Edukira joan

Juan Mateo Zabala

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Mateo Zabala
Bizitza
JaiotzaBilbo1777ko irailaren 21a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaZarautz1840ko otsailaren 6a (62 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakapaiz katolikoa eta idazlea
KidetzaAnaia Txikien Ordena
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaFrantziskotarren Ordena

Literaturaren Zubitegia: 293

Juan Mateo Zabala Zabala (Bilbo, Bizkaia, 1777ko irailaren 21a - Zarautz, Gipuzkoa, 1840ko otsailaren 6a) idazlea, bibliografiako aditua eta frantziskotar fraidea izan zen. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi zuen, batez ere euskararen —eta, zehazkiago, bizkaieraren— erabilera bultzatzeko asmoz.

«

Bizkaiko errietan
gara euskaldunak
egin daiguzan bada
euskeraz bersoak.

Ez dogu euskaldunak
erdera bearrik,
bersoak iminteko
ondo apaindurik.

Euskeraz kantateko
prest nago ni beti,
bizkaitarren legea
ez galtzea-gaitik.

Ezin itzi giñaike
Bizkaiko lurrean
euskeraz kantatzea
ondo jakunean.

»
Juan Mateo Zabala, Fábulas en dialecto vizcaino[1]

Aita Bakiokoa zuen; eta ama, Areatzakoa. Uste da lehen ikasketak Bilboko frantziskotarrekin egin zituela, eta ondoren, udalerritik kanpo, fraide izateko ikasten jarraitu zuela, ziurrenik Kantabrian edo Gaztelan. 1792an, frantziskotarren ordenan sartu zen, nobizio, 15 urte zituela; eta 1803an, apaiz egin zen. Zabalak esan zuen ikaslea izan zen garaian euskararen erabilera eta ezagutza gutxitzen joan zirela. Horregatik, hizkuntza berriro ikastearen garrantzia ikusi zuen, Larramendi eta Astarloaren lanak erabiliz. 1804 eta 1808 urteen artean, Filosofiako irakurle jardun zuen Bilboko frantziskotar komentuan, harik eta 1808ko sekularizazio bonapartista gertatu zen arte. 1815ean, Zarauzko frantziskotarren komentura joanda, hango nagusi izan zen 1826tik 1839ra. Lan handia egin zuen misiolari; gehienetan Bizkaiko herrietan barrena, eta batzuetan Arabakoetan.

Pedro Antonio Añibarro adiskide izan zuen, eta harekin batera bizi izan zen komentuan. Bestetik, gutun trukaketa jakingarria izan zuen Lécluserekin eta Ulibarrirekin. Euskarari buruzko obrak idatzi zituen, guztiak Zabala hil ondoren argitaratuak: El verbo regular vascongado (1848), mendebaleko euskalkiaren aditza aztergai duena; Noticias de las obras bascongadas que han salido a luz después de las que cuenta el P. Larramendi (1856); Fábulas en dialecto vizcaíno (1907), Julio Urkixok RIEV aldizkarian argitaratuak. Azken lan horretan jasota daude Joan Antonio Mogelek idatzitako alegia batzuk ere. Zarauzko frantziskotarren komentuan gordetzen dira oraindik Zabalaren eskuizkribu argitaragabeak.

Bere gramatika argitaratu ostean, zenbaitek hiperbizkaiera deitu zuten mugimendu berri bat sortu zen.

Bizitzako azken urteak triste eta aztoratzaileak gertatu zitzaizkion. Guda napoleonikoak eta guda zibilak jasan zituen. 1839ko Bergarako besarkada jazo ondoren, ez zen lasai bizi. Zabalak adierazi zuenez, birritan eraman zuten Getariara baioneten artean, eta zentinela batekin atxilotuta egon zen. [2]

  • (Gaztelaniaz) El verbo regular vascongado (1848). Liburu horretan aipagai izan zituen 30 euskal liburu, euskal bibliografian aditua baitzen.
  • (Gaztelaniaz) Noticias de las obras bascongadas que han salido a luz después de las que cuenta el P. Larramendi (1856). Bonaparte printzeak argitaratu zuen, egilea aipatu gabe.
  • (Gaztelaniaz) «103 Conjugaciones del presente perfecto de indicativo en el dialecto vizcaíno o muestra de los 206 presentes de indicativo que da al bascuence D. Pablo Pedro de Astarloa» (1829). Zabalak Lécluserentzat egin zuen lan hori, eta Euskara aldizkarian argitaratu zen 1922an.
  • Sermoiak: 1816 eta 1833 artean idatzitakoak. Edizioa Luis Villasantek prestatu zuen, eta Euskaltzaindiak bi liburukitan argitaratu (1996 eta 2000).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Juan Mateo Zabala: «Sarrerea», in Fábulas en dialecto vizcaino, Klasikoen Gordailua.
  2. (Gaztelaniaz) «Zabala Zabala, Juan Mateo de» Auñamendi Eusko Entziklopedia (kontsulta data: 2025-03-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Euskal idazleak
Euskal idazleak
Euskal idazleak
Artikulu hau euskal idazle bati buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.