Itsasoko izar gorri
Itsasoko izar gorri | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Echinodermata |
Klasea | Asteroidea |
Ordena | Spinulosida |
Familia | Echinasteridae |
Generoa | Echinaster |
Espeziea | Echinaster sepositus Retzius, 1783 |
Itsasoko izar gorria[1] (Echinaster sepositus) Ozeano Atlantikoaren ekialdean bizi den itsas izarra da. Mediterraneoan itsas izar espezie ezagunena da.
Akuarioetan aurkitzea ohikoa da, kolore gorri biziarengatik eta koralak ez dituelako erasotzen.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]A.J. Retziusek deskribatu zuen lehenengoz 1783. urtean. Asterias seposita izena eman zion hark[2]. 1840. urtean Müller & Troschel zoologoek Echinaster generoa sortu zuten[3].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]25 cm inguruko diametroa du itsasoko izar gorriak. Erdiko disko txikitik bost beso luze ateratzen dira, zilindrikoak eta puntan amaitzen direnak. 1'5 mm neurtzen dituzten arantza txikiak barreiatuta ditu, ageriko ordenik gabe, baina azpialdean lerroak osatzen dituzte. Kolore gorri-laranja du, teila kolorea gehienetan, oso bizia[4].
Azala biguna da eta guruin ugari ditu. Papula gorri ilunak (zakatzak) agertzen dituzten irekigune ugari ere baditu gorputzean zehar sakabanaturik[5][6].
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean bizi da, Britainiar uharteen iparraldetik Mauritania arteko kostaldean. Azoreetan, Madeiran, Kanarietan eta Cabo Verde uhartedian ere aurkitzen da[7]. Mediterraneo itsasoan ere zabaldurik dago, bertan itsas izar ohikoena da berez[8].
Itsas hondo hareatsu eta arrokatsuetan bizi da, bai eta Posidonia zelaietan ere. 250 metro arteko sakoneran aurkitzen da[9].
Biologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izaki bakartia da eta gutxi mugitzen denez sedentarioa da. Eguneko jarduera du[10]. Hanka anbulakralak erabiltzen ditu mugitzeko.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie haragijalea da, belakiak eta itsas zizareak jaten ditu nagusiki[9], bai eta molusku bibalbioak eta ofiurak ere[10]. Besoekin inguratzen ditu eta ondoren urdaila ateratzen du harrapakina digeritzeko. Aukera izanez gero sarraskijalea ere bada eta uretan esekita dauden detrituetaz ere elikatzen da[9]. Tarteka itsaso hondoan aurkitzen dituen landareak ere jaten ditu[10]. Besoen azpialdean dituen zilioak erabiltzen ditu elikagaiak aho zulora eramateko[5].
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie dioikoa da baina ez du sexu dimorfismorik, arra eta emea berdinak dira. Hermafrioditismo kasuren bat ikusi izan da.
Udaberritik udazkenera izaten du ugalketa sasoia[1]. Feromona baten seinaleari jarraituz arrek eta emeek aldi berean kanporatzen dituzte gametoak eta uretan ernatzen dira arrautzak. Handik larba bipinnatua jaiotzen da berehala, ur azalera igotzen da eta zooplanktonaren parte bihurtzen da. Ez du bitarteko estadiorik izaten, larba hori zuzenean izar gorria bihurtzen da eta itsaso ondora itzultzen da[9].
Itsas izarretan ohikoa den gisan, honek ere asexualki ugaltzeko gaitasuna du. Itsasoko ekaitzaren ondorioz edo harrapari baten erasoaren ondorioz besoa galtzen badu berria sortuko du eta galdutako besoak ere lau berri sortuko ditu, itsasoko izar gorri osoa bihurtuz[9]. Txinan, Japonian eta Mikronesiako hainbat uhartetan jaten dute[9].
Gizakiarekin harremana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europan ez dira elikagai gisa kontsumitzen, haragi gutxi baitu eta saponina proteinak dituelako, hauek zapore txarra ematen dute eta digestio hodia urratzen dute. Txinan, Japonian eta Mikronesiako hainbat uhartetan jaten dute[9].
Duen kolore gorri biziarengatik ohikoa da akuarioetan aurkitzea, koralak ez dituenez erasotzen oso egokia da[11].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Indonesieraz) Yumpu.com. «Donostiako Itsas Ornogabeak - adeve.es» yumpu.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ «WoRMS - World Register of Marine Species - Echinaster sepositus (Retzius, 1783)» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ (Ingelesez) «Echinaster Müller & Troschel, 1840» www.gbif.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Echinaster sepositus (Retzius, 1783)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Costas, G.. (2014-03-28). «ESTRELLA ESPINOSA ROJA - Echinaster sepositus» Ciencia y Biología (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ «Red starfish (Echinaster (Echinaster) sepositus) - MarLIN - The Marine Life Information Network» www.marlin.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) Estrella rugosa, estrella espinosa roja o estrella de mar roja (Echinaster sepositus) – Canal del Área de Tecnología Educativa. (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ Altaba, C. R.. (1991). Invertebrats no artròpodes. Història Natural dels Països Catalans, 8. Fundació Enciclopèdia Catalana, Barcelona..
- ↑ a b c d e f g (Gaztelaniaz) «Echinaster Sepositus o Estrella Espinosa Roja | Ficha, fotos y video» pecesmediterraneo.com 2019-03-31 (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Estrella roja» L'Aquàrium (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Echinaster Sepositus | Estrellas de mar | Jufor mundo animal – Jufor Mundo Animal» jufor.net (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).