezagutzen dugun pobreziaren agertoki izan zela defendatzen dute[2]. Izan ere, XIX. mendeko industria iraultzak herritar batzuen gorakada eta beste batzuen zapalkuntza ekarri zuen. XIX. mendearen hasiera arte, pobrezia giza bizitzaren arautzat hartzen zen[2]; baina, industriaren munduak indarra irabazi ahala, biztanleen arteko ezberdintasunak geroz eta gehiago nabaritu ziren. Testuinguru honetan, pobreziaren inguruko ikuspuntu distortsionatua antzematen hasi zen; izan ere, gizartea klasetan ezberdindua zegoen eta herrialde batzuk beste batzuen menpe.

Gizarte modernoak pobreziaren ezabatze ia automatikoari buruzko ikuspegi baikorra desafiatzen hasi ziren poliki-poliki eta munduko biztanle guztien berdintasuna bermatzeko proiektuak antolatzen hasi ziren, esaterako, NBEak argitaratu zuen Giza Eskubideen Karta Unibertsala. Horrela, gaur egungo egoerara iritsi gara, non mundua bi zatitan banatzen den: ekonomikoki garatutako herrialdeak eta ekonomikoki garapen bidean dauden herrialdeak.

Kolonizazioaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza Garapenaren Indizea (GGI) aintzat hartuz, 2018.urtean, munduko 10 herrialde txiroenak Afrikan kokatzen ziren[3]. Datu honek argi uzten du, egun Afrika dela ekonomikoki gutxien garatuta dagoen kontinentea.

Herrialde hauek gaur egun dituzten gabezien abiapuntu edo oinarria ulertzeko XVII. menderaino atzera egin behar da. Garai horretan, Afrikaren gainetik europar boterea ezarri zen[4] eta kontinente beltzeko biztanleak esplotatzen eta bertako baliabide naturalak ustiatzen hasi ziren; prozesu guzti hau kolonizazio izenez ezagutzen da.

Kolonizazioak gizarte egitura berriak ezarri zituen Afrikan[4]. Horrela, kontinenteko biztanleak esplotatzea eta mespretxatzea ohiko praktika bilakatu zen eta esklabu beltzen salerosketa jaio zen. Hau merkataritza triangeluarra terminoarekin ezagutzen den fenomenoa baliatuz burutzen zen. Prozesu honetan hiru kontinentek hartzen zuten parte: Afrika, Amerika eta Europa. Afrikatik Amerikara esklabuak garraiatzen ziren, ondoren, hauek Ameriketan lan egin zezaten; esklabuen lanarekin lortzen ziren produktuak, lehengaiak batik bat (kakaoa, azukrea, tabakoa…), Europara esportatzen ziren eta ondoren, Europan lehengaiekin bestelako produktuak ekoizten zituzten; azkenik, produktu horien eta esklabuen elkartruke bat ematen zen. Esan beharra dago, gizarte europarren eskuhartzearen aurretik, esklabutza ohiko praktika zela Afrikan. Hala ere, esklabuak komunitatearen zati aktibotzat antzematen ziren eta beraien duintasuna errespetatua izaten zen[4]. Denborak aurrera egin ahala, nazioartean garatzen joan zen berdintasun eta askatasunaren aldeko mugimenduaren ondorioz, esklabutza begi txarrekin ikusten hasi zen[4]. Testuinguru honetan, Frantziako Iraultza amaieran idatzi zen 1789ko Giza eta Herritarren Eskubideen Adierazpena aipatu beharra dago, izan ere, testu honek bultzada izugarria suposatu zuen aurretik aipatutako mugimenduarentzat. XIX. mende aldera Afrikan esklabutzaren abolizioa lortu zen; hala ere, esklabutzaren kulturak beste forma bat hartu zuen eta Afrikako herritarrak esplotatuak izaten jarraitu zuten urte luzez.

Berlingo Konferentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berlingo Konferentzia Afrikan jabetzak zituzten herrialdeen arteko liskarrak saihesteko ospatu zen bilera izan zen. 1884.urteko azaroan hasi eta 1885.urteko otsailean amaitu zen. Nahiz eta Alemania eta Frantziaren arteko ekimen bateratu bat izan zen, beste hainbat potentzia europarrek ere parte hartu zuten: Portugal, Britainia Handia, Holanda, Austria-Hungaria, Belgika, Danimarka, Italia, Errusia, Espainia, Turkia, AEB eta Suedia.

Konferentzia ospatu aurretiko urteak tentsio handikoak izan ziren, izan ere, Afrikan lurraldeak zituzten herrialdeen arteko liskarrak geroz eta ugariagoak ziren[5]. Behin konferentzia hasita, liskar hauek poliki-poliki konpontzen hasi ziren; hala ere, konferentziak bere baitan ere sortu zituen hainbat eztabaida. Honen eredu da Kongoko nazioarteko elkartea. Izan ere, Belgikako Leopoldo II.ak bere subiranotasuneko estatua bilakatu nahi zuen Kongo. Honen aurrean, konferentziako partaide bakoitzak jarrera ezberdin bat hartu zuen; Alemaniak eta AEBek Leopoldoren erabakia babestu zuten hasieratik eta Britainia Handiak, aldiz, ez zuen erabakia hasiera batean babestu. Azkenik, Leopoldok bere nahia lortu zuen eta Kongo bere eskuetan geratu zen, Kongoko Estatu Librea sortuz.  

Alemaniako kantzilerrak (Bismarck) defendatu zuenez, konferentziaren helburua zibilizazioa sustatzea baino ez zen.  Gainera, konferentziak bakearen eta gizateriaren kausarako balioko zuela azpimarratu nuen[5]. Hala ere, luzera ikusi da hau ez zela egia. Honen adibideetako bat da Kongoko kasua; estatu oso bat milaka eta milaka pertsona ezberdinez osatua, pertsona arrotz baten subiranotasunaren menpe geratu zen.

Adierazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askoren ustetan pobrezia herrialde baten aberastasunarekin soilik neurtu daiteke, diruarekin alegia. Esan beharrekoa da, ordea, pobrezia zehazki giza garapenerako beharrezkoak diren baliabideak ez izatea dela, eta beraz faktore askok eragiten dutela honengan. Horregatik, diruaz gain hezkuntza, ingurumena, askatasun politikoa… pobrezian eragiten duten faktoreak ere badira.[6]

Ur edangarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenik eta behin, pobrezia urarekin lotzeko, herrialde bakoitzean ur edangarrirako aukerarik ez duten pertsonen kopurua adierazle egokia da. Garbi ikusi daiteke herrialde garatu eta azpigaratuen arteko desberdintasuna, azken hauetan ur edangarria eskuratzeko bideak oso murritzak direlako. Hauen artean koka genitzake Afrika, Asia ekialdea, Asia hegoaldea...

Dakigun moduan ura oinarrizko elementu bat da bizidunontzat, eta honen gabeziak edo kalitate txarrak eragin handia du pertsonon bizi mailan. Edangarria ez den ura edateak gaixotasun desberdinak sor ditzake (beherakoa, hepatitis A, polio-a…)[7] eta hilkorrak izatera iritsi daitezke kasu batzuetan. UNICEF-ek dioenaren arabera, 1000koa da haurren hilkortasuna egunean,[8] kalitate txarreko ura edatearen ondoriozko osasun arazoek eraginda. Organizazio beraren hitzetan, munduan guztira 748 milioi biztanle dira ur egokia kontsumitzeko arazoak dituztenak.

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikusi edo aldatu zenbakiak jatorrizko datuetan.


Nahiz eta zifra hauek beldurgarriak izan, esan beharrekoa da uraren egokitasunak aurrerapauso asko eman dituela. Eskuineko grafikoan ikusten den moduan, 25 urteetan handitu egin da ur edangarrirako irisgarritasuna duten populazioaren zenbatekoa, esaterako, Uganda-k (ur edangarrirako zailtasun handiak dituen herrialdea dena) %-18.86eko hazkunde tasa batekin murriztu du gabezia hau, 1990etik 2015era bitarteko denboran.

Ur edangarriaren garapena modu global eta zehaztuago batean aztertuz gero, ikusi daiteke 1990-1991 artean %2,49 hazi zela ur osasungarria edan dezaketen pertsonen kopurua, eta 2014tik 2015rako hazkunde tasarekin konparatuz gero (%1.67), azken urteotan garapen hori mantsotu egin dela esan daiteke.[9]

Azkenik, aipatzekoa da helburu honen berri gozoago bat dagoela adieraztea, izan ere, 2015erako helburu zena 2012rako lortu zen: munduko populazioaren %89ak ur edangarria jada bere esku zuen.[10]

Gose indizea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarrenik, Gose Indizea da elikagai falta adierazteko indizeetako bat. Esan daiteke elikadura gabeziak, goseaz gain, eragin negatibo asko dituela gizartean, hauen artean gaixotasunak, energia falta, ezgaitasunak… ondorio gisa gizarte ahul bat sortuz.

Kausa desberdinak daude gizarte bat gosetera eramateko gaur egun: beste herrialdeekiko zorrak, munduko iparraldearen eta hegoaldearen arteko komertzio injustua, ustelkeria[11]

Garrantzizko kontzeptua da, lanaren zati honetan, deskolonizazioa[12]. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Ipar Hemisferioko herrialdeek baztertu egin zituzten beren koloniak, bertan eman ziren mugimendu sozial geroz eta indartsuagoengatik. Honen ondorioz, herrialdeen arteko “muga artifizial” batzuk ezarri ziren, bestelako irizpideak kontuan hartu gabe (etniak, batasun naturalak…), eta hau gerra askotarako hizpide izan da. Horrelako kasuetan, gobernuek nahiago izaten dute herrialdeko dirua armetan gastatu, hezkuntzan, osasunean… gastatu beharrean.  

Kausa interesgarri gehiago ere badaude gosearen erantzule gisa, batzuk oso presente ditugunak, hala nola aldaketa klimatikoa. Hegoaldeko herrialdeak gogorki jotzen dituzte fenomeno meteorologikoek, eta noski, horrek eragina du bertako uztetan. Adierazgarria da, ordea, CO2 emisio handienak herrialde aberatsek igorritakoak direla, eta ondorioz, aldaketa klimatikoa gehien sustatzen dutenak (Estatu Batuek adibidez 15,5 tona metrika per capita igorri baitzituzten 2016an[13]). Honek lotura zuzena du herrialdearen ekonomia garapenarekin, herrialde garatuenak eta gehien industrializatuak daudenak baitira gehien kutsatzen dutenak.

Gose Indize Globala, 1992 (Our World in Data)[14]

Beste alderdi interesgarri bat da librekanbismoarena. XIX. mendean Estatu Batuak eta Ingalaterra herrialde protekzionistenak izan ziren, beren ekonomia babesteko helburuarekin, industrializazioaren hastapenak zirela eta. Gaur egun, ordea, mundu librekanbista batean bizi garela argi dago. Horrek eragin handia du garatze bidean dauden herrialdeetan, beren industria berriak bultzatzeko beharrezkoa baita hauek hasiera batean babestea. Herrialde aberatsei, ordea, arantzelik gabeko merkatu bat komeni zaie beren produktu lehiakorrak esportatu ahal izateko, eta horrek herrialde azpigaratuei kalte handia eragiten die.

Gose Indize Globala, 2018 (Our World in Data)[15]

Multinazionalek ere pisu handia dute gosean. Hauek, askotan ekoizpena helburutzat hartuz, gainontzeko kalteei begiratu gabe jarduten dute, eta honek sekulako eragina du ahulenengan, zehazki pobre deritzogun herrialde horiengan.[16]

Aipagarria da, ordea, mundua gai dela bertako biztanle guztien beharrak asetzeko, eta beraz, hori ez konpontzeko nahiaren ondorio dela munduan dugun gaur egungo egoera hau. [17]. Jean Ziegler idazleak kritikatzen zuen moduan, munduko nekazaritzak 12 milioi pertsona elikatu ditzake, gaur egungo biztanleriaren ia bikoitza. Horregatik, egunero gosez hiltzen diren haur guzti horiek erailak izaten ari dira.[18]

Gose Indizea kalkulatzeko behar diren datuak aipatzea egokia da, izan ere, hau kalkulatzean hiru faktore hartzen dira kontutan: azpielikatutako biztanleriaren populazioa, pisu-gutxiegitasunaren maiztasuna bost urtetik beherako haurrengan eta bost urte bete baino lehen hiltzen diren haurren proportzioa (guztia ehunekotan).

Bi grafikoetan ikus daitekeen moduan, Gose Indizea asko apaldu da 1992tik 2018ra. Halere, argi ikusi daiteke herrialde azpigaratuak direla kaltetu handienak, eta Europa, Estatu Batuak eta Ozeania arazo honetatik at daudela. [19]

Pobrezia Indizea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pobrezia Indize Globala, 1981-2017 (Datos Banco Mundial)[20]

Pobrezia indizea pobrezia diruarekin lotzeko adierazle oso egokia da, pobrezia bera era orokorrean neurtzen duen indize bat baita, pertsona batek eguneko duen diruarekin lotuz. Horretarako hiru osagai hartzen ditu kontutan: pobrezia-intzidentzia (pobre-kopurua edo ehunekoa), pobrezia-intentsitatea (pobreak zenbateraino diren pobre) eta pobrezia-desberdintasuna (pobreen arteko aldeak zein diren). Tasa honek eguneko 1,9$ baina gutxiago duten pertsonen kopurua neurtzen du.[21]

Eskuineko grafikoan pobreziaren munduko joera ikusi dezakegu, argi eta garbi beherakorra.

Munduko pobrezia intzidentzia jaitsi egin da azken urteotan. Hau urtean urteko zenbaki indizeak kalkulatuz ikusi daiteke, 1981an zenbaki indizea 148,26koa baitzen, 2017an aldiz 32,29.

Aipagarria da, baita ere, pobreziaren murriztearen erritmoa gero eta mantsoagoa dela, aurreko urteekin konparatuz.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Reinaldo Giudici (1853-1921). La Sopa de los Pobres. 1884. Argentinako Arte Ederren Museo Nazionala

La Sopa de los Pobres[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatazka soziopolitikoek jendearen bizitzetan berebiziko garrantzia dute, eta hori islatzea du xede aztergai dugun lehen margolanak. La Sopa de los Pobres izena duen pintura hau, 1884.urtean egin zen Italian, Venezian, hain zuzen. Irudia ulertzeko, aurrekariak ezagutu behar ditugu; 1848tik 1879era Italiaren bateratze-prozesua gertatu zen, eta prozesu gatazkatsu hark Italia lur jota utzi zuen, gerra zibilaren ondorioz elikagai-eskasia, higiene falta eta porrot ekonomikoa nagusitu baitziren. Horrek, gizartean pobrezia zabaltzea eragin zuen, eta argazkikoa bezalako egoerak, arras ohikoak bilakatu ziren.

Margolanean, bi gune bereizten dira. Aurrealdean argia da nagusi, egoeraren gordintasuna den bezalakoa adierazteko, errealitatea argiztatzeko foku bat balego bezala. Emakume bat ikusten da era oso zarpailean jantzita, eta ume bat magalean eta beste bat aldamenean daudela, hauek ere arropa zaharrekin. Emakumearen bi aldamenetan, gizon bana agertzen dira, zopa jaten. Hauen arropak ikusirik gauza nabaria da pobrezia egoeran daudela, eta aipagarria da ez daukatela mahairik ere bazkaltzeko, kalean jaten daudela, alegia. Pinturaren ezkerrean, aurpegia ikusten ez zaion gizon bat agertzen da, eskuetan platera eta sardexka dituelarik. Oso agerikoa da azken hau oso gaizki elikatuta dagoela, gosearen gosez platera iraultzen baitabil, zopa pixkanaka hartzeko ezingo balu itxaron bezala.

Argazkiaren bigarren gunea, atzealdekoa da. Iluntasuna da nagusi bertan, eta ez da kasualitatea; elikagaiak dauden edo prestatzen dabiltzan gunea da. Hiru eltze edo pertz daude, kea botatzen dabiltzanak, baina eraikin barruan dagoen iluntasunak, elikagai falta irudikatzen du, eta keak ere sentsazio txarra adierazten du, arazoaren muina pertz barrukoa (honen urritasuna) balitz bezala.


Eskalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pobreziarena, fenomeno orokor bat den arren (edonork buka dezake egoera horretan), badira hainbat faktore pertsona batek pobrezian bukatzeko arriskua baldintzatzen eta ondorioz, areagotzen dutenak. Amerikako Estatu Batuetako pobrezia tasak pertsonen jatorri etnikoaren arabera xehatuta adibidez, argi eta garbi ikusten da arraza beltzekoek zentzu horretan diskriminazioa nozitzen dutela. Izan ere, beltzen %26,2a da pobrea, eta hurrenez-hurren zuriek eta asiarrek %12,4 eta 12,3ko pobrezia-tasak dituztela ikusita, batzuen eta besteen arteko aldea oso nabaria da. Errealitate horren isla da argazkia, pobreziaren "aurpegia" diren horietako azal beltzeko pertsona bat ageri baita.

Argazkiari erreparatuz, eskaleari inork kasurik egiten ez diola ikusten da, eta pobre izateak maiz gizarte bazterkeria ere dakarrela ondorio bezala. Gizarteak bere erritmoa darama, lana eta ekonomiaren martxa jarraituz, eta gizartea ez da erritmoa horretatik at geratzen diren horietaz oroitzen, sistematik kanpo bezala geratzen baitira. Errealitate ikusezin bat dira maiz, eta behin gizarte bazterkeriaren zuloan erorita, oso zaila da lana topatu eta pobreziatik irtetea.

Berlingo Konferentzia.  Illustrierte Zeitung egunkariaren marrazkia, 1884koa.

Berlingo Konferentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pobreziari buruz mintzo garenean, askotan fokalizatzen dugu fenomeno hori kontinente batekin; Afrikarekin, hain zuzen. Guk automatikoki Afrika eta pobrezia mentalki lotzeko hainbat arrazoi daude, klimatikoak esaterako, baina zalantzarik gabe zeresan izugarria izan duen faktore bat Europako potentziek kolonizazioaren baitan Afrika zatitu izana da. Hori islatzen du Illustrierte Zeitung egunkari alemaniarrak, Berlingo Konferentziaren marrazki baten bitartez. Bertan, Alemania, Austria-Hungaria, Belgika, Danimarka, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Herbehereak, Portugal, Errusia, Suedia-Norvegia, AEB eta Otomandar inperioko ordezkariak bildu ziren.

Estatu hauek, Afrika inorena izango ez balitz bezala zatitu zuten, Res Nullius bat bailitzan. Hala, mapan lerro zuzenak egin zituzten, eta indar militarraz baliatu ziren hauen kontrola hartzeko. Behin hori eginda, kolonialismo formaleko (kontrol politiko-administratiboa eta ekonomikoa) edo kolonialismo informaleko (botere ekonomikoa) formulen bitartez Afrika ustiatu zuten, eta beraz, bertakoen kontura aberastu ziren. Hau esanda, argi geratzen da zein den argazki horren lotura pobreziarekin; pobreziaren sinboloa den Afrikak ez du garatzeko aukerarik izan, horretarako zituen aukerak (minerala...mundu osoari saltzetik bizi zitekeen) Europar potentziek kendu zizkiotelako, pobrezia amaigabera zigortuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. https://www.un.org/sustainabledevelopment/es/wp-content/uploads/sites/3/2016/10/1_Spanish_Why_it_Matters.pdf
  2. a b https://web.archive.org/web/20080913082237/http://www.redcelsofurtado.edu.mx/archivosPDF/edmar2.pdf
  3. http://hdr.undp.org/sites/default/files/hdr_2019_overview_-_spanish.pdf
  4. a b c d https://www.rebelion.org/docs/54020.pdf
  5. a b https://drive.google.com/file/d/13wqcwM9BswZNT1b_7nuBLlSY2KEedTaf/view
  6. Pobrezia. 2020-09-16 (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  7. Ritchie, Hannah; Roser, Max. (2019-09-26). «Clean Water» Our World in Data (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  8. «Día Mundial del Agua: 1.000 niños mueren cada día por falta de agua potable» www.unicef.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  9. Ritchie, Hannah; Roser, Max. (2019-09-26). «Clean Water» Our World in Data (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  10. Progress on drinking water and sanitation. 2012 update. UNICEF 2012 ISBN 978-92-806-4632-0. PMC 793571735. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  11. (Katalanez) «El hambre, un problema con solución» ONG Manos Unidas 2020-06-24 (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  12. (Katalanez) «Descolonización» ONG Manos Unidas 2020-06-24 (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  13. «Emisiones de CO2 (toneladas métricas per cápita) | Data» datos.bancomundial.org (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  14. «Global Hunger Index» Our World in Data (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  15. «Global Hunger Index» Our World in Data (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  16. Oliveres, Arcadi. (2005). Contra el hambre y la guerra. (1a. ed. argitaraldia) Angle ISBN 84-96103-98-6. PMC 434343035. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  17. Caparrós, Martín. (2015). El hambre. ISBN 978-84-339-6377-2. PMC 902638104. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  18. Ziegler, Jean. (2013). Destrucción masiva : geopolítica del hambre. (1ª ed. en Colección Booket. argitaraldia) Booket ISBN 978-84-9942-256-5. PMC 864206694. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  19. «Global Hunger Index» Our World in Data (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  20. «Tasa de incidencia de la pobreza, sobre la base de $1,90 por día (2011 PPA) (% de la población) - World | Data» datos.bancomundial.org (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  21. «Tasa de incidencia de la pobreza, sobre la base de $1,90 por día (2011 PPA) (% de la población) - World | Data» datos.bancomundial.org (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]