Isaias Albistegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Isaias Albistegi
Bizitza
JaiotzaEibar, 1924
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia, 2006 (81/82 urte)
Jarduerak
Jarduerakhegazkinlaria

Isaias Albistegi Agirre (Eibar, 1924 - Donostia, 2006) hegazkinlaria izan zen Sobietar Batasunean II. Mundu Gerran. Gerrako haur gisa nerabe zela erbesteratu zen Sobietar Batasunera, eta 32 urterekin itzuli zen bere jaioterrira[1].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gerra Zibilaren garaian, itsasontziz Sobietar Batasunera ebakuatutako gerrako haurren taldekoa izan zen Albistegi, eta haien artean nagusienak ziren batzuk Aireko Indar Sobietarretarako trebatu ziren. Formakuntza militarra ez zuen amaitu ordea, eta hortaz ez zen gerrako pilotu izan beste haiek bezala[2]. Hala ere, garraioko planeagailu militarrak eramateko aski trebatu zen, eta lan horretan lagundu zuen gerrako esfortzuan nazien kontra. Garraioko hegaldi horiek armekin eta fronteko lerroetan gertatu zirela ere esaten dute iturriren batzuek eta, hortaz, Albistegiren gerrako parte-hartzea merituzkoa izan zela[3].

1956. urtean, gerrako umeen talde sobietar handi bat Espainiara itzuli zen, eta Euskal Herrira etorri zirenen artean Isaias Albistegi egon zen, 32 urte zituela. Harrezkero Eibarren bizi izan zen, non "rusoa" esaten zioten denek, pertsonaia popularra izan zen, Eibarko Klub Deportiboko tertulietan finkoa[4]. Errusiako abenturak kontatzeko ohitura zuen, batzuk egiazkoak, beste batzuk seguruenik fabulak, hala nola Stalinekin egon zela Kremlinean, edo Sobietar Batasuneko Heroi titulua zeukala[5]. 2006an hil zen Donostiako erietxe batean[4].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «99/22 SPASSK, MARINOS VASCOS EN EL GULAG» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2019-10-04).
  2. (Gaztelaniaz) A.D.A.R. | Asociación de Aviadores de la República. (Noiz kontsultatua: 2019-10-04).
  3. (Gaztelaniaz) «Ilyushin Il-2 Sturmovik» Foro de Historia Militar el Gran Capitán (Noiz kontsultatua: 2019-10-04).
  4. a b (Gaztelaniaz) Agirregomezkorta, Pedro. (2006). «Va por tí, Isaías» Revista Eibar (72).
  5. «Una exposición sobre los niños de la guerra se inaugura hoy en Eibar. El Correo» www.elcorreo.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-04).