Euri-uren kudeaketa jasangarri
Euri-uren kudeaketa jasangarriak euri-urak kudeatzeko hiri-eremuan erabiltzen diren azpiegitura eta moduak dira; batez ere uraren infiltrazioa bultzatu eta lur gaineko jariatze-ura murrizten dutenak. Helburu nagusia jatorrizko kudeaketa naturaletik hurbiltzea da, uraren zikloa oztoporik gabe egin dadin, eta euri-urek estolda-sarea erabili ez dezaten.
Terminologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sistema horiek oso anitzak diren arren, herrialdearen edo eremu geografikoaren arabera izen ezberdinak erabili ohi dira: SUDS ('Sustainable Urban Drainage Systems' edo 'Sistemas Urbanos de Drenaje Sostenible'), BMP (Best Management Practices), LID (Low Impact Development) controls, eta abar.
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egungo Hiri drainatze Sistema Jasangarrien barruan dauden teknika desberdinak hainbat eratan sailka daitezke. Sailkatze erarik erraz eta ohikoena bi azpitalderen bidez egitea da. Lehenengo banaketa, neurri estrukturalen eta neurri ez estrukturalen artekoa izango litzateke:
- Neurri ez estrukturalak: Neurri hauen helburua isurketa murriztea, kutsadura saihestea eta prezipitazioetatik eratorritako uraren kudeaketa hobetzea da, horretarako drainatze sarean inolako esku-hartze zehatzen bat burutu beharrik gabe. Neurri nabarmenenak hurrengoak dira: heziketa programak, herritarren programa parte-hartzaileak, produktu kutsagarrien erabilpenen kontrola (belar-pozoia eta antzekoak), mantenimendu programak, obretan arreta handitu sedimentuen herrestatzea ekiditeko, eta abar. Infiltrazioetan duten eraginei dagokionez, neurri hauek ez dute eraginik prezipitazioetatik eratorriko infiltrazioetan. Aldiz, neurri ez estrukturalek gizakion jardueragatik eragindako infiltrazioak nabarmen murritz ditzakete, gizakion ohiko ekintzak eta pentsaerak aldatu eta guztion artean kontzientziazioa handitzea lortzen baldin badute. Horri lotuta, neurri horiek beste pertsonen jarreren esku daudenez, oso zaila da horien benetako eragina aurreikustea, faktore soziokulturalen menpe baitaude.
- Neurri estrukturalak: Neurri hauen helburua prezipitazioetatik eratorritako ura kudeatzea da, eraikitze elementuren bat erabiltzen duen edota ad hoc irizpide urbanistikoen erabilera suposatzen duen esku-hartze baten bidez. Neurri estrukturalek infiltrazioetan duten eragina ondo aztertzeko, bigarren sailkapen bat egiten da talde honen barruan. CIRIA erakundeak aurretik aipatutako neurri estrukturalentzat hurrengo sailkapena ezartzen du: Infiltrazio teknikak, filtrazio teknikak, euspen teknikak, gelditze teknikak eta landarediaren erabilpenean oinarritutako teknikak edo tratamendu teknikak.
Teknikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Teknikak edo sistemak ugariak dira, eta bakoitzak bere berezitasunak ditu: teilatu berdeak, zoladura iragazkorrak, eta abar.
Neurri estrukturalek osatzen duten tekniken sailkapena bakoitzaren eginkizun nagusian oinarritzen da, baina badira eginkizun nagusitik aparte, beste erabilpen sekundarioak dituzten teknikak ere. Infiltrazioak aztertzeko, infiltrazioa funtzio nagusia duten teknikak (infiltrazio teknikak) azalduko dira. Sailkapen generiko bat dela aipatu beharra dago, izan ere, edozein teknika motaren diseinuan aldakuntzaren bat eginez gero, beste eginkizun bat lehenetsi ahalko du.
Infiltrazioa prozesu nagusia duten teknikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euri-uren kudeaketa jasangarrien infiltrazioei dagokienez, gordetako ura berrerabili edo lurzoruan infiltratutako da, elementu estrukturalak erabiliz. Hau zoruaren jariatze mugimendu bertikalarentzat mesedegarria izango da, akuiferoen birkarga lagunduz.
Teknika hauek, izenak berak azaltzen duenez, infiltrazioetan oinarritutako teknikak dira. Infiltrazioa era egokian gerta dadin, tokiko lurraren ezaugarriez jabetzea beharrezkoa, hala nola, lur mota, iragazkortasuna, maila freatikoaren kokapena eta infiltratutako uren eragina. Hori dela eta, azterketa geotekniko zein hidrologiko oso bat burutzea beharrezkoa da. Bestalde, sistema mota hauek, gutxienez eraikin edo errepide batetik 5 m urrun eraiki behar dira, uraren infiltrazioek egitura hauen zimentazioan kalterik ez eragiteko. Gainera, maila freatikora arte dagoen distantzia, guneko lurpeko uren babes mailarekiko egokia dela egiaztatu behar izaten da.
Infiltrazio teknika burutzeko aukeratutako lekuan lurraren iragazkortasuna oso baxua bada, maila freatikoa gainazaletik oso hurbil baldin badago, edo asetutako lurraren egonkortasuna oso baxua baldin bada, ez litzateke batere gomendagarria bertan infiltrazio teknika bat burutzea. Arazo hauei aurre egiteko alternatiba egokiena larrialdietarako lurrazpiko hustubide bidezko drainatze diferitua litzateke, soilik jatorrian infiltrazio sistemak erabiliz. Teknika hauek, nahiz eta infiltrazioa izan, eragin sekundarioa dute eginkizun nagusiarekin konparatuz.
Infiltrazio teknika nagusienak hurrengoak dira:
Gainazal iragazkorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urak gainazal iragazkorra zeharkatzen du, beheko geruzara heldu arte. Gainazaleko geruzak filtro moduan lan egiten du, eta beheko geruzak, biltegi gisa. Bi geruza hauek gainazalean ematen den jariatzea garbitu eta biltegiratzen dute, saneamendu sarean ematen diren punta emariak eta kutsadura murriztuz. Infiltratutako ura lurpean biltegiratzeaz gain, erabilera ez edangarrietarako ponpa daiteke. Teknika hau 4 hektarea baino txikiagoko azaleratan erabil daiteke, eta malda ez da inoiz % 2-5 baino handiagoa izan behar. Maila freatikoraino dagoen distantzia 1,2 metro baino handiagoa izan behar da eta zoruaren infiltrazio gaitasuna edo infiltrazio abiadura 1,2 mm/ordu baina handiagoa.
2 motako gainazal iragazkor bereizten dira:
- Gainazal porotsuak: Ura gainazal osotik infiltratzen da, zeina asfalto iragazkorrez, hormigoi iragazkorrez edo mallatze sistema batez osotua egon daitekeen.
- Juntadun gainazal iragazkorrak: Gainazala material iragazgaitzez osatuta dago, baina material horren instalazioan edo diseinuan zuloak edo junta hutsak txertatzen dira, ura bertatik pasa ahal izateko. Hormigoiz edo zeramikazko galtzada-harrietan esaterako, zulo horiek material iragazkorrez beterik daude, legarrez adibidez, infiltrazioa ahalbidetzeko.
Infiltrazio putzuak eta zangak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Teknika hauek aldameneko azalera iragazgaitzetatik datorren jariatzea biltzen eta behin behienerako lurpean biltegiratzen dute, ondoren ura lur naturalean infiltratu ahal izateko. Ura biltegiratzeko, 1 eta 3 metro arteko sakonera duten putzuak, zangak edo lubakiak induskatzen dira, eta infiltrazioa ahalbidetzen duten material granularrez betetzen dira. Sistemaren sakonerak 48 ordu baino azkarrago biltegi osoaren hustuketa ahalbidetu beharko du, segidako ekaitzei aurre egin ahal izateko. Infiltratutako ur kopurua biltegiratze sistemaren araberakoa da, baina batez ere, egituraren azpian dagoen lur naturalaren infiltrazio potentzialaren menpekoa da.
Infiltrazio putzuak eta zangak eraikitzeko erabiltzen den zoruaren infiltrazio abiadura 12 mm/orduko baino handiagoa izan behar da eta ezin da lohiz betetzea eragiten duen buztinez osatuta egon. Teknika hau azalera txikietan erabili ohi da, 2 hektarea inguruko azaleratan, eta maila freatikora arte dagoen distantzia 1,2 metro baina handiagoa izan behar da. Zangaren oinarriaren luzetarako malda ez da inoiz % 3 baino handiagoa izaten, ahal izanez gero, malda horizontal mantenduz, infiltrazio azalera handitzeko. Bestalde, inguruko landarediak infiltrazioaren eraginkortasuna handitzen du, jariatze abiadura murrizten duelako eta lurraren porositatea mantentzen eta hobetzen duelako.
Infiltrazio biltegiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Infiltrazio biltegiak aldameneko azaleratan sortzen diren jariatze-urak biltegiratzeko lurrazalean dauden sakonuneak edo sakonera gutxiko urtegiak dira. Ura biltegiratu ostean, pixkanaka lurrean infiltratzen da. Teknika hauen helburua gainazaleko fluxua lurpeko fluxu bihurtzea da, infiltrazioaren bidez gai kutsakorrak ezabatuz. Infiltrazio biltegiek infiltrazio putzu eta zangak baino ur bolumen handiagoak gordetzeko diseinatzen dira. Biltegiaren altuera sistema osoa 48 ordutan husteko diseinatu behar da, hustuketa infiltrazio bidez zein kontrolatutako elementu batez gauzatuz, nahi den laminazioa sortuz.
Teknika hauek era egokian lan egiteko, drainatze azalera 10 hektarea baino txikiagoa izatea gomendatzen da, eta maila freatikorainoko distantzia 1,2 metro baino handiagoa izan behar da. Biltegiko oinarriaren luzetarako malda horizontal mantendu behar da eta malda % 15 baino handiagoa duten lekuetan ez dira inoiz instalatu behar, sarrerako eta irteerako koten arteko diferentzia 90 zentimetro ingurukoa izanik.
Onurak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gure inguruan eragiten dituzten onura guztien artean, esan dezakegu aipagarrienak edo interesgarrienak bi direla; hirietan isurtzen diren uren kalitate eta kantitatearen kontrola zehatza izan dadin laguntzen digute. Esan beharra dago aurreko biez gain, isurtze uren hiri-drainatze sistemek gure gizartean eta ingurugiroan eragin zuzena dutela. Adibidez, haiei esker gure hirietan gune publiko naturalen presentzia segurta dezakegu besteak beste, gainera bide batez hirien itxura estetikoa garbituz. Hala ere, horrez gain esparru hidrologiko, ingurumen, ekonomiko eta paisajistikoan ere eragina dute.[1][2][3]
Hidrologikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arlo hidrologikoari dagokionez, argi dago drainatze sistemek euren helburu nagusia (pilatu daitezkeen isuri-uren ateratzea) betez gero, uholdeengan eragin zuzena dutela. Era horretan hiritarren segurtasuna bermatzen dute ur isurtze handien aurrean, hirietako edozein gunetan uholdeak suertatzeko aukera nabarmen gutxituz edo desagerraraziz. Bide batez, leku askotan gertatzen diren lehorteei aurre egiteko baliabide izan daitezke. Esandako moduan eurite garain isuritako uren alperrik galtzea sahiets dezakete, euri urak biltegietara bideratuz; gero, aro lehorretan beharrezko den uraren eskariari arpi eman ahal izateko. Beste herrialde batzuetako erreserben beharra izan barik edota teknika konbentzinal garestiera jo gabe, ur gazien gatzgabetua buru daiteke, esate baterako.
Beste alde batetik, gure errepide eta hiri handietan zementuz, asfaltoz edota beste edozein material iragazgaitzez estalitako gune zabalak ugariak dira, eta hauek euri uren infiltrazio naturala oztopatzen dute, ur erreserbei begira oso garrantzitsuak diren errekarga zonak txikituz edo guztiz estaliz. Drainatze sistemek, hiriguneetan dauden ur korronteen fluxuen mantenua eta berriztapena errazten dute. Lur azpiko akuiferoen errekarga jarraia mantenduz, askotan akuiferoen errekarga denbora milaka urteetako izan daiteke eta beharbada hasiera batean errekarga ur fluxua “moztean” epe laburrean, ez dugu inongo arazorik sorrarazten, baina epe luzera begiratuz, eragindako kalteak izugarriak izan litezke. Beraz, isuri-uren infiltrazioa erraztuz, ur errekurtsoen luzapena eta mantenua ziurtatzen dugu, gero edozein momentutan uraren beharra izanez gero ur hori erabiltzeko gai izan gaitezen.
Ingurumenean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Drainatze sistema jasangarriek ingurumenarekin bat egiten dute; hauek ez baitute inongo kutsadurarik eragiten eta esandako moduan jasangarriak baitira; hau da, ez dute baliabide naturalik xahutzen. Bestalde, ingurumenarekiko egokiak izateaz gain, isuri-uren kalitatea hobetzen dute, euria egitean isuri-urek zikintasuna batzen baitute euren ibilbide hidrologikoan. Drainatze sistema hauek filtro eran jokatuz, gehienetan gizakion eraginari esker euri-urak batu dituen ezpurutasunak (olioa, gasolina, agente kimikoak...etb) pilatuz. Horrela, isurtze urak akuiferoetako bidean, lurazpian infiltratu baino lehen, garbituz. Eta bide batez, giza eragina gutxiagotzen da isuritako uren zikloan; lurpezatze prozesua ez dutelako oztopatzen, aurreago aipatutako moduan, asfaltoak eta honelakoek egiten duten gisara lurzorua iragazgaitz bihurtuz. Bestalde, akuiferoen errekarga naturala bultzatzean, ur zikloan gune urbanoek suposatzen duten oztopoa gutxitzean, biltegi natural hauen errekarga egiteko giza tekniken aplikazioaren murrizketa ematen da, hauek askotan ingurumenean eragiten dituzten ondorio kaltegarriak saihesten lagunduz.
Hirietan askotan “bero uharte” izeneko efektu bat ematen da. Eraikin pilaketa dela eta, hormigoia, hormigoi armatua eta beroa xurgatzen duten beste material batzuen erabilera masiboaren ondorioz, hirien erdialdean tenperatura igoera nabarmena ematen da. Fenomeno horri aurre egiteko eta gune urbanoetan erosotasuna handitzeko parke naturalen sorrera beharrezkoa da. Hauek euren baitan drainatze sistemak dituztelarik bero efektua gutxitzen laguntzeko.
Ekonomian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uren drainatzeak badu gure ekonomoarekiko eraginik. Adibidez, aipatutako moduan, drainatze sistemen agerpenak gune naturalen sorreran laguntzen du; askotan gune urbanoetako estetika eta berarekin batera balioa handituz. Leku hauek askotan parke-naturalak izatera hel daitezke, gune urbanoetan hiriari beste aire bat emanez. Baita, gune urbano berrien eraikuntzan, estolda saila berriak eraikitzea beharrezko izaten da, hauek eraikitzek suposatzen duten gastua drainatze sistemek merketzen dute; estolda saila sinplifikatzen baitute eraikuntza prozesua arinduz eta erraztuz.
Beste alde batetik, gune urbanoetako segurtasuna bermatuz, hau da, uholdeak eta honelakoak gutxitu edo kentzean, hondamendi hauek eragiten dituzteen gastuak desagertzen dira. Gainera, araztegien erabilpena murrizteko gai dira, hauek dituzten energia gastu izugarriak gutxituz. Drainatzeak filtro moduan funtzionatzean isuri-uren garbiketa errazten dute, drainatze sistema jasangarriak depuradoren estiloko sistema konbentzionalen aldean oso merkeak direlarik, eraikuntza eta mantenu sinplea dutelako. Aurrerago aipatu moduan, euri urak baliabide erabilgarri izatera pasatzean, kaptazio hidraulikoak egiteko obren beharra txikitzen da, beraz hauek suposatzen duten gastua murrizten da.
Sozio-ekonomikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azkenik arlo sozio-ekonomikoan, argi dago gune urbanoetan gerta daitezkeen ur arrisku egoerei dagokionez, abantaila handi bat dela drainatze sistemen presentzia izatea. Berriz ere, esandako moduan hiritarren segurtasuna bermatzen baitute, uholdeak sahiestuz. Are gehiago, estolda-sail falta dagoen guneen garapena bultzatzen dute, edifikazioa hazkunde handiko gune urbanoetan, auzo berrietan, oso lagungarriak dira. Hazkuntza prozesuan dauden ingurune urbanoetan bereziki onuragarriak dira, zona hauek askotan ez baitituzte estolda-sail behar bezain handiak, urteko aldi jakin batzuetan, eraikuntza berriak direla medio, gerta daitezkeen isuri-uren hazkunde handiei aurre egiteko. Askotan, auzoetako drainatze sistemak disenaitzerakoan ez dira kontuan hartzen etorkizunean inguruan sor daitezkeen eraikinen isurketak, eta hauek arazo bihurtzen dira. Esan dezakegu kasu horietan drainatze sistemek “koltxoi” eran jokatzen dutela eurite egun puntualen aurrean. Aldiz, batzuetan hauen mantenu periodiko bat egin beharra dago. Isurite uren drainatzea egitean; askotan urarekin batera ezpurutasun asko heltzen dira filtrazio zonaldeetara. Ezpurutasunek, uraren bidea oztopa dezakete, eta hasiera batean sistemaren funtzioa zena; nekazal gune, hirigune edota errepideetan, gune topografiko baxuetan, pila daitezkeen isurite uren ateratzea eteten dute. Depresio topografikoko zonaldeak berriz ere arriskutsu bihurtuz. Fenomeno hau dela eta, drainatze sistemek mantenu kostu bat dute, euren errendimendua ahalik eta handiena izan dadin.
Amaitzeko, aurrean aipatutako dena laburbilduz, argi dago hiri drainatze sistemek gure inguruginoan duten inpaktua oso positiboa dela. Euren presentzia sumatu ez arren, euren funtzioa ezinbestekoa da hiriguneen jasangarritasuna, segurtasuna, ekonomia, erosotasuna, etab. bermatzeko. Gainera, drainatze sistema hauek zuzeneko eta zeharkako onura asko eragiteko gain baldin badira ere, jasangarriak izanez gero euren balioa asko handitzen da. Ingurugiro arloan gehienbat, ez dutelako inongo baliabiderik xahutzen, eta arlo ekonomikoan, aurreztutako baliabide horiek beste gauza batzuetan inbertitu daitekeelako. Aldiz, mantenu kostuak izan arren, hauek ez dira ezer horren truke eskuragarri ditugun abantaila guztiekin alderatuz.
Infiltrazioan duten eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Infiltrazioa prozesu hidrologiko bat da, zeinen bitartez likido bat ingurune solido baten hutsuneetan sartzen den, ingurune edo lurzoru hau asetu arte. Momentu horretan lurzoruak ezin du ur gehiago xurgatu eta azaleko isurketa gertatuko da.
Gaur egungo hirietan euri urak arazoak sor ditzake orain arteko urbanizatzearen kudeaketa dela eta. Kaleetan erabilitako bidezoruek eta eraikinek lurzoruaren gainean geruza iragazgaitz bat osatzen dute, infiltrazioak murrizten eta azaleko isurpenak handitzen dituena. Infiltratu ezin den ur emari honek hirietako drainatze sistema konbentzionalak gainkarga ditzake eta mota askotako arazoak sortu, hala nola, ekonomikoak, ingurumen-arazoak eta sozialak.
Arazo ekonomikoen artean hurrengoak nabarmen ditzakegu:
- Gero eta ur bolumen handiagoak kudeatzeko drainatze azpiegitura diseinatu eta eraiki beharra.
- Drainatze azpiegitura eta haie lotutako instalazioak mantentzearen kostua.
- Uholdeak eragindako kalte materialen kostua.
- Giza galerak.
Ingurumen-arazo nagusiak hurrengoak izango lirateke:
- Hiri inguruan uraren zikloa etetea, uraren infiltrazio eta garbiketa naturalen mekanismoak deuseztatuz.
- Hiri barneko kutsadura fisikoa eta kimikoaren handiagotzea, baita hiritik isuritako urak jasotzen dituzten ekosistema naturaletan ere.
- Ibilguen higaduraren handipena eta ekosistemen galera.
Azkenik arazo sozial nagusiak hurrengoak dira:
- Herritarren segurtasunik eza prezipitazioen handien aurrean.
- Hiri barneko zerbitzuak oztopatzea, drainatze sistemaren gainkarga dela eta.
- Estetikarik eza urak inguruan duen eragina dela eta.
- Euri ura baliabide gisa erabiltzeko aukeraren galera.
Euri urak dakartzan kalte ekonomiko, material eta pertsonal gehienak uholdeekin zuzenean erlazionatuta daude. Azken urteetan, gizakiak lurraldean garatutako eraldaketak uraren ziklo hidrologiko naturalen aldaketa bat suposatu du. Prozesu honetan landare-estaldura galdu egin da eta bere tokian gainazal iragazgaitzak jarri dira. Modu honetan, kontzentrazio denbora, hots, ur tanta batek arro baten puntu urrunenetik arroaren irteeraraino joateko behar duen denbora, murriztu egiten da, euri ur gehiena gainazaleko isuri bihurtuz.
Denbora laburrago horretan sortutako puntako emariari aurre egiteko gero eta drainatze azpiegitura gehiago eta handiagoak eraikitzen dira, ekaitz-andela handiagoak adibidez. Baina hala ere, hirigintza-garapen berrietan gainazal iragazgaitzak handitzen jarraitzen du, azpiegitura berri hau gainkargatzeko arriskua berriro areagotuz.
Arroa handiegia bada, isurketa handi eta puntual hauei aurre egiteko metro batentzako tunelak edo antzeko kolektoreak eraiki beharko lirateke, eta hori ur zikinen saneamenduaren ikuspuntutik guztiz gaindimentsionatuta dago. Gainera uholde urak ondo kudeatzen ez badira, ura bere drainatze ibilgu naturaletatik mugitzen da eta uholde eremu naturaletan pilatzen da, jada han eraikinak dauden ala ez kontuan hartu gabe.
Gainera isurketa hauek gainazal iragazgaitzen gainean dagoen zikinkeriak (hautsa, olioak, erregaiak, etab.) ibilguan behera mugitzen dituzte, ingurumena kutsatuz. Gertakari honi “first flush” edo lehengo garbiketa bezala ezagutzen da. Garbiketa hau gertatu den ostean urak higaduraren bidez sortutako hondakinak mugituko ditu abiadura handiz, hala nola, zaborra, adarrak, eraikuntza materialen zatiak, etab.
Euri ur, edo ur gris hauek saneamendu sistemetara drainatzen dira, ur zikinak izatera pasatuz eta beraz araztu egin behar dira. Horren eraginez, euri askoko garaietan drainatze sistemen eta araztegien gaitasunak gainditzen dira, eta sisteman kalte handiagoak saihestearren araztegiei eta ekaitz-andelei gainezka egiten uzten zaie. Isurketa hauei CSO (“combined sewer overflows”) edo “sistema unitarioen deskargak” izendatzen dira eta ingurunerako oso kaltegarriak dira, gainazal isurketak bidetik bildutako kutsatzaileak ez ezik estolderiatan zeuden sedimentuak ere garraiatzen dituelako.
Ikusi dugunez, gaur egungo hirietan lurrazalaren iragazgaiztasuna arazo larria da. Horregatik, SUDS-ak (sustainable urban drainage systems edo "hiri-drainatze sistema jasangarriak") uraren ziklo naturala mantentzen laguntzen dute hiriguneetan. Horretarako gainazal iragazgaitzak geruza iragazkor batekin aldatu egiten da, uraren infiltrazioa hobetzeko.
Ura era eraginkorrean infiltratzeko, infiltrazioetan oinarritutako SUDS-etan, lurzoruaren gainazaleko geruza eta lurrazpiko geologia iragazkorrak izan behar dira. Adibidez, legarrak eta harea lohiak eta buztinak baino iragazkorragoak dira. Gainera arroka porotsuek ur gehiago biltegira dezakete haien barruan. Hala eta guztiz ere, ur honek maila freatikoa igo dezake denboraldi baterako arrokaren poroak bete ahala. Horregatik asegabe dagoen geruzak ur berria egokitzeko lodiera nahikoa izan behar du.
Normalean ur kantitate txikiak lur barnera isurtzea metodo eraginkorra da gainazaleko ura murrizteko. Baina lurrazpiko geologiaren arabera isurketa hauek lurzoruaren egonkortasuna kalte dezakete edota uraren kalitateari eragin. Arazo hauen artean hurrengoak aipa ditzakegu:
- Lurzoruan hutsuneak sortzea edota zonalde batzuk hondoratzea arroka eta mineralak uretan disolbatzeagatik.
- Mendi-hegalean ur gehiegi pilatzea, lur-jausi baten arriskua areagotuz.
- Uraren pisua lurzorua konprimitu dezake eta honek hondoratu daiteke presioa altuegia bada.
- Uraren kalitatea murriztu daiteke infiltratutako ura kutsatuta badago.
Azken puntu honi aurre egiteko infiltrazio zangak erabil daitezke. Zanga hauetan ura filtra daiteke eta haien barruan biltegiratu lurrean infiltratzen den bitartean. Sistema hauek zenbait abantaila dituzte:
- Zangaren inguruan drainatze sistema konbentzional txikiagoak erabiltzea aukera ematen dute, edo kasuaren arabera, ez da drainatze konbentzionalik behar.
- Gainkarga gertatzekotan ez du mantentze asko behar.
- Uholdeen arriskua murriztea.
- Gainazaleko uraren kutsadura murriztea.
- Lurrazpiko uraren birkargatzea ahalbidetu.
- Ondo moldatzen dira eremu urbanoetara.
Gainera sistema nahiko merkeak dira, funtsean, zanga bat eraikitzeko lur mugimenduak, birrindutako arroka eta geotextil bat baino ez dira beharrezkoak. Hala ere, denboraren poderioz, zangak sedimentu finez bete daitezke, haien infiltrazio eta ura biltegiratzeko ahalmena murriztuz. SUDS mota hauek eremu berdeak baino azkarrago infiltra dezakete euri ura. Eremu berdeen lurzorua tamaina guztietako partikulaz osatuta dagoenez poroak denbora gehiagoz gorde dezakete ura, bestalde, SUDSan erabilitako legarrak eta hareak geruza oso iragazkorra osatzen dute eta honek ura bere barnean denbora luzez mantentzeko ahalmen gutxiago du. Hori dela eta, intentsitate handiko eurite batean zonalde berdeak azkarrago asetuko dira, gainazaleko isurketak sortuz.
SUDSak ibai batera zuzenean konektatuta dagoen akuifero batean deskargatzen badute, infiltrazio abiaduraren eta maila freatikoaren arabera, SUDSen eraginkortasunean eragina izan dezake. Euria azkar infiltratzen bada akuiferoa gainkarga daiteke eta honek ibaian deskargatuko luke, haren emaria handituz. Baina ibaiaren maila jada altua bada akuiferoaren maila ere handitzen da, eta maila freatiko altuago batek esan nahi du ezin dela hainbeste ur infiltratu eta beraz SUDSen eraginkortasuna murrizten da. Maila freatiko sakonera txikian kokatuta badago, akuiferoaren maila gehiegi handitzeak SUDSak gainezka egitea suposa dezake. Beraz, hau kontuan hartu behar da drainatze sistema diseinatzerako orduan. Geotextil geruzak lurpeko uraren konposizio kimikoa egonkor mantentzen laguntzen du, baina gainazaletik gertu dauden akuiferoetan, SUDSak mantentzeko erabilitako produktu kimikoek eragina izan dezakete.
Laburbilduz, SUDSek euriteetan uholde baten arriskua murrizten dute, ura lur-azpira infiltratuz eta drainatze konbentzionalen lan karga murriztu, gainera kutsatzaileak filtratzen dituzte. Baina kontuan izan behar da ez dutela denboran eremu berdeak bezainbeste ur metatzen, lurrazpiko isurketak azkartuz, eta ezin dira edozein lekutan kokatu inguruko geologia ezagutu gabe. Hala ere drainatze sistema konbentzionalak baino merkeagoak eta sinpleagoak dira eta beraz oso gomendagarriak hiri eremuetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) GAZPIO, Juan. (2015-10-30). «Beneficios de los sistemas urbanos de drenaje sostenible (SUDS)» iAgua (Noiz kontsultatua: 2020-10-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Beneficios de los SuDS» SuD Sostenible 2015-03-11 (Noiz kontsultatua: 2020-10-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) BENEFICIOS DE LOS SISTEMAS URBANOS DE DRENAJE SOSTENIBLE (SUDS) – Helecho. (Noiz kontsultatua: 2020-10-09).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Sud Sostenible.Tipos de Sistemas Urbanos de Drenaje Sostenible Noiz kontsultatua: 2020-11-07.
- (Gaztelaniaz) Sud Sostenible.Tipología de las técnicas Noiz kontsultatua: 2020-11-07.
- (Gaztelaniaz) Sud Sostenible. Medidas no estructurales Noiz kontsultatua: 2020-11-07.
- (Gaztelaniaz) Sud Sostenible. Medidas estructurales Noiz kontsultatua: 2020-11-07.
- (Gaztelaniaz) Sud Sostenible. Pozos y zanjas de infiltración Noiz kontsultatua: 2020-11-07.
- (Gaztelaniaz) Sud Sostenible. Pavimentos permeables Noiz kontsultatua: 2020-11-07.
- (Gaztelaniaz) Sud Sostenible. Depósitos y estanques de infiltración Noiz kontsultatua: 2020-11-07.
- (Gaztelaniaz) Ciclo Hidrologico. Infiltración del agua Noiz kontsultatua: 2020-11-07.
- (Gaztelaniaz) Portal Fruticola. Infiltración del agua en el suelo. Importancia y métodos para medirla Noiz kontsultatua: 2020-11-10.
- (Gaztelaniaz) Wikipedia. Capacidad de infiltración Noiz kontsultatua: 2020-11-10.
- (Gaztelaniaz) Sañudo, L.A., Rodriguez, J., Castro, D. (2012) Diseño y Construcción de Sistemas Urbanos de Drenaje Sostenible (SUDS), E.T.S. de Ingenieros de Caminos, Canales y Puertos, Santander, Kantabria. Noiz kontsultatua: 2021-10-08.
- (Gaztelaniaz) Perales, S., Calcerrada, E., Badenes, C., Beltrán, I. (2019) Guía Básica de Diseño de Sistemas Urbanos de Drenaje Sostenible para el Término Municipal de Castellón de la Plana, Castelló de la Plana, Valentziako Erkidegoa. Noiz kontsultatua: 2020-11-07.
- (Ingelesez) Susdrain. Infiltration overview Noiz kontsultatua: 2020-11-07
- (Ingelesez) «SuDS» British Geological Survey (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
- (Ingelesez) Archer, Nicole A. L.; Bell, Rachel A.; Butcher, Andrew S.; Bricker, Stephanie H.. (2020). «Infiltration efficiency and subsurface water processes of a sustainable drainage system and consequences to flood management» Journal of Flood Risk Management 13 (3): e12629. doi: . ISSN 1753-318X. (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
- https://cdn.intechopen.com/pdfs/30388/InTech-Sustainable_urban_drainage_systems.pdf Cristiano Poleto1 and Rutinéia Tassi2 1Federal University of Technology - Paraná (UTFPR), 2Federal University of Santa Maria (UFSM), Brazil