Kim (eleberria)

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Kim (eleberria)
Jatorria
Egilea(k)Rudyard Kipling
Argitaratze-data1901
Jatorrizko herrialdeaErresuma Batua
Ekoizpen lekuaErresuma Batua
IlustratzaileaHarold Robert Millar (en) Itzuli
ArgitaletxeaMacmillan Publishers
OCLC236914
Ezaugarriak
Genero artistikoaespionage novel (en) Itzuli
HizkuntzaIngeles britainiarra
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaIndia

Kim Nobel saria irabazi zuen Rudyard Kipling idazle ingelesaren eleberria da. Sail gisa argitaratu zen lehen aldiz McClure's Magazine aldizkarian 1900eko abendutik 1901eko urrira bitartean, baita Cassell's Magazine aldizkarian ere, 1901eko urtarriletik azarora arte. Liburu formatuan Macmillan Publishers Ltd argitaletxeak kaleratu zuen lehenbizikoz 1901eko urrian. Istorioa Joko Handiaren testuinguruan garatzen da, hau da, Erdialdeko Asian gertatutako Errusia eta Britainia Handiaren arteko gatazka politikoaren testuinguruan. Eleberriak «Joko Handia» terminoa ospetsu bilakatu ez ezik, potentzia handien arteko lehia eta azpijokoen gaia ere aurkeztu zituen.[1]

Kontakizuna 1881ean amaitu zen Bigarren Afganiar Gerraren ondoren eta Hirugarren Gerraren aurretik gertatzen da, 1893tik 1898ra ziurrenik.[2] Eleberria Indiako jende, kultura eta askotariko erlijioen deskribapen zehatzagatik gailentzen da. «Liburuak Indiaren, bertako biztanleria ugariaren, erlijioen, sineskerien, bazarren eta bideetako bizitzaren irudi bizia aurkezten du».[3]

Modern Library argitaletxeak, 1998an, Kim XX. mendeko ingelesezko 100 eleberri onenen zerrendan 78. postuan sailkatu zuen.[4] Liburua BBCren The Big Read inkestan sartu zuten 2003an, eta «Erresuma Batuko eleberri maitatuena» zela nabarmendu.[5]

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umezurtza da Kim (Kimball O’Hara)[6]. Bere gurasoak irlandarrak ziren, eta txiro hil ziren. Aita (Kimball O’Hara senior) sarjentua zen eta, beranduago, Indiako trenbide konpainia bateko langilea. Amak, berriz, koronel baten etxeko umezain gisa egiten zuen lan.

XIX. mende amaieran, India Britania Handiaren agintepean dago, eta Kimek Lahoreko kaleetan eskean ibiliz eta mandatu txikiak eginez lortzen du jatekoa. Noizean behin Mahbub Ali paxtunarentzat egiten du lan. Mahbub Ali zaldi saltzailea eta britaniar zerbitzu sekretuko agentea da. Kim hain dago Indiako kulturan murgildurik, non pertsona gutxi konturatzen baita ume zuria dela. Dena den, beti berarekin darama aitarena zen dokumentu sorta bat, txikia zenean zaintzen zuen emakume indiarrak emandakoa.

Kimek lama tibetar adindu batekin harreman estua egingo du. Lama Geziaren Ibai («River of the Arrow») legendazkoa aurkitu nahian dabil, Gauzen Gurpiletik («Samsara») askatu ahal izateko. Kim haren chela edo ikasle bihurtuko da, eta elkarrekin egingo dute bidaia. Ibilbidean, Kimek oharkabean Joko Handiari buruz ikasiko du, eta Mahbub Alik mandatu bat emango dio: Umballako inteligentzia zerbitzu britaniarreko buruari mezu bat igortzea. Kimek eta lamak Grand Trunk Road errepidean zehar egindako bidea da eleberriko lehen abentura handia.

Kasualitatez, Kimen aitaren erregimentuko kapilauak Kim identifikatuko du lepoan daraman ziurtagiria dela-eta, zeinak masoneria erakundeko parte-hartzailea dela erakusten baitu. Ondorioz, Kim eta lama indarrez banatuko dituzte. Lama kapilauaren planarekin bat etorriko da, Kimentzat onena dela uste baitu, eta gaztea Lucknow hiriko izen handiko St Xavier’s Schoolera (ingeles eskola bat) bidaliko dute. Lamak, abade ohia denak, haren heziketa ordainduko du. Buruhauste handia izango du Kimek: asko maite du lama, baina agente sekretu bilakatzeko sekulako grina du; are gehiago, bera harrapatzeagatik ordainsari bat egotea nahi du. Hala ere, jatorriz espiritu librea da, eta independentzia behar du.

Eskolan igarotako urteetan zehar, Kim eta bere lama maitea harremanetan egongo dira. Lamarekin ez ezik, zerbitzu sekretuarekin ere harremanetan egongo da. Kimek eskolan oporrak dituenean, Britania Handiarentzat topografo (pundit) bilakatzeko asmotan, Lurgan Sahibek espioitzan entrenatuko du, Simla hirian dagoen haren bitxi-dendan. Gizona Oliver Twist eleberriko Fagin pertsonaiaren antzekoa da, baina borondate onekoa. Haren prestakuntzaren ariketa gisa, objektu ezberdinez betetako erretilu bati begiratu beharko dio gazteak, eta zein objektu kendu edo gehitu diren adierazi. Gaur egun, denbora-pasa horri Kimen jolasa («Kim’s Game») edo Bitxien jolasa («Jewel Game») deitzen zaio oraindik. Horretaz gain, sekretuan aritu ahal izateko eta isilean dabiltzan horiek aurkitzeko, prestakuntzaren beste atal batzuk mozorrotzea eta Indiako biztanleria aztertzea izango dira: haien jantzi bereizgarriak, portaerak eta baita nola tu egiten duten ere ezagutu beharko du xeheki.

Eskolan hiru urte egin ondoren, Joko Handian parte hartzen hasteko gobernuaren izendapen bat jasoko du Kimek, baina, misio horri ekin baino lehen, merezitako atsedena hartu ahal izango du. Kim lamarekin elkartuko da berriz ere, eta bere nagusi Hurree Chunder Mookherjeeren aginduari jarraiki, Himalaiara joango dira. Bertan, Errusiako inteligentzia zerbitzuko agenteak zer egiten ari ote diren ikertu beharko du.

Britaniarrek eskualdean duten kontrola ahultzeko lanean ari diren errusiarren mapak, dokumentuak eta beste hainbat gauza garrantzitsu eskuratuko ditu gure protagonistak. Mookherjee nagusiak, egiatan nor den ezkutatuta, gidari plantak egin eta errusiarren lagun bilakatuko da, eta Kimek lortutako gauza horiek guztiak berreskuratzen ez dituztela ziurtutako du. Mutilak, morroi eta herritar batzuen laguntzarekin, lama erreskatatzea lortuko du.

Galdu egin dela ohartuko da lama: lautadetan egon beharko luke Geziaren Ibaiaren bila, eta ez mendietan. Hori dela eta, lamak morroiei Kim eta bera berriz bueltan eraman ditzaten eskatuko die. Itzuli ostean, izandako bidaia neketsuaren ondoren, biak zaindu eta sendatuko dituzte. Kimek Errusian eskuratutako dokumentuak Mookherjee nagusiari bidaliko dizkio, eta Mahbub Ali, kezkatuta, mutila nola dagoen ikustera joango da.

Lamak bere Geziaren Ibaia aurkituko du azkenean: argiztapena lortu duen ustea izango du, eta Kimekin partekatu nahiko du. Alabaina, ez da jarraian zer gertatzen den kontatzen.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Kimball «Kim» O’Hara: soldadu irlandar baten seme umezurtza, protagonista; «Zuri behartsu bat, txiroen artean txiroena».
  • Teshoo Lama: lama tibetarra, mendebaldeko Himalaia mendietako Such-zen monasterioko abade ohia, bidaia espiritual bat egiten ari dena.
  • Mahbub Ali: ospea duen Ghilzai tribuko paxtuna, zaldi saltzailea eta britainiarrentzat lan egiten duen espioia.
  • Creighton koronela: Britainiar Armadako ofiziala, etnologoa eta espioia.
  • Lurgan Sahib: Simla hiriko harribitxi saltzailea eta espioi maisua.
  • Hurree Chunder Mookherjee (Hurree Babu, edo Babu): britainiarrentzat lan egiten duen inteligentzia zerbitzuko agente bengalarra; Kimen nagusia.
  • Kulu emakumea (Sahiba): Saharanpur inguruko lautadan bizi den andre rajput zahar eta jatorra.
  • Shamleghko emakumea (Lispeth): Kim eta lamari espioi errusiarrengandik ihes egiten eta lautadara itzultzen laguntzen dien emakumea.
  • Soldadu zaharra: sikh erlijioko risaldar edo bertako ofiziala, 1857ko Indiako matxinadan britainiarrei leiala izandakoa.
  • Arthur Bennett apaiza: Ingalaterrako Elizako kapilaua, Mavericks erregimentu irlandarraren aldekoa. Kimen aita erregimentu horren kidea zen.
  • Aita Victor: Mavericks erregimentuko kapilau katolikoa.
  • Lucknow hiriko prostituta bat: Kim ezkutatzen du diruaren truke.
  • Kamboj tribuko baserritarra: Kimek haren semea sendatzen du.
  • Huneefa: Kim babesteko erritual sataniko bat egiten duen aztia.
  • E.23: Kimen laguntzarekin ihes egiten duen britainiarren aldeko espioia.
  • Erreginaren mosketari erreal leialak, «The Mavericks» izenez ezagunak: The Mutiny of the Mavericks izeneko eleberrian ere aipatzen den Britainiar Armadako fikziozko irlandar erregimentua.

Leku ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Kiplingen aita, John Lockwood Kipling, Kimek lama ezagutzen duen pasartean agertzen da. Lahore Museo zahar eta originaleko zuzendaria zen. Gaur egungo Lahore Museoaren eraikina beranduago amaitu zen.
  • Lehenengo kapituluan Lahore Museoaren aurrean agertzen den kanoia benetan existitzen da, eta Zam-Zammah du izena. Batzuetan, «Kimen kanoia» deitzen zaio.
  • Harpien Atean («Gate of the Harpies»), Gozamenaren lorea («Flower of Delight») izeneko prostituta arriskutsuak eta haren proxenetak, aurpegi-leun kaxmirtarrak («smooth-faced Kashmiri»), Mahbub Ali konorterik gabe utzi eta arakatzen dute. Egun, leku hori Lahoreko alde zaharrean aurkitu daiteke. Heera Mandi izenez ezagutzen da eta Taxali Gate eremuan dago. Prostituzioa oraindik ohikoa da bertan.
  • Kimek zelai berde batean dagoen zezen gorri batekin egiten du amets, eta geroago formazio militar bateko bandera batean ikusten du. Gaur egun, Indiako Ambala kantonamenduko formazio militar batek bandera berdina erabiltzen du. Hain zuzen ere, liburuan agertzen den formazioaren bandera Ambalako instituzio batena zen. Bestalde, Delhi eta Rajastanko eremuetako Indiako Armadako formazioek mahukan daramaten adabakian zezen hori bat agertzen da, zelai gorri batean. Horretaz gain, Britainiar Armadako Grenadier Guards erregimentuaren ohorezko adabaki batean zezen beltz bat irudikatzen da, apatx gorriekin zelai berde batean.
  • Jang-i-Lat sahib (urduz: gerrako komandantea), Creighton koronelaren etxera afaltzera joaten da. Pertsonaia Indiako Britainiar Armadako jeneral batean oinarrituta dago, hots, Frederick Sleigh Roberts izeneko Kandaharko mariskala. John Lockwoodek eta Rudyard Kiplingek ezagutzen zuten.
  • Kimek Lucknow hiriko St Xavier’s Schoolen egiten ditu ikasketak, eta hiri bereko La Martinière ikastetxean oinarrituta dago.
  • Lurgan Sahiben Simla hiriko denda txikia eta bertako zaharkin, bitxikeriak, etab. benetako denda batean oinarrituta daude, garai batean Simla hiriko bazarrean AM Jacobek kudeatutakoa. Beharbada, pertsona hori Lurganentzako eredu izan zen.
  • «Gizon egingo zaitugu Sanawarren, protestante bihurtu behar bazaitugu ere» aipuak Sanawarko Lawrence School eskolari egiten dio erreferentzia.

Literatura kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askok Kim Kiplingen maisulantzat hartzen dute, baina badirudi iritziak askotarikoak direla haur-literaturatzat hartzeari edo ez hartzeari dagokionez.[7][8] Roger Sale kritikariak, bere haur literaturaren historiaren inguruko liburuan, honako hau ondorioztatzen du: «Kim haurtzaroari egindako gurtza viktoriarraren apoteosia da, baina orain inoiz baino distira argiagoa du, Britainiar Inperioaren gainbehera eta askoz geroago...».[9]

1959an Macmillanek nobela berrargitaratu behar zuela eta, honela mintzatu zen kritikaria: «Kim hiru eratan deskribatu daitekeen liburua da: abenturazko kontakizun bat, nahi duena egiteko askatasuna duen haur baten drama bat eta jokaera eredu horren exegesi mistikoa». Kritikariaren arabera, «Kimek luzaroan iraungo du gure artean amaiera magistral guztiak bezalako hasiera duelako...».[10][11]

Nirad C. Chaudhur idazleak Indiari buruzko ingelesezko kontakizun hoberentzat jo zuen, eta Kiplingek mendi eta lautaden paisaia bikoitzaren indar ekologikoari ematen dion balioa nabarmendu zuen; hain zuzen ere, Himalaia eta Indus-Gangesetako lautadaren arteko artikulazio hautsiezina.[12]

Michael Ondaatjeren The English Patient eleberrian, Kip pertsonaiak (Lahoren jaio zen eta Bigarren Mundu Gerran Britainiar Armadan lan egiten duen zulatzaileak), Kimi buruzko iruzkin ironiko batzuk egiten ditu, bereziki Zam-Zammah kanoia azaltzen den hasierako pasarteari buruz.

Egokitzapen dramatikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1950ean MGM konpainiak nobelaren egokitzapen zinematografiko bat kaleratu zuen. Victor Savillek zuzendu eta Leon Gordonek ekoitzi zuen, eta Errol Flynn, Dean Stockwell, Paul Lukas, Robert Douglas, Thomas Gomez eta Cecil Kellaway aktoreek antzeztu zuten. Filmak André Previnen konposaketa musikal bat izan zuen.[13]
  • 1960an Kim eleberriaren ordubeteko kolorezko egokitzapen bat telebistaratu zen NBC Shirley Temple's Storybook telesail antologikoan. Tony Haigek Kim antzeztu zuen, Michael Renniek Creighton koronela eta Alan Napierrek Devlin koronela. Atala DVD formatuan argitaratu zuten.[14]
  • 1984an London Filmsek Kimen telebistarako bertsioa egin zuen. John Howard Daviesek zuzendu zuen eta Peter O'Toole, Bryan Brown, John Rhys-Davies, Julian Glover eta Ravi Sheth aktoreek parte hartu zuten; azken horrek Kim antzeztu zuen. Home Video Entertainmentek 2006an DVD formatuan argitaratu zuen.[15]

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Robert Heinleinek 1957an idatzitako Citizen of the Galaxy nobelaren lehen zatian, haur esklabo azkar bat agertzen da, jatorri misteriotsukoa. Planeta feudal batean bizi da eta izarrarteko espioi batek hezten du. Fakirrak, saltzaile ibiltariak eta elite dirudunak ageri dira: eleberriaren hasiera Kimenaren oso antzekoa da modu askotan.
  • Poul Andersonen 1985eko Game of Empire eleberriak, Dominic Flandry serieko azkenak, Kim du oinarri. Hala ere, Game of Empiren zientzia fikzioa nagusitzen da.
  • Tim Powers idazlearen Declare eleberriak Kim erabiltzen du inspirazio moduan eta epigraferako iturri gisa.
  • Steven Gouldenek 2011ean idatzitako 7th Sigma nobela, neurri handi batean, Kimen oinarritzen da.[16] Hain zuzen ere, Kim izeneko gazte bat agertzen da bertan. Gaztea arte martzialetako irakasle batek hezten du eta inteligentzia lanetan murgiltzen da. Azkenean, prestakuntza jaso eta agente bilakatzen da. Kim eleberriko aipuak kapituluen goiburu gisa erabiltzen dira.
  • T.N. Murariren The Imperial Agent (1989) Kimen jarraipena da.
  • Antal Szerbek Kiplingen Kim aipatzen du Pendragon Legend liburuan (9. eta 10. orrialdeetan). Protagonistaren ondoan liburutegian eserita dagoen pertsona batek ez daki zer irakurri eta ezta liburu bat nola eskatu ere. Zer interesatzen zaion galdetzean, eskalatzea esaten du. Protagonistak Kim gomendatzen dio.[17]
  • Coloradoko Kim hiriak bere izena eleberriaren omenez jaso zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Seymour Becker, "The ‘great game’: The history of an evocative phrase." Asian Affairs 43.1 (2012): 61-80.
  2. Ann Parry, "Recovering the Connection between Kim and Contemporary History", in Kipling, Rudyard, Kim (2002), p. 310.
  3. "Kim". in: The Concise Oxford Companion to English Literature. Ed. Margaret Drabble and Jenny Stringer. Oxford University Press, 2007. Oxford Reference Online.
  4. «100 Best Novels « Modern Library» www.modernlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  5. «BBC - The Big Read - Top 200 Books» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  6. (Ingelesez) Kim (novel). 2021-04-23 (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  7. «San Antonio College LitWeb Children's Literature Index» web.archive.org 2006-09-12 (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  8. «Laffrado: Children's Lit Essay» web.archive.org 2006-09-06 (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  9. Sale, Roger. (1978). Fairy tales and after : from Snow White to E.B. White. Harvard University Press ISBN 0-674-29157-3. PMC 3933279. (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  10. Times Literary Supplement,. .
  11. Kipling, Rudyard. (2009). Kim. Cambridge University Press ISBN 978-1-139-54117-6. (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  12. Nirad C. Chaudhuri, ‘The Finest Story About India - in English’, Encounter 43 (April 1957) 47-53, p. 51
  13. Eskuragarri: https://www.amazon.com/Kim-Errol-Flynn/dp/B007XTDX1Y/ref=sr_1_1?s=movies-tv&ie=UTF8&qid=1465681261&sr=1-1&keywords=kim+1950
  14. Eskuragarri : https://www.amazon.com/Shirley-Temple-Storybook-Collection-6-pk/dp/B001BSBBTO
  15. Eskuragarri: https://www.amazon.com/Kim-Peter-OToole/dp/B000G8NY2W.
  16. INTERVIEW | Steven Gould author of 7th Sigma. (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  17. Szerb, Antal. (2016). A pedragon-legenda. Hungarian Electronic Library..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]