Gari-berdantza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gari-berdantza
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaEmberizidae
GeneroaEmberiza
Espeziea Emberiza calandra
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
EmberizaCalandraIUCN2018 2.png
Datu orokorrak
Zabalera29 cm
Kumaldiaren tamaina4,2
Errute denbora13 egun

Gari-berdantza (Miliaria calandra) emberizidae familiako hegazti paseriformea da, erdialdeko Europan, iparraldeko Afrikan eta mendebaldeko Asian Kazakhstaneraino bizi dena[1].

Miliaria bere generoan espezie bakarra da, nahiz eta aditu batzuen ustez Emberizan izan (non Emberiza calandra izen zientifikoa duen).

Berdantzen artean handiena, 18 cm inguru neurtzen duena. Sendoa izaten da. Luma arre arrastodunak izaten ditu. Habia lurrean egiten du. Europako baso eta zelaietan bizi da.[2]

Haziak, fruituak eta intsektuak jaten ditu. Leku irekietan ibiltzen da batez ere, zerealak dauden soroetan. Euskal Herrian, isurialde mediterraneoko lautadetan arrunta da eta isurialde atlantikoan urria.[3]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txori sendoa da, 18 cm-ko neurrira iristen dena, beste berdantzek baino tamaina handixeagoa du. Bere itxura orokorragatik berehala lotzen da berdantzekin, izan ere , ezaugarri, jarrera eta ohitura asko partekatzen ditu hauekin.

Gari-berdantzak lumaje diskretu eta uniformea du, orban koloredunik eta marra deigarririk gabe. Goitik tonu arre-nabarrekoa da, zerrenda ilunagoz zikindua, eta okre-zuri batekoa azpitik, zerrenda arreekin bularrean eta alboetan. Ez ditu berdantzek izaten dituzten isatsaren ertz zuriak. Arrak,emeak eta gazteak ia berdinak dira.

Bere kantua oso bitxia da, baina ez da batere harmoniotsua, eta berehala identifikatzen da zelaian. Lelo laburra da, apur bat kirrinkaria eta azkarregi egina, eta tarteka behin eta berriz errepikatzen du, aldaketarik gabe. Pausaleku garbi batetik botatzen du: zutoin, kable, harri edo zuhaixken gailurretik.

Astun samar egiten du hegan, askotan hankak zintzilik dituela.

Biologia eta Ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie honen ugalketa garaia apirilaren erdialdetik uztailera bitartekoa da, eta normalean urtean bi errunaldi egiten dituzte, batzuetan hiru.

Arrak sarritan poligamoak dira; ar batek hainbat eme izan ditzake. Emeak dira habia jarriko den lekua bilatzeaz arduratzen direnak, normalean lurrean belar artean ondo ezkutatuta, hala ere, zuhaixka txikiren baten barruan ere habiak egoten dira.

Sustrai finez eta belarrez egindako habian, emeak 4-5 arrautza zurixka ipintzen ditu normalean, zerrenda gris edo beltzezko orbanez zikinduak, eta emeak bakarrik txitatuko ditu 12-14 egunez.

Txorikumeak kolore horixkako lumatxaz estalita jaiotzen dira, eta batez ere intsektuez elikatzen dituzte; habian 9-12 egun egoten dira. Aldi horren ondoren, eta oraindik hegan ezin eginik, habiaren inguruan sakabanatzen dira, eta han ezkutatuta egoten dira hegaldian erraztasun nahikoa hartu arte.

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gari-berdantza espezie sedentarioa da batez ere, eta bere banaketa eremua Europako, Afrikako ipar mendebaldeko eta Ekialde Hurbileko Mediterraneoko klima epeletan eta estepetan hedatzen da. Europan, Mediterraneotik hasi eta Eskoziaraino eta Suediaren hegoaldeko muturreraino hazten da. Ohikoa da Iberiar penintsulan.

Landutako leku irekien espezie honek, gure lurraldean zereal lekuak nabarmen lehenesten dituenak, banaketa orokorrak du, baina oso desberdina Euskal Herrian. Zereal eremu handiekin ohikoa da da eremu Mediterraneoan. Ez hainbeste haran freskoagoetan, zerealik ezean, lur soiletan egon ohi da, sega-belardietan eta beste belardi altu batzuetan, batzuetan iratze-landetan ere bai. Kostaldetik hasi eta 500 bat metrora. Arraroagoa garaiera handiagotan.[4]

Deia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BirdLife International (2004). Miliaria calandra. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. Jon Larrañaga Elhuyar, K.E.. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 102 or. ISBN 84-87114-09-1..
  4. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 178 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]