Muskulu zuntzen haustura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gihar zuntz haustura» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Muskulu zuntzen haustura
Medial Gastrocnemius Strain-0044.jpg
Deskribapena
Mota arazo muskularra
Espezialitatea larrialdietako medikuntza
Identifikatzaileak
GNS-10 M62.6 eta T14.3
GNS-9 848.9
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Muskulu zuntzen haustura muskulu ehunaren lesio mota bat da, muskulu zuntzen urradura dakarren egoera patologikoa. Zuntzen urradura hori partziala edo totala izan daiteke. Zenbait kasutan, muskulu kaltetuaren inguruan dauden odol-hodiak apurtu daitezke beren inguruko ehun konjuntiboa haustean ubeldura eta odoljario lokalei bide emanez. Horrez gain, inguruko balizko nerbio bukaeretan narritadura eragin eta, ondorioz, mina sor dezake.

Etiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gihar zuntzen hausturen arrazoiak askotarikoak diren arren, hurrengo hiru hauek nagusitzen dira:

  • Giharraren super elongazioa, hau da, zuntzak bere luzapen ahalmena gainditzea.
  • Giharraren uzkurketa bortitz eta azkarra.
  • Giharrak tentsioarekiko duen erresistentzia ahalmena gainditzea gehiegizko esfortzu baten ondorioz.

Bestalde zenbait faktorek apurketa erraztu dezakete:

  • Bizitza sedentarioak gihar zuntzak ahuldu egiten ditu inaktibitate iraunkor baten ondorioz.
  • Traumatismoak, batez ere kontaktu fisikoko kiroletan.
  • Desnutrizioak gihar zuntzen uzkurtze gaitasuna txikiagotzen du.
  • Odol zirkulazio txarra. Ondorioz, zeluletako hondakinak ez dira modu egokian ezabatzen muskulua intoxikatzeko aukera handituz.
  • Zenbait gaixotasun, hala nola diabetesa.
  • Jarduera fisikoa egin aurretik beroketa desegokia egitea.

Sintomak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har gihar zuntzen hausturak uneko min akutu eta bizia eragiten du, normalean hematomarekin batera. Hala ere, kasurik larrienetan hematoma eta hantura oso handia sortzen dira kalteturiko gunea denbora batez paralizatuz eta inguruko muskuluetan kontrakturak sortuz.

Mina oso bizia bada shock egoera bat induzitu dezake zorabio eta izerdi hotzarekin batera.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larritasunaren arabera:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Echographie-dechirure-musculaire.JPG
  • 1.mailakoa: Arina. 8 edo 10 egunen buruan sendatzen da. Zuntzen bat edo beste luzatu edo apurtzen da. Pertsonak ondoez eta hantura arina sufritzen ditu erabateko mugikortasuna mantenduz.
  • 2.mailakoa: Moderatua. 2 edo 3 asteren buruan sendatzen da. Zuntzen edo tendoien neurrizko apurketa da. Kalteturiko eremua ukitzeak mina dakar, hantura dago eta mugikortasuna partzialki galtzen da.
  • 3.mailakoa: Larria. 3 asteren buruan sendatzen da. Muskulua sabeletik, gihar eta tendoiaren arteko lotunetik edo tendoiaren ezarpen gunetik guztiz apurtzen da. Kalteturiko gunea ukitzean nabaria da arazoa, minarekiko aurrekoak baino sentikorragoa da eta gune honen mugikortasuna asko murrizten da.

Herri mailako jakituriaren arabera:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tarratadura partziala: zuntz batzuen haustura, baina ez muskulu osoarena zuntzak homogeneoki apurtzen baitira.
  • Tarratadura osoa: zuntz gehienen haustura.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

PRICE terapia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tratamendurik ezagunena eta ohikoena PRICE terapia da (ingelesez: protection, rest, ice, compression, elevation). Teknika hori deskantsatzean, izotza jartzean, benda bidezko konpresioan eta kaltetutako gunea altxatuta eta babesean mantentzean datza. Tratamendu horretan, hausturaren larritasunak baldintzatzen du etapa bakoitzaren iraupena.

Tratamendu fisioterapeutikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larritasunaren araberako sailkapenari jarraituz, honako metodoak aplika ditzake fisioterapiak:

Lehen mailako hausturan
  • 1.-3. egunetan: konpresioa, izotza, mobilizazio aktiboa, kalteturiko gunea altxatuta mantentzea eta entrenamendu isometrikoa (mugimendurik gabekoa) aurrera eramatea dira, batik bat, tratamenduari lagunduko diotenak.
  • 4.-7. egunetan: igerilekuan entrenatu, minik eragin gabe beroketak egin eta potentziazio isotonikoa (muskuluaren uzkurketa eta artikulazioen mugimendukoak) burutu (pisu arinekin hasi eta handiagoekin jarraituz ekintza zentrokidetik eszentrikora).
Bishop Loughlin Games - Armory - Track & Field (11609407975).jpg
Bigarren mailako hausturan
  • 1.-3. egunetan: konpresioa, izotza, gune kaltetuaren goratzea, minik gabeko mobilizazio aktiboa, muletekin ibili.
  • 4. egunetik aurrera: minik gabeko entrenamendu isometrikoa.
  • 7. egunetik aurrera: entrenamendua igerilekuan, minik gabeko luzapenak, indartze isotonikoa (pisu arinetik astunetara, lehenengo mugimendu kontzentrikoak eta gero eszentrikoak)
  • 2. astetik aurrera: entrenamendu isozinetikoa (abiadura angular azkarretatik moteletara eta mugimendu kontzentrikoetatik eszentrikoetara), entrenamendu pliometrikoa, kiroletako ariketa zehatzak.
Hirugarren mailako hausturan
  • 1.-3.egunetan: konpresioa, izotza, gune kaltetuaren goratzea, makuluekin ibiltzea.
  • 7.egunetik aurrera: minik gabeko mobilizazio aktiboa eta entrenamendu isometrikoa.
  • 2.astetik aurrera: entrenamendua igerilekuan, minik gabeko luzapenak, indartze isotonikoa (pisu arinetik astunetara, lehenengo mugimendu kontzentrikoak eta gero eszentrikoak)
  • 3.astetik aurrera: entrenamendu isozinetikoa (abiadura angular azkarretatik moteletara eta mugimendu kontzentrikoetatik eszentrikoetara), entrenamendu pliometrikoa, kiroletako ariketa zehatzak.

Gihar zuntzen haustura, bikian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskulu gastroknemioa da, lokomozio-aparatuaren barnean, zuntz haustura jasateko joera handienetakoa duena, adibidez, kirolariei arazo ugari ematen dielarik.

Gastrocnemius.png

Bikia (edo muskulu gastroknemioa) beheko gorputz adarreko muskulu bat da eta trizeps surala osatzen du muskulu soleoarekin batera. Bere talde muskularra zangoaren atzeko eta azaleko taldea da. Bikia bi azpimuskulutan bereizten da: buru mediala eta buru laterala. Lehenak izterrezur edo femurraren kondilo medialaren goiko aldean du bere jatorria eta bigarrenak femurraren kondilo lateralaren goiko aldean. Bestalde, bikiaren bi buruak Akilesen tendoiaren (tendoi kalkaneoa) bitartez kalkaneoaren atzeko tuberositatean ezartzen dira soleoa bezala. Horrez gain, oro har, trizeps suralaren funtzioa oinaren tolespen plantarra eta inbertsioa eta belaunaren tolespena da. Muskulu gastroknemioa nerbio tibialak inerbatzen du eta bere odoleztapenaz arteria popliteoa eta atzeko tibiala arduratzen dira.

Bikiak zuntz azkarren portzentaia oso handia duenez, haustura pairatzeko arrisku handiagoa du luzapen bortitz edo neurrigabe batek, koordinazio neuromuskular desegokiak edota jarduera fisikoren bat bat batean geldiarazteak eraginda.

Prebentzio neurririk garrantzitsuena bikiaren bi azpimuskuluen eta bere gihar laguntzaileen jarduera propiozeptiboan zentratzea da. Tratamendurako, aldiz, edozein gunetarako erabiltzen den bera da.[1]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.    .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Muskulu zuntzen haustura