Martin Azpilkueta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Martin Azpilkueta
Flickr - Yale Law Library - Martín de Azpilcueta (1492^-1586).jpg
Bizitza
Jaiotza Barasoain1492ko abenduaren 13a
Herrialdea  Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza Erroma1586ko ekainaren 1a (93 urte)
Hezkuntza
Heziketa Salamancako Unibertsitatea
Alcalako Unibertsitatea
Hizkuntzak euskara
gaztelania
latina
Jarduerak
Jarduerak ekonomialaria, unibertsitateko irakaslea, filosofoa eta legelaria
Enplegatzailea(k) Coimbrako Unibertsitatea
Salamancako Unibertsitatea
Tolosako Unibertsitatea
Mugimendua Salamancako Eskola
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Erromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordena domingotar

Martin Azpilkueta Jauregizar[1] (Barasoain, 1492ko abenduaren 13 - Erroma, 1586ko ekainaren 21), izengoitiz Doctor Navarrus, nafar pentsalari eta kanonista izan zen. Haren garaiko intelektual nagusietakotzat jotzen da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztandar jatorriko familia agaramontar batean jaio zen. Euskalduna zen umetatik.[2] Aita Martin Azpilkueta eta ama Maria Jauregizar izan zituen. Bizitzako lehen urteak Barasoainen eman eta gero, hamaika urte zituenean filosofia eta teologia ikasten hasi zen. 1509an Alcalá de Henaresko unibertsitatean ibili zen ikasle. 1510ean, Gaztelako Erresumak Nafarroari eraso egitean, familiarekin batera Okzitaniako Tolosara iragan zen. Bertan zuzenbide kanonikoa eta zuzenbide zibila ikasi zituen. Doktoradutza iritsirik, Tolosa eta Cahorseko unibertsitateetan eskolak eman zituen.

Tolosan apaiz bihurtu eta 1523an Nafarroara itzuli zen. Familia osoa eta berbera sorterriko errege-erregina legitimoen aldeko agertu ziren Nafarroaren konkistan eta, erresuma birkonkistatzeko ahalegin osoa Hondarribiko setiora mugatua zenean, Azpilkuetak Karlos V.aren alde men egiten zuten nafarren barkamena prestatu zuen (1523ko udazkena). Hurrengo urtean, erlijioko botoak egin zituen Orreagako kalonje agustindarren monasterioan. 1524tik aurrera, hamalau urtean Salamancan irakasle izan zen, eta bere ezagupenei esker ospe handia hartu zuen. Karlos V.a enperadorearen aginduz, Coimbrako unibertsitate sortu berrira joan zen irakasle; 1555ean jubilatu eta Nafarroara itzuli arte eragin handia izan zuen Portugalgo handiki askorengan.

1577an, 85 urte zituela, Felipe II.ak Bartolome Karrantza Inkisizioaren aurrean defenda zezan eskatu zion. Gorabehera askoren ondoren, auzia Erromara eramatea agindu zuen Pio V.ak, eta hara joan ziren defendatua eta defendatzailea. Erroman Pio V.a, Gregorio XIII.a eta Sixto V.aren aholkularia izan zen. Bertan hil zen 94 urterekin.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martin Azpilkuetaren jaiotetxea Barasoainen
Manuale de' confessori, 1584 (Milano, Fondazione Mansutti).

Aldi berean teologo, legelari eta ekonomialariatzat joa da.

Consilia et responsa, 1594

Bere lanik garrantzitsuenak hauek dira:

  • Manual de Confesores y Penitentes, Coimbran 1553an argitaratua, espainieraz zein latinez sarritan berrargitaratua.
  • De Usuras y Simonía (1569).
  • De redditibus beneficiorum Ecclesiaticorum, Valladolid (1566).
  • Comentario Resolutorio de Cambios.
  • Enajenación de las Cosas Eclesiásticas.
  • Comentario sobre los expolios de los clérigos.
  • Cuatro Comentarios de Regulares.
  • Tratado de las Horas Canónicas y de Oración.
  • Tratados del Rosario.
  • Silencio en el Oficio Divino.
  • Capitulo Inter Verba.
  • Capitulo Humanae Aures.
  • Tractatus de Finibus Humanorum Actuum.
  • Tratado de Penitencia.
  • Tratado de Indulgencias y Jubileo.
  • De Rescriptis.
  • Tratado de Juditiis.

Haren lan guztiak Venezian argitaratu zituzten 1598an Compendium horum omnium Navarri operum izenburupean.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martin Azpilkuetaren oroipena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992an, Martin Azpilkuetaren jaiotzaren bosgarren mendeurrenaren harira, haren omenezko eskultura bat jarri zen Barasoainen, Oloritzen bizi den Juan Manuel Campos Manik egina. Bertan berak esandako esaldi bat hiru hizkuntzaz (latin, euskara eta gaztelaniaz) dakar; euskarazko bertsioan, Herriak du agintea dio[3].

2004an Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak Martin de Azpilicueta saria ezarri zuen, administrazio publikoen jarduerari, Nafarroako sektore publikoari eta foru zuzenbide zibilari buruzko ikerketak eta azterlanak sustatzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Dokumentazioan Azpilicueta, Azpilcueta eta Aspilcueta ere topa daitezke.
  2. Gartzia, Pruden (2015) Nafarroako auziaz Elkar ISBN 9788490274439.
  3. La Voz de la Merindad, 196. alea, 39. or.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]