Iragan besta biharamunean

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iragan besta biharamunean
Jatorria
Argitaratze-data1882
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
HitzakJean-Baptiste Elizanburu

Iragan besta biharamunean euskal abesti herrikoia da. Doinua V. Zubizarretarena da eta bertsoen egilea Joan Batista Elizanburu (1828-1891) saratarra da.[1] Beste izenburu hauekin ere aurkitu daiteke: Iragan festa biharamunean, Iragan besta biharamunian, Lau andren besta edo Herriko besta biharamunian.[2]

Askoren ustez Elizanburu XIX. mende osoko euskal olerkaririk handiena izan zen, sorkuntza-lanen kalitate nahiz aniztasunarengatik.[3]

Umoretik tristurara, arintasunetik sakontasunera erregistro guztiak maisuki erabili zituen Elizanburuk. Iragan besta biharamunean Jai giroko poema da guztiz: alaia, jostalaria, trufazkoa; hizkuntza ere araberakoa: bizi-bizia, azkarra, kontalariaren eta pertsonaien jardunak tartekatuz.[3][2]

Bertsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsio asko argitaratu dira.[4] Jatorrizko eskuizkribuaz gain kanta beraren zazpi edizio eta zortzi aldaera ezberdin ezarri zituen Patri Urkizuk 1992an.[5] Geroago, gutxienez beste hiru bertsio argitaratu dira: 1998an, Xabier Mendiguren Elizegi eta Koldo Izagirrek argitaratu zutena; armiarma.eus atariak Klasikoak atalean gehitutakoa; EKE Euskal Kultur Erakundearen atarikoa; eta basquepoetry.eus atariak «Euskal Poesiaren Atarian» argitaratutakoa

Guztira, hauek dira idatzizko aldaerak (kronologikoki izendatuta, azken lauak ezik):

  1. Almanaca berria edo egunaria..., Lespes, Baiona, 1882, 29-32.
  2. Baionako Euskal Erakustegiko Eskuskribua. P. 258, 14-16. 1885. Doinuarekin.
  3. Almanak Berria edo Ziberouko eta Basa-Nabarreko egunaria. Garet, Pauben, 1890, 25-28.
  4. Euskal-Erria. Donostia, 1897, T. XXXVI, 19-21.
  5. Gure Herria. Baiona, 1923. Nehor (J. Barbier) eta C. Dufau-k bildua. Aita Donostiaren harmonizazionearekin.
  6. Kantu, Kanta, Khantore. Baiona, 1967. P. Lafitteren edizioa, 223-225.
  7. A.M. Labaien, Elizanburu, bere bizitza ta lanak. Su vida y obras. Auñamendi, Zarauz, 1978, 206-208.
  8. H. X. Elosegi, J.-B. Elizanburu. Ikas, Baiona, 1991, 57-56.
  9. Mendiguren Elizegi, Xabier; Izagirre, Koldo. (1998). Euskal Literaturaren antologia. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Batxilergoa.. Elkarlanean, Ikastolen Elkartea, 52-55 or..[3]
  10. «Jean Baptiste Elizanburu: Koplak» klasikoak.armiarma.eus [6]
  11. «Euskal Poesiaren Atarian - LAU ANDREN BESTA (AMETS BAT) - Jean Baptiste Elizanburu» basquepoetry.eus[7]
  12. «Iragan besta biharamunian» Euskal Kultur Erakundea. EKE.[1]

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsoko jai-giroan lau emakume azaltzen dira, hiru neskazahar eta alargun bat. Lau emakumek mus-jokoa izango dute segur aski, eta euskal karta-joko horretan hitz egiteko gutxienez lau txanda izango dituzte jokalariek, bakoitzean aldeko apustua eginez. Bikote bakoitzeko kideek elkar isilpean komunika dezakete, ezpainekin, bekainekin eta aurpegiko bestelako keinuak eginez. Bestalde, kanta hau bitxia da, lirikoki noka erabiltzen baitu, diskurtso garaikidetik ia desagertu den emakumearenganako diskurtso mota bat.[8]

Lau andren besta, hamalau bertsoz ondutako kanta herrikoia da, 'chanson satirique' dio Barbierren aldaerak, XIX. mende bukaeraldean, zehatzago 1882. urte inguruan Joan Batista Elizanburuk sortua. Xoko batean aurkezten dizkigu lau andre, bestan, kartaketan, edanean, berriketetan eta dantzan, ohiturazko irudi honek akelarre batean ametsarazten diolarik poetari.

Bertsio asko argitaratu dira.[4] Hau da 14 bertsoen bertsio bat, oinarria Xabier Mendiguren Elizegi eta Koldo Izagirrek 1998an argitaratu zutena da.[3][6][7]

Iragan besta biharamunean,

Berek dakiten xoko batean,

Lau andre, bat alarguna, hirur mutxurdin,

bat alarguna, jarriak itzalean,

Harri xabal bat belaunen gainean,

Ari ziren, ari ziren trukean.


Zer ote duten nik jakin nahi

Pitxarrarekin bertze jaun hori;

Zorroa du biribila,

moko meharra, tente xutik egoiki

Xahako bat ote den nago ni,

Hanpatua, hanpatua ederki.


Jes! Nik oraino zer dut ikusten?

Zer hegalpean dute gordetzen?

Egoitza goxo hortarik,

burua alto, xahakoaz trufatzen,

Bihotzez azkarrago zeren den

Kuiattoa, kuiattoa ari zen.


Besta delakotz egun herrian

Apaindu dire handi-handian,

Ederki gazteen gisa panpinatuak,

        ez patxada ttikian,

Bihotz onez partidaren erdian

Irriz daude, irriz daude lorian.


Handik ximiko, hemendik irri,

Haurrak bezala jostetan ari;

Gogotik ematen dute

begi kolpe bat hegalpean den hari...

Hitz bat erran gogo diote sarri

Beharrirat, beharrirat kuiari.


Gezurrik gabe goazen, Maria,

Eman jokoan ezti-eztia;

Hurbil zan untzi beltz hori,

dezagun edan trago bat edo bia,

Bihotza dinat epeltzen hasia;

Harek zuen, harek zuen grazia!


Seira truk dira zazpietarik,

Tantoz orobat bi aldetarik.

Xahakoa eroria da,

mokoz ipurdi, naski odol husturik;

Kuiattoa han dago etzanik,

Azken hatsa, azken hatsa emanik.

Zahagiaren seme joria,

Nun duk axtiko zorro lodia?

Gaizoa, lehen birundan

Zurgatu dautek odolaren erdia!

Orai hor hago zimurrik arpegia.

Kokoriko, kokoriko jarria.


Nahiz zeraukan azken eskua,

Mariak zuen hasi gudua:

Truk, jo zan! Mariak zango,

Katixak xaldun, Marixunek hirua.

Mari-Martin, xoratu zain burua,

Lauarekin hiruaren keinua!


Hago, Maria, otoi, ixilik,

Ez dun ikusi nere keinurik.

Xorta bat edanez geroz

begiak ñir-ñir, Zer ez dun ahalkerik?

Edan nezaken azkarren hortarik,

Gatilua, gatilua beterik.


Bazakinagu, tresna makurra,

Ez dunala hik hatsa laburra.

Ez dun, ez, dionan bezala,

Horma xurgatuz biribildu muturra,

Ez eta ere gorritu sudurra

Milikatuz, milikatuz elurra!


Apo mutxurdin moko bipila,

Zeren ondoan ote habila?

Hatz badun gibel aldean,

ikusiko dun zenbat naizen abila;

Xuhur badun, hago, neska xirtxila,

Ixil, ixil, ixil, ixil, ixila!


Kartak utzirik, eta tantoak,

Han zituzten, han, gero saltoak.

Bakarrik hiruen kontra,

zer eginen du Mari-Martin gaizoak?

Nahiz izan azkar zango-besoak,

Hartu ditu, hartu ditu paloak.


Herriko besta arrats apalean

Lau gatu zahar anjelusean,

Bat mainguz, hirur saltoka,

sorginak pujes! zoatzila bidean,

Ikusi ditut nik amets batean,

Akelarre, akelarre gainean.

Bertsoaren neurria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patri Urkizuren arabera estrofak seiko nahasiak dira hots, 10A, 10A, 13-, 7a, 11A, 11A egiturakoak, bost puntu berdindunak, hirugarren bertsolerroa aske gelditzen delarik. Konbinaketa antzekorik ere aurki daiteke euskal bertsogintzan, honek bere berezitasunak dituen arren.[5]

Baina beste kontatze modua bosteko ahapaldiak eginez litzateke, orduan, bertsolerro guztiek puntu bera luketelarik, hau da: 10A, 10A, 20A, 11A,11A. Ez da harrigarri, bada, zenbait aldaeratan, simetria handitu nahi izatea eta lehen bi bertsolerroak hamaika silabadun egitea, lehentxeago Haritxelhar irakasle jaunak Urkizuri kontatu eta kantatu zion bezala.[5]

Estrofak seikoak izanda (?) Estrofak bostekoak izanda

Iragan besta biharamunean, .....................(10A)

Berek dakiten xoko bate-an, ......................(10A)

Lau andre, bat alarguna, hirur mutxurdin, (13-)?

bat alarguna, jarriak itzalean, ....................(7A)?

Harri xabal bat belaunen gainean, .......... (11A)

Ari ziren, ari ziren trukean. .......................(11A)


Zer ote duten nik jakin nahi .....................(10A)

Pitxarrarekin bertze jaun hori; ..................(10A)

Zorroa du biribila,......................................(13-)??

moko meharra, tente xutik egoiki .............(7A)?

Xahako bat ote den nago ni,.................... (11A)

Hanpatua, hanpatua ederki...................... (11A)

Iragan besta biharamunean, .....................(10A)

Berek dakiten xoko bate-an, ......................(10A)

Lau andre, bat alarguna, hirur mutxurdin,

bat alarguna, jarriak itzalean, ...................(20A)

Harri xabal bat belaunen gainean, .......... (11A)

Ari ziren, ari ziren trukean. .......................(11A)


Zer ote duten nik jakin nahi .....................(10A)

Pitxarrarekin bertze jaun hori; ..................(10A)

Zorroa du biribila,

moko meharra, tente xutik egoiki .............(20A)

Xahako bat ote den nago ni,.................... (11A)

Hanpatua, hanpatua ederki...................... (11A)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Iragan besta biharamunian» EKE (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  2. a b Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale Elkartea. «Iragan festa biharamunean - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  3. a b c d Mendiguren Elizegi, Xabier; Izagirre, Koldo. (1998). Euskal Literaturaren antologia. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Batxilergoa.. Elkarlanean, Ikastolen Elkartea, 52-55 or..
  4. a b Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Jean Baptiste Elizanbururen "Lau andren besta" - Liburutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
  5. a b c Urkizu, Patri Jean Baptiste Elizanbururen "Lau andren besta" - Euskera : Euskaltzaindiaren lan eta agiriak, 1, 37, 1992, 149-179
  6. a b «Jean Baptiste Elizanburu: Koplak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-04).
  7. a b «Euskal Poesiaren Ataria - LAU ANDREN BESTA (AMETS BAT) - Jean Baptiste Elizanburu» basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  8. (Ingelesez) April 22; Comments, 2016 | Kyle Baker |. «Sing Like a Basque: Traditional Folk Songs» Smithsonian Folklife Festival (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]