Heidelbergeko Unibertsitatea
Heidelbergeko Unibertsitatea, ofizialki Heidelbergeko Ruprecht Karl Unibertsitatea, alemanez: Ruprecht-Karls-Universität Heidelberg eta latinez: Universitas Ruperto Carola Heidelbergensis) Alemaniako Baden-Württemberg estatuko Heidelberg hirian dagoen unibertsitate publiko bat da. 1386an Urbano VI.a Aita Santuaren aginduz sortu zen; ondorioz, Alemaniako unibertsitate zaharrena da, eta baita munduko unibertsitaterik zaharrenetako bat ere. Germaniako Erromatar Inperio Santuko hirugarren unibertsitatea izan zen (lehena Pragako Unibertsitate Karolinoa izan zen; bigarrena, Vienako Unibertsitatea). 1899tik gizonek eta emakumeek ikasi ahal izan dute bertan.
Heidelberg Europan ospe onena duten unibertsitateen artean dago.[1] Alemaniako gobernuak "unibertsitate bikain" izendatu du eta Coimbra taldeko kide da. Hamabi fakultate ditu eta graduko, graduondoko eta doktorego programak eskaintzen ditu 100 bat esparrutan.[2] Irakaskuntza gehiena alemanez egiten da baina badira graduondoko programak ingelesez eta frantsesez.
2021. urtera arte, unibertsitatearekin 33 Nobel saridunek zuten loturaren bat.[3] Hainbat esparru zientifiko unibertsitate honetan sortu ziren: adibidez, psikiatria modernoa, psikofarmakologia, psikologia esperimentala, genetika psikiatrikoa, estatistika matematikoa, ingurumenaren fisika[4] eta soziologia modernoa. 1.000 bat ikaslek lortzen dute doktore-titulua urtero eta doktorego-ikasleen heren bat atzerritarra da.[5][6] Ikaslego osoaren % 20 atzerritik dator, 130 herrialdetatik.[7]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1378ko Mendebaldeko Zismari esker, Heidelbergek, Palatinatuko hiriburuak, unibertsitate propioa izateko aukera lortu zuen.
Mendebaldeko Zisma Gregorio XI.a aita santua hil ondoren bi aita santu hautatu zirelako hasi zen. Frantsesek aukeratutakoa Avignonen bizi zen; italiarrek aukeratutakoa, berriz, Erroman. Alemaniako buruzagi laiko eta erlijiosoek Erromako aita santuari adierazi zioten babesa, eta horrek ondorio larriak izan zituen Parisko ikasle eta irakasle alemanentzat: soldata kendu zitzaien eta alde egin behar izan zuten.
Rupert I.ak aukera bat ikusi zuen eta Erromako kuriarekin hitz egiten hasi zen. Aita santuaren bulda bat lortu zuen unibertsitate bat sortzeko; ondoren, 1385eko urriaren 23an, Urbano VI.aren baimena lortu zuen ikasketa orokorren (latinez, studium generale) eskola bat sortzeko. Unibertsitatea sortzeko azken erabakia Rupert I.ak hartu zuen, 1386ko ekainaren 26an. Buldan adierazi zen unibertsitatea Parisko Unibertsitatean oinarrituko zela eta lau fakultate izango zituela: filosofiakoa, teologiakoa, zuzenbidekoa eta medikuntzakoa.
1386ko urriaren 18an meza berezi bat ospatu zen Heidelbergeko Espiritu Santuaren elizan, unibertsitatearen sorrera ospatzeko. Hurrengo egunean eman ziren lehen eskolak. Heidelberg Alemaniako unibertsitate zaharrena da. 1386ko azaroan hautatu zuen lehen errektorea. Unibersitatearen lema semper apertus zen ("ikaskuntzaren liburua beti irekita dago"). Ikaslegoa asko hazi zen eta 1390eko martxorako 185 ikasle zeuden jada.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «2 German universities named among the 20 best in Europe» IamExpat in Germany 2024-07-15 (kontsulta data: 2026-03-04).
- ↑ «Alle Studienfächer - Universität Heidelberg» www.uni-heidelberg.de (kontsulta data: 2026-03-04).
- ↑ «Heidelberg University Nobel Laureates - Heidelberg University» www.uni-heidelberg.de (kontsulta data: 2026-03-06).
- ↑ «Fakultät für Physik und Astronomie» www.physik.uni-heidelberg.de (kontsulta data: 2026-03-06).
- ↑ (Ingelesez) «Graduate Academy of the University of Heidelberg» graduateacademy.uni-heidelberg.de (kontsulta data: 2026-03-06).
- ↑ «Rhein-Neckar-Zeitung im Web - Regional: Metropolregion» www.rnz.de (kontsulta data: 2026-03-06).
- ↑ Press Office, Michael Schwarz. «University of Heidelberg» www.uni-heidelberg.de (kontsulta data: 2026-03-06).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Webgune ofiziala (Alemanez)
| Artikulu hau hezkuntzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |