Ituri
| Ituri | |
|---|---|
| Administrazioa | |
| Estatu burujabe | |
| ISO 3166-2 | CD-IT |
| Hiriburua | Bunia (en) |
| Geografia | |
| Koordenatuak | 1°50′00″N 29°30′00″E / 1.8333°N 29.5°E |
| Azalera | 65.658 km² |
| Mugakideak | Ipar Kivu |
| Demografia | |
| Biztanleria | 4.392.200 (2020ko uztailaren 1a) |
| Dentsitatea | 66,9 bizt/km² |
| provinceituri.co | |
Ituri (frantsesez: Ituri) Kongoko Errepublika Demokratikoko ipar-ekialdeko probintzia bat da, eta Nilo ibaiaren iturrietako bat den Albert aintziraren mendebaldeko ertzean dago. Ituri ibaiatik hartzen du izena, Aruwimi ibaiara isurtzen dena, Kongo ibaiaren adarra.
2015ean sortu zen administratiboki, Orientale probintzia lau partetan banandu eta gero: Tshopo, Bas-Uele, Haut-Uele eta Ituri. Iparraldean Haut-Uele probintziarekin du muga, mendebaldean Tshoporekin, eta hegoaldean Ipar Kivurekin; ekialdean Hego Sudan eta Uganda ditu mugakide.
65.658 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 3.650.000 biztanle zituen 2015ean.[1] Hiriburua Bunia da, hiri gunean 96.764 biztanle zituena 2021ean, eta hiri-eremu osoan, 774.712 biztanle[2].
Eskualdeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bost eskualdetan banatzen da, eta bakoitzak milioitik gorako biztanle ditu. Iparraldetik hego-mendebaldera:
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Albert lakuaren ondoko aldea kenduta, ekuatore-oihana zabaltzen da Ituri probintzian, eta %20 inguru Okapi Natura Erreserba da, Mambasa eskualdean. UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatua, non jirafaren itxurako okapi endemikoa bizi den.
Oihana mbuti pigmeoen bizilekua ere bada, Kongoko arroko basoan bizi diren ehiztari-biltzaile herri askoetako bat, haien altuera txikiagatik bereizten direnak (bataz beste, metro eta erdi baino gutxiago).
Ituriko beste etnia batzuk dira hema, lendu, alur edo ngiti.
Historia hurbila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2006ko konstituzioa arte Kongoko Errepublika Demokratikoa 11 probintziatan banatuta zegoen, eta prozesu luze baten ondoren, 2015etik, 26 probintziatan banatuta dago.
Lehen Kibali-Ituri deitua, Kongoko Errepublikaren independentzia eta gero probintzia estatusa izan zuen 1962 eta 1966 artean. Gero, Mobutu presidentearen garaian, aro kolonial belgikarrean bezala, Orientale probintziaren parte izan zen, lurraldearen ipar-ekialde osoa hartzen zuena, eta hiriburua Kisangani, aurreko Stanleyville [3].
Laurent Désirée Kabila presidente bihurtu eta bi urtera, Kongoko Bigarren Gerraren testuinguru nahasi eta bortitzean, 1999an berpiztu zen hema abeltzainen eta lendu nekazarien arteko lehia historikoa, UPC (Union del patriots congolais) hema milizia eta FNI (Front des Nationalistes et Intégrationistes) lendu milizia tartean.

RDC (Rassemblement congolais pour la démocratie) koalizioa bitan banandu zen (Ugandaren aldeko RDC-Kisangani, batetik, eta Ruandaren aldeko RDC-Goma, bestetik). James Kazini, Ugandako armadako komandanteak, RDC-K barnean egon ziren protesten gainetik, Ituri banandu zuen Orientale probintziatik, eta hema etniako kide bat izendatu zuen gobernadore. Horrek lendu komunitatearen susmoak piztu zituen, Uganda eta RCD-K hema komunitatearen alde ari zirelakoan. Bi komunitateen arteko gatazka berpiztu zuen. Gaur egun arte luzatzen dena, Ituriko gatazka deituan, non UPC eta FNI miliziez gain hainbat talde armatu ari diren, milaka hildako eta ehunka milaka desplazatu eraginez [4] [5].
Gatazka mozteko saioetako bat izan zen Artémis Operazioa, 2003an. Europar Batasunak zuzendutako lehen misio militarra, PSDC (Politique de Sécurité et de Défense Commune) estrategiaren barruan, eta batez ere tropa frantziarrez osatua.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Democratic Republic of the Congo: Provinces. citypopulation.de (kontsulta data: 2019-08-01).
- ↑ «Bunia, Democratic Republic of the Congo Population (2025) - Population Stat» populationstat.com (kontsulta data: 2025-08-27).
- ↑ «Democratic Republic of Congo Provinces» statoids.com (kontsulta data: 2025-08-27).
- ↑ «Qui est qui - Groupes politiques arm�s en Ituri : le coin le plus sanglant du Congo» www.hrw.org (kontsulta data: 2025-08-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Nueva ola de violencia extrema en Ituri, en el este de RDCongo | MSF» www.msf.es (kontsulta data: 2025-08-27).