Edukira joan

John Broadus Watson

Wikipedia, Entziklopedia askea
John Broadus Watson

President of the American Psychological Association (en) Itzuli

1915 - 1915
Bizitza
JaiotzaGreenville1878ko urtarrilaren 9a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaNew York1958ko irailaren 25a (80 urte)
Hobiratze lekuaWillowbrook Cemetery (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Mary Ickes (en) Itzuli  1920)
Rosalie Rayner (en) Itzuli  (1899 -  1935)
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaFurman University (en) Itzuli
Chicagoko Unibertsitatea
Greenville High School (en) Itzuli
Tesi zuzendariaJames Rowland Angell
Hizkuntzakingelesa
Irakaslea(k)John Dewey
Jarduerak
Jarduerakpsikologoa eta politikaria
Enplegatzailea(k)Johns Hopkins Unibertsitatea
InfluentziakIvan Pavlov
KidetzaAmerican Psychological Association (en) Itzuli
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristaua

Find a Grave: 6614541 Edit the value on Wikidata

John Broadus Watson (1878ko urtarrilaren 9a - 1958ko irailaren 25a) XX. mendeko psikologo estatubatuar garrantzitsuenetarikoa eta konduktismo eskolaren fundatzailea izan zen. Ezaguna da ere Rosalie Raynerren laguntzaz burututako Albert txikiaren esperimentua dela eta.   

John Broadus Watson Greenvillen (Hego Carolina) jaio zen 1878ko urtarrilaren 9an. Ez zuen haurtzaro erraza izan: bere ama, Emma Watson, erlijioari oso emaniko emakumea zen. Johnekiko doktrinamendu zorrotz eta erradikal honek eragin zuen azken honek erlijio guztien aurkako sentimendua izatea. Bere aita, Pickens Butler, alkoholiko eta emakumezalea zen eta gutxi azaltzen zen etxetik. John B. Watsonek hamahiru urte bete zituenean aitak etxetik alde egin zuen bi emakume indiarrekin bizitzeko, eta honek asko markatu zuen. Etxeko egoera larriak arazo emozionalak sortzen zizkion eta honek eskola-errendimendua kaltetu zuen. 16 urterekin Hego Carolinako Furman Collegen sartu zen eta 21 urterekin atera zen. Graduatu ondoren herriko eskola batean klaseak ematen egon zen dirua aurreztu eta Chicagoko Unibertsitatean filosofia ikasi ahal izateko.[1] Bere etapa akademikoan Jhon Dewey, James Rowland Angell, Henry Herbert Donaldson eta Jacques Loeb ezagutu zituen, eta beraien eraginak hartu zituen ondoren konduktismo bezala ezagutzen den psikologia eskola sortzeko. Ivan Pavloven lanak ere aztertu zituen eta bere lanetan txertatu zituen.[2]

1903an graduatu zen, honako doktorego tesia egin ondoren; Animal education: an experimental study on the psychical development of the white rat, correlated with the growth of its nervous system. Arratoiaren portaera azaltzen duen lehenengo dokumentu zientifikoa izan zen. Dokumentuan Watsonek, garuneko mielinizazioaren eta arratoiaren ikasteko gaitasunaren arteko erlazioa deskribatzen du.[3]

1908an John Hopkins Unibertsitateak irakasle izateko kontratatu zuen, animalien psikologia irakasgaian. 12 urte geroago arduradunak Unibertsitatea uzteko eskatu zion, Rosalie Rayner izeneko ikaslearekin maitasunezko harreman bat zuelako zurrumurruak zirela eta. Bere emazteak, Mary Ickes Watson, ikasleari idatzitako gutun batzuk aurkitu zituen eta dibortzio prozesua hasi zen. Hala, urtebete ondoren Watson eta Rayner ezkondu egin ziren.[4] Unibertsitatea utzi ondoren, Thompson enpresan psikologo bezala hasi zen lanean.

Rayner eta Watsonek bi haur izan zituzten, William eta James, zeinak konduktismoaren printzipioen arabera heziak izan baitziren. Watsonen ustez, haurrei afektua azaltzeak gurasoekiko mendeko bihurtzen ditu, horrek azaltzen du haur hauek muxukatuak edo besarkatuak ez izanaren zergatia. Horren ordez, independenteki bizitzen erakutsi zieten.

Rayner 1935ean hil zen, 36 urte zituela eta John Connecticuten zuen baserrira joan zen bizitzera. 1958an hil zen, 80 urte zituela, baina hori gertatu aurretik bere apunte eta lan asko erre zituen eta konduktismoaren jatorriaren datu asko galdu ziren.

Konduktismoa, ikasten den izakiaren portaeraren behaketan oinarritzen den eta hau estimulu-erantzunen erlazioa bezala azaltzen duen korrontea izan zen. John B. Watson izan zen korronte honen sortzailea. Abiapuntua 1913an izan zen, Psikologia konduktista baten ikuspuntutik izeneko artikulua argitaratu zuenean. Bertan introspekzioa eta kontzientziarekin zerikusia duten kontzeptu eta azalpen guztiak baztertu zituen eta psikologiari objektibotasuna ematen saiatu zen. Horren ondorioz, gizakiei animalien psikologian erabiltzen diren metodoak eta printzipioak aplikatu behar zaizkiela defendatu zuen. Ez zuen gogamenera edo fisiologiaren laguntzarik nahi eta estimuluei eta haien ondorioei eman zien garrantzia. Hori dela eta, konduktistek laborategian lan egiten dute eta praktikotasuna bilatzen dute.

Konduktismoa funtzionalismoan (praktikotasuna), animalien psikologian (laborategiaren garrantzia) eta erreflexologian (erreflexua jokabidearen unitatea da) oinarritzen da.

Psikologia konduktistarentzat, gure esperientzietatik ikasten dugu eta hauek gure jarrera eta izaera baldintzatzen dute. Gure jokabideak baldintzatzeko orduan, errefortzuek hartzen dute parte, errefortzu positiboek eta errefortzu negatiboek. Horrela, zerbait ondo egiten dugunean, laudorioak jasoko ditugu eta kontrako kasuetan, zigorra jasoko dugu eta errua sortaraziko digu.

Ospetsua da, haur bat hartu eta jokabidearen aldaketarako teknikak aplikatuz, nahi duen edozein motatako pertsona lortu zezakeela dioen esaldia:

Eman iezadazue dozena bat haur txiki, ongi hezita, osasuntsuak, …eta nire mundu berezian (laborategiko heziketan), euren talentua, arraza, bokazioa eta trebezia kontuan hartu gabe, heziketa berezi bat emango diet edozein lanean edo bizimoduan aritzeko: mediku, abokatu, artista, lapurra edo eskale bihurtuko ditut.

Hala ere, konduktismoa ez zen posible izango hainbat autoreren lanik gabe, hala nola, Ivan Pavloven baldintzapen klasikoa, eta Edward Thorndikeren baldintzapen operantea.

Albert txikia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
"Albert txikia" esperimentua.

1920an John B. Watsonek Rosalie Reyner laguntzailearekin batera, gizakiongan baldintzapen klasikoaren teoria egiaztatzeko Albert ume txikiarekin esperimentu bat egin zuen. Watsonen helburua, haurra arratoiei beldurra izatera baldintzatzea zen. Honekin batera, jokaera antzeko estimuluetara ea orokortu zitekeen ikusi nahi zuen eta jokaera ezabatzea ere lortu nahi zuen.

Esperimentuari hasiera eman aurretik, umeak iledun animaliei beldurrik ez ziela bermatu zuen.

Albertek 11 hilabete eta 3 egun zituenean hasi zen esperimentua. Bertan, haurrari arratoi zuri bat aurkezten zitzaion metalezko barra batek egiten zuen soinu desatsegin batekin batera. Metalezko barraren zarata desatsegina (estimulu baldintzatu gabea, SBg) eta arratoi txuria (estimulu neutroa, SN) asoziatu zituenean, arratoia baldintzatutako estimulu bihurtu zen. Ondorioz, lehen inolako erantzun negatiborik sortarazten ez zion arratoiaren aurrean, haurra negarrez hasten da beldurra dielako (erantzun baldintzatua, EB). Are gehiago, orokortzearen printzipioaren arabera Albertek beldurra garatu zuen beste iledun animaliekiko eta artilearekiko.

Esperimentua ezin izan zen amaieraraino burutu, hori dela eta, ezin izan zen estintzioaren fasera iritsi, izan ere, Albert une horretara arte egon zen ospitaletik atera zuten. Hala ere esperimentu honen arrakastarekin ikusi zen baldintzek edozein portaera alda dezaketela eta hauen bitartez fobia sortu daitekeela.[5]

Egun, ez dira horrelako esperimentuak onartzen. Beldurrean oinarritutako teknika esperimentalak debekatuta daude, arau etiko zorrotzak direla eta.

Bere obra garrantzitsuenak honako hauek izan ziren:

  • Behavior: An Introduction to Comparative Psychology (1914, "Jokabidea: psikologia konparatiboaren hastapenak").
  • Psychology from the Standpoint of a Behaviorist (1919, "Psikologia, behaviorista batem ikuspuntutik").
  • Behaviorism (1926, "Behaviorismoa").
  • Psychological Care of Infant and Child (1928, Haurraren zaintza psikologikoa): bertan amei seme-alabak konduktismoaren printzipioen pean heztera animatzen zitzaien, maitasun-seinaleekin ez kaltetzeko.
  • Harris, B. (1979). Whatever Happened to Little Albert ? American Psychologist, 34(2), 151–160.
  • Watson, J. B. (1913). Psychology as the behaviorist views it. Psychological Review, 20, 158-177.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Buckley, Kerry W. (Kerry Wayne). (1989). Mechanical man : John Broadus Watson and the beginnings of behaviorism. Guilford Press ISBN 0898627443. PMC 18383677. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
  2. Fancher, Raymond E.. (1990). Pioneers of psychology. (2nd ed. argitaraldia) Norton ISBN 0393956482. PMC 20264362. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
  3. Watson, John B. (John Broadus). (1903). Animal education; an experimental study on psychical development of the white rat. Chicago, The University of Chicago press (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
  4. «Rosalie Rayner - Psychology's Feminist Voices» www.feministvoices.com (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
  5. (Ingelesez) «(PDF) Whatever Happened to Little Albert?» ResearchGate (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: John Broadus Watson Aldatu lotura Wikidatan