Edukira joan

Joanes Azpilikueta Iriberri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joanes Azpilikueta Iriberri
Bizitza
JaiotzaBurlata, 1520(e)ko hamarkada
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaSalvador da Bahia, 1557 (27/37 urte)
Hezkuntza
HeziketaCoimbrako Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerakapaiz katolikoa eta misiolaria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Erlijio-ordenaJesusen Konpainia

Joanes Azpilikueta Iriberri (Burlata, c. 1522Salvador da Bahia (Brasil), 1557) jesuita eta misiolari nafarra. Brasilen João de Azpilicueta Navarro moduan da ezaguna bere jatorriari men eginez

Joanes, Joanes Azpilikuetaren eta Maria Sebastiana Iriberriren semea zen eta Martin Azpilikueta pentsalari handiaren iloba. Hortaz Xabiergo gazteluko leinuarekin ahaidetuta zegoen.

Gaztetan Coimbrara joan zen non bere osaba Martin irakasle zen unibertsitatean. Bertan ikasketak egin eta Jesusen Lagundiko kide egin zen 1542an.

1549ko martxoaren 29an Jesusen Lagundiak antolatutako misio baten kide moduan iritsi zen Salvador da Bahiara. Bertara ailegatu orduko jatorrizko biztanleen tupi-guarani familiako hizkuntza ikasteari ekin zion. Handelmann-en historialariaren arabera 1550aren bueltan hizkuntza horren gramatika txiki bat, errezoen itzulpenak eta katixima biltzen zituen liburu bat idatzi zuen[1]. Tamalez, liburu horren alerik ez da gelditzen. Garai horretan herrian eraikitako eskolan eta inguruko herrixka indigenetan burutu zuen bere misio-lana.

Aipatzekoa da tupi-guaranieraz gordentzen den lehen gramatika (Arte de Grammatica da Lingoa mais usada na costa do Brasil) euskal jatorriko beste jesuita batek idatzi zuela 1595an, Jose de Anchieta sortzez kanariarra[2].

Esploratzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1553an Portugalgo errege Joan III.ak agindua eman zuen Sao Francisco ibaiaren barnealdea esploratzekoa[3]. Izan ere, kostaldean bizi ziren konkistatzaile portugaldarrei berria iritsi zitzaien barnealdeko mendietan harri bitxiak, esmeraldak zehazki, eta beste gai baliotsu batzuk bazirela. 1553ko urrian edo azaroan abiatu zen esplorazio-espedizioa Porto Segurotik zeinetan Joanes kaperau joan zen.

Porto Segurotik irten eta Jequitinonha ibaiaren haranean gora Serra do Mar mendilerrora heldu ziren. Hau gainditu eta São Francisco ibaira heldu ondoren atzera egin zuten Verde ibairen barrena eta azkenean Pardo ibaia jaitsi zuten itsasoraino.

Bidaia luzea eta nekez beterikoa izan zen. Bi mila eta hirurehun kilometroetan indigenen erasoak, eguraldi txarra, hotza, oihaneko piztiak eta biderik eza jasan behar izan zituzten urte eta erdi ondoren São Francisco ibaiaren haranera heldu ziren arte.

Bidaiaren berri, jasandako zailtasunak, naturaren deskripzioak eta indigenekin izan zituzten enkontruak aita Azpilkuetak berak Coimbrara 1555. urteko ekainaren 24.an bidalitako eskutitz batean agertzen dira, adibidez[4]:

Hiru hilabetez lurralde oso heze eta hotzetan zehar ibili ginen bertako zuhaizti ugariegatik eta zuhaitzengatik, lodi eta garaiak, beti berdeak dauden hostoekin. Euria egiten zuen sarri; eta gau askotan bustirik lo egiten genuen, batez ere biztanlerik gabeko guneetan eta horrela guztiak, zeinen lagunartean neu nago, gaixotasunez ia hilbeharrean aurkitu ziren, batzuk herrixketan, besteak jenderik bizi ez den eremuetan, zutik odolustea baino beste botikarik gabe, ohinez jarraitzeko beharra bultzatuaz; eta ura eta irina besterik ez elikatzeko (...)

Bidaia horren nekeak bere osasun egoera ahuldu zuen eta 1557ko apirilaren 15a eta 30 artean hil zen Salvador da Bahian.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Alemanez) Handelmann, Heinrich. (1987). Geschichte von Brasilien. , 110-114 or..
  2. (Gaztelaniaz) Dietrich, Wolf. (1990). La importancia de los diccionarios guaraníes de Montoya para el estudio comparativo de las lenguas tupí-guaraníes de hoy. Actes : La "découverte" des langues et des écritures d'Amérique, 287 or..
  3. ORMAZABAL, Estebe. (2006-03-03). «João Azpilcueta-Navarro (1522-1557), lehenengo euskalduna Brasilen» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-25).
  4. (Portugesez) Leite, Serafim. (1940). Novas Cartas Jesuiticas (de Nobrega a Vieira). Companhia Editora Nacional.