Lamiarrietako plaza

Koordenatuak: 43°10′47″N 1°28′38″W / 43.179611°N 1.477228°W / 43.179611; -1.477228
Wikipedia, Entziklopedia askea
Lamiarrietako plaza
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaArizkun
Koordenatuak43°10′47″N 1°28′38″W / 43.179611°N 1.477228°W / 43.179611; -1.477228
Map
Dimentsioak21 (zabalera) × 75 (luzera) m

Lamiarrietako plaza[1] pilota plaza da, Arizkungo Lamiarrietan dagoena, Nafarroa Garaian. 75 metroko luzera du, frontisetik erreboteraino, eta 21 metroko zabalera. Belarrezkoa da, frontisaren eta errebote-paretaren aurreko zerrenda bana izan ezik. Pilotak gordetzeko leiho itsu bat du errebote-paretaren ondoan.[2] Erreboteko paretan Mikel Laboaren ohorezko grafitia dago, izar gorri batez hornitua.[3]

Lamiarrietako pilota-jokoari buruzko kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baionako Euskal Erakustokian daude 1853. urtean Aldudeko Etxegarai apezak kaier txiki batean eskuz kopiatu sei bertso-sail. Horietako batek Lamiarrietan egin zen espainolen eta frantsesen arteko pilota partida bat harilkatzen du xeheki.[oh 1] Espainolak alabaina baztandarrak ziren, eta frantsesak trenpu eta fama gaitzeko aldudarrak. Jakina da bi eskualdeak kontrabando eta artzaintza harremanez gain, kirolak, pilotak preseski, hurbiltzen zituela.[3]

Hemeretzi koplako abestian lehia nola garatu zen kontatzen du bertsolariak, zuzen bezain soilki, hizkuntza arruntean.[3]


Zer dut bada aditzen
Baztango aldetik?
Mendiak inarrosten
Iduriz errotik?
Bada oihu, bada kantu
Bada irrintzina:
Aire guzia dugu
Bertze bat egina.


Zer bada hortan zare
Zu oraino Pettan?
Ez dakizu deus ere
Misterio hortan?
Laur aldudiar tieso
Español bat hetan
Jokatu dire bapo
Gaur Lamiarrietan!

Laxoan ari ziren aldudarrak. Desafioak oro eramaten zituzten airez aire Elizondon, Iruritan, Arraiozen, Alduden bertan eta Arizkundik Bozatera doan bide bazterreko Lamiarrietako pentzean. Baina baztandarrak ez ziren gutxiago:[3][4]


Baztandarra betitik
Da gizon segura,
Aldi huntan hargatik
Bazen duda-muda,
Ez zelakoz partida
Txit haren gustura
Horregatik ez dauka
Jokatzeko gura.


Orduan Dolhagaray
Balleko alkalde
Ohore ona garrai
Agertzen fagore:
Joka beitez mutilak
Menturaz debalde
Nahiz neronek untzak
Bota zuen alde!


Orobat hurbiltzen da
Jaun apez Gamio
Diolarik: zer bada
Du batek balio,
Ez badu bere hitza
Atxikitzen bero,
Nahiz galduko untzak?
Ikusten da gero!

Lamiarrietako plazako errebote-pareta.

Ontzaz ordaindu apustuak aldudarren alde metatzen ziren, eta baztandarrek zalantzak zeuzkaten soropilera jaisteko. Baina Joakin Gamiok, baztandar apaiz eta pilotari handiak, hitza bete eta partida jokatu beharra zela erran zuen. Baztandarrak irabazten hasi ziren; ikusleak zoraturik zeuden.[3]

Españolek bost joko
Frantsesek baterez!
Ja zioten goraxko
Eginen ere ez!
Orduan sabel minak
Baziren arabez
Bai, ondikoz “saminak”
Nork erranen du ez!

Bat-batean aldudarren salbatzaile antzera Zelhai famatua jalgi zen multzotik:[3][4]


Baina Celhay zaharra
Behar da jokatu!
Jendearen sukarra
Oihuz abiatu:
Estebe paretatik
Zu beti airera,
Ez utzi oraikotik
Jokorik sartzera!


Bada, erran bezala,
Doa eskasera
Handik ikus ahala
Pilota pasara!
Ja, horra, botaria
Doa bazterrera
Ez jakinez jarria
Norat sakatzera!


Han ordutik jokoak
Badoazi lerroan,
Hala nola hostoak
Haizeak airean!
Aldiz azken kintzea
Anttonek ereman
Gibeletik hartua
Bertzalderat eman!

Partida irabazi arren, aldudarrek, eta Zelhaik bereziki, apaltasuna erakutsi zuten.[4]


Orduan zer zen bada
Han, Pettan, ikusi,
Erraiteko ez datza
Batere itsusi
Lagunek aldiz zuten
Celhay erakutsi,
Harturik sorbaldetan
Zelakotz nagusi!


Bainan horrelakorik
Ez nahiz onetsi,
Laster doa artetik
Ohore ihesi;
Gizonari zoin den eder
Beti garaitia
Ongi doa halaber
Zinez modestia!


Anaia on bezala
Baltsan joan ziren
Gaua behar zutela
Eman Elbeten.
Lorik egin ote zuten
Ez nezake erran
Ezen bozkario zen
Berdin guzietan.

Pilotak gordetzeko leiho itsua.

Lamiarrietako garaipenaren ondotik, aldudarrek Elbeten eman zuten gaua. Biharamunean beste partida bat jokatu zen, Elizondon, eta Antton izar bilakatu zen. Beraz, ontzaz kargaturik, muga zeharkatu zuten:[3][4]


Biharamun goizean
Horra Elizondon
Behar dela laxoan
Jokarazi Antton:
Anitz nekatu gabe
Irabazi zion
Bizpahiru untza pare
Dena ere da on!


Hitzak dituztenean
Geroko ibili
Eman ziren bidean
Guziak gizonki.
Bainan lotzearekin
Mendi kaskoari
Haien harrabotsekin
Ikaran zen jarri!

Aldudera heltzean, bezperako irabazleak goratu zituen jendeak. Egiazko besta egin zieten. Bandera zuri-gorriak, zaldizko ibilaldiak herrian barrena, trago bat hemen, txaloak han, ohorea zen baztandarrei irabaztea, antzinako erromatarrek antolatzen zituzten triunfoen parekoa:[3][4]


Hurbiltzean etxera
Huna bertze berri
Behar dela bandera
Egin txuri gorri!
Eta eman zaldira
Gure Jaun Celhayri
Altxatzeko airera
Boltan kantuari!


Batzuek krabistutik
Bertzek estribera
Hor deramate pozik,
Berak du bandera!
Guda baten ondoan
Iduri duela
Erromako hirian
Sartzen jenerala!

Bertsolaria, lekukoa hots, anitzetan gertatu denez, apeza dela susmatzen ahal dugu, morala isurtzen duelako sail luze horretako hiru azken kopletan:[3]


Orai nere maiteak
Nik hemen banaki
Guziz, zure gazteak
Kontseilatzen finki:
Partida egitean
Ahalaz izerdi
Gero jokatzekoan
Gelditzen da ongi.


Ez beraz engainatu
Bitorios dena
Ez sobera jokatu
Gaur eskutan dena:
Bezpera alegerak
Duke goiz iluna
Jokari berotuak
Maiz du bihotz-mina!


Bertze alde gaurgoitik
Nork bada ez daki
Nihor guti jokotik
Izan dela ongi,
Aldiz tuzte anitzek
Bere bertzenekin
Galdu bai dohakabek
Arimak heiekin!

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Egungo plazari Plaza berria izena ematen zaio. Plaza zaharra 100 metro inguru ipar-ekialderago zegokeen, Plazaburua etxearen ondoan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lamiarrietako plaza. Toponimia Oficial de Navarra, toponimianavarra.tracasa.es (Noiz kontsultatua: 2020-1-13).[Betiko hautsitako esteka]
  2. Carballo Ostolaza, Daniel. Implantación del juego de pelota en los centros históricos Grados de implantación del juego en la arquitectura. Departamento de Arquitectura - Área de Urbanismo, UPV-EHU, madridciudadaniaypatrimonio.org (Noiz kontsultatua: 2020-1-13).
  3. a b c d e f g h i Borda, Itxaro. Eta klaska pilota!. Argia astekaria, CC BY-SA 3.0, 2018ko martxoak 11, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-13).
  4. a b c d e Chanson sur la partie de paume jouée entre les français et les espagnols à Lamiareta. gordailu.bilketa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]