Gasteizko hidrologia

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Gasteizko hidrologiaren elementu egituratzaile nagusia Zadorra ibaia da. Gasteizko erreken sarea, Arabako Lautada osokoa bezala, isurialde mediterraneoan dago eta Ebro ibaira isurtzen ditu bere urak.

Zadorra ibaiak ekialdetik mendebalderako ibilbidea betetzen du Gasteizko udalerrian barrena. Arratzu-Ubarrundia udalerriko Dura herritik sartzen da Gasteizera, hirigunearen iparraldetik igarotzen da Gamarra Nagusia, Abetxuku, Gobeu, Aztegieta eta Krispiña herrien albotik, eta azkenean udalerritik irteten da Trespondera joateko.

Gasteizera sartu baino lehen, Zadorra ibaiaren eta bere zenbait ibaiadarren urak urtegiratu egiten dira Zadorrako urtegien sisteman. Urtegi hauek Uribarri Ganboakoa, Urrunagakoa eta Albinakoa dira.

Hidrogeologiari dagokionez, elementurik garrantzitsuena Gasteizko akuifero kuaternarioa da. Arabako Lautadaren azpian kokaturik dagoen akuifero hau 10-15 metroko potentzia daukaten alubioi-metaketez eta ibai-metaketez osatuta dago. Bi atal dauzka, mendebaldekoa, Zaias ibaiaren eta Zadorraren artean dagoena, eta ekialdekoa, hirigunearen azpian eta bere ekialdean dagoena eta Dulantziraino hedatzen dena. Bestalde, Badaia mendilerroaren azpian Subillako akuifero karstikoa dago.