Gerra Samnitak
Gerra Samnitak antzinaroan italiar penintsulan gertaturiko gatazka sail batzuei emaniko izena da. Italiako samnitak Erromatar Errepublikaren aurka borrokatu ziren, Italiako erdigunearen kontrola lortzeko. Samnitek penintsularen erdialdeko barnekaldea kontrolatzen zuten, eta erromatarrek berriz mendebaldeko kostaldea.
K.a. 343 eta 290 artean hiru gerra gertatu ziren, eta azkenean Erromatarrek Samnitak garaitu eta haien lurrak menpean hartu zituzten.
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urte luzez, Apeninoetako herriak (umbroak eta samnitak) Campania eta Tirreniar kostaldera hedatzen saiatu ziren, baina etruriarrek eta latindarrek haien erasoak atzera bota zituzten..
Erromatarrei dagokienez, Liris ibairaino hedatuak ziren eta K.a. 354an akordio bat zuten sinatua Samnitekin, elkarren arteko mugak finkatzen zituena.
Lehen gerra Samnita
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen gerra samnita K.a. 343 eta 341 artean gertatu zen; Erromak Aurunkoak menperatu eta gero Campania konkistatu nahi izan zuen, eta bestalde Samnitek Sidizinoen kontra borrokatu nahi zuten, baina hauek Campaniarrei laguntza eskatu zieten. Samnitek Campainiarrak garaitu zituen eta Capua hiria hartu zuten. Orduan, Sidizino eta Campaniarrek Erromatarrengana jo zuten laguntza eske. Erromatarrek ez zuten aliantza bat onartu, Samnitarrekin zuzeneko gerlarik ez baitzuten nahi, baina Campainiarrek haien hiriak erromatarren menpe ezartzea proposatu zuten orduan (deditio izeneko formula erabiliz), eta erromatarrek onartu egin zuten, samnitarren kontra gerra egin beharko zutela jakin arren. Samnitarrei Capua uztea eskatu zion erromak, eta Samnitarrek uko egin zutenez, ofizialki sartu zen gerran Erroma.
Capuaren deditioak eragin zuen Erroma gudan sartzea. Erromatarrek garaipen batzuk lortu zituzten Marco Valerio Corvoren aginpean, baina gerraren kontrako jarrera zen erromatarren artean. Erromatar soldadu batzuk errebelatu ere egin ziren, eta Marco Valeriok matxinada zapuztu zuen arren, gerra ahalik eta azkarren bukatzera behartua zen.
Azkenik, bi urteko gerraren ondoren, samnitek erromatarren nagusitasuna onartu zuten Capuari eta Campaniari zegokionez, baina Samnitek Sidizinoen lurraldeak lortu zituzten. Gerrak kostu handia izan zuen ordea erromatarrentzat; aliatuak haien kontra jarri ziren, gudara behartuak izan zirelako, eta horrek latindarren kontrako gerra eragingo zuen.
Bigarren gerra samnita
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren gerra samnita K.a. 327 eta 304 artean gertatu zen, bigarren gerra latindarra eta gero. Gerra latindarrean zehar samnitek erromatarrei lagundu arren, erromatarrek Napoles babesteak samnitak haserrarazi zituen, azken hauek hiri hura haientzat nahi baitzuten.
Gatazka honetan bi fase bereizi ohi dira. Lehen basean (K.a. 327-321), erromatarrek samniten indarrak inguratu nahi izan zituzten, baina K.a. 321an samnitek erromatarrak garaitu zituzten Sarde Kaudinoetako guduan, eta K.a. 315ean berriro nagusitu zitzaizkien erromatarrei Lautulaeko guduan.
Samnitak isolatzeko eta lurraldea indartzeko asmoz, erromatarrak Via Appia eraiki zuten, Erromatik Capuaraino, eta koloniak sortu zituzten bidean.
Bigarren fasean, K.a. 310tik aurrera, erromatarrek etruriarrak garaitu zituzten (samniten aliatuak ziren K.a. 311tik) Vadimo urmaeleko gudan, Tiber ibaiaren ertzean. Ondoren, Apulian aurrera egin eta gero, erromatarrek Boviano hartu zuten (Bovaiamom, latndarrek Bovianum Undecumanorum deitua, egungo Bojano), samniten orduko hiriburua.
Gudaren amaiera K.a. 304an gertatu zen eta Campania erromatarren esku geratu zen.
Hirugarren gerra samnita
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hirugarren gerra samnita K.a. 298 eta 290 artean gertatu zen. Samnitek erromatarren kontrako koalizio bat antolatu zuten etruriar, sabindar, lucaniar, umbriar, eta zeltekin batera. Koalizioak Erroma garaitu zuen eta samnitek Boviano errekuperatu zuten (K.a. 298). K.a. 295an, aliantza erromatarren aurka borrokatu zen Sentinoko gudan, baina erromatarrak nagusitu ziren.
Etruriarrekin bakea sinatu ondoren, erromak Venusiako kolonia sortu zuen Apulian samnitak gelditzeko. Azkenik, K.a. 290 urtean samnitak errenditu egin ziren eta une horretatik aurrera samnitak erromatar politikaren menpe geratu ziren, hari laguntzera beharturik kanpo politikan. Geroztik, samnitak gutxika-gutxika erromak asimilatu zituen.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Lukas Grossmann (2009). Romak Samnitenkriege. Historische und historiographische Untersuchungen zu den Jahren 327 bis 290 v. Chr. Düsseldorf: Wellem Verlag. ISBN 978-3-941820-00-5.
- José Manuel Roldán (1987). Historia Erroma. Tomo I: Erromatar Errepublika. Madril: Ediciones Cátedra, SA pp. 103-112. ISBN 84-376-0307-2.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Apiano: De las cuestiones samníticas
- Ingelesezko testua, indize-mail, Perseus Proiektua. Goiko eskuineko dira etiketak aktiboa "foku" (aldatzeko greziako testua) eta "karga" (testu elebidunak).