Gorputz kailukara

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gorputz kailukara
Corpus callosum.gif
Xehetasunak
Honen parteBurmuina
Identifikadoreak
Latinezcorpus callosum
MeSHA08.186.211.730.885.362
TAA14.1.09.241
FMA86464
Terminologia anatomikoa

Giza gorputzeko gai zuriko egiturarik handiena da; nerbio-zuntzen sorta handi bat da, beraz. Burmuineko bi hemisferioen arteko komunikazioa ezartzen du, bi hemisferio horiek aldi berean eta era koordinatu eta osagarrian lan egitea ahalbidetuz. Burmuinean dago, hemisferio arteko arrailduran, hain zuzen ere.[1]

Aurre-alboko ikuspegia (eskuinetik): gorputz kailukara (gorriz) burmuinetako gai zurian.[2]
Aurreko ikuspegia: gorputz kailukarak (gorriz) burmuinetako beste egiturekiko daukan kokalekua.[2]
Gorputz kailukararen irudia, ebaketa sagitalean.

Egitura[3][4][5][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputz kailukara, albotik ikusita, arku bat bezala agertzen den egitura da, ahurra izanik behealdetik ikusita. 7 zentimetro inguruko luzera dauka (aurretik atzera), eta 200 milioi axoiez osatuta dago.

Egitura bakartzat jo arren, hainbat atal dituela kontuan izan behar dugu. Zehazki, 4 atal bereizi izan dira historian zehar gorputz kailukaran.

  • Rostrum (mokoa): Atal errostralena da (aurrealdekoena). Bukaera-xaflan (lamina terminalis) hasten da eta kiasma optikoarekin lotuta dago.
  • Genu (belauna): Mokoaren atzealdean dagoen atala da; mokoa honen jarraipena izanik. Atal guztietatik meheena da eta arku forma dauka. Burmuineko lobulu frontaletara abiatzen da, forceps txikia deitzen dena osatzeko. Atal honetan dauden zuntzak 2 hemisferioetako kortex prefrontalak lotzen ditu.
  • Truncus (Enborra): Atal honek ere arku forma dauka, eta trenkada eta hirukia deritzen egiturekin lotzen da. Azkeneko hau hipotalamoa, hipokanpoa eta sistema linbikoaren hainbat atal lotzen dituen konexio egitura bat da.
  • Splenium (Esplenioa): Atal hau atzealdekoena izango da, eta lobulu okzipitalarekin lotuko da. Modu honetan, forceps nagusia bezala ezagutzen dena osatuko du. Aldi berean, guruin pinealarekin/epifisiarekin lotuko da, eta alboko bentrikuluaren barneko aurpegiaren parte izango da.

Sexu dimorfismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendean zehar gorputz kailukarak bi sexuetan tamaina desberdina daukan eztabaida mantendu zen, teknika desberdinekin hamaika ikerketa eta neurketa egin zirelarik. 90eko hamarkadako ikerketa batek sexu arteko desberdintasunak benetakoak, baina guztiz zehaztu gabeak zirela erakutsi zuen, oraindik ezer argi utzi gabe.

Azkeneko ikerketek, berriz,  aurrerapen nabarmenak ekarri dituzte: sagitalki erdialdean kokatzen den gorputz kailukararen eremua emakumeetan proportzionalki (burmuinaren tamaina osoarekin alderatuz) handiagoa dela ikusi da. Gainera, teknika aurreratuei esker (algoritmoak, erresonantzia magnetiko bereziak, eta abar), aldaketa garrantzitsuenak morfologian eta mikroegituran ematen direla ikusi da.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputz kailukararen funtzio nagusia informazioa hemisferio batetik bestera bideratzea da. Horrela, funtzio desberdina daukaten bi hemisferio horiek era koordinatu eta bateratuan lan egitea ahalbidetzen du; gizakia gai egiteko den prozesu konplexuak emaitzatzat lortuz.

Era berean, ikasketarekin eta lesioekin ere erlaziona dezakegu egitura hau. Informazioaren prozesamendua eta burmuineko nukleo ezberdinen arteko konexioa ahalbidetzen dituenez, ikasketa-prozesuetan ezinbestekoa da. Bestalde, hemisferio bat kaltetzen bada, hemisferio osasuntsuak, gorputz kailukararen bidez, kaltetuaren funtzioak bete ditzake.

Azkenik, zenbait ikerketek gorputz kailukarak ikusmenean izan dezakeen eragina agerian utzi dute: begien mugimenduetan eragiten du hain zuzen ere, egitura honen bidez informazioa bidaltzen baita begietako muskuluetara, bi begien mugimendua koordinatuz.

Patologiak[4][5][6][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lesioak ematen direnean Gorputz kailukaran mota askotako kalteak sortu daitezke. Kalte hauek funtzionamendu fisikoan zein garapen kognitibo, konduktual eta emozionalean emango dira.

Gaur egun, gorputz kailukara kaltetzen duten hainbat gaixotasun eta lesio ezagutzen dira; eta hauek beraien etiopatologiaren arabera sailkatzen dira:

  • Kongenitoak: Aganesia, disgenesia, etab.
  • Tumoralak.
  • Hanturazkoak.
  • Gaixotasun desmielinizanteak: Esklerosi anizkoitz, esaterako.
  • Baskularrak. Gorputz kailukaran ere kalteak sor daitezke, esaterako, infartu baten ondorioz.
  • Endokrinoak eta Metabolikoak.
  • Infekziosoak. Parenkimaren infekzio baten ondorioz, adibidez.
  • Patologia toxikoak. Toxinek eragina.

Guzti hauek azkenean gorputz kailukararen funtzionamendua eta egitura kaltetu dezakete.

Gorputz Kailukararen Agenesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputz Kailukararen Agenesia aipatutako lesio /gaixotasun guztien artean garrantzitsuena da. Izan ere, hau beste guztien artean ohikoena da, eta gehienetan agenesia da gorputz kailukararen akatsaren erantzulea.

Agenesia, enbrioi aldian zehar, organo baten (edozeinen) garapen eza ematean gertatzen da. Horregatik, Gorputz kailukararen agenesian gorputz kailukararen gabeziaren aurrean egongo gara. Gaixotasun hau daukagunean, ezin daiteke bi hemisferioen arteko komunikaziorik lortu eta arazo neuropsikologikoak ikusten dira. Burmuinak zatitua balego bezala egiten du lan, bi burmuin baleude bezala eta batek jasotzen duen informazioa ez da bestera pasatzen.

Horretaz gain, ikertzaileek frogatu dutenez:

  • Paziente horiek euren eskuineko aldean ikusten zituzten hitzak ahoskatzeko gai ziren zeren hizkuntzaren eremuak dauzkan ezkerreko hemisferioak prozesatzen baitzuen informazioa. Baina ez ziren gai euren ezkerreko aldean ikusten zituzten hitzak ahoskatzeko.
  • Era berean, eskuineko eskuarekin zerbait ezaguna ukitzen bazuten, zer zen esateko gai ziren. Baina ezkerreko eskuarekin ukituz gero, ezin zuten esan zer zen.
  • Kasu larrienetan, hemisferio batek bere alderdiko gorputz atal batzuk ukatu egiten ditu. Adibidez, eskuineko eskuarekin eskuineko aldeko bizarra moztuko luke, baina ezkerreko aldekoa, ordea, ez luke moztuko.

Bestelakoak[4][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona bakoitzaren ohiturek eta ezaugarriek gorputz kailukararen tamainan eragin dezaketela agerian utzi dute zenbait ikerketek: musikariek (hezkuntza eta trebezia musikalak burmuineko atal honetako plastikotasuna handitzen du), ezkertiek eta bi eskuak trebetasunez erabiltzen dituztenek gorputz kailukara handiagoa daukatela ikusi da. Bestalde, egitura honen tamainaren handitzea hitz-oroimenarekin eta gaitasun semantikoarekin ere erlazionatu da; izan ere, dislexia pairatzen duten umeetan gutxiago garatutako gorputz kailukara aurkitu da, beren adineko mintzaira-arazorik ez daukaten umeekin alderatuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Cuerpo calloso - Wikipedia, la enciclopedia libre» es.m.wikipedia.org (Noiz kontsultatua: 2018-04-27).
  2. a b «Anatorama proiektua» anatorama (Noiz kontsultatua: 2018-05-08).
  3. (Gaztelaniaz) Cuerpo calloso del cerebro: estructura y funciones. 2016-12-19 (Noiz kontsultatua: 2018-04-27).
  4. a b c (Ingelesez) «Corpus callosum - Wikipedia» en.m.wikipedia.org (Noiz kontsultatua: 2018-04-27).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Cuerpo Calloso: Anatomía, Estructura y Funciones» Lifeder 2017-05-18 (Noiz kontsultatua: 2018-04-27).
  6. Gorputz kailukara. 2018-04-28 (Noiz kontsultatua: 2018-04-28).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gorputz kailukara Aldatu lotura Wikidatan