José María Martín Senovilla

Wikipedia, Entziklopedia askea
José María Martín Senovilla

Bizitza
JaiotzaÁvila1960ko azaroaren 25a (63 urte)
Herrialdea Espainia
Hezkuntza
HeziketaSalamancako Unibertsitatea
Tesi zuzendariaJesús Martín Martín (en) Itzuli
Doktorego ikaslea(k)Nastassja Cipriani
Marc Mars (en) Itzuli
María Mercé Martín Prats (en) Itzuli
Raül Vera (en) Itzuli
Carlos Fernández Sopuerta (en) Itzuli
Alfonso García-Parrado (en) Itzuli
Sergi Rafels Hildebrandt (en) Itzuli
Oihane Fernández Blanco (en) Itzuli
Francisco Fernández Álvarez (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakfisikaria

José María Martín Senovilla, J. M. M. Senovilla gisa ezaguna dena (Ávila, Espainia, 1960ko azaroaren 25a) Espainiako fisikaria da, grabitazioan ekarpen garrantzitsuak egin dituena. Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen 1982an, 21 urte zituela, eta 1986an fisikan doktoratu zen unibertsitate berean. British Councileko "Fleming" bekaduna izan zen Queen Mary Collegen (Londres) 1987 eta 1989 artean. Bertan, mundu mailan ezagunak diren fisikariekin topatzeko aukera izan zuen, Stephen Hawkingekin esaterako. Gero, 1990ean fisikako irakasle titular plaza bat lortu zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta 1999tik Fisika Teorikoko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU).[1][2][3]

Lan akademikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salamancako unibertsitatean lanean aritu zen zenbait urtetan zehar, bertan lizentziatu ondoren. 1982ko azarotik 1983ko abendura laguntzaile gisa lan egin zuen. 1984 eta 1986 bitartean FPI Grant (Formación del Personal Investigador) edo Ikerketarako Langileen Prestakuntza postuan aritu zen. 1987ko urtarriletik martxora, Salamancako Unibertsitateko bekadun bezala lan egin zuen eta martxotik irailera aldi baterako irakasle bezala.

1987ko urrian Londresera joan zen graduondoko ikasle bezala lan egitera Fleming beka batekin, Queen Mary Unibertsitatera. Urtebetez postu horretan lan egin zuen. Gero, 1988ko urritik 1990eko apirilera, graduondoko ikasle bezala lanean jarraitu zuen, Queen Mary Collegen eta Salamancako Unibertsitatearen arteko kolaborazio bati esker.[4]

1990ko apiriletik 1999ko apirilera, Bartzelonako Unibertsitatean irakasle titular bezala lan egin zuen, Erlatibitatearen Ikerketa Taldean.[5] Plaza lortzeko prozesua gatazkatsua izan zen, izan ere, zazpi hautagaietatik bik auzitegiaren erabakia inpugnatu zuten, arrakastarik gabe.[6]

Bartzelonan irakasle egon zen denboran zehar, Espainiako ikertzaileen egoera kritikatu zuen, diru falta zela medio, gehienak atzerrira joaten zirela azalduz, eta ikertzailearen bakartasun zein isolamendua aipatu zituen, beste herrialde batzuekin alderatuz, Espainiako unibertsitate sistemako lan taldeen kide kopurua oso murriztua baita ideiak alderatzeko.[6]

Aurkikuntza esanguratsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unibertsoaren historia, Big-Bang batean hasita. Senovillak hau ez dela aukera bakarra unibertso bat osatzeko frogatu zuen bere modeloarekin

1990ean, Einsteinen Eremu ekuazioen soluzio bat aurkitu zuen. Honek Big-Bang gabeko unibertso bat deskribatzen du, eta espazialki ez-homogeneoa fluido-iturri perfektu batekin.[7] Teoria horrek bere izena hartu du, Senovillaren metrika zehazki. Hasieran akats bat zela pentsatu zuen, ezinezkoa zela aurkitutakoa. [8] Lehenengo aldia izan zen unibertsoaren Big-Bangik gabeko deskribapena egiten zela, eta hura hasierako momentuetan, erradiazioz betea eta oso dentsitate handia zueneko egora deskribatzen badu ere, ez du unibertsoa nola amaituko den aurresaten. Modelo hori bilatu eta berehala Physical Review Letters aldizkarira bidali zuen eta artikulua publikatu ondoren, Nature aldizkari ospetsuan editorial bat idatzi zioten.[9]

Jesús Martín Salamancako Unibertsitateko Fisika Teorikoko katedradunak, Senovillaren doktore-tesiaren zuzendaria zenak, ondokoa esan zuen ereduari buruz:

Penrosen eta Hawkingen teoremaren alderdirik zentzuzkoenetako batzuk egiaztatzen ditu, hipotesi asko aipatzen baititu. Kontua ez da Penrose eta Hawkingen teorema hau guztiz faltsua dela, baizik eta agian ez litzaioela emandako garrantzia eman beharko.[10]

Bere lanari esker, 1991 urteko Ciutat de Barcelona saria eskuratu zuen zientzien kategorian. Garai hartan Bartzelonako alkate zen Pasqual Maragallek eman zion saria. [11]

Azken urteetako lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

José María M. Senovilla hitzaldi bat ematen.

Erlatibitate Orokorraren Elkarte Internazionaleko, Grabitazioaren Elkarte Internazionaleko eta Astronomia eta Fisikaren Espainiako Elkarteko kidea da, eta bere lan matematikoarengatik nabarmendu da. Gaur egun, printzipio holografikoa aztertzen du, grabitate kuantikoaren teoriekin lotuta dagoena, eta, lankide estatubatuarrekin batera, termodinamikaren eta grabitatearen arteko erlazio posiblea aztertzen du.[12]

Bestalde, 2000 urtean Tercer Milenio aldizkariko online bertsioko lehenengo erreportaian aipatzen da, uhin grabitazionalen detekzioari buruz hitz egitean, 2015ean gertatuko zena lehenengo aldiz. [13][14] Horrez gain, 2023an kaleratutako RTVEko Territorio Gravedad dokumentalean parte hartu du.[15] Bertan, Einsteinen erlatibitate orokorraren teoria nola interpretatzen den azaltzen du, bere interpretazio fisikoaz gain, atzean dagoen matematikaren garrantzia azpimarratuz. Espazio-denboraren kurbadura zer den azaltzeaz gain, grabitatea nola ulertu behar den argitzen du bertan.[16]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikitatik matematiketarako erraztasuna izan du, baina, hala ere, unibertsitate aurreko ikasketak amaitu baino lehen, letrekin zerikusia zuten ikasketak egiteko aholkatu zion orientatzaile batek. Fisikan gailendu den arren, bere zaletasun bakarra ez dela aipatzen du. Irakurtzea, xakean jokatzea, bidaiatzea, antzerkia eta bizitza soziala ere gustuko ditu. [9][11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Profesorado - Doctorado - UPV/EHU» Doctorado (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  2. (Gaztelaniaz) Gondra, Un reportaje de Aner. (2015-11-22). «Se cumplen cien años de la publicación de la Teoría de la Relatividad» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  3. (Gaztelaniaz) Aragón, Heraldo de. «¿Qué nos traerá el dominio de la radiación gravitatoria?» heraldo.es (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  4. José María Martín Senovilla, CV. https://gestion-servicios.ehu.es/ikertuRS/fichaCurriculum/02012
  5. «Avila at night» tp.lc.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  6. a b (Gaztelaniaz) Delclós, Tomàs. (1990-06-01). «La penuria de la Universidad española» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  7. Senovilla, José M. M.. (1990-05-07). «New class of inhomogeneous cosmological perfect-fluid solutions without big-bang singularity» Physical Review Letters 64 (19): 2219–2221.  doi:10.1103/physrevlett.64.2219. ISSN 0031-9007. (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  8. (Gaztelaniaz) Semanal, Ahora. «La relatividad general: 100 años de soledad» www.ahorasemanal.es (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  9. a b (Gaztelaniaz) Torreiglesias, Manuel. (1995). Muy interesante: 95-97..
  10. (Gaztelaniaz) País, El. (1990-06-02). «La tesis de Senovilla sobre el origen del universo despierta el interés científico» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  11. a b «Pictures, Caricatures,...» tp.lc.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  12. (Gaztelaniaz) Espectador, El. (2020-03-24). «ELESPECTADOR.COM» ELESPECTADOR.COM (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  13. (Ingelesez) «Einstein's gravitational waves 'seen' from black holes» BBC News 2016-02-11 (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  14. (Gaztelaniaz) @Wicho. «Tercer Milenio se estrena, al fin, en la web» Microsiervos (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  15. «territorio gravedad ESP» www.gravityland.eu (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  16. (Gaztelaniaz) De la Tierra al cosmos - Territorio gravedad, el universo en tus ojos - Documental en RTVE. 2023-02-22 (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]