Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Joan Batista Elizanburu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Joan Batista Elizanburu
Bizitza
Izen osoa Joan Batista Elizanburu Irazabal
Jaiotza Sara1828ko abuztuaren 14a
Herrialdea  Lapurdi, Euskal Herria
Heriotza Sara1891ko urtarrilaren 2a (62 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerak gudaria, poeta eta idazlea
Lan nabarmenak Piarres Adame
Mugimendua Euskal Pizkundea
Zerbitzu militarra
Gradua kapitain
Parte hartutako gatazkak Frantzia-Prusia Gerra
Literaturaren Zubitegiko fitxa 267

Joan Batista Elizanburu Irazabal[1] (Sara, Lapurdi, 1828ko abuztuaren 14a1891ko urtarrilaren 2a) euskal idazlea izan zen, Mitxel Elizanbururen lehengusua. Labaienen eta Sarasolaren ustez, XIX. mendeko euskal poetarik onena izan zen,[2] umoretik tristurara erraz igarotzen zekiena. Olerkiez gainera, eleberri labur bat ere idatzi zuen, Piarres Adame izenekoa, 1888an Pauen argitaratu zena.

Bizitza eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lana eta alferkeriari buruzko bertxo batzuen Elizanbururen eskuizkribu bat.

Larresoroko apazgaitegian egin zituen ikasketak. Bertan, Grazian Ademaren adiskide mina egin zen[3], eta Jean Baptiste Kamusarri olerkariaren ikasle izan zen. Alabaina, apaiz ikasketak utzi eta Frantziako armadan sartu zen, kapitain mailara iritsiz. 1870ean preso hartu zuten Metzen alemanek. 1871n, Napoleon III.a menderatua izan zenean, Sarara itzuli eta Ezpeletako barrutiko bakezko juje aritu zen hil zen arte. 1891n zendu zen, 63 urte zituela.

Garai hartako Ipar Euskal Herrian bi alderdi nagusi zeuden: xuriak, erregetiarrak eta apaiztarrak, eta gorriak, errepublikazaleak eta laikoak. Elizanburu gorria zen, baina, Ibon Sarasolak dioenez, horrek ez du esan nahi kristau zintzoa ez zenik; Piarres Adameri darion ideologia, adibidez, erabat ortodoxoa baita, baina ez zuen Hiriart-Urruti baten erlijio-hertsikeria izugarriarekin, hots, izutzen duenarekin, zerikusirik.

Elizanbururen maila literarioaz Koldo Mitxelenak hauxe dio:[4]

« (Gaztelaniaz) Elissamburu es ante todo un maestro del lenguaje y un versificador de extraordinaria habilidad. De gusto muy depurado, poseía una sólida formación literaria a la francesa, tiene además una gran variedad de registros que maneja con la misma destreza. Además de la descripción burlesca (Iragan besta biharamunean) en la que fue un maestro entre tantos, cantó la belleza femenina (Maria), el amor (Aingeru bati), la nostalgia (Agur nere herriari, Chori berriketaria), la paz del campo (Nere etchea, Artzaingoa), sin que falte en su producción la nota heroica (Biba Frantzia) (...) Frente a Bilintx, evita la nota demasiado personal y atenúa cuidadosamente, aun en los momentos más dramáticos, la expresión de la angustia y del dolor sin consuelo, como se ve, por ejemplo, en la popularísima poesía Solferinoko itsua. »

Ustez Elizanbururena da, beraz, Solferinoko itsua olerki edo bertso saila, eta 1864an Anton Abadiak Saran antolatutako Lore Jokoetan bigarren saria jaso zuen. Sariketa hartara «A. Salaberry» ezizeneko autore batek aurkeztua izan zen, baina ikerle askoren arabera J. B. Elizanbururena da. Bertan kontatzen da, lehen pertsona erabiliz, Solferinoko guduan, 1859ko frantsesen eta austriarren arteko gerran, itsututako soldadu baten historia. Elizanbururen beste olerki batzuk Emazte edalea (1855), Tam, tam, tam, tam, ratapetamplan (1858), Gazte hiltzera dohana (1860), Nere etchea (1861), Apexa eta lorea (1862), Maria (1866) eta Xori berriketaria (1871) dira.

Horiez gainera, hitz lauz idatziriko kontakizun labur bat ere eman zuen argitara lapurteraz: Piarres Adame. Eleberri baten lehen zatia da. Pauen argitaratu zen 1888an. F.B. Larzabalek dioenez,[5] lehenik feuilleton baten antzera agertu zen Donibane Lohizuneko La Nivelle aldizkari gorrian, 1886. urtean, bosgarren kapituluraino. Gero, Le Réveil Basque errepublikar astekari ospetsuan. Izan ere, Piarres Adame aproposa zen atalka kaleratzeko.

Nere etxea

Ikhusten duzu goizean,
Argia hasten denean,
Menditto baten gainean,
Etxe ttipitto aintzin xuri bat,
Lau haitz ondoren erdian,
Xakur xuri bat athean,
Ithurriño bat aldean:
Han bizi naiz ni bakean.

Nahiz ez den gaztelua,
Maite dut nik sor-lekhua,
Aiten aitek hautatua.
Etxetik kanpo zait iduritzen
Nonbeit naizela galdua,
Nola han bainaiz sorthua,
Han utziko dut mundua,
Galtzen ez badut zentzua.

[...]

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olerkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errekonozimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizanbururen hilobia Sarako hilerrian

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Ibon SARASOLA (1971): Euskal literaturaren historia Lur. Zubitegia.armiarma.eus
  3. «Jean Baptiste Elissamburu», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. Koldo MITXELENA (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Zubitegia.armiarma.eus
  5. F.B. LARZABAL (1983): J.B. Elissamburu eta Oxalde, bi «gorri» in Piarres Lafitteri omenaldia, Bilbo: Euskaltzaindia, Iker 2, 323-338. Euskaltzaindia.eus
  6. «Ikusten duzu goizean. J.-B. Elizanburu» www.badok.eus . Noiz kontsultatua: 2019-04-27.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan Batista Elizanburu