Garapen Jasangarrirako 13. helburua: klimaren aldeko ekintza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sdg icon wheel 2.png
Garapen Jasangarrirako 13. helburua: klimaren aldeko ekintza
Emblem of the United Nations.svg Nazio Batuen Erakundearen helburua
GJH 13.png
Garapen Jasangarrirako Helburuak
GJH 1.png1: Pobrezia desagerraraztea
GJH 2.png2: Goserik ez
3. Osasuna eta Ongizatea.png3: Osasuna eta ongizatea
GJH 4.png4: Kalitatezko hezkuntza
Goal-05 eu.png5: Genero-berdintasuna
Goal-06 eu.png6: Ur garbia eta saneamendua
Goal-07 eu.png7: Energia irisgarria eta ez kutsagarria
GJH 8.png8: Lan duina eta hazkunde ekonomikoa
GJH 9.png9: Industria, berrikuntza eta azpiegitura
GJH-10.png10: Desberdintasunak murriztea
Hiri eta komunitate jasangarriak.png11: Hiri eta komunitate jasangarriak
Goal-12 eu.png12: ekoizpen eta kontsumo arduratsuak
Klimaren aldeko ekintza..png13: klimaren aldeko ekintza
Garapen jasangarrirako helburua.jpg14: itsaspeko bizitza
GJH 15.png15: lehorreko bizitza
Bakea, Justizia eta eta Instituzio sendoak.png16: bakea, justizia eta erakunde sendoak
Goal-17 eu.png17: helburuak lortzeko aliantza

Garapen Jasangarriko 13. Helburua, Garapen Jasangarrirako 13. Helburua edo GJH 13 klimaren aldeko ekintza da, eta Nazio Batuek 2015ean ezarritako Garapen Jasangarriaren 17 Helburuetako bat da. Helburuaren izen ofiziala hurrengoa da: "Klima-aldaketari eta haren ondorioei aurre egiteko premiazko neurriak hartzea". 2030erako lortu beharreko jomugak ditu eta adierazleek neurtzen dute jomugetarako aurrerapena.[1]

Guztira bost jomuga daude:[1]

  1. Klimarekin zerikusia duten hondamendietarako erresilientzia eta egokitzeko gaitasuna indartzea.
  2. Klima-aldaketaren neurriak politiketan eta plangintzan txertatzea.
  3. Klima-aldaketa lortzeko ezagutza eta gaitasuna eraikitzea.
  4. Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioa ezartzea
  5. Klima-aldaketaren inguruko gaietan, planifikatzeko eta kudeatzeko gaitasuna handitzeko mekanismoak sustatzea.

Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioa (NBKAEH) da klima-aldaketari buruzko erantzun globala negoziatzeko gobernuen arteko nazioarteko foro nagusia[2]. Klima-aldaketari aurre egiteko, erakunde honen eskutik, herrialdeek Parisko Hitzarmena hartu zuten munduko batez besteko tenperaturaren igoera 2 °C-tik behera mugatzeko.[3]

Kontzeptuari dagokionez, klima-aldaketak planetan modu naturalean gertatzen diren klima-aldaketa erregularrei zein giza-jarduerak eragindakoei egiten die erreferentzia. Hainbat ikuspegitatik azter daiteke gaiaren sakontasuna. Kasu honetan, azterketa 3 ataletan banatuko da: azterketa historikoa, hau da, jatorritik gaur egunera arte izan dituen eraginen azalpena; azterketa ekonomikoa, eragin hauen froga numerikoak; eta azkenik, irudien azterketa, klima-aldaketaren eragina artean nola errepresentatu den historian zehar.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima-aldaketaren gaurkotasuna ikusita, aditu askok beren ekarpena egin dute hainbat artikulutan. Izan ere, historikoki, industrializazioak gizakiaren eskuhartzearekin batera, ingurumenean aldaketa ugari eragin ditu, egungo klima-aldaketaren arazoari hasiera eman diotenak. Honen jatorrizko faktoreak, orokorrean, berotze globala eta CO2 isurketak dira eta azpimarratzekoa da gizakiaren lanarekin lotura zuzena dutela. Horretaz gain, bat-bateko gertakizunek ere eragin handia dute, adibidez, COVID-19 osasun krisiak edo Filomena elur denboraldiak.

Ozeanoak, munduko CO2aren biltegi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atmosferan CO2 emisioak handitzen joan dira industriaurreko garaitik, erregai fosilen errekuntza hasi zenetik, orain arte. Nahiz eta berotze globala geroz eta handiagoa izan, eta era azkarrago batean hedatu, tenperaturen igoerak oraindik ez du gailurra ukitu; muga onargarrien barruan mugitzen baita, ozeanoei eta karbono hustutegiei esker. SInpleago esanda, lurreko ur masa handiek, gizakiek aspalditik kontrolik gabe isurtzen duten CO2aren zati handi bat xurgatzen dute.

Klima-aldaketaren etorkizuneko bilakaera ozeanoen jokabidearen araberakoa izango da hein handi batean. Giza jarduerek azken 200 urteetan sortutako CO2aren ia erdia ozeanoetan sartu da.[4] Horrenbestez, bertako ura azidotu eta berotu egin da, ur beroko guneen presentzia handiagotuz.

Kaliforniako ikertzaile batzuen ustez, atmosferako CO2 kantitate altua da ozeanoak gero eta azidoago bihurtzen dituena. Etorkizunean atmosferara CO2 kantitate bera isurtzen jarraituz gero, ozeanoen azidotasun maila igotzen joango da.

Badira hamarkada batzuk non atmosferaren beroketa nabarmen ikusten den. Baina azken urteotan, oso era argian nabaritu da ozeanoen azaleko tenperaturen aldaketa. Ozeanoen berotzea eredu klimatikoek aspalditik iragartzen duten zerbait da. Hauen tenperatura uste baino azkarrago ari da hazten eta honek epe luze zein laburrera eragin negatiboak ekarriko ditu. Ozeanoen CO2aren isurpen masibo honek hainbat eragin azaleratu ditu dagoeneko, esaterako: itsas mailaren igoera, uren azidotzea eta itsas faunan izandako inpaktua.  

Epe ertain eta luzerako aurreikuspenen arabera, ozeanoek geroz eta erantzukizun handiagoa izango dute klima sisteman. Etorkizuneko klimak bero handiagoa adierazten duen arren, ozeanoetako CO2aren pilaketak ustekabeko aldaketak eragin ditzake. Epe laburrean, ozeanoak berotzen jarraituko dira, eta tenperatura igoera eta herritarren jokabidea erlazionaturik egongo dira.

Ia ezinezkoa da datozen hamarraldietan energiaren kontsumoa eta CO2 emisioen hazkundea moteltzea. Hala eta guztiz ere, egia da herrialde garatuetan industriatik datozen CO2 isurketak murrizten ari direla, garapen teknologikoak balio unitate bakoitzeko gero eta energia gutxiago erabiltzeko aukera eman duelako. Egiten diren aurreikuspenak ez dira onak, baina ozeanoei eta beroketa globalari buruzko kontzientzia globala sortzea, eta hauek duten garrantziaz gizartea jabetzea, funtsezkoa da klima-aldaketa geldiarazteko.

Aldaketa klimatikoa eta berotze globala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurreko klima historian zehar aldatzen joan da, eta gaur egungo berotzeko joera bereziki garrantzitsua da; oso posiblea baita XX. mendearen erdialdetik aurreko zatia giza-jardueraren emaitza izatea. Joerak gorantz jarraitzen du abiadura handian.

Aurreko mendeko 70eko hamarkadaren amaieratik gaur egun arte, atmosferan dagoen airearen tenperatura globala nabarmen handitzen ari da. Berotze globala errealitate ukaezina da, izan ere, duela 40 urte baino planeta eta eskualde beroagoak marrazten dituzte adituek. Eredu klimatikoak, klimaren bilakaera eta etorkizuneko proiekzioa aztertzeko ditugun adierazlerik garrantzitsuenak izanik, ziurtatu dute planetako batez besteko tenperatura dena baino nabarmen baxuagoa izan beharko litzatekeela.

7.500 milioi pertsona baino gehiagoren artean egunero baliabide kopuru esanguratsua kontsumitzen da hondakin kopuru handia sortuz. Sistema naturala eta sistema klimatikoa bat datoz, eta bost osagaiez osatuta daude: atmosfera, ozeanoa, azalera, biosfera eta kriosfera. Baina aditu askoren arabera, esan daiteke seigarren osagai bat duela: sistema ekonomikoa, kontsumista eta baliabideen xahuketa eta hondakinen ekoizpena oinarritzat dituena.[5]

Beraz, etorkizuneko klimak zerikusi handia du seigarren osagaiarekin, berotegi-efektuko gasen isurketen bolumen nagusia erregai fosilen erabileratik datorrelako: gas naturaletik, petroliotik eta ikatzetik. Hori dela eta, erregai fosilak murrizten dituen irtenbide bat agertzen ez bada, planetako zenbait eskualdek tenperatura nola igotzen den ikusten jarraituko dute. Gainera, berotzea ziurtatuta dago zenbait hamarkadako epean. Greenpeacek egindako txostenaren arabera, 2020. urtean 398.000 heriotza goiztiar egon dira Europar Batasunean, ikatza eta petrolioa erretzeak eragindako gaixotasunekin lotuta.[6]

Tenperaturen gorakada nabarmenaren ondorioz, gero eta bero-bolada gehiago daude, hilabeteak beroagoak dira, etab. 2020-2021 denboraldian Espainian egondako Filomena depresioa ezohiko kasua izan zen. Estatuko Meteorologia Agentziaren arabera, Madrilen mende erdi baino gehiago igaro zen halako azken elur denboraldia gertatu zenetik.[7]

Zientzialariek uste osoa dute tenperatura globalak gora egiten jarraituko duela. Hurrengo hamarkadetako klima joan den mendeko azken herenekoa baino beroagoa izango da ziurrenik, aldakorragoa, eta elur eta bero-boladak elkarrekin urte berdinean agertzeko probabilitatearekin. Era berean, estimatzen da datorren mendean tenperatura 2,5 eta 10 gradu artean igoko dela.

Aldaketa klimatikoa eta COVID-19[aldatu | aldatu iturburu kodea]

COVID-19 inguruko egoera aztertuta, baiezta daiteke osasun krisia globala bihurtu dela, adituek pandemia izenarekin izendatuz haren hedapena. Baina krisiaren aurretik, kontuan hartu behar da, gizarteak bazituela beste kezka sozial batzuk, esaterako; klima-aldaketa edota kutsadura, besteak beste. Harrigarria badirudi ere, 2020. urtean bizitako egoerak, etxetik atera ezin zenekoa, aipatutako kezkekin badu zerikusia. Pandemiak eragin kaltegarriak izateaz gain, onak ere ekarri ditu berarekin. Alerta-egoera zela eta, merkataritza-jarduerak eta garraioa murriztu egin dira, eta horren ondorioz, berotegi-efektuko gasen isurketa ere; batez ere, industrian. Koronabirus garaian, hirietako kutsadura atmosferikoa murriztu egin da kontinente kutsatuenetan, batik bat Europan eta Asian.[8]

Petrolio eta antzeko substantzien isuriek, kliman eta pertsonen bizi kalitatean eragin negatiboak dituzte. Hori dela eta, murrizketa horrek, eragin positiboa izan du biztanleen artean, haien osasun maila hobetu baita. Espainian, aire kutsaduragatik urtero dauden gutxi gorabeherako 10.000 heriotza goiztiar gutxitu dira. Era berean, hilkortasun-tasa ere gutxitu da pandemiaren puntu gorenean, konfinamenduari esker, ekidin ziren heriotzekin. Osasun krisiak herritarren eguneroko erabakien eta ohituren inguruan eragina izan du.

Ingurumen arazo eta ondorio sozioekonomikoetan, herritarren egunerokotasunak garrantzia handia du. Beraz, krisiari esker, gizartea aurretik ez zegoen heldutasun-maila batera iritsiko da, eta ingurumen-gaien inguruko kontzientziazioa zabalduko da.[8]

Nahiz eta oraindik guztiz barneratua ez izan, klima-aldaketak  antzeko gaixotasunen etorrera bizkortu dezake. Baina, osasun krisia ohiturak aldatzeko aukera da, giza-espeziarekiko eta planetarekiko harremanari etorkizun hobea emateko. Adituen ustetan, berotegi-efektuko gasen arintzean eragin positiboa izango duten ekintzak sustatu beharko lirateke, hau da, telelana arau gisa ezarri edota bilera telematikoak ugaritu.[8]

Adierazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima-adierazle globalek klima-aldaketa deskribatzen dute, ez soilik tenperaturari dagokionez, funtsezko informazioa ematen baitute ere klima-aldaketarako garrantzitsuak diren eremuei buruz. Gainera, adierazleen abantaila nagusietako bat, ia herrialde edo eskualde guztiek emandako datuetan oinarritzean datza. Beraz, historian zehar, klima-aldaketaren bilakaera aztertu eta ulertzeko, interesgarria izan daiteke haren adierazleei erreparatzea; kasu honetan, tenperatura aldaketa, CO2 isuria eta itsas maila erakusleetan enfokatuz.

Atmosfera hainbat gasez osatua dago, eta hauetako bakoitzak, haren lana era egoki batean egiten du. Arazoa milaka urtetan emandako oreka naturala haustean etorri da. Gizakia geroz eta iturri gehiago gehitzen joan da karbono dioxido iturri naturalei (izaki bizidunen arnasketa, deskonposizio organikoa…), erregai fosilak erretzean, ekonomia garatzeko helburuz.

Jakina da, gizakien jarduerak gero eta eragin handiagoa duela kliman; erregai fosilak erretzean, oihan tropikalak moztean, eta abar. Modu horietan sortutako gas kantitate izugarriak, atmosferan naturalki askatzen diren gasei gehitzen zaizkie, berotegi-efektua eta berotze globala areagotuz. Gizakiek burututako jarduerak, aldaketa biologiko eta geofisikoen eragile izan dira, eta azken hamarkadak, gizakia esku hartzen hasi zen garaia, Antropozeno terminoaz ezagutzen da.

Wallace Smith Broeckerrek klima-aldaketa giza ekintzarekin lotzen zuen, eta karbono dioxido emisioen gorakadarekin ozeanoek gas hau atmosferatik harrapatzeko duten ahalmena gutxituko zela iragartzen zuen, horrela planetaren tenperatura igoaraziz.[9]

Esaten da Industria Iraultza klima-aldaketaren lehen kausa nagusietako bat izan zela. Izan ere, prozesu industrialaren aurretik, CO2 bezalako gasak maila baxuagoan zeuden, etapa berri honen hasierarekin batera nabarmen bizkortuz.

Industria Iraultzak erregai fosilak munduan erabiltzen hastea dakar, eta gaur egunera arte izan duen gorakadak eragin handia izan du egungo kliman, planetan aldaketa eragin duena. Erregai fosilak, hala nola, ikatz minerala, gasa eta petrolioa, energia iturri moduan erabiltzen direnak elektrizitatea sortzeko, hainbat garraiobide mugitzeko, mota guztietako ondasunak manufakturatzeko prozesuak garatzeko, edota beste jarduera batzuk garatzeko; berotegi-efektuaren eragileetako bat dira. Jarduera horiek gas-geruza trinkoegi bat kontzentratzen ari dira atmosferan, Eguzkiak sortutako bero-kantitate egokia ateratzea eragozten duena eta berotegi-efektuko gasen kontzentrazioa handitzen duena. Horrek desoreka eragiten du planetaren balantze termikoan. Hala, tenperaturak gora egiten du, klima-aldaketa gisa ezagutzen diren aldaketak eta alterazioak eraginez lurreko kliman.[10]

Lehen aipatu bezala, karbono dioxidoa prozesu naturalen bidez askatzen da (arnasketaren, sumendi-erupzioen... bidez), baina baita giza jardueren bidez ere (baso-soiltzea, lurraren erabileraren aldaketak, erregai fosilak erretzea). Adierazgarria da gizakiek CO2 atmosferikoaren kontzentrazioa %47an handitu izana Industria Iraultza hasi zenetik.[11]

Milaka urtetan zehar, gizakiek nekazaritza eta ehizan euskarritu zuten haien garapena, eta CO2 emisio-iturri nagusiak artisau- eta landa-gizarte bati lotuta zeuden. Baina Industria Iraultzarekin  batera, XVIII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, garrantzia handia bereganatuko duen lurrun-makina garatzen da. Horrekin batera, energia sortzeko, biomasa erretzeaz gain, ikatzaren erabilera gehituko da. Mekanizazioaren eta Industrializazioaren Iraultza hedatzen hasten da ikatzaren eskutik, eta esan beharra dago, iturri honi (harrikatzari) karbonoan aberatsa den beste bat gehitzen zaiola: petrolioa. Automobilaren asmakuntzak eta, batez ere, autoen masako ekoizpenak, petrolioa erretzea eta CO2 isurtzea eragin du 1913tik aurrera. Horrez gain, Bigarren Mundu Gerraren ostean, garapen teknologikoak eta biztanleriaren hazkundeak, karbono dioxidoaren gorakada bultzatuko du, honekin batera, basoen murrizteak ematen direlarik.

1. grafikoa. Urteko CO2 emisioak. Iturria: Our World in Data (2019)

Karbono dioxidoaren isurketa globalak aztertuz (1. grafikoa), argi ikus daiteke, Industria Iraultzaren aurretik, isuriak oso txikiak zirela. Emisioen hazkundea eman zen arren, hau nahiko motela izan zen XX. mendearen erdialdera arte, gerora, eman zenarekin alderatuz. 1950ean, munduak 5 mila milioi tona (CO2) isurtzen zituen, Estatu Batuek bezala, edo gaur egun Txinak urtero egiten dituen isurien erdia. 1990erako, kopurua laukoiztu egin zen 22 mila milioi tonatan, eta garbi ikusten da isurketek gora egiten jarraitu dutela azkar. Orain, 36 mila milioi tona baino gehiago isurtzen ditugu urtero. Azken urteotan, emisioek gora egiten jarraitu dute, baina hori bai, erritmo motelagoan, %0,5etik %2ra.[12]

Azterketa honetan behin baino gehiagotan aipatu den bezala, giza jarduerek paper garrantzitsua jokatu dute. Azken 171 urteetan, giza jarduerek CO2aren kontzentrazio atmosferikoak igo dituzte, 1850ean aurkitutako industriaurreko mailak baino %48 gehiago. Hau, berez, 20.000 urteko epean gertatu zena baino gehiago da (Azken Glaziazioa 1850era arte, 185 ppm-tik 280 ppm-ra).[13]

Gaur egun, mundu mailan karbono dioxido gehien isurtzen duten herrialdeen artean hurrengoak gailentzen dira; Txina, Estatu Batuak, India, Errusia eta Japonia.[14]

Historikoki, CO2 isurketa gehienak munduko biztanleriaren zati txiki bati dagozkio. Herrialde horiek azkar industrializatu ziren eta, orduz geroztik, haien ekonomia erregai fosilak erretzean oinarritu zuten. Nagusienak, Britainia Handia eta Estatu Batuak izan ziren; lehena Industria Iraultzaren sortzailea da, eta bigarrena eta beranduago iritsi zena, munduko lehen industria potentzia handia izan zen. 1890ean, Estatu Batuek Britainia Handiko kutsadura indizeak gainditzea lortu zuten.

Britainia Handia gaur egungo mundu mailako isurtzaile nagusien artean aurkitzen ez den arren, Industria Iraultza garaian, CO2 isurtzaile nagusietako bat izan zen, erregai fosiletan oinarritutako teknologiak martxan jartzearen eraginez.

Beheko taulan, aipatutako azken herrialde honen bilakaera ikus dezakegu denboran zehar, CO2 isuriei dagokionez.

1. taula. Britainia Handiko CO2 emisioak (1750-2000)
URTEA HERRIALDEA CO2 EMISIOAK (tonak) ZENBAKI INDIZEA
1750 Britainia Handia 93.500.000.000
1775 136.300.000.000 3
1800 266.300.000.000 6
1825 495.900.000.000 11
1850 1.226.000.000.000 27
1875 2.714.900.000.000 60
1900 4.197.400.000.000 93
1925 4.496.600.000.000 100
1950 5.007.900.000.000 111
1975 6.032.500.000.000 134
2000 5.675.000.000.000 126

Munduko industrializazioaren lehen mendean, kutsaduraren ia erantzukizun osoa Britainia Handiaren gain geratu zen.

1750. urtetik 2000. urtera bitartean, garbi ikusten da Britainia Handiko CO2 isurketak, urteak pasa ahala handitzen joan direla, eta horretarako zenbaki indizeak begiratzea besterik ez da behar. Hasieran, gutxinakako hazkundea eman arren, nabaria da XX. mendean karbono dioxido isurien gorakada.

Denbora luzez, lan handia egin da atmosferako karbono dioxidoaren mailaren eta ondoriozko tenperatura-aldaketaren arteko erlazioan. 1896an Arrhenius izan zen atmosferako CO2 kontzentrazioen igoeraren eragina kalkulatu zuen lehena, eta emisioak bikoiztuz gero, emaitza tenperatura globalak 5-6 °C igotzea izango zela aurreikusi zuen. Harrigarria bada ere, proiekzio hori bat dator egungo datuekin.

Industria aurreko garaitik, giza jarduerek Lurraren batez besteko tenperatura globala 1 °C igo dutela uste da (1.8 gradu Fahrenheit), gaur egun hamarkada bakoitzeko 0,2 °C (0.36 gradu Fahrenheit) igotzen ari den kopurua.[15]

2.grafikoa. Lurreko eta ozeanoko tenperaturaren indize globala. Iturria: NASA (2020).

2. grafikoak, lurreko eta ozeanoko tenperaturaren indize globala nolakoa izan den adierazten du, 1880. urtetik gaur egun arte. Azken urte eta hamarkadetan hainbat bero-marka hautsi dira: 2019a erregistratutako bigarren urterik beroena izan zen (1,1 gradu garai industrialen gainetik), eta ondoko grafikoan ikusten den antzera, 2010-2019a izan da orain arte erregistratutako hamarkadarik beroena. 1980ko hamarkadatik aurrera, ondoz ondoko hamarkada bakoitza aurreko edozein hamarkada baino beroagoa izan da 1850etik. 2016. urtea lehen posizioan badago erregistratutako urte beroena izateagatik, 2019 eta 2020. urteen batez besteko tenperaturaren aldea ia baliogabea delako da. Aipatzekoa da, La Niña fenomeno meteorologikoak, hozte-efektua eragiten duela, eta horrek, urte amaieran pixka bat murriztu zuen beroa, 2020ko batez besteko tenperatura jaitsiz.[16]

Urteetan zehar tenperaturak izandako gorabeherak aztertzeko, urteko batez besteko tenperatura globalaren bilakaera ikertzeaz gain, interesgarria izan daiteke, herrialde edo kasu honetan, kontinente zehatz batzuk izandako bilakaeran bista jartzea. Hortaz, planetako kontinenteetan ere, hala nola Asian, Amerikan, Afrikan, Europan eta Ozeanian, batez besteko tenperaturak gora egin dute, eta etengabe igo eta gainditu dira hamarkadaz hamarkada 1980tik. Europako bilakaeran zentratuz, erraz ikus daiteke urtez urteko tenperaturen gorakada, argi geratuz klima aldaketaren eraginak geroz eta bortitzagoak izatera iristen ari direla. Bereziki azpimarratzekoa da, azken datua eskala berdinean egon ez arren, nabaria eta nagusiki kezkagarria dela, azken urteetan (2019-2020) tenperaturak izandako %21,59eko hazkunde-tasa.

2.taula. Europan urte arteko batez besteko tenperaturak (1950-2020)
HERRIALDEA URTE ARTEKO BATEZ BESTEKO TENPERATURA (°C) HAZKUNDE-TASA (%)
1950-1959 Europa 7,7
1970-1979 7,5 -2,59
1990-1999 8,1 8
2010-2019 8,8 8,64
2019-2020 10,7 21,59

Klima-aldaketaren inpaktuen artean, poloetako izotz-masaren urtzea nabarmentzen da, eta horrek, aldi berean, itsas maila eta uholdeak handitzea eragiten du, kostaldeko itsasertzak mehatxupean utziz. Gainera, esan beharra dago, itsas mailaren igoera ozeanoen berotzeak eta izotzaren urtzeak eragiten dutela, hau da, tenperaturen igoerak eragin handia duela itsas mailaren igoeran.

Argi dago beraz, itsas mailaren igoera klima-aldaketaren ondorioetako bat dela. Ondo dago jakitea, itsasoaren batez besteko mailak 23cm inguru egin duela gora 1880tik, eta urtero itsas mailak beste 3,2mm-tan egiten duela gora ere.[17]

3.grafikoa. Itsas mailaren igoera. Iturria: NASA eta Europapress (2019)

Itsasoaren maila 2019ko urrian iritsi zen bere baliorik altuenera, 1993an zehaztasunez neurtzen hasi zenetik, 94,4mm-tara hain zuzen (3.grafikoan ikusten den antzera). Artikoa urtzeari Antartikakoa gehitu behar zaio, 2016tik aurrera bizkortu eta 2019an larriagotu zena.[18]

Azken urte honetan, 2020ean, globalki, itsas mailak 3,29mm (+% 0,3) gora egin du. 2020ko azken zatian izandako beherakada txiki batek Ozeano tropikaleko La Niña baldintzekin zerikusia izanik.[19]

Klima-aldaketaren eboluzioa guztiz aztertzeko, interesagarria da gaur egungo egoera ere aztertzea. Hainbat erakunde zientifikok egindako txosten baten arabera, United in Science 2020, COVID 19-ak "ez du geldiarazi" klima-aldaketa, eta biztanleriaren konfinamenduak berotegi-efektuko gasen isurketan izan zuen eragina berreskuratu egin da azken hilabeteetan, pandemiaren aurreko mailetara iritsi arte.[16]

Laburki, azterketa honi amaiera emanez, ikus daiteke sakondutako hiru adierazleak (CO2 isuriak, tenperaturak eta itsas maila) osagarriak direla, hau da, karbono dioxidoaren isurtzeak eragin zuzena duela tenperatura igoerekin, eta azken honek bete-betean ondorioak sortzen dituela itsas mailan. Beraz, itsas mailaren igoera, klima-aldaketaren inpaktu guztiak bezala, tenperaturaren igoeraren araberakoa izango da, eta hori, aldi berean, berotegi-efektuko gasen emisioen araberakoa.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakina da naturako indarrek historian zehar zenbaitetan aldatu izan dutela Lurreko klima. Aldi berean, ezaguna da ere gizakiak halako gertakizunak irudien bidez islatu izan dituela. Gertakizunen adibide dira orain dela 10.000 urte inguru egondako Izotz Aroa, Erdi Aroko Beroaldia edo Izotz Aro Txikia.[20]

Hori dela eta, gaur egungo berotzea ulertzeko XIV. mendetik hasi beharra dago. Orduan, sumendi erupzio ikaragarriek hauts kantitate izugarria goratu zuten estratosferara, eta horrek Eguzkiaren argiaren igarotzea blokeatu zuen. Ondorioz, Lurreko klima hozten hasi zen, Izotz Aro Txikia izeneko periodoari hasiera emanez; batez ere, ipar hemisferioan eragina izango zuena eta XIX. mende erdialde ingurura arte iraungo zuena.[21]

Aro honek nolabaiteko konparazio historikoa eskaintzen du, egungo arazo klimatikoarekiko. Nahiz eta, kultura-, ekonomia-, politika- eta teknologia-testuingurua gaur egungoarekin alderatuta oso desberdina izan, orduko gizarteak klima-aldaketara egokitzeko beharra ikusi zuen biziraun ahal izateko.[22]

1. irudia: Hendrick Avercamp (1585-1634), Winterlandschap met schaatsers, 1608, Rijksmuseum, Amsterdam.[23]

XVII. mendean, Hendrick Avercamp bezalako artista neerlandesen talde txiki batek, ibai izoztuak, eta elurrez estalitako etxeak eta zuhaitzak margotu zituzten. Ez soilik negua irudikatu nahi zutelako, baizik eta garai hartan, urteko sasoi askoz luzeagoa hartzen zuelako urtaroak eta orduko errealitate klimatikoa bildu zutelako.[24]

Avercamp-en pinturak (1. irudia) Holandako kanal bat neguko hotzetan izoztuta erakusten digu. Gainera, giza-jardueraren (eta animalia-jardueraren) erakusgarri da XVII. mendeko Herbehereetako negu gogor batean.[25] Ehunka lagun daude izotzetan, batzuk denbora pasa eta beste batzuk beharragatik, lan egin behar dutelako. Nabarmentzekoa da, behe-ezkerraldeko iskinean izoztuta hil den zaldi bat ikus daitekeela, Izotz Aro Txiki latzaren erakusgarri dena.

2. irudia: Jan Abrahamsz Beerstraaten (1653-1666), Slag bij Terheide, Rijksmuseum, Amsterdam.[26]

Horrez gain, iraganeko beste hainbat mugarri aukeratu eta klimaren bahetik pasa daitezke hobeto ulertzeko. Izan ere, garai hartako klima-aldaketaren eraginez, ekaitzak ez-ohikoak eta larriak ziren eta honek hainbat gertaera historikoetan utzi du arrastoa.

Beerstraaten-en pinturak (2. irudia) Lehen Gerra Anglo-holandarreko (1652-54) Scheveningen-go bataila irudikatzen du. Holandarrek beren bataila gehienak uretan edo uraren inguruan borrokatu zituzten eta klima aldatzeak mesede egin zien zenbaitetan beren armadei eta flotei.[21]

Izan ere, Holandako gerraontzietako marinelek, batailara zihoazenean, aurkariaren haizearen posizioa erabiltzen zuten beren onurarako. Eskuineko pinturan, haizeak ezkerretik eskuinera jotzen du. Holandako ontziak beraz, haizearen abantaila dauka, eta borrokatzen ari den ontzi ingelesak berriz, ez. Horri esker, bataila lerroko taktika zehatzak presta zitzaketen. Beraz, klima-aldaketak ekarritako haize-patroi berriek holandarren kasuan eragin handia izan zuen bestela galduak izango zituzten gerra garaipenetan.[21]

Hala eta guztiz ere, Erdi Aroko Beroaldiko eta Izotz Aro Txikiko aldaketa horiek guztiak kokagune zehatzetakoak izan ziren, ez globalak, eta guztiak txikiagoak gaur ikusten ari garenarekin alderatuta; zeren eta Lurra 11.300 urtetan baino beroago dago orain.[27]

XII. mendetik aurrera, Lurraren epe luzeko joera hoztearena zen. Hori dela eta, azken bi mendeetan ez denez egon hotzaldia eten eta gaurko berotze egoera azaltzeko moduko beste aldaketarik, fenomenoa azal dezakeen faktore berri bakarra, Industria Iraultza da. Izan ere, behin 1850 hamarkada inguruan erregai fosilak masiboki erretzearekin batera hasi zen planeta berotzen eta orokorki tendentzia horrekin jarraitzen du gaurkotasunera arte.[28]

3.irudia: Standard Oil Co.-ren findegietako bat Cleveland-en, hiria munduko petrolio-industriaren erdigunea zenean, 1889. Iturria: Western Reserve Historical Society)[29]

Arazoaren muina hurrengoa da: XIX. mendeko Industria Iraultzatik erregai fosilen kopuru ikaragarriak lurpetik atera eta erretzean, behar ez den geruza bat biltzen ari da planetaren inguruan eta honek bestela, berotegi-efektuari esker, espaziora ihes egingo lukeen bero hori harrapatuta uzten du planetan.[30]

Erreketa masibo horren islada, AEBko Ohio estatuko Standard Oil Co. enpresaren adibidearekin ikus daiteke; hau da argazkian ikus daitekeena. Aipatutako enpresa John D. Rockefeller-ek sortu zuen 1870ean, bi findegi zituen Cleveland-en eta horietako bat da irudikoa. Argazkia atera zen urtean, 1889an, hiri hau zen munduko petrolio-industriaren erdigune. Halako ke-zutabeak ikusita, ondoriozta daiteke nolako inpaktua zuen sektoreak ingurunean eta CO2 emisioetan. Beraz, Industria Iraultzako berotze globala eragitean Standard Oil Co. bezalako enpresek paper nagusia izan zuten.[29]

4.irudia: IBAMAko brigadak Amazoniako suteei aurre egiteko operazio bateratuan. Iturria: flickr[31]

Mendeak aurrera egin ahala, gizateriaren eragina klimarengan ez da baretu eta gaur egun zer-nolako ondorioak dauden ikus daiteke. 

Berotze globalaren eraginez, planetari aldaketa zabalak gertatzen ari zaizkio, eta klima-aldaketa kontzeptuak guztiak barneratzen ditu. Besteak beste, aldaketak honakoak dira: itsas-mailaren gorakada, glaziarrak urtzea, suteak, bero-boladak… Baiezta daiteke, orokorrean, tenperatura globalaren igoerak fenomeno atmosferiko latzagoak eragiten dituela.[32]

Edonon ikus ditzakegu planetako berotzearen adibideak. Mexikoko Golkoan urakanak, tifoiak eta zikloi oso indartsuak ikusten ari gara, berotzen ari den ozeano batek bultzatuta eta horrez gain, lehorteak sarriagoak eta gogorragoak bihurtu dira. 4. irudian ikusten dena Amazonian egoten diren sute ugarietako bat da, kasu honetan, 2019ko irailekoa. Zehazki, Brasilgo Ingurumenerako eta Baliabide Natural Berriztagarrietarako Institutuko (IBAMA) suhiltzaile-brigadako kide bat suteko puntu beroak kontrolatzen saiatzen ari da Tenharim Marmelos izeneko lurralde indigenan.[33] Bertako deforestazio eta klima-aldaketaren arteko elkarrekintzak are eta sute suntsitzaile gehiago eragingo ditu etorkizunean. Horregatik, Amazoniako zati handi bat berotegi-efektuko gasen igorle bihurtuko da, eta, aldi berean, prozesu bera elikatuko du.[34]

Labur esanda, klima-aldaketa ez da XXI. mendean modan dagoen gai bat soilik, baizik eta historian zehar hainbatetan naturalki eman den fenomenoa. Hala ere, gaur egungo klima-aldaketaren bereizgarria gizakiaren eskuhartzea da eta honek izan duen paper nagusia prozesuaren eraginak areagotzeko. Beraz, ukaezina da gizakiek baino ezin diotela egoerari buelta eman, beharrezko neurriak hartzea ezinbestekoa izanik, eta horretarako Garapen Jasangarriko Helburuak aurrerapauso ikaragarria dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) Sustainable Development Goal 13. 2021-04-22 (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
  2. «A/RES/70/1 - S - A/RES/70/1 -Desktop» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
  3. (Gaztelaniaz) Garcia, Montserrat Belver. «Cambio climático» Desarrollo Sostenible (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
  4. (Gaztelaniaz) “Los océanos, el almacén mundial del CO2”. National Geographic, 445 zbkia. or. (Noiz kontsultatua: 2021/03/25).
  5. (Gaztelaniaz) “¿Está relacionado el temporal de frío y nieve de Filomena con el cambio climático?”. The Conversation (Noiz kontsultatua: 2021/03/25).
  6. (Gaztelaniaz) “La contaminación de los combustibles fósiles nos sale muy cara”. Greenpeace (Noiz kontsultatua: 2021/03/25).
  7. (Gaztelaniaz) [http://www.aemet.es/documentos/es/conocermas/recursos_en_linea/publicaciones_y_estudios/estudios/Informe_episodio_filomena.pdf INFORME SOBRE EL EPISODIO METEOROLÓGICO DE FUERTES NEVADAS Y PRECIPITACIONES OCASIONADAS POR BORRASCA FILOMENA Y POSTERIOR OLA DE FRÍO. ], 19 or. (Noiz kontsultatua: 2021/03/27).
  8. a b c (Gaztelaniaz) “La Covid- 19 y la sostenibilidad medioambiental del mañana”. The Conversation (Noiz kontsultatua: 2021/03/24).
  9. Broecker, Wallace Smith. (1982). Tracers in the Sea. ISBN 978-9993186724..
  10. PRESPECTIVAS DEL MEDIO AMBIENTE MUNDIAL: GEO 4 MEDIO AMBIENTE PARA EL DESARROLLO. ISBN 978-92-807-2838-5..
  11. «Cambio climático: ¿Cómo sabemos lo que sabemos?» Climate Change: Vital Signs of the Planet (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  12. «CO2 emissions» Our World in Data (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  13. Change, NASA Global Climate. «Carbon Dioxide Concentration | NASA Global Climate Change» Climate Change: Vital Signs of the Planet (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  14. «CO2 Emissions | Global Carbon Atlas» www.globalcarbonatlas.org (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  15. Change, NASA Global Climate. «Global Surface Temperature | NASA Global Climate Change» Climate Change: Vital Signs of the Planet (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  16. a b (Ingelesez) «United in Science 2020» World Meteorological Organization 2019-09-19 (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  17. (Gaztelaniaz) @NatGeoES. (2010-03-26). «El aumento del nivel del mar» National Geographic (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  18. (Gaztelaniaz) «La subida del nivel del mar, ¿un peligro real para nuestro futuro?» Iberdrola (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  19. Change, NASA Global Climate. «Sea Level | NASA Global Climate Change» Climate Change: Vital Signs of the Planet (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  20. (Gaztelaniaz) «Causas y consecuencias del cambio climático» Fundación Aquae (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  21. a b c (Ingelesez) «A Frigid Golden Age: Can the Society of Rembrandt and Vermeer Teach Us About Global Warming?» HISTORICALCLIMATOLOGY.COM (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  22. (Ingelesez) «A Climate of Change | Philipp Blom» Lapham’s Quarterly (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  23. (Nederlanderaz) «Winterlandschap met schaatsers, Hendrick Avercamp, ca. 1608» Rijksmuseum (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  24. (Ingelesez) Miller, Peter N.. (2019-03-05). «Climate Change and Human History» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  25. «The Little Ice Age» www.nga.gov (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  26. (Nederlanderaz) «Slag bij Terheide, Jan Abrahamsz. Beerstraten, 1653 - 1666» Rijksmuseum (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  27. (Gaztelaniaz) 20minutos. (2013-03-08). «La Tierra está más caliente que durante los últimos 11.300 años» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  28. (Gaztelaniaz) «La Revolución Industrial fue capaz de acabar con la Pequeña Edad de Hielo» abc 2015-08-18 (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  29. a b (Ingelesez) «https://case.edu/ech/media/831» Encyclopedia of Cleveland History | Case Western Reserve University (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  30. (Gaztelaniaz) PAÍS, Ediciones EL. «El CO2 en el cambio climático | La Cumbre del Clima en EL PAÍS» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  31. Ibama. (2019-08-30). Operação Verde Brasil, Amazonas. (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  32. (Gaztelaniaz) «En el futuro habrá más fenómenos meteorológicos extremos» www.nationalgeographic.com.es 2018-10-26 (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  33. «Battling the Amazon's raging fires | Reuters.com» www.reuters.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  34. (Gaztelaniaz) Criado, Miguel Ángel. (2020-01-10). «El cambio climático avivará los incendios en la selva amazónica» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]