Enpirismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
John Locke, filosofo enpirista nagusietako bat.

Enpirismoa ezagueraren iturri bakar edo nagusitzat esperientzia hartzen duen ezagutzaren teoria da, bereziki Aro Modernoan eta Erresuma Batuan garatu zena. Filosofiako joeratzat, enpirismoak dio subjektua baino garrantzitsuagoa dela objektua, eta ezagutzen den guztia esperientziaren emaitza dela dioen teoria.

Enpirismoaren arabera, a priorizko arrazoiketan oinarritutako ezagutza, edota ez da, izan, edota egia «analitiko»etara mugatzen da; egia horiek ez dute edukirik, eta adierazteko erabiltzen diren hitzen esanahiak ematen die balioa. Hortaz, logikaren a priorizko balioa eta zientziazko edukia elkartu nahi dituen metafisika ezinezkoa da. Orobat, ezinezkoa da metodo arrazionala, arrazoibidez lortua; munduaren nolakotasuna ezin da arrazoi edo hausnarketa hutsaren bitartez aurkitu.

Ezagutzaren teorian, enpirismoaren aurkako teoria arrazionalismoa izan da; bi joera horien artean, kontzeptuak sortzezkoak ala ikasiak ote diren izan da eztabaidagai nagusia.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar, enpirismoaren aldeko filosofo nagusiak anglosaxoiak izan dira: Gilen Ockhamgoa (XIV. mendea), Francis Bacon (XVI. mendea), John Locke (XVII. mendea), George Berkeley (XVII-XVIII. mendeak), David Hume (XVIII. mendea), John Stuart Mill (XIX. mendea) eta Bertrand Russell (XX. mendea).

Beste enpirista talde bat, anglosaxoien tradiziotik kanpokoa, Vienako Zirkuluko positibista logikoena da. Horien ustez, baiezpen metafisikoek ez dute zentzurik, guztiz egiaztaezinak baitira.

Tesiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Esperientzia ezagutzaren hasiera, baliabidea eta muga da. Ondorioz:
    • Ezin ditugu ziurtasun osoz metafisikaren objektuak ezagutu (Jainkoa, Ni, Kanpoko mundua), ezta zientziatzat hartu ere, inoiz ez ditugulako errealitatetzat sumatu.
    • Jaiotzetiko ideien existentzia ukatzen dute enpiristek.
  • Egia eta gezurraren artean bereizteko aukera ematen diguna, datu hautemangarriak dira.
  • Arrazoiak berez ezin du ezagutzarik sortu, esperientziatik sortutako datuak behar dituelako.
  • Pentsamendua esperientziaren bidetik sortutako ideien konbinazioa da.
  • Jasotzen ditugun inpresio guztiak aldakorrak dira, eta hortaz, egiaztatu beharrekoak.

Metafisika enpirikoan, kontingentziaz lotutako gauzaki multzoa da mundua; gauzaki horiek, beharrez baino areago, erregulartasunez elkartzen dira, eta ez dute loturarik gizakiaz gaineko arrazoi edo patuarekin. Ikuspuntu horren arabera, loturak aztertzen ditu zientziak eta, antzemandako erregulartasunetan oinarrituta, aurretiazko iragarpenak egitea du helburu. Areago, baliozko iritziek ez dute lekurik zientzian, ikerlariaren zaletasun subjektiboak izaten baitira.

Enpirismoaren eraginak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpirismoak, besteak beste, nominalismoaren tesietan izan du eragin handia; nominalismoaren arabera, osotasunak, bere ataletatik sortutako errealitatea baino ez du.

Filosofiaren alorretik kanpora, enpirismoak garrantzi handia izan du medikuntzan betidanik, esperientzian oinarrituriko zientzia den neurrian. Galenoren garaiak arte eragin handia izan zuen Alexandriako medikuntza eskolak (K.a. III. mendetik aurrera), ildo honetatik abiatu eta sendagintzaren aurrerapena oztopatzen zituzten aurreiritzi eta ideia metafisikoak baztertzen saiatu baitzen.

Enpirista ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Enpirismo Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]