Grace Paley

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Grace Paley
Bizitza
Jaiotza New York1922ko abenduaren 11
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Heriotza Thetford2007ko abuztuaren 22a (84 urte)
Heriotza modua berezko heriotza (bularreko minbizia)
Hezkuntza
Heziketa Hunter College
New Yorkeko Unibertsitatea
The New School : idazketa
Hizkuntzak ingelesa
Lanbidea
Lanbidea idazlea, poeta eta maisu/maistra
Enplegatzailea(k) Columbiako Unibertsitatea
Jasotako sariak
Kidetza Ameriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
IMDb nm0657613

Grace Paley (New York, AEB, 1922ko abenduaren 11Vermont, AEB, 2007ko abuztuaren 22a) ipuingile, poeta eta irakasle estatubatuarra izan zen. Batez ere ipuin edo narrazio laburren bildumengatik ezaguna bada ere, poesia ere idatzi zuen, bai eta saiakera-lanak ere. Giza eskubideen aldeko ekintzailea eta militante feminista izan zen. Bakezalea izanik, Vietnameko gerraren karietara egindako zenbait negoziazio eta konferentziatan parte hartu zuen. 1960ko hamarkadan hainbat aldiz atxilotu zuten, desobedientzia zibila leporatuta. National Book Award eta Pulitzer sarietan finalista izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak, seme-alabak eta unibertsitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grace Paley New York Hirian jaio zen. Hiru seme-alabetan zatiz gazteena —15 urteko aldearekin—, Manya eta Isaac Ridnyik Goodside judutar sozialisten alaba zen, zeinek Gutseit jatorrizko abizena ingelesera ekarri baitzuten XX. mendearen hastapenean, Ukrainiatik ihesi AEBetara migratu zutenean. Aita medikua zuten.[1][2] Ama, ostera, argazkiei ukituak egiten jarduna zen Paleyren neba-arrebak txikiak zirenean, eta gero etxearen ardura hartu zuen bere gain, hots, behe-solairuko mediku-kontsulta eta goiko etxebizitza.[3] Familian, ingelesaz gain, errusiera eta yiddish hitz egiten zuten. Paleyk gerora esango zuen guraso emigranteak izanik bi hizkuntzaren artean hezitako idazleek beste modu batean menderatzen dutela harrera-herrialdeko hizkuntzaren sintaxia, gurasoen hizketa modua eransten diotelako.[2]

1942an Jess Paley zinemagilearekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituzten, Nora (1949) eta Danny (1951); ezkonbizitzak ez zuen askorik iraun[2], eta dibortziatu egin ziren. 1972an berriro ezkondu zen, orduko hartan Robert Nichols poetarekin; alta, bere lanetan Paley abizena erabiltzen jarraitu zuen.[2]

1966 eta 1989 bitartean Idazketa irakatsi zuen Sarah Lawrence Unibertsitatean. Columbia Unibertsitatean, Syracuse Unibertsitatean eta New York Hiriko Unibertsitatean ere jardun zuen irakasle. Literatura-eskoletan, hiru pertsonaiaren autobiografia irakurtzeko gomendioa egiten zien ikasleei: Emma Goldman, Malcolm X eta Piotr Kropotkin.[2]

Idazleak idazlegaien irakasle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1967an, gaur egun ere lanean jarraitzen duen Irakasleen eta Idazleen Elkartea (Teaching & Writing Collaborative) sortu zuen hainbat idazlerekin batera (besteak beste, Herbert Kohl —lehen zuzendaria—, Anne Sexton, June Jordan eta Muriel Rukeyser); elkartearen sortzaileen ustez, idazle profesionalek beste inork ez bezalako ekarpena egin diezaiekete idazketa-ikasketei, eta, hain zuzen ere, idazleen eta idazlegaien arteko harremana eta ezagutzaren transmisioa sustatu nahi zuten. Paleyren iritziz, idazten irakastea ez da alferreko lana; izan ere, matematikak ez dira irakasten haurrak matematiketan adituak izan daitezen, eta, era berean, ez da pentsatu behar idazketa-master bat egiten duten ikasle guztiak nobelagile arrakastatsuak izango direnik.[2]

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007ko maiatzean, Vermont Woman kazetan argitaratutako elkarrizketa batean, horrela irudikatzen zuen bilobei utzi nahi zien mundua: "Militarrik eta arrazakeriarik eta diru-goserik gabeko mundu bat, non emakumeak ez diren borrokatu behar munduan dagokien tokia lortzeko".

Halere, jakin bazekin errealitatea bere gurarietatik urrun zegoela, eta zera aitortu zuen bizitzaren azkenetan: "Ez dut atsegin pentsatzea gero eta okerrago dagoen mundu batetik joango naizela, beti pentsatu izan baitut nire betebeharra zela mundua aurkitu baino hobeto uztea. Baina egun bakoitza oso gisa ikusteko ohitura izanez gero, interesgarria da zahartzea. Egunero ezagutzen duzu pertsona berriren bat, ilunabar berri bat. Egunero gertatzen dira gauza ederrak".[2]

Vermonten hil zen, 84 urterekin, bularreko minbiziak jota.

Aktibismo politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grace Paley giza eskubideen aldeko ekintzaile ezaguna zen. Bere esanetan "bakezale borrokalaria eta anarkista kooperatiboa" zen.[4][2]

Feminismoaren militantea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Besteak beste, emakumeen eskubideen aldeko militante feminista izan zen, esparru publikoaren eta esparru pribatuaren artean mugarik ikusten ez zuena[2]. Elvira Lindok Just as I thought (1999) saiakera-bildumaren gaztelaniazko itzulpenaren hitzaurrean dioenez[2], beharbada liburu horretan jasotako "Responsability" poeman azaltzen du Paleyk inon baino hobeto nola ulertzen zuen berak bi esparru horien arteko harremana. Besteak beste, esaten du poetaren ardura dela emakume izatea, eta poetaren ardura dela, baita, kalera irten eta poemak eta ederki idatzitako panfletoak banatzen jardutea.[3]

Bakezaletasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakezalea izanik, arma nuklearren, AEBen militarizazioaren eta Vietnameko gerraren kontra agertu zen. Asiako hego-ekialdeko gerra hura gogortu zenean, War Resisters League (Gerraren Kontrako Liga) elkartearekin bat egin zuen. 1969an, gerra-presoen askapena negoziatzeko Hanoira joandako bake-misioan parte hartu zuen, eta 1974an, berriz, Moskuko bake-konferentzian izan zen. 1978an, AEBetako Etxe Zuriaren aurrean "Arma nuklearrik ez - Botere nuklearrik ez - AEB eta SESB" zioen kartel bat zabaltzeagatik atxilotu zituzten hamaiketako bat izan zen.[5] Lehenago ere hainbat aldiz atzemana zuten, desobedientzia zibila egotzita; alta, Paleyk ez zuen uste desobedientzia zibila indarkeriazko ekintza bat denik, ezpada "bidezkoa izate hutsagatik inori baimenik eskatu gabe egin beharreko horren agerraldia".[2]

1990eko hamarkadan giza eskubideen alde jardun zuen, eta Erdialdeko Amerikako esku-hartze militarraren aurka azaldu zen.[6]

Literatura-ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemeretzi urterekin W.H. Auden idazle ingelesarekin ikasi zuen, eta esan ohi da haren ardura sozialak eta ironiaren erabilerak eragin handia izan zutela Paleyren lanetan, batez ere poesian.[4] Bere emakume-begirada zorrotzarekin izen handiko hainbat autore ezagunen begirunea eskuratu zuen, hala nola Philip Roth, Susan Sontag eta Lorrie Moore.

Lehenengo ipuin-bilduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1959an bere lehen bilduma argitaratu zuen, The Little Disturbances of Man, Doubleday argitaletxearekin, zeina seme-alaben lagun batzuen aitak zuzentzen baitzuen; gripeak jota, hamabost egun egin behar izan zituen umeengana gerturatu barik, eta denbora horretan lehen bilduma hura osatuko zuten ipuinak idatzi zituen.[2] New Yorkeko bizitzari buruzko hamaika ipuin edo narrazio labur ziren, haietako batzuk gerora ere hainbat antologiatan agertuko zirenak, batez ere "Goodbye and Good Luck" eta "The Used-Boy Raisers". Bilduma hartan, gainera, "Faith Darwin" pertsonaia erdi-autobiografikoa aurkeztu zuen lehen aldiz bi ipuinetan: "The Used-Boy Raisers" eta "A Subject of Childhood"; pertsonaia hori berriz agertuko zen Enormous Changes at the Last Minute liburuko sei ipuinetan eta Later the Same Day liburuko hamar ipuinetan.

Paleyren lehendabiziko ipuin-bilduma kaleratu zenean, haren egilea ez zen artean ezaguna literaturaren munduan, nahiz eta lehenago ere bazituen poema batzuk argitaratuak, G.G. Paley izenarekin sinatuak, balizko literatura-ibilbidean oztopo izan zitekeen generoa ezkutatu nahian[2]; horregatik, literatura-kritikariek ez zioten kasu handirik egin. Nolanahi ere den, liburuaren kritika egin zuten apurrek (esate batera, Philip Roth eta The New Yorker egunkaria) oso hitz goxoak erabili zituzten. Denborarekin jarraitzaile ugari bildu zituen, eta 1968an berriro argitaratu zuen, orduko hartan Viking Press argitaletxearekin. Gainera, bilduma hartako "Goodbye and Good Luck" ipuina musikal bat egiteko egokitu zuten.

Ipuin gehiago, poesia eta saiakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo ipuin-bildumaren arrakasta ikusita, Paleyren editoreak nobela bat egitera bultzatu zuen. Hainbat urtez zirriborroak idazten jardun ostean, azkenean fikziozko ipuinetara itzuli zen; esaten zuenez, "artea luzea da, eta bizitza, ostera, laburra".[2] Donald Barthelme-ren laguntzarekin, 1974an bigarren bilduma bat atondu zuen, Enormous Changes at the Last Minute, hamazazpi ipuin jasotzen dituena. Bigarren bilduma hartan ere lehendabiziko bildumako hainbat pertsonaia erabili zituen, batez ere Faith Darwin, baina baita Johnny Raferty eta beraren ama ere. Jorratutako gaiei dagokienez, arraza, generoa eta klasea aztertzen jarraitu zuen, lehendabizikoan antzeratsu. Bildumaren ezaugarriak direla-eta —txandakako ahots narratiboa, metafikzioa, bukaerarik gabeko trama zatikatuak—, kritikari gehienek postmodernismoaren barruan sailkatu dute.

1985ean beste ipuin-bilduma bat argitaratu zuen, Later the Same Day, eta han ere Faith Darwin pertsonaia azaltzen zen.

Oroz gain narrazio labur edo ipuinengatik ezaguna bada ere, poesiako hiru lan ere argitaratu zituen, Leaning Forward (1985), New and Collected Poems (1992) eta Long Walks and Intimate Talks (1991). Bestalde, 1998an argitaratutako Just As I Thought liburuan hainbat artikulu, txosten eta hitzaldi bildu zituen, nolabaiteko bilduma erdi-autobiografikoa osatuz; tartean, poema bat edo beste ere irakur daitezke.

2003an, Robin Morgan editoreak Paleyren "Why Peace Is (More Than Ever) a Feminist Issue" saiakera argitaratu zuen berak apailatutako Sisterhood Is Forever: The Women's Anthology for a New Millennium antologiaren barruan.[7]

National Book Award eta Pulitzer sarietan finalista izan zen.[3]

Emakumeek idazteari (eta gizonek irakurtzeari) buruz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeen idatzizko jardunari eta horren harrerari buruz, zera zioen: "Emakumeek ez dute gizonek bezala idazten. Asko hitz egiten dugu etxeko kontuei eta gure gauzei buruz. Emakumeak eroso sentitzen dira beren kontuez hizketan, gizonak ez bezala. Gauza gehiago kontatzen dizkiote elkarri, eta antzeko arazoak izaten dituzte. Bada zerbait interesgarririk: emakumeek betidanik erosi izan dituzte gizonek idatzitako liburuak, eta ohartu ziren ez zirela beraiei buruzkoak. Baina erosten jarraitu zuten, interes handiarekin erosi ere, atzerriko herrialde bati buruz irakurtzea legez zelako. Gizonek ez dute sekula izan horrelako adeitasunik emakumeekin".[2]

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • The Little Disturbances of Man (ipuinak,1959)
  • A Subject of Childhood (ipuinak, 1969)
  • Enormous Changes at the Last Minute (ipuinak, 1974)
  • Later the Same Day (ipuinak, 1985)
  • Leaning Forward (poesia, 1985)
  • 365 Reasons Not to Have Another War (ez-fikzioa, 1989)
  • Long Walks and Intimate Talks (narrazioak eta poemak, 1991)
  • New and Collected Poems (poemak, 1992)
  • The Collected Stories (ipuinak, 1994)
  • Just As I Thought (artikulu, txosten eta hitzaldien bilduma erdi-autobiografikoa, 1998)
  • Begin Again: Collected Poems (poemak, 2000)
  • Fidelity (poemak, 2008), hil ostekoa

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ardura

Jendartearen ardura da poetari poeta izaten uztea

Poetaren ardura da emakume izatea

Poetaren ardura da kale izkinetan gelditzea

              poemak eta bikain idatzitako eskuorriak banatzen

               baita beren erretorika oihulariagatik

               eskuorriok jasaten zailak izanda ere

Poetaren ardura da alferra izatea denbora-pasa aritzea

               eta profeziak egitea

Poetaren ardura da zergarik ez ordaintzea gerretarako

Poetaren ardura da sartu-irtenak egitea bolizko

               dorreetan C etorbideko bi gelako apartamentuetan

               galsoroetan eta soldaduen kanpalekuetan

Poeta arraren ardura da emakume izatea

Poeta emearen ardura da emakume izatea

Poetaren ardura da botereari egia esatea

               kuakeroek dioten legez

Poetaren ardura da botererik gabekoengandik

               egia ikastea

Poetaren ardura da maiz esatea ez dago

               bakerik justiziarik gabe hau da ekonomiazko

               justizia eta amodiozko justizia

Poetaren ardura da hau dena kantatzea doinu jatorrizko

               eta tradizional guztietan poemak kantatuz eta kontatuz

Poetaren ardura da esamesak entzutea eta haiei bide ematea

               bizitzaren historiari zurrut egiten dioten kontalarien modura

Ez dago libertaterik beldurrik eta ausardiarik gabe      ez dago

               libertaterik ez badute

               lurrak eta aireak eta urak irauten umeek ere

               ez badute irauten

Poetaren ardura da emakume izatea mundu hau

               jagotearren Kasandrak bezala oihu egin baina

               oraingoan entzuna izateko

Dokumentala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010ean, Lily Rivlin zinema-zuzendariaren Grace Paley: Collected Shorts (2009) dokumentala aurkeztu zen nazioarteko Woodstock Film Festival-ean eta beste zinema-jaialdi batzuetan. Paleyri eta bere lagunei egindako elkarrizketak, ekitaldi politikoen metrajeak eta fikziozko lanen eta poemen errezitaldiak jasotzen ditu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Interview by Jonathan Dee, Barbara Jones, Larissa MacFarquhar, Paris Review, Fall 1992.
  2. a b c d e f g h i j k l m n o (Gaztelaniaz)  Paley, Grace (2016), Elvira Lindoren hitzaurrea in "La importancia de no entenderlo todo", Círculo de Tiza, 13. orrialdea, ISBN 978-84-945719-2-3 .
  3. a b c (Gaztelaniaz)  Paley, Grace (2016), La importancia de no entenderlo todo, Círculo de Tiza, 27. orrialdea, ISBN 978-84-945719-2-3 .
  4. a b   Euskarari ekarriak: Grace Paley, http://ekarriak.armiarma.eus/?i=1090. Noiz kontsultatua: 2017-08-21 .
  5. The Rise of the Anti-nuclear Power Movement 1957 to 1989
  6. The Rise of the Anti-nuclear Power Movement 1957 to 1989
  7.   , http://vufind.carli.illinois.edu/vf-dpu/Record/dpu_536804/TOC .