Edukira joan

Kirikoketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kirikoketa kale-emanaldia Arizkunen.

Kirikoketa musika tresna da, txalapartaren antzekoa, lan jarduerei estuki loturik dagoena. Idiofono motako musika tresna gisa sailkatuta dago. Euskal Herriko musika eta kultura giroan berandu samar ezagutarazi da.

Sagar joleak, pisoia eskuan dutela, Ezkio-Itsasoko Igartubeitin.
Kirikoketa besta iragartzen duen kartela.

Euskal musika tresna eta kirol askoren antzera lan jarduerekin loturik jaio zen. Musika tresna hau zehazki sagardoa ekoizteko garaian sagarrak jotzeko prozesuan erabilitako lanabesetatik dator. Askaren tamainaren arabera, bi, hiru, edota gizon gehiago aritzen ziren prakak belaunetaraino bilduta, oinutsik, sagarra jo eta jo, «ordun» hitza entzun arte. Hitz hau joaldia gelditzeko seinalea zen eta taldeko buruak esaten zuen. Jotako sagarra baztertu, geldialdi labur bat egin eta ostera sagar aldi berri bat jotzen hasten ziren. Pisoiekin, txandaka jotzen aritzen zirela, erritmo batzuk sortu zituzten[1].

Lan horretan astebete edo gehiago aritzen ziren, gau eta egun[2]. Amaitzean, baserriko larrainean, atarian biltzeko ohitura zuten garai bateko sagardogileek. Patsola bat jartzen omen zuten eta bertan pisoiekin erritmo ezberdinak jotzen omen zituzten, irrintzi luzeak botaz. Nafarroako Arizkun herrian, esate baterako, hiruko erritmoa atxiki dute, hiru pisoiez osatutako soinua, alegia. Kantu hau abesten zuten pisoien erritmo honekin batera: «Kirikoketa, kirikoketa,/ kirikoketa, koketa, koketa. /Sagarra jo dela, /sagarra jo dela, /sagarra jo dela, /jo dela, jo dela»[1]. Aldapeko sagarraren abestia ere doinu honekin lotzen da[3].

Nafarroako iparraldeko Bortziriak eta Baztan eskualdeetako biztanleek mendez-mende musika tresna hau jo izan zuten, baina 1920ko hamarkadan galtzorian zegoen. Hala ere, euskal kulturak izandako pizkudeari esker, eta 1960ko hamarkadatik aurrera gai honen inguruan euskalzale eta kulturazaleek egindako lanaren bitartez, musika tresna hau berreskuratu ahal izan da, nahiz eta oraindik txalaparta baino maila apalagoan izan.

Jaialdiak eta elkarteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun eta 2001. urtetik aurrera Baztango Arizkun herrian Kirikoketa Besta ospatu ohi da, bertako Gamioxarrea dolarean. Horren antolatzailea Jo Ala Jo Elkartea da[2].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b 2001eko sagardoa: txiki txiki egin arte. argia.eus, Creative-Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) (Noiz kontsultatua: 2016-10-22).
  2. a b Olagarai, Joseba. Kirikoketa Eguna ospatuko da azaroaren 1ean Elizondon. in: Tipi-ttapa, 361. zenbakia, 2010-10-30. erran.tok-md.com (Noiz kontsultatua: 2016-10-22).
  3. Orzaiz, Ion. «Sagar jotzearen erritmoan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-02).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]