Lankide:Iñaki LL/Nafarroako Foru Murriztua

Wikipedia, Entziklopedia askea

 

Nafarroako Foru Murriztua Nafarroa Garaiko lege eta foruen bilduma historikoa da, XVI. mendean egina, Nafarroako Erresuma Gaztelako Koroan sartu ondotik. Haren asmoa zen, Erdi Aroan eginiko Nafarroako Foru Orokorra sinplifikatzea. XVII. mendearen hondarrera arte, ez zuen lortu inprimatu eta argitaratzeko nahitaezko errege babesa, baina «juristek, praktikan, erabiltzen zuten, nahiz eta ez zegoen ofizialki indarrean».[1]

Foru bilduma egiteko ekimena XVI. mendeko testuinguru orokorrean kokatzen da, Penintsulako espainiar monarkian finkatzen ari zen estatu-eredu berrian. Lege bildumen garaia izan zen, haren atzean «kontu politiko bat ezkutatzen zuena, zeren eta, zuzenbidea bilduz, hein batean edo bestean, erregearen subiranotasunaren aitortza ezkutatzen baitzen».

Ismael Sánchez Bella irakaslearen hitzetan, Foru Murriztua «oso garrantzitsua» da indarrean dagoen zuzenbiderako, «izan ere, Nafarroako zuzenbide historiko hori 1973 arte indarrean egoteaz gain —ia atzo—, indarrean dago egun ere —Foru Berria,alegia, Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduma—. Izan ere, 1. legean adierazten du [Foru Murriztuak] lehentasuna duela bere prezeptuak interpretatu eta integratzeko orduan».[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Erresumako Foru Murriztua (1815eko edizioa)

Nafarroako Erresuman XVI. mendean gertatzen zen arau-nahasketa larria zela eta, Nafarroako Katalina I.a erregina eta Joan III.a errege ezkontidea Nafarroako Gorteetara (Hiru Estatuak ere deituak) joan ziren 1511n, eta eskatu zuten arazo horren inguruan zerbait egiteko:

« Gure Erresuma honetako askotariko foruek eta legeek eta estiloak eta praktikak, eta legea eratzen duten usantzek eta ohiturek, zenbaitetan, elkar ukatzen dute, eta kontraesankorrak dira. »
Katalina I.a Nafarroakoa, Joan III.a Labrit. 1511[2]

Nafarroa Garaia Gaztelari lotu ondotik (1515), lege haiek bateratzeko nahia behar politiko bihurtu zen: «Erresumaren independentziak Nafarroako zuzenbidearen eta Espainiako zuzenbidearen arteko independentzia eskatzen zuen», bigarren zuzenbide hori zabaltzea «arrisku segurua eta egitate gauzatua» bihur zitekeelako.[1][3] 1514ko urtarrilaren 28an, Erresuma Gorteetan bildurik, Nafarroako erregeorde Diego Ferrnandez de Córdoba erregeordearen proposamena jaso zen, foruak berritzeko batzordea osatzeko.

Karlos V.a enperadoreak, Karlos IV.a erregea Nafarroan, oniritzia eman zion aditu-batzorde batek proiektua aurrera ateratzeko Iruñeko Nafarroako Gorteetan (1528) egin zioten proposamenari.[4] Nafarroako Errege Kontseiluko zenbait adituk osatzen zuten talde hori, baita Gorteek berek izendatutako beste ordezkari batzuek ere (2 noble, 2 elizgizon eta 6 hiribildu on).

Obraren xedea zen foruak, legeak eta Nafarroako Erresuman indarrean ziren ordenantzak lege testu bakar batean biltzea. Idazketa 1528tik 1538ra egin zen, une horretan Nafarroan indarrean zen legeria osoa bolumen bakar batera murriztea lortzeko. Lan horretarako, nahitaezkoa zen «gauza alferrikakoak eta nahasiak ezabatzea, baina funtsa aldatu gabe, Erresumako legeria modernizatuz eta ulergarriago bihurtuz», hau da, «Nafarroan dagoen foruen aniztasuna "batasun batera ekartzen" saiatzea; testu horri Foru Murriztu deitu zitzaion».[2] Haren aplikazioa baimentzeko erregearen sinadura-eskaera zela eta, Gaztelako Kontseiluak ezezko txostena eman zuen (1533 eta 1538), hauxe adieraziz: «Artikulu batzuek zalantzan jartzen zituzten errege-nagusitasuna eta -agintaritza».

Nafarroako Gorteetako bozketa hautestontziak. Nafarroako Jauregia

Tuteran eginiko Nafarroako Gorteetan (1538) jaso zenez, ordurako testua prestaturik zegoen. Gaztelako Felipe II.a (Nafarroako IV.a) erregeari[5] original bat igorri zitzaion, belus gorriminez koadernatua eta zilarrezko sarrailak zituena. Hala ere, «Erresumako ordezkariek uko egin zioten Gorteetatik sortu ez ziren ordenantzak eta probisioak proiektuan sartzeari», eta arrazoi politiko horrek eragotzi zuen garai hartan Foru Murriztua argitaratu ahal izatea.

Pedro Pasquier tuterarra Foru Murriztua ontzen parte harturiko pertsonaia ezagunetako bat izan zen[1] eta, Pedro Balantzarekin batera, bigarren lege bilketa-saiakera batean parte hartu zuen, erregeordeak, Alburquerqueko dukeak, Beltrán II de la Cuevak eta Toledok bultzatuta, eta Nafarroako Errege Kontseiluaren oniritzia zuen. Biak, gainera, 1550etik hara, aipatu Kontseiluan nafar plaza betetzen agertzen dira.

Nafarroako Foru Nagusiaren collagea

Tuterako (1565) eta Lizarrako (1567) Gorteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1565ean Tuteran eginiko Gorteetan, Foru Murriztua onartzea eta inprimatzea eskatu zen berriro, nahiz eta kontuan izan Gaztelako Kontseiluak 1538ko txostenean jada adierazi egin zuela kapitulu batzuk aldatu behar zirela eta, ondorioz, beste berrikuspen bat egiteko aukera aztertu zuten. 1567ko abenduan, Lizarran bildu Nafarroako Gorteek jasota utzi zuten Foru Murriztuaren edukia Miguel Ruiz Otalorak (Nafarroako Errege Kontseiluko erregeorde 1562-1569 bitartean), Atondo kontseilariak eta Pedro de Pasquierrek (Kontseiluko kide ere) berrikusi zutela.[1]

XVI. mende osoan, Foru Murriztuaren eskuizkribu hori koska nagusi bihurtu zen «atzerritartasun gaien eta ofizioen zein onuren izendapenaren gainean monarkari aurre egiteko», eta erresumako erakundeek bilatzen zuten «bere legeria inprimatu ahal izatea». Asmo hori, ordea, «inprimatzeko lantegirik ez izateak» oztopatu zuen neurri batean, 1540ko hamarkadan Lizarran finkatu arte arte ez baitzen inprimategirik izan. Badirudi, halaber, Espainiako Koroak zenbait eragozpen zituela lege bilduma hori babesteko, Gaztelako Kontseiluak adierazten zuen bezala; izan ere, «XIII-XIV. mendeak arte landu ziren zenbait kapitulu ez datoz bat errege agintaritzaren prerrogatibekin, noiz eta estatu modernoaren kontzeptua finkatzean gero eta sendoagoa zen monarkia batean». Adrian Anbereskoa Iruñera lekualdatu zen 1567tik, «hala Kontseiluak nola Gorteek promes egin zioten mandatu bat betetzeko: Foru Murriztua inprimatzeko egitasmoa». Hori ezin izan zuen egin, eta Anbereskoari «kalte ekonomiko handiak» eragin zizkion, Gorteei zuzendu zien txosten batean azaldu zuen bezala; aldi berean, horren ondorioz, bere arazo finantzarioez arranguratu zen.[6]

Nahiz eta inprimatzeko eta errege babesa eskuratzeko arazoak izan, Maria Isabel Ostolazaren aburuz, testua «Nafarroako Errege Kontseiluko legelariek estimu handitan hartu zuten; izan ere, inguruko erreinuetako ordenantza eta legeekin eta aditu garrantzitsuenen literatura juridikoarekin kontsultatu eta alderatu zuten».[2] Horren erakusgarri, hauxe dio Carmen Jusuék: 1686an, azkenean, Gorteek Nafarroako Erresumako Foruak[7] inprimatu zituzten, erdarazko izenburu hau paraturik: Fueros del Reino de Navarra desde su creación hasta su feliz unión con el de Castilla y recopilación de las leyes promulgadas desde dicha unión hasta el año 1685. Editatzeko mandatua Antonio Xabierri ("Chavier" letrakatua, erdal ortografiaz) eman zitzaion,[1] eta Martin Gregorio Zabalak inprimatu zuen Iruñean. Floristán Imizcoz irakasleak dioenez, «lehen aldiz inprimatu ziren "Forua", XIII. mendean poliki-poliki sortua, eta Nafarroako Felipe III. erregearen "hobekuntza" (1330)». Luze gabe, 1735ean, Joaquin Elizondok eginiko bilduma argitaratu zen.[1]

Nafarroako Foru Murriztuaren Stemma kodiologikoa

Lehen esan bezala, jatorrizko eskuizkribua (A) 1528 eta 1538. urteen artean egin behar zen. 1528ko Gorteetan, adituen batzorde bat eratu zen, hiru besoetako ordezkariek eta Nafarroako Errege Kontseiluko legelariek osatua. Diego Hurtado de Mendoza erregeordeak 1535ean esan zuen lanak mantso zihoazela aurrera. Tuterako Gorteetarako (1538), ordea, amaiturik zegoen.

Geroagoko aipamenenen arabera, eskuizkribua «belus karmesiz estaliriko liburua zen, eta zilarrezko sarrailak zituen». Kautelaz, Tuterako Gorte horiek ahal zuten guztia egin zuten kopia bat egiteko eta, aldi berean, ebatzi zuten jatorrizkoa Leireko monasterioan gorde behar zela. Kopia, berriz, Beaumont-en etxeko Nafarroako Kondestableari eskuratu zitzaion. 1557an, jatorrizkoa erregeordeari eman zioten, Alburquerqueko dukeari, eta garai hartan Jondone Saturdi elizan zegoen Erresumako Artxibora eraman zuen. Eskuizkribu horixe igorri bide zitzaion Felipe II.a erregeari 1568an, Nafarroako Artxibo Nagusian ez baitago haren arrastorik; aldiz, geroago eginiko kopia guztiak gordetzen dira.

B eskuizkribua (1538-XVI. mendearen erdialdea)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Kondestablearen eskuizkribua" ere (B) deitu izan zaio. Jatorrizko eskuizkribua (A) burututakoan eginiko lehen kopia da, eta Nafarroako Kondestablearen babespean jarri zen (Leringo konde beaumontarra). Denbora luzez, Leringo jauregian gorde zen, eta hortik izena. Oso litekeena da mendearen amaieran eskuizkribu hori Erresumako Artxibora lekualdatu izana, jatorrizkoa Felipe II.a erregeari bidali zitzaionez. Liburua 1565eko berrien bidez identifikatu da, eta jatorrizkoaren orrialde kopuru berdina zuen (121 orri).

Eskuizkribua pergaminoz egina da, eta kontserbazio txarra du. Duela gutxi zaharberritu den arren, orri asko ezin dira irakurri osorik edo zati batean. Letra humanistiko etzan nahiko kaligrafikoa erabiltzen du, Erdi Aroko apaingarrien tradizioari lotzen zaio, Foru Orokorra imitatuz eta antzeko egitura batez. Multzo osoko orrialdeak zenbakiturik daude goiko aldean, zenbaki erromatarrak baliatuz. Kanpoko karaktereei erreparatuz eta Nafarroako Gorteek eman albisteei esker, identifikatu da 1538 eta XVI. mende arteko data duela. Ondoren, XVII. mendearen hasieran, idazpen bat gehitu zitzaion azalera, izenburu gisa, edukia laburbiltzen duena: «Foruaren Kodizea, Murriztua deitua, Nafarroa Gaztelarekin bat egin ondotik gauzatzen saiatu zena, baina indarrean sartu gabea, gobernuak eta auzitegiek bertan sartu nahi baitzituzten Gorteetatik atera ez ziren errege aginduak eta bestelako probidentziak».[oh 1]

C eskuizkribua (1570)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Castillo lizentziatuaren eskuizkribua da (C), paperez egina eta pergaminozko azalekoa. Tamaina handiko letra erabiliz idatzi zen, estilo humanistiko etzanekoa, apaingarriren bat du, eta goiburuan hauxe dio: «Foru Bildumaren Kodizea, Nafarroan ezartzen saiatu eta indarrean sartu ez zena, Murriztua deitua». Lehengoen aldean, aurkibidea erantsi zaio edukiaren laburpen gisa (24 orrialde bi zutabetan) eta, gero, foru edukia 187 orritan ematen da, orrialdeka. Azken zatian, 37 orriko gaien aurkibide alfabetikoa gehitzen da.

Eskuizkribuak kopiatzailearen ohar bat eta kopia egitearen eguna adierazten ditu: «Nik ekarria, Kondestablearen Forutik, 1570. urtean. Joan del Castillo lizentziatua». Era berean, marjinetako oharrek argitzen dute jatorrizko eskuizkribua buruturik dagoela: «Foruaren amaiera, goian aitzinsolasean aipatuek eraldatua, Jesukristo gure jaunaren jaiotzaren mila eta bostehun eta hogeita hamazortzi urtean».

D eskuizkribua (1580z gerokoa)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskuizkribu hau (D) paperez egina da, letra humanistiko etzana darabil, Gaztelako Gortetik hurbileko zirkuluetan erabiltzen zenaren antzekoa. Pergaminoz koadernaturiko 161 orri erabiltzen ditu bi aldeetatik. Izenburu hau du: «Nafarroako Erresuma honen Foru Murriztua, Hiru Estatuek agindua». Gainerako kodize guztiak bezala, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko foru kodizeen atalean dago gorderik. Data, adierazten ez denez, gutxi gorabehera ondorioztatu da, marjinetan Iruñean 1580an eginiko Nafarroako Gorteak aipatzen baitira. Egilea ez da esplizituki agertzen.

Haren itxura eta gauzapen zainduari esker, B eskuizkribuaren pareko kalitatea du. Izan ere, antzekotasun handiak ditu harekin, baina eredu izan zuen eskuizkribuaren aldean, edukian, omisio garrantzitsuak ditu, baita interpretazio okerrak eta hutsegiteak ere.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foru Murriztua sei liburutan egituratzen da, eta 815 lege biltzen ditu (idazlan horretan, "kapituluak" deitzen zaie).[3] Kapitulu horien erdiak Nafarroako Foru Orokorrekoak dira. Foru Murriztuaren jatorrizko testuaren bost eskuizkribu heldu zaizkigu eta, egun, Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean daude gorderik, goian adierazi bezala.[2]

I. liburua. Zuzenbide publikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez ere zuzenbide publikoko gaietan oinarritzen da.

Lehenengo kapituluak (edo legeak) —bere posizioagatik, pentsatzen ahal da garrantzitsuena dela— honako hau dio: «Erregeak zernahi gauza zin egin behar die Nafarroakoei, nafarrek erregeari zin egin baino lehen» edo, bestela esateko, «erregeak zin egin behar zuen erbesteratuak barkatzea, txanponik ez egitea hamabi urtez errege izan arte, eta ez ateratzea tropak erresumatik kanpora, erresumako gizon eta jakintsuen aholkurik gabe, Gorte nagusiak bilduz».[3]

Horren atzetik datoz Foru Orokorraren ohiko bi legeak, «erregeak egin behar zuen zin-egiteari buruzkoak: foruak errespetatu eta hobetzea, eta ez okertzea; berak edo bere arbasoek egindako “bortxak” edo irainak desegitea; lurreko ondasunak bertako nafarrekin banatzea, eta ez atzerritarrekin; erresumako kargu publikoetarako, bost “atzerritar” baino gehiago ez izendatzea, eta erresumarako erabaki garrantzitsu eta larriak ez hartzea Erresumako Hamabi Aitoren Semeen edo hamabi jakintsuren aholkurik gabe».[3] Lehen lege horietan jasoriko beste alderdi bat «erregearen proklamazioa (zin-egitea eta altxamendua)» da.

Antonio Xabierren liburuko bi ediziotan (1686 eta 1815) argitaraturiko "El rey sobre el pavés ante las Cortes de Navarra" grabatuak

Lehen liburu honetan ere, erregeari gordetzen zaizkio larritasun bereziko gaiak, erregeak edo bere gobernadoreak atxiki nahi dituzten auziak, eta Erresumako Gorteen urteko deialdiaren nondik norakoak ezartzen dira. Nabarmendu beharreko azken alderdi batzuk hauek dira:

  • Gogoan izatea «noblezia, kleroa eta bien estatus juridikoa».
  • «Bertakoek atzerritarren aurrean duten posizioa» defendatzeko lehentasuna.
  • «Lanpostu publikoak esleitzea (prokuradore fiskala, errege abokatua, alkateak, zinpekoak, notarioak, hirietako ofizialak)».
  • Kontuen Ganberak kontuak kontrolatzeko duen eginkizuna, eta zergak.
  • «Tokiko pribilegio nagusiei eustea (Lizarrakoak adibidez, merkatuari dagokionez, edo Tuterakoak, herri lurrak erabiltzeari dagokion horretan)».[3]

II. liburua. Zuzenbide prozesala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbide prozesalari buruzko gaiak jorratzen ditu, eta «testu hau da berriena, aurreko foruen aldean». Testu honetan, Nafarroako errege auzitegien azalpena ematen da: Nafarroako Errege Kontseilua, Gorte Nagusia eta Kontuen Ganbera, eta horien osaera, funtzionamendua eta eskumenak. Beste alderdi hauek ere aipatzen dira, besteak beste:

  • Tokiko epaileak eta justizia-administrazioarekin zerikusia duten beste figura batzuk
  • Prozesuen faseak
  • Jurisdikzio zibila eta elizakoa[3]

III. eta IV. liburuak. Zuzenbide zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbide zibila aztertzen du. Hirugarren liburuak familia-eskubideari eta oinordetza-eskubideari buruzko gaiak ditu ardatz, batez ere, eta hainbat berritasun aurkezten ditu Foru Orokorraren aldean, hala nola «konkisten ezkontza-araubide ekonomikoa, edo seme-alaba adoptatuen eta seme-alaba naturalen eskubideak».[3] Laugarren liburuak, berriz, betebeharrei eta kontratuei buruzko legeria aztertzen du.[3]

V. liburuak. Toki edo udal zuzenbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tokiko zuzenbidearekin zerikusia duten gaiak jorratzen dira, udal bizitzari lotuagoak, hala nola «auzotasuna eskuratzea, udal ordenantzak, herri lurren erabilera, mugak edo eraikuntzak».[3]

VI. liburua. Zuzenbide penala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbide penalari buruzkoa da, eta ez dago jada gorputz zigorrik, Foru Orokorrean jasotzen den bezala. Kendu egiten dira Jainkoaren epaiketa edo ordalia direlakoak, XVI. mendean anakronikoak gertatzen baitziren ordurako.[3]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jatorriz, gaztelaniaz: Códice del Fuero llamado Reducido, que se intentó poner en ejecución después de la unión de Navarra con Castilla, y no se llevó a efecto, porque el gobierno y los tribunales querían insertar en él las reales órdenes y otras providencias que no dimanaban de las Cortes.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Galán Lorda, Mercedes. (13 de febrero de 2023). «Pedro de Pasquier, primer recopilador en la Navarra de la Edad Moderna» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2023ko apirilaren 17a). Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name "DN2023" defined multiple times with different content
  2. a b c d e Marrodán, Javier. (1990ko azaroaren 27a). El «Fuero Reducido»: una recopilación de las leyes existentes en Navarra en el siglo XVI. Pamplona, 39 or.. Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name "JM" defined multiple times with different content
  3. a b c d e f g h i j Galán Lorda, Mercedes. (11 de marzo de 2021). «Artículo de Mercedes Galán sobre el Fuero Reducido de Navarra» diariodenavarra.es. Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name "DN2021" defined multiple times with different content
  4. «CARLOS IV DE NAVARRA Y I DE CASTILLA» Gran enciclopedia de Navarra.
  5. «FELIPE IV DE NAVARRA (II DE ESPAÑA)» Gran enciclopedia de Navarra.
  6. Txantiloi:Cita Harvard
  7. Jusué Simonena, Carmen. (2015). «El Derecho Positivo: Fueros y leyes» Cuando las cosas hablan: La historia contada por cincuenta objetos de Navarra (Departamento de Educación y Cultura): 252. ISBN 978-84-235-3395-4..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[[Kategoria:Nafarroako historia]] [[Kategoria:Gainbegiratu gabeko itzulpenak]]