Italiaren bateratzea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Milango bost egunak, Baldassare Verazziren margolana.

Italiaren bateratzea edo Risorgimento (italieraz: Risorgimento) Italiar penintsulan zeuden estatuak bateratzea ahalbidetu zuen XIX. mendeko gizarte eta politika higikundea izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1815eko Vienako kongresuak estatuen sisteman oinarrituriko ordena jakin bat ezarri zuen Europako lurraldeetan: garaiko estatu indartsu handiek (Britainia Handia, Frantzia, Austria, Prusia eta Errusia) nahi zituzten bakea eta botere arteko oreka iraunkorrak izan zitezen komeni zitzaien ordena. Herriak, nazioak edo kulturak, esan gabe doa, ez zituen kontuan hartzen ordena horrek. Aginpidearen kontzepzio autoritarioan oinarriturik eta Metternichek iradokitako Vienako sistemaren arabera, herriek ez zuten tratamendu politikorik merezi, monarkia edo inperio ziren Estatu indartsuei baizik ez baitzegokien hori.

Vienako Kongresuan Italiaren lurralde banaketa dinastikoa gordetzea erabaki zuten. Hegoaldean, Bi Sizilietako Erresuma borboitar erreinua, Siziliak eta antzinako Napoliko erresumak osatua; erdialdean, Aita Santuaren Lurraldea, aita santuen erregetzapekoak; Toskanako Dukerri Handia eta gainerako dukerri txikiak (Modena, Parma eta Guastalla), Habsburgotarren mendekoak; iparraldean, Lombardia-Venezia Erresuma, Austriako Etxearen mendekoak; azkenean, Piamonte-Sardinia, Savoiako etxearen eskuetan.

Estatu multzo hori, Italian tradizioa zen bezala, heterogeneoa zen zentzu askotan. Guztiek nazio bat osatzen zutelako ideia ez zen berria, baina sentimendu nazional hori 1820-1830 ondoko urteetatik aurrera hasi zen batez ere azaleratzen, erromantizismoaren eta izaera nazionalistako aldizkari zein argitalpenen bidez, eta joera horretako lehen higikundeen sorrerarekin.

Giuseppe Mazzinik zuzentzen zuen Giovine Italia («Italia Gaztea») zen, dudarik gabe, higikunderik garrantzitsuena; ideia liberal-errepublikarrak, sentimendu nazionala eta italiar errepublika bat sortzeko ideia konbinatzen zituen. 1848ko iraultzaren zoritxarreko ondorioak erabakiorrak izan ziren italiar batasunaren zentzua aldatzeko. Abertzaleen ekimenak suntsiturik geratu ziren; Piemonteko gudarosteak Austriakoaren aurka jasan zituen Custoza eta Novarako porrotak (1849) suntsitze horren sinbolo dira. Handik aurrera, Italiaren batasunaren ideiak Italiako Erresuma baten inguruan behar zuen mamitu.

Piamonte-Sardinia, Savoiako etxearen erreinua, buruzagi izan zen ideia hura bultzatzen, Vittorio Emanuele II.a errege izendatu berriarekin. Camilo Benso, Cavour-eko konde liberal moderatuak nazioarteko diplomaziaren estrategia erabili zuen penintsulako iparraldean italiar erreinua sortzeko ideia burutu ahal izateko. Krimeako gerran piemontarrek esku hartu izana erabili zuen Napoleon III.aren uste ona bereganatzeko. Modu horretara, itun bat lortu zuen 1858an, ondoko urtean Austriaren aurkako borrokan Bonapartek laguntza ekar ziezaien. Magentako guduaren ondoren (1859) Lombardia bereturik, erdialdeko lurraldeak (Toskana, Modena, Parma) matxinatu eta Vittorio Emanuele II.aren alde azaldu ziren.

Prozesu horren bigarren aldia, partez Cavourren aurrikuste moderatu diplomatikoak gainditu zituen ekintza bati esker gertatu zen. Garibaldik Mazziniren bulkada abertzale-iraultzailea jarraitu zuen 1860ko Siziliarako espedizioan eta geroko Napoliren konkistan eta anexioan. Frantziarekiko behin behineko itun diplomatikoen mende zegoen Piemonteko gortea (Frantziari Savoia eta Niza emanak zizkion); bestalde, Garibaldiren mugimenduaren izaera iraultzaileari aurka egitearren, Piemonteko gudarostea bidali zuen haren Erromarako martxa galarazteko.

Veneziaren anexioak (1866), urte horretako austriar-prusiar krisia aprobetxatuz egin zelarik, erreinuaren batasuna osatu zuen, Erroma salbu. Italiar abertzaleentzat sinbolismo handia zuen hiri hori 1871n anexionatu zen, Frantziaren eta Prusiaren arteko krisia zela eta, frantses gudarosteak Erroma utzi behar izan zutenean, Vatikanoak nazioarteko izaera izango zuela eta Italiako Erresumaren kontura finantzatuko zela bermeak (Bermeen legeak, 1871) ezarri ondoren.

Hegoaldeko italiarren emigrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta batasun politikoa lortu, arlo ekonomikoan arazo larriak izan zituen Italiako estatu berriak. Batez ere hegoaldean garai horretako antzinako nekazaritza sistemaren ondorioz, nekazari asko oso egoera larrian geratu ziren. Behean, AEBtako ikerlari batek egina emigrazio honi buruzko gogoeta bat dago.

« Estatu Batuetara emigratzen duten italiarren %85 Italiako hegoaldekoa da, Sizilia barne. Urtetik urtera, gero eta emakume eta haur gehiago iristen da, eta behin betiko gure herrialdean bizitzeko joera dute. (...)

Italiako emigranteen %80-90 nekazariak dira; gainerakoak, jostunak, zapatariak eta arotzak; baina oro har, ez dira izaten lehen mailako langileak. (...)

Baina Italiako nekazaritzaren baldintza gogorrak ez dira emigratzeko arrazoi bakarra. Gainera, Italia gainjendeztatuta dago: Europako herrialderik populatuena da, eta Frantzia eta Austria baino %30 gehiago jendeztatuta dago. Italiak azken urteetan Estatu Batuetara bidalitako pertsonen ehunekoa Britania Handiak eta Irlandak bidalitakoaren ehunekoaren antzekoa da, baina hori Alemaniak bidalitakoarena baino hiru aldiz gehiago da.(...)

 »
Frank L. Dingley, Europar emigrazioa, Europako kanporako emigrazioari buruzko azterlanak, 1890

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Italiaren bateratzea Aldatu lotura Wikidatan