Harlow Shapley
Harlow Shapley (Nashville, Missouri, 1885eko azaroaren 2a - Boulder, Colorado, 1972ko urriaren 20a) Estatu Batuetako astronomoa izan zen. Harvard College Behatokiko burua izateaz gain, azken Itun berria (New Deal) eta Bidezko Itun (Fair Deal) garaian ekintzaile politikoa ere izan zen. [1][2]
Shapley-k Zefeida izar aldakorrak erabili zituen Esne Bidearen galaxiaren tamaina eta bere barnean Eguzkiaren posizioa estimatzeko.[3] Eguzkia galaxiaren erdigunetik 30.000 argi-urtera dagoela esan zuen, eta ez Esne Bidearen erdigunean ordu arte uste izan zen bezala. Horrez gain hainbat ekarpen gehiago egin zituen, beste galaxia batzuen inguruan baita izar-sistema bitarrei buruzkoak ere. Gainera, 1953an bere "ur likidozko gerrikoaren" teoria proposatu zuen, gaur egun gune bizigarri gisa ezagutzen den kontzeptua.[4]
Ekarpen zientifiko garrantzitsuenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kumulu globularren banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Harlow Shapleyk XX. mendearen hasieran egindako ikerketek galaxia ikuspegia eraldatu zuten. Kumulu globularren banaketa aztertuz, lehen aldiz proposatu zuen Eguzkia ez zela Esne Bidearen erdigunean kokatzen, baizik eta periferian. Garai hartan, zientzialari askok pentsatzen zuten Eguzkia unibertsoaren zentroan zegoela, baina Shapleyren kalkuluek ikuspegi hori eraldatu zuten.[5]
Shapley-k kumulu globularrak aztertu zituen, eta haien posizio eta paralaxiak kalkulatu zituen. Distantzia hauen kalkulurako, Zefeida izar aldakorrak erabili zituen, hauen argitasun-periodo erlazioaz baliatuz. Zefeida izar aldakor bat erradialki pultsatzen duen izar mota bat da, tenperatura zein diametroa aldatuz dizdira aldaketa periodikoak jasaten ditu, taupadak egingo balitu bezala. Zefeiden ezaugarrietako bat zera da: zenbat eta distiratsuagoa izan, orduan eta denbora gehiago behar duela distira-ziklo bat osatzeko. Distiraren eta aldakuntza-periodoaren arteko erlazio hau ezaguna da, Henrietta Swan Leavitt astronomak aurkitu zuena (Shapley-ren langilea zen hau, Harvard-eko behatokian). Astronomoek ikus dezakete Zefeida batek zenbat denbora behar duen distira aldatzeko eta, erlazio horri esker, haren benetako distira (argitasuna) zein den kalkulatu. Gero, benetako distira hori Lurretik ikusten dugun distirarekin konparatzen dute, eta, hala, izarra zer distantziatara dagoen kalkula dezakete.
1918an argitaratutako lanean, Shapleyk 69 kumulu globularren distantziak eta kokapen espazialak kalkulatu zituen. Haren azterketan, kumuluen distantziak 6.500 eta 67.000 parsecen artean zeudela ondorioztatu zuen (gutxi gorabehera 21.000 eta 218.000 argi-urte), eta horrek adierazten zuen horietako izar distiratsuenak 17. magnitude fotografiko baino ahulagoak zirela — hau da, teleskopio sentikorrenekin baino ezin zitezkeen ikusi.

Kumulu horien banaketa espazioan aztertuta, aurkikuntza esanguratsu bat egin zuen: kumulu globularrak ez daude izar dentsitate handiko guneetan pilatuta, eta horrek iradokitzen du Esne Bidearen egitura zabalagoaren parte direla, baina ez zentroko osagai nagusi. Banaketa horren arabera, kumuluen sistema osoaren erdigunea Sagittarius konstelazioaren norabidean dagoela ondorioztatu zuen, lehen aldiz Esne Bidearen zentroaren kokapena modu zientifikoan iradokiz.
Gainera, kalkulatutako distantzien bidez, kumulu globular bakoitzaren benetako tamainak eta masak estimatzeko gai izan zen. Adibidez, Messier 3 kumuluaren masa Eguzkiarenaren 250.000–500.000 aldiz handiagoa izan zitekeela kalkulatu zuen, nahiz eta goiko muga zehaztea zaila izan.[6]
Esne bidearen tamaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Harlow Shapleyren lanek Esne Bidearen benetako tamainaren lehen estimazio fidagarrietako bat eman zuten. Kumulu globularren banaketa aztertuz eta haien distantziak zehaztuz, galaxiaren egitura eta hedadura ulertzen hasi zen. Bere kalkuluen arabera, Esne Bideak gutxienez 100.000 argi-urteko diametroa zuen, eta Eguzkia ez zegoen erdigunean, baizik eta haren periferian, 25.000 argi-urte ingurura.

Distantzia horiek lortzeko, Cefeida aldakorrak erabili zituen “argiaren kandelak” modura, eta kumulu globularren batez besteko banaketaren bidez galaxiaren zabalera osoa neurtu zuen. Aurreko estimazioek Esne Bidea askoz txikiagoa zela uste zuten, baina Shapleyk erakutsi zuen gure galaxia askoz handiagoa eta konplexuagoa zela.
Lan horiek astronomian iraultza bat eragin zuten, eta galaxiaren egituraren ikuspegi modernoaren oinarriak ezarri zituzten. Bere lanari esker, astronomoek galaxiaren erdigunea kokatu ahal izan zuten, eta gure lekua unibertsoan hobeto ulertzen hasi ziren.[6]
Bizitza eta ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Shapley Nashville, Missouri, hiritik 8 kilometrotara dagoen etxalde batean jaio zen, bere gurasoekin, Willis eta Sarah Shapley.[7] Jasper herriko eskolan burutu zituen lehen hezkuntzako ikasketak, eta gero etxean jarraitu zuen bere kabuz ikasten. Kazetari gisa ibili zen lanean, krimen-historioak estaltzen, Daily Sun egunkarirako, Chanuten (Kansas) eta aldizka Joplin-eko (Missouri) Times egunkarirako ere lanak egiten zituen. Chanuten bertan, liburutegi batekin topo egin zuen eta bere kabuz irakurtzeari eta ikasteari ekin zion. Shapley-k bigarren hezkuntzako sei urteko programa urte eta erdian osatu zuen, ikasgelako ohorezko ikasle gisa amaitu zuelarik.[8]
Behin bigarren hezkuntza zuela, 1907an, 22 urterekin, Missouriko Unibertsitatera joan zen kazetaritza ikasteko asmoz. Kazetaritza eskolaren irekiera ordea urte bete atzeratuko zen eta Shapley-k horren berri jakin zuenean, ikastaroko programan zetozen ikasgaietako lehena aurreratzea erabaki zuen, Arkeologia. Arkeologia gustatu ez zitzaionez, hurrengo ikasgaia hartu zuen eskuetan, Astronomia.[9]
Hasierako urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Graduatu ondoren, Shapley-k beka bat jaso zuen Princetongo Unibertsitatean graduondoko lanetarako eta bertan Henry Norris Russell astronomoa izan zen bere mentorea. Bere lanean, aurreko atalean aipatu den moduan, Henrietta Swan Leavitt-ek aurkitutako Zefeida izar aldakorren argitasun-periodo erlazioa aztertu zuen lurretik kumulu globularretarainoko distantziak zehazteko. Bere lanari esker, astronomian Zefeidei buruz zegoen ideia okerra berbideratu zen, izar bitarrak zirela pentsatzetik izar aldakor edo pultsatzaileak zirenaren kontzeptua zabaltzera.[10]
Bere ikerkuntzari esker, Shapley jabetu zen gure Esne Bidea galaxia uste baino askoz handiagoa zela, eta Eguzkiak galaxian zuen kokalekua ezin zela berehala deskribatu, hots, ezin zela kontsideratu Eguzkia galaxiaren zentroan zegoenik. Aurkikuntza hau Kopernikar Printzipioarekin bat dator, zeinaren arabera Lurra ez dagoen gure Eguzki Sistemaren, gure galaxiaren, ezta gure Unibertsoaren erdigunean ere.
1920ko Eztabaida Handia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Shapleyk "Eztabaida Handian" parte hartu zuen Heber D. Curtisekin, nebulosa eta galaxien izaerari eta Unibertsoaren tamainari buruzkoa. Eztabaida 1920ko apirilaren 26an izan zen, Washington DCko Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalaren aretoan. Shapley-ren ustez, nebulosa espiralak (gaur egun Galaxia deitzen direnak) gure Esne Bidearen barruan zeuden, eta Curtisen ustez ordea, nebulosa espiralak "unibertso uharteak" ziren, gure galaxiatik oso hurrun, eta azken honen tamaina eta natura antzekoa zuten. Gai eta eztabaida hau galaxiaz kanpoko astronomiaren hasiera izan zen, eta datu zein argumentu zehatzak ez ziren 1921 urtera arte agertu.[11]
Eztabaidako gai bereizgarrienak hurrengoak ziren: Adrian van Maanenek nebulosa espiral batean errotazioa neurtu ote zuen, galaxia kiribiletan ikusitako noba eta supernoba lehertzaileen izaera eta argitasuna, eta geure Esne Bidearen tamaina. Hala ere, Shapleyren benetako hitzaldia eta Eztabaida Handian emandako argudioa guztiz desberdinak izan ziren argitaratutako artikuluan idatzi zuenarekin. Michael Hoskin historialariak dioenez, "Bere erabakia Zientzien Akademia Nazionalari zuzendutakoa oso oinarrizkoa izatea izan zen, modu honetan bere argudioaren zati handi bat nahitaez eztabaidaezina izateko". Hala, Shapley-ren helburua Hardvard-eko ordezkaritza txundituta uztea zen, izan ere hauek Harvard College Behatokiko hurrengo zuzendari gisa eskaintza posible baterako elkarrizketatzen ari zioten.[12] Azkenean Curtisek irabazi zuen eztabaida. Astronomia kontuak laster konpondu ziren Curtisen posizioaren alde, Edwin Hubblek Andromeda galaxian zefeida izar aldakorrak aurkitu zituenean.[13][14]
Eztabaidaren garaian, Shapley Mount Wilson behatokian ari zen lanean, George Ellery Halek eskeinitako kontratupean. Eztabaidaren ondoren, ordea, hil berri zen Edward Charles Pickering ordezkatzeko kontratatu zuten, Harvard College Behatokiko (HCO) zuzendari gisa.
Hubble-en ideietara trantsizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezaguna da, halaber, Edwin Hubble-ren behaketen aurka egin zuelako. Hubble-en behaketen arabera, Esne Bideaz gain, unibertsoan beste galaxia batzuk ere bazeuden. Shapleyk gogor kritikatu zuen Hubble eta bere lana zabor-zientziatzat hartu zuen. Hala ere, Hubbleren gutun bat jaso ondoren, non Hubble-ek berak behatutako V1 argi kurba erakusten zion, Andromeda galaxiako zefeida izar aldakor batena hain zuzen ere, bere kritika erretiratu zuen. Lankide bati esan omen zion: "Hona hemen nire unibertsoa suntsitu zuen gutuna".[13] Hubble-ren aurkikuntzek, funtsean, unibertsoaren ikuspegi zientifikoa birmoldatu zuten.[14]
Nahiz eta lehenago Esne Bideaz beste galaxien ideiaren aurka gogor jardun, Shapley-k galaxien distribuzioaren ikerketan aurrerapen garrantzitsuak egitera igaro zen, 1925 eta 1932 urteen artean. Denbora horretan, Harvard Collegeko Behatokiarekin lanean, 76.000 galaxia mapatzen lan egin zuen. Shapley galaxia-superkumuluen existentzian sinetsi zuen lehen astronomoetako bat izan zen eta berorren adibide bat aurkitu zuen, hurrun, Shapley Superkumulu izendatu zena. Superkumulu honekiko distantzia 231 Mpc-tan estimatu zuen, gaur egun onartuta dagoen balioaren %15aren barruan dagoena.[15][16]
Harvard College-eko Behatokia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Harvard College Observatory-ko (HCO) zuzendaria izan zen 1921 urtetik 1952 urtera.[17] Denbora horretan, Cecilia Payne kontratatu zuen, zeina, 1925ean, Radcliffe College-en astronomia arloan doktoretza lortu zuen lehen pertsona bihurtu zen, Harvard College Behatokian egindako lanagatik.[18][19]
1941etik aurrera Zikloak Aztertzeko Fundazioaren jatorrizko batzorde iraunkorrean egon zen.[20] Zientzia Zerbitzuko patronatuan ere aritu zen, gaur egun Society for Science & the Public izenarekin ezagutzen dena, 1935etik 1971ra.
Aktibismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1940ko hamrkadan, Shapleyk gorbernuak finantzatutako elkarte zientifikoak fundatzen lagundu zuen, National Science Foundation barne. Horrez gain, berari eta Joseph Needham biokimikari britainiarrari esker du UNESCO-k (United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization) "S"-a. [21][22]
1946ko azaroaren 14an, Shapley House Committee on Un-American Activities-en (HCUA) zitapean agertu zen, Arteen, Zientzien eta Lanbideen Herritar Independenteen Batzordeko (ICCASP) kide gisa, HCUAk "ezker errusiarraren beso politiko garrantzitsu" gisa deskribatu zuena. Urte horretako agintaldi erdiko hauteskundeetan Joseph William Martin Jr. AEBetako ordezkaria berriz hautatzearen aurka agertu zen, eta ICCASPren Massachusettseko kapituluari buruzko galderei erantzuteko eskatu zioten. John E. Rankin HCUA batzordeko presidenteak Shapleyren jarrera aipatu zuen, "ez dut inoiz ikusi lekuko bat batzordekide bat mespretxu gehiagorekin tratatzen" eta Kongresuko karguen gutsiespena kontuan hartu zuen. Shapleyk "Gestaporen metodoak" leporatu zizkion HCUAri, eta hura deuseztatzearen alde egin zuen, esanez "herritar askoren koldar zibikoak" egin zituela "erradikaltasun politikoaren bogeia" jazarriz. "[2][23]
Aste batzuk geroago, 1947aren hasieran, Shapley Zientziaren Aurrerapenerako Amerikar Elkarteko (AAAS) presidente bihurtu zen. Garai hartan, AAASen hautua HCUAren "errieta" eta zientzialarien defentsa zela zirudien.[2] Bere inaugurazio-hitzaldian, Shapleyk "jenio maniakoaren" arriskua aipatu zuen, eta "jenioaren edo are talentuaren edozein ebidentzia edo zantzu erakusten duten primate guztiak" ezabatzea proposatu zuen (dirudienez, iradokizun hori ironikoki esan zuen). Beste lau mehatxu global zerrendatu zituen: sexu nahia ezabatzen zuten drogak, asperdura, mundu gerra bat suntsipen handiko armekin, eta izurrite epidemia bat.[24][25]
1949ko martxoan, Shapley New Yorkeko Waldorf-Astoriako Munduko Bakearen aldeko Konferentzia Kultural eta Zientifikoaren buru izan zen. Arte, Zientzia eta Lanbideen Kontseilu Nazionalak babestu zuen hau. William F. Buckley, Jr. artxikontserbadoreak, 1951ean liburu bat idatzi zuen, God and Man at Yale: The Superstitions of "Academic Freedom", non, Yale-eko liberalismoa eta orokorrean akademia erasotzen zituen. Liburuan, Buckleyk Shapleyren parte-hartzea aipatu zuen eta gertaera hura "komunistek inspiratua" eta "errusiarrek dominatua" zela zioen.[26]
1950ean, Shapley funtsezkoa izan zen Immanuel Velikovsky psikiatra erbesteratu errusiarraren "Worlds in Collision"- en aurkako kanpaina bat antolatzerako orduan. "Worlds in Collision" Immanuel Velikovskik 1950ean argitaratutako liburua da. Liburuak postulatzen du K. a. XV. mende inguruan Artizarra planeta Jupiterretik kanporatua izan zela kometa edo kometa antzeko objektu gisa, eta Lurretik gertu igaro zela (ez da benetako talka aipatzen). Objektuak, ustez, Lurraren orbita eta ardatza aldatu zituen, mundu osoko mitologia eta erlijio goiztiarretan aipatzen diren katastrofe kontaezinak eraginez. Teoriaren sinesgarritasuna fisikaren komunitateak baztertu egin zuen, Velikovskyk proposatutako gertaeren kate kosmikoak fisikaren oinarrizko legeen aurka egiten baitu. Velikovskiren ideiak liburua argitaratu baino urte batzuk lehenago ezagutu zituzten astronomoek, partzialki Shapley-ri idatzi ziolako, 1946ko Cosmos Without Gravitation liburuxkaren bidez.Zientzialariek, oro har, sasizientziatzat jo zuten AEBetako bestseller polemiko hura.[27][28]
Politika globala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munduko konstituzio bat idazteko hitzarmen bat deitzeko akordioaren sinatzaileetako bat izan zen.[29][30] Ondorioz, gizateriaren historian lehen aldiz, Munduko Batzar Konstituziogile batek Lurraren Federaziorako Konstituzioa idazteko eta onartzeko deia egin zuen.[31]
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Shapley Martha Betz-ekin (1890–1981) ezkondu zen 1914ko apirilean, Missourin ezagutu zuena. Senarrari ikerketa astronomikoan lagundu zion, bai Mount Wilsonen, bai Harvard behatokian. Eklipsatzen duten izarrei eta beste objektu astronomiko batzuei buruzko artikulu ugari idatzi zituen.[2]
Alaba bat izan zuten, Mildred Shapley Matthews editore eta idazlea; eta lau seme. Horien artean zeuden Lloyd Shapley, 2012an Ekonomiako Nobel Saria irabazi zuen matematikari eta ekonomialaria[2], eta Willis Shapley, NASAko Zerbitzu Exekutibo Goreneko buruzagi bihurtu zena.[32] Bere biloba nagusia, June Lorraine Matthews, fisikari bihurtu zen.
Shapley agnostikoa zen arren, erlijioarekiko interes handia zuen.[33][34]
Shapley Boulderreko (Colorado) zaharren egoitza batean hil zen 1972ko urriaren 20an, 87 urte bete baino lehentxeago.[2]
Ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Shapley-ren omenez hurrengoak daude izendatuta:


Shapleyk 1947an "Peace or Pieces" ("Bakea edo Piezak") izeneko hitzaldi batean esan zuen: "Esklaboen mundu batek ez du gordetzea merezi. Hobe da bizitzarik gabekoa izatea, ilargi hotza bezala, edo primitiboki begetala, Marte atsekabetua bezala, robot sozialek populatutako planeta bat izatea baino".[2]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Shapley, zientziaren dibulgatzaile aktiboa ere bazen. Bere lan zientifikoaz gain, liburu asko idatzi zituen publiko zabalagoarentzat, eta horietako batzuk benetan garrantzitsuak eta eragin handikoak izan ziren garaiko astronomiaren ikuspegia zabaltzeko. Michael Hoskinen arabera, “Shapley izan zen lehenengo eta eragin handieneko zientzialari estatubatuarretako bat astronomia publikoarentzat zabaltzen.” Bere liburuen, hitzaldien eta irratsaioen bidez, unibertsoaren ikuspegi modernoa herritarrei gerturatu zien.[35] Horien artean, hona hemen esanguratsuenetako batzuen azalpen laburra:
1957, The Inner Metagalaxy: Unibertsoaren egitura handia, galaxien banaketa eta kosmologiaren oinarriak jorratzen ditu. Gaur egungo "metagalaxia" terminoarekin paralelismoa egiten du (unibertso ikusgarria). Gaur egungo kosmologiaren sarrera historiko modura baliagarria da.
1958, Of Stars and Men: the human response to an expanding universe: Liburu honek zientzia, astronomia eta giza izaera uztartzen ditu tonu humanista batean. Shapleyk unibertsoaren eskala izugarriaren aurrean gizakia nola kokatzen den aztertzen du, eta galdera existentzial handiak egiten ditu: Zer esan nahi du izar artean bizitzeak? Nolakoa da gure lekua kosmosean? Liburua eskuragarria da publiko zabal baterako, eta oso eragina izan zuen garaiko zientzia-dibulgazioan.
1969, Through Rugged Ways to the Stars: Bere autobiografia intelektuala eta esperientzia pertsonalen kontakizuna. Bertan kontatzen du nola egin zuen lan Yerkes eta Harvardeko behatokietan, eta nola eboluzionatu zuen bere ikuspegi zientifikoak.Bere ibilbidearen ikuspegi pertsonala eskaintzen du, baita XX. mendeko astronomiaren historia bizia ere.
1972, Galaxies. : Shapleyk galaxien izaerari buruzko bere ikuspegi zabalduena aurkeztu zuen liburu honetan. Bere aurkikuntzak eta Esne Bidearen egituraren inguruko lanak publikoari modu eskuragarrian azaltzen dizkio. Unibertsoaren egituraren ikuspegi zabalagoa zabaltzen lagundu zuen, garai hartako irakurleentzat iraultza intelektuala izan zena.
Liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Shapley, Harlow (1972). Galaxies. The Harvard books on astronomy. Harvard University Press.
- Shapley, Harlow (1969). Through Rugged Ways to the Stars.Scribner.
- Shapley, Harlow (1967). Beyond the Observatory. Scribner.
- Shapley, Harlow (1964). The View from a Distant Star: Man's Future in the Universe. Dell Publishing, Co.
- Shapley, Harlow, ed. (1960). Source book in astronomy, 1900–1950Source books in the history of the sciences. Harvard University Press.[36]
- Shapley, Harlow (1958). Of Stars and Men: The Human Response to an Expanding Universe. Beacon Press.[37]
- Shapley, Harlow (1958). A Census of Northern Galaxies in an Area of 3600 Square Degrees. Harvard College Observatory. Annals, v. 88, no. 7. Beacon Press.
- Shapley, Harlow, ed. (1953). Climatic Change: Evidence, Causes, and Effects. Cambridge: Harvard University Press. Retrieved June 11, 2022.[38][39]
- Shapley, Harlow (1948). Galactic and Extragalactic Studies, XVIII. Volume 36. National Academy of Sciences.
- Shapley, Harlow (1936). Time and Its Mysteries. Series 1:Lectures given on the James Arthur Foundation, New York University. New York University Press.
- Shapley, Harlow (1934). The Angular Diameters of Bright Galaxies. The Observatory.
- Shapley, Harlow (1930). Star Clusters. New York: McGraw-Hill. Retrieved June 11, 2022.
- Shapley, Harlow (1930). Flights from Chaos: A Survey of Material Systems from Atoms to Galaxies, Adapted from Lectures at the College of the City of New York, Class of 1872 Foundation. Whittlesey House, McGraw–Hill Book Company, Inc.
- Shapley, Harlow (1926). Starlight. George H. Doran Co.
- Shapley, Harlow (1924). Descriptions and Positions of 2,829 New Nebulae ... Harvard College Observatory. Annals, v. 85, no. 6. The Observatory.
Artikuluak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Shapley, Harlow (October 21, 1919). "Star Clusters and their Contribution to Knowledge of the Universe". Proceedings of the American Philosophical Society. 63 (5): 337–345. Retrieved June 11, 2022.
- Shapley, Harlow (August 1920). "Note on Pterergates in the Californian Harvester Ant". Psyche: A Journal of Entomology. 27 (4): 72–74. doi:10.1155/1920/73165. Retrieved June 11, 2020.
Sariak eta ohoreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ameriketako Arte eta Zientzien Akademiako kide hautatua (1920)[40]
- American Philosophical Societyko kide hautatua (1922)[41]
- Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide hautatua (1924)[42]
- Zientzien Akademia Nazionaleko Henry Draper domina (1926)[43]
- Société astronomique de France (Frantziako Astronomia Elkartea) elkarteko Prix Jules Janssen (1933)
- Amerikako Arte eta Zientzien Akademiako Rumford Saria (1933)[44]
- Royal Astronomical Societyko urrezko domina (1934)[45]
- Ozeano Bareko Astronomia Elkartearen Bruce domina (1939)[46]
- Frantziako Zientzien Akademiako Janssen domina (1940)
- Pio XI.aren domina (1941)[47]
- Franklin domina (1945)
- Henry Norris Russell American Astronomical Societyko irakaslea (1950)[48]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Goldberg, Leo. (1973-01-01). «Harlow Shapley» Physics Today 26 (1): 107–109. doi: . ISSN 0031-9228. (kontsulta data: 2025-04-19).
- ↑ a b c d e f g (Ingelesez) «Dr. Harlow Shapley Dies at 86; Dean of American Astronomers» The New York Times 1972-10-21 ISSN 0362-4331. (kontsulta data: 2025-04-19).
- ↑ Gingerich, Owen. (2000-02). Shapley, Harlow (1885-1972), astronomer. Oxford University Press (kontsulta data: 2025-04-19).
- ↑ Huggett, Richard. (2002-09-11). Geoecology: An Evolutionary Approach. doi: . (kontsulta data: 2025-04-19).
- ↑ Smith, Horace A.; Trimble, Virginia. (2007). «Shapley, Harlow» The Biographical Encyclopedia of Astronomers (Springer New York): 1048–1051. ISBN 978-0-387-31022-0. (kontsulta data: 2025-04-23).
- ↑ a b Shapley, H.. (1918-09). «Studies based on the colors and magnitudes in stellar clusters. VI. On the determination of the distances of globular clusters.» The Astrophysical Journal 48: 89. doi: . ISSN 0004-637X. (kontsulta data: 2025-04-23).
- ↑ Hockey, Thomas A., ed. (2007). The biographical encyclopedia of astronomers. Springer Science+Business Media, LLC ISBN 978-0-387-31022-0. (kontsulta data: 2025-04-19).
- ↑ Gingerich, Owen. (2000-02). Shapley, Harlow (1885-1972), astronomer. Oxford University Press (kontsulta data: 2025-04-19).
- ↑ Ferris, Timothy. (1977). The red limit: the search for the edge of the universe. Morrow ISBN 978-0-688-03176-3. (kontsulta data: 2025-04-19).
- ↑ (Ingelesez) Shapley, Harlow. (1914-12). «On the Nature and Cause of Cepheid Variation» The Astrophysical Journal 40: 448. doi: . ISSN 0004-637X. (kontsulta data: 2025-04-19).
- ↑ «NRC Transcripts of `Great Debate' Page» apod.nasa.gov (kontsulta data: 2025-04-19).
- ↑ (Ingelesez) Hoskin, M. A.. (1976). «The 'Great Debate': What Really Happened» Journal for the History of Astronomy 7: 169. doi: . ISSN 0021-8286. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ a b «HubbleSite - NewsCenter - Hubble Views the Star that Changed the Universe (05/23/2011) - The Full Story» web.archive.org 2016-03-31 (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ a b Marcia Bartusiak. (2009). The day we found the universe. Pantheon Books ISBN 978-0-375-42429-8. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ (Ingelesez) Proust, Dominique; Quintana, Hernán; Carrasco, Eleazar R.; Reisenegger, Andreas; Slezak, Eric; Muriel, Hernán; Dünner, Rolando; Sodré, Laerte et al.. (2006-06). «The Shapley Supercluster: the Largest Matter Concentration in the Local Universe» The Messenger 124: 30. ISSN 0722-6691. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ «The Shapley Supercluster» www.atlasoftheuniverse.com (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ (Ingelesez) «Directors of HCO» astronomy.fas.harvard.edu (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ Wayman, Patrick A. (2002-02-01). «Cecilia Payne-Gaposchkin: astronomer extraordinaire» Astronomy & Geophysics 43 (1): 1.27–1.29. doi: . ISSN 1366-8781. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ Sobel, Dava. (2016). The glass universe: how the ladies of the Harvard Observatory took the measure of the stars. Viking ISBN 978-0-698-14869-7. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ (Ingelesez) «Founders» The Foundation for the Study of Cycles (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ Mather, Kirtley F.. (1971). «Harlow Shapley, Man of the World» The American Scholar 40 (3): 475–481. ISSN 0003-0937. (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ UNESCO Science Report 2005. United Nations 2005-07-23 ISBN 978-92-1-005907-7. (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ (Ingelesez) Goodman, Walter. (1968). The Committee: The Extraordinary Career of the House Committee on Un-American Activities. Farrar, Straus, and Giroux (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «Sarasota Herald-Tribune - Google News Archive Search» news.google.com (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ (Ingelesez) TIME. (1947-01-06). «People: Inside Dopester» TIME (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ Buckley, William F.. (1951). God and man at Yale; the superstitions of academic freedom. Chicago, Regnery ISBN 978-0-89526-692-7. (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «Cosmos Without Gravitation» www.varchive.org (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ Friedlander, Michael W.. (1998). At the fringes of science: with a new epilogue. Westview Press ISBN 978-0-8133-2200-1. (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «Letters from Thane Read asking Helen Keller to sign the World Constitution for world peace. 1961» www.afb.org (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «Letter from World Constitution Coordinating Committee to Helen, enclosing current materials» www.afb.org (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «Preparing earth constitution | Global Strategies & Solutions | The Encyclopedia of World Problems» encyclopedia.uia.org (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «NASA invites space experiments» Physics Today 18 (10): 98–98. 1965-10-01 doi: . ISSN 0031-9228. (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ Kragh, Helge. (2004). Matter and Spirit in the Universe: Scientific and Religious Preludes to Modern Cosmology. Imperial College Press ISBN 978-1-86094-469-7. (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ Glass, Ian S.. (2009). Revolutionaries of the cosmos: the astro-physicists. Oxford Univ. Press ISBN 978-0-19-857099-8. (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ Smith, Horace A.; Trimble, Virginia. (2007). «Shapley, Harlow» The Biographical Encyclopedia of Astronomers (Springer New York): 1048–1051. ISBN 978-0-387-31022-0. (kontsulta data: 2025-04-23).
- ↑ (Ingelesez) Shapley, Harlow. (1962-12). «Review of Publications- Source Book in Astronomy 1900-1950 edited» Journal of the Royal Astronomical Society of Canada 56: 270–272. ISSN 0035-872X. (kontsulta data: 2025-04-23).
- ↑ Sitterly, Bancroft W.. (1964-03-13). «Man in the Universe: The View from a Distant Star. Man's future in the universe. Harlow Shapley. Basic Books, New York, 1963. xii + 212 pp. $4.95.» Science 143 (3611): 1160–1160. doi: . (kontsulta data: 2025-04-23).
- ↑ McLaughlin, Dean B.. (1954-04-23). «Climatic Change: Evidence, Causes, and Effects. Harlow Shapley, Ed. Harvard Univ. Press, Cambridge, Mass., 1953. 318 pp. Illus. + plates. $6» Science 119 (3095): 546–546. doi: . (kontsulta data: 2025-04-23).
- ↑ (Ingelesez) Simpson, G. C.. (1955-01). «Climatic Change. Harlow Shapley Harvard University Press (London, Geoffrey Cumberlege, Oxford University Press), 1953. x11+318 pages, 58 illustrations. Price 48 shillings.» Journal of Glaciology 2 (18): 609–610. doi: . ISSN 0022-1430. (kontsulta data: 2025-04-23).
- ↑ (Ingelesez) «Harlow Shapley | American Academy of Arts and Sciences» www.amacad.org 2025-04-10 (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «"APS Member History"» search.amphilsoc.org..
- ↑ (Ingelesez) «Member Directory - NAS» https://www.nasonline.org/ (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «Henry Draper Medal» web.archive.org 2013-01-26 (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «Rumford Prize Recipients» web.archive.org 2012-09-27 (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «Winners of the Gold Medal of the Royal Astronomical Society» web.archive.org 2011-05-25 (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «ASP: Past Winners of the Catherine Wolfe Bruce Award» web.archive.org 2011-07-21 (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ (Ingelesez) Times, Telephone To the New York. (1941-12-01). «HARLOW SHAPLEY WINS PIUS XI PRIZE; Harvard Observatory Chief Receives Astronomy Award of Pontifical Academy SCIENTISTS' AID SOUGHT Pope Appeals to Them to Turn Their Talents to Peaceful Aims Rather Than War» The New York Times ISSN 0362-4331. (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ «Grants, Prizes, and Awards | American Astronomical Society» web.archive.org 2010-12-22 (kontsulta data: 2025-04-21).