Edukira joan

Uribarri Ganboako urtegia

Koordenatuak: 42°56′N 2°37′W / 42.93°N 2.62°W / 42.93; -2.62
Wikipedia, Entziklopedia askea
Uribarri Ganboa
Motaurtegia
Geografia
Map
Koordenatuak42°56′N 2°37′W / 42.93°N 2.62°W / 42.93; -2.62
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
Hidrografia
Arro hidrografikoaEbroren arro hidrografikoa

Uribarri Ganboako urtegia Arabako erdialdeko urtegi bat da, Arratzua-Ubarrundia eta Barrundia udalerrietan kokatua. Arabako biztanleak ez ezik, Bizkaikoak ere hornitzen ditu urez. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko urtegirik handiena dugu: 220 hektometro kubikoko edukiera dauka. Zadorra ibaiko urak biltzen ditu, nagusiki. 1947tik 1957ra bitartean eraiki zuten Uribarri Ganboako urtegia, frankismo betean.[1] 1956ko abenduan bukatu zuten, eta 1958an goraino bete zen lehen aldiz.

Haren ondorioz, seiehun pertsonak baino gehiagok utzi behar izan zituzten etxea eta lurrak. Ganboako haranaren egitura errotik aldatu zen, eta hango udalerriak —Barrundia, Arratzua-Ubarrundia eta Burgelu— administratiboki berrantolatu zituzten. Ganboako udalerria bera ere ofizialki desegin egin zuten 1957ko maiatzaren 10ean, Espainiako Gobernuaren dekretu baten bidez.[1]

Urrunagako urtegitik hurbil dago. Areago, 3,5 kilometro luze den hodi batek bi urtegiak lotzen ditu.[2] Bi urtegiek Zadorrako urtegiak izeneko multzoa osatzen dute.

Urtegiaren ondoan, aisialdirako gune zabal bat dago.

Uribarri Ganboa urtegiko bide berdea.
Uribarri Ganboako urtegi gaineko Azuako zubia.
Uribarri Ganboako urtegiko hondartza.

Urtegiaren perimetro osoak 45 kilometro ditu. Bizikletaz edo oinez egin daitekeen bide berde batek osatzen du perimetro oso horrek.

1.800 ha bete ditzake, 148.000.000 m3 ur edukitzerakoan.

Presa 530 m luze eta 32 m garai da (ibaiaren ibilguarekiko)[3]. Zazpi uhateko gainezkabidea du.

Urtegia eta Uribarri Ganboa herria; atzealdean, Gasteiz.
Presaren ikuspegia.
Presa azpiko ikuspegia, presaren zazpi uhatetatik bost ura askatzen ari direla.

Mendixurko parke ornitologikoan hegaztiak behatu eta aztertu daitezke. Urtegiaren hego-ekialdearen muturrean dago, Garaioko parkearen ondoan. Mendixur (Barrundia) herritik gertu dago.

Garaio urtegiaren hego-ekialdeko ertzean dagoen parkea da, Zadorra ibaiaren bokalean kokatutakoa eta penintsula sortzen duena.

Matura (Barrundia) da herririk gertuena.

Landa da urtegiaren ipar-mendebaldeko ertzean dagoen parkea, izen bereko herritik hurbil.

Ipar-mendebaldean Zuhatza uhartea dago, urtegiko uharterik handiena. Hego-ekialdean, berriz, Orenin dago hegaztiek lasai bizitzeko erabiltzen duten uharte txikia. Urteaga izeneko uharte bat ere badago, Zuhatza uhartearen ondoan, honen ekialdean eta hau baino pixka bat txikiagoa. Azkenik, Etxaniz gaina, ekialdeko bazterrean, batzuetan irla bihurtzen da, urtegiko uraren maila igotzen denean, baina urtegiak ur gutxi duenean Etxaniz gain hori penintsula bihurtzen da.

Inguruko herriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arratzu-Ubarrundiako udalerrikoak diren Landa (iparraldeko ertzean) Uribarri Ganboa (mendebaldean) eta Langara Ganboa (hegoaldean) herriek inguratzen dute urtegia.

Hego-ekialdean daude Barrundiako Mendixur eta Matura.

Aspaldiko herriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtegia eraiki zutenean, Ganboako Udala desegin zuten. Geratu ziren lurrak eta biztanleak Arratzua-Ubarrundiako, Burguko eta Barrundiako ondoko udalerrien artean banatu zituzten. Orduko herri batzuk, Mendizabal eta Zuhatzu Ganboa, urperaturik geratu ziren, eta beste batzuk, aldiz, jendez hustu ziren lurrik gabe geratu zirelako, hala nola, Azua, Larrintzar eta Garaio. Langara Ganboa, Marieta eta Mendixur herriek iraun zuten, baina mugarteak oso murriztuta geratu zitzaizkien. Orenin uharte bihurtu zen, eta, beraz, ez zen bizitzeko egoki geratu.[4]

Arratzua-Ubarrundiako udalerrian ere izan zuen eragina urtegia eraikitzeak, presa haren herri nagusian eraiki baitzen, Uribarri Ganboan. Herrigunearen eta haren lurren zati handi bat urpean geratu zen, eta Landa herritik, berriz, egun Zuhatza uhartea dena geratu zen. Aipatutako eragina Barrundiako udalerrian ere izan zen; Urizar herritik etxe bat baino ez zen geratu, eta gainerakoa urpean.[4]

Kaltetutako herrietako biztanle gehienek beste herri batzuetara joan behar izan zuten bizitzera; haietako asko, egoera penagarrian. Gehienak Gasteizera joan ziren, baina beste batzuk, berriz, leku askoz urrunagoetara.[4]

2025eko uztailaren 28an Arabako Foru Aldundiak omenaldi ofiziala egin zien urtegia eraikitzeak kalte egin zien herritarrei.[5][6] Oroimenezko ekitaldian, presako begiratokian, totem bat desestali zuten, gertatu zenaren informazioa jasotzen duena.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]