Kykkos monasterioa

Koordenatuak: 34°59′02″N 32°44′28″E / 34.983867°N 32.741075°E / 34.983867; 32.741075
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kykkos monasterioa
Kokapena
Koordenatuak34°59′02″N 32°44′28″E / 34.983867°N 32.741075°E / 34.983867; 32.741075
Map
Altitudea1.183 m, itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
IrekieraXI. mendea
Erlijioakristautasun ortodoxoa
IzenaMaria
Webgune ofiziala

Kykkos monasterioa (grezieraz: Ιερά Μονή Κύκκου or Κύκκος, Ierá Moní Kýkkou or Kýkkos; turkieraz: Cikko Manastırı) Zipre hego-mendebaldeko Troodos mendikatean Nikosiarako ibilbidean dagoen monasterioa da. Pedoulas herritik 20 kilometrotara dago. XI. mendekoa da eta Mikel Goiaingeruaren izenean sagaratu zen.

Zipreko monasterio ezagunena eta garrantzitsuena da. UNESCOk 1985ean Troodos inguruko bederatzi eliza eta Kykkos monasterioa Gizateriaren ondare izendatu zituen "Troodos eskualdeko eliza margotuak" multzoaren barnean[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vasil Grigorovich-Barsky erromes errusiarrak 1735ean Kykkos monasterioan izan zen eta orduan jaso zuen monasterioaren sorreraren kondairak honela dio[2]:

"Kykkos mendietan Esaias izeneko eremitabat bizi zen. Egun batean Manuel Boutoumites dukea, Zipreko gobernadore bizantziarra, ehizan ari zela galdu egin zen eta Esaias eremitarekin topo egin zuenean bidea erakusteko eskatu zion. Honek ez duen arazo mundutarretan interesik eta erantzun ez zionean dukeak zirenak eta bi esan zizkion eta oso gaizki tratatu zuen. Dukea Nikosiara itzuli zenean gaixotu egin zen eta berehala oroitu zen eremitari eman zion tratu txarraz. Jainkoari zin egin zion sendatzen bazen Esaiasengana joango zela barkamen eske. Jainkoa aldi berean Esaiasi agertu zitzaion, dena antolaturiko auzia izan zela eta gobernadoreari eskaera berezi bat egin ziezaion eskatu zion: Konstantinoplan zegoen Lukas Ebanjelariak margoturiko amabirjinaren ikonoa Ziprera ekar zezala. Manuel Boutoumites dukeak eskaria jaso zuenean ezinezko egitekoa zela adierazi zion eremitari baina honek Jainkoaren anhia zela erantzun eta biek batera bidaiatu zuten Konstantinoplara helburua lortzeko. Denbora aurrera zihoan eta dukeak ez zuen aukerarik aurkitzen Alexio I.a Komneno enperadorearen aurrean azaldiu eta hari eskaera egiteko. Hori horrela Esaiasi beste ikono batzuk eman zizkion Ziprera eraman zitzan, berak helburua lortu bitartean. Jainkoak ordea enperadorearen alaba gaixoarazi zuen eta orduan aukera ikusita enperadoreari berari gertaturikoa azaldu zion. Enperadoreak ikonoa eman zion une berean sendatu zen alaba. Hurrengo egunean bertan itzuli zen Ziprera eta Kykkosen zain zeukan Esaias. Harako ibilbidean zeuden zuhaitzak makurtu egiten ziren amabirjinaren ikonoa pasatzen zenean."

Manuel Boutoumites dukeak Stravropegico izendatu zuen monasterioa. Honek esan nahi du autogobernua duela eta Peristerona, Milon eta Mylikouri herrien esku utzi zuen haren mantenimendua.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kykkos monasterioaren aurreneko aipamena 1136koa da, Daniel izeneko abadeak Biblia bat erosi zuenekoa. XIV. mendean erre egin zen eta 1365ean berreraiki zen Petri I.a Ziprekoaren emazte Leonorrek ordainduta. Inguruko herritarrek ere eman zuten dirua eta sei hilabetetan bukatu zitutzen lanak[3]. Garai hartan monasterioaren lan nagusia ohiturak, greziera hizkuntza eta historia mantentzea izan zen. Eskuizkribuak kopiatzeko tailer bat bazuten eta Jerusalemgo Liburutegi Patriarkalean dago garai hartan Kykkosen egin zen lanik garrantzitsuena, Salmoa.

Monasterioan zeuden artelan ugari galdu badira ere, honek XIII eta XV artean ikonoen artean mundu mailan izan zuen eragina nabarmena izan zen.

Otomandar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monasterioko patioaren marrazkia, Smith (1887)

1571ean otomandarrek Zipre konkistatu zuten. Kykkos monasterioak uharte guztian zeuden kristau guneak (metochia) babestu zituen, hala nola, Lakatamian, Engomin, Pentagian eta Pafosen. Arteari dagokionez, ikonografia, zur gaineko grabatua, oinarrizko hezkuntza eta literatura ikasketak sustatu zituen. XVIII. mendean greziar eskola bat sortu zen monasterioan. Ikasleak Zipre osotik etortzen ziren eta hiru urtetako ikasketak egin ondoren, graduatu eta jatorrizko herrietara itzultzen ziren edo beste teologia eskola batetara joaten ziren ikasketak jarraitzera.

XIX. mendean Zipreko hiri nagusietan grezierazko eskolak sortzen ere lagundu zuen, hala Limasolen (1819), Nikosian (1830) eta Larnakan. Halako garrantzia zeukan, Zipreko Eliza Ortodoxoaren agintari ugari bertan ikasiak zirela. Ekialdeko Eliza Ortodoxoarekin harremanak mantendu zituen Zipreko Elizaren izenean.

Aro garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zipreko Eliza Ortodoxoaren buru eta Zipreren Independentzia osteko aurreneko lehendakaria izan zen Makarios III.a Kykkoseko ikaslea izan zen eta bertan dago hobiratua[4].

Gaur egun zipretarren kontzientzia historiko eta kulturala sustatzeko lanetan ari da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kykkos Troodos mendietako baso eremu batean kokaturik dago, Olinpo menditik 18 kilometrotara eta Nikosia hiribururako bidean. Bizantziar garaian eraiki zen baina sarritan berreraiki behar izan da. Hala ere antzinako eskuizkribu eta artelanak gorde izan dira, denetan garrantzitsuena Amabirjianren ikonoa da.

Ama birjinaren ikonoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amabirjinaren ikonoa.

Ikonoak Panagía Eleousa izena du, "errukiaren iturria" esan nahi du. Ama birjina semea altzoan duela ikusten da ikonoan. Alexio I.a Komneno enperadorearen oparia izan zen[5] eta Lukas Ebanjelariak margotu zuela esaten da[6]. 1576an urre eta zilarrez estali zen eta 1795an estalki berria gehitu zitzaion. Andre Mariaren aurpegia belo batek estaltzen du eta ezin zaio kendu. 1669an Alexandriako patriarkak beloa altxatu zion eta Jainkoak zigortu egin zuela esaten da.

Abuztuaren 15ean eta irailaren 8an urtero jaialdi handia ospatzen da Kykkoseko amabirjinaren omenez.

Tronua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monasteriotuik iparraldera muinoaren gainean trono bat aurkitzen da, To Throni tis Panayias ("Andre Mariaren tronoa). Garai batean zurezkoa zen eta Jainkoari errezuak egiteko erabiltzen zen. 1935ean zementuzko zenotafio batek ordezkatu zuen, handiagoa eta dotoreagoa.

Eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikonoa gordetzeko eraiki zen eliza. Lehenengo elizak egurrezkoak izan ziren baina 1365 eta 1541ean erre ondoren harrizkoa eraikitzea erabaki zuten. Honek ere suteak izan zituen 1751ean eta 1813an.

Hasierako elizak habearte bakarra zuen eta ondorengoek hiru. Gaur egun dagoenak basilikaren oinplanoa du eta domoa ere badu. Erdiko habeartea amabirjinaren omenezkoa da, eskumako habeartea Saintu Guztiena (Agiotis Pantes) eta ezkerrekoa Mikel eta Gabriel Goiaingeruena (Archangelous Gavreil ke Mihail).

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Centre, UNESCO World Heritage. «Centro del Patrimonio Mundial -» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2020-11-21).
  2. «По стопам русского монаха и путешественника Василия Григоровича-Барского / Поместные Церкви // проект портала Православие.Ru» pravoslavie.ru (Noiz kontsultatua: 2020-11-21).
  3. Weyl Carr, Annemarie. (2004). "The Holy Icons: A Lusignan Asset?" en Weiss, Daniel; Mahoney, Lisa (eds.): France and the Holy Land: Frankish Culture at the End of the Crusades. JHU Press ISBN 978-0-8018-7823-7..
  4. (Ingelesez) «Makarios to Be Buried Near His Monastery (Published 1977)» The New York Times 1977-08-08 ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-11-21).
  5. Pentiuc, Eugen J. (2014). The Old Testament in Eastern Orthodox Tradition. Oxford University Press ISBN 978-0-19-971602-9..
  6. Belting, Hans. (1996). Likeness and Presence: A History of the Image Before the Era of Art. University of Chicago Press ISBN 978-0-226-04215-2..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]