Edukira joan

Nafarroako Gorteak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nafarroako Gorteak
Datuak
Motabatzarra
HerrialdeaNafarroako Erresuma
Osatuta
Historia
SorreraXIII. mendea
Desagerpena1839ko urriaren 25a

Nafarroako Gorteak edo Hiru Estatuak Nafarroako Erresumako erakunde politikoa izan ziren. Botere legegilea zeukaten, erregearekin batera, eta, konkistaren ostean, erregeordearen eta honen ordezkarien jokabidea kontrolatzen zuten. Erresumako hiru beso edo estamentuek osaturik zeuden: elizarena, nobleziarena edo militarra eta jarlekua izateko eskubidea zuten unibertsitate edo herriena. Erregeak deialdia egiten zuelarik besterik ez ziren biltzen.[1][2]

XIII. mendean sortuak, azkeneko bilkura 1829an egin zuten, eta 1841eko Foruak Eraldatzeko Legeak desagerrarazi zituen. 1982ko Nafarroako Foru Hobekuntzaren arabera sortutako Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Gorteak ere deitua, erakunde demokratikoa da, sufragio unibertsalaren bitartez hautatzen dena.[1]

Kontuen Ganberak eta Gorte Nagusiak ez bezala, Nafarroako Gorteek ez zuten egoitza finkorik. Monarkak egiten zuen biltzeko deialdia, eta hark egoitza zuen hirian burutzen zen batzarra.[3]

Erdi Aroko errege-ereginak etengabe lekualdatzen ziren, erresumako leku ezberdinetan sortzen ziren arazo politiko, administratibo eta militarrei erantzuna emateko. Hala ere, Behe Erdi Aroan bereziki, egoitza kuttun batzuk izan zituzten. Iruñea, erresumako burua, apezpikuaren jabegoa zen, eta denbora luzean Nafarroako monarkek ez zuten jauregirik izan bertan. Mitra eta koroaren arteko gatazkek zaildu zuten, batez ere XIII. mendean, gortea hirian ezartzea. Karlos III.ak eta haren ondorengoek Erriberriko Errege Jauregia izan zuten egoitza nagusia, baina Iruñean eta Tafallan ere egin zituzten egonaldiak. Gerra Zibilean (1451-1464), Vianako Printzea Iruñean kokatu zen, eta Joan II.a Aragoikoa Zangozan. Azkenik, Foix etxeko monarkak Iruñean bizi izan ziren.[3]

Gorteen bilerak Nafarroako konkista baino lehen[4]
Monarka(k) Bilera kopurua Iruñea Erriberri Lizarra Tafalla Tutera Zangoza Gares Besteak
Joana II.a eta Filipe III.a (1329-1349) 23 6 5 3 - 1 1 1 -
Karlos II.a (1349-1387) 38 15 8 4 - 3 2 - -
Karlos III.a (1387-1425) 47 11 23 7 1 1 - 1 1 Elo
Zuria I.a eta Joan II.a (1425-1441) 22 3 8 - 6 4 - - 1 Monteagudo
Joan II.a (1441-1479) 68 17 14 3 12 6 8 - 1 Faltzes

1 Los Arcos

1 Cortes

1 Cascante

Frantzisko I.a Febo (1479-1483) 7 4 1 - 2 - - - -
Katalina I.a eta Joan III.a (1483-1512) 37 18 7 4 3 2 2 2 2 Donibane Garazi

1 Donapaleu

1 Burlata

1 Ilunberri

Denetara 242 74 66 21 24 17 13 4 11

Hiru Estatuak izena Frantziako erresumatik datorkigu. Lehendabizikoz 1319an erabili arren, XV. mendean ohikoa izango zen. Gorte Orokorretan, Erregearekin batera, hiru Estatuak edo Besoak zeuden:[5]

  • Beso militarra, nobleziaren ordezkaria.
  • Elizaren besoa, Nafarroako elizaren goi karguek osaturik zegoena.
  • Unibertsitateetako besoa, teorian, nobleak edo elizgizonak ez ziren biztanleak ordezkatzen zituena. Errealitatean, ordea, pribilegio bereziak zituzten hiribildu eta hirietako jendeek baizik ez zuten ordezkaririk. XVIII. mendearen erdian berrogei herri inguruk zuten gorteetako jarlekua (hiri onak).

Beso bakoitzak bere eztabaidak eta bozketak egiten zituen. Erabaki bat hartzeko hiruek egon behar zuten ados.[5]

Gizartearen beste estamentu batzuk ez zeuden ordezkaturik Gorteetan :

  • Nekazari petxariek, petxak edo zergak ordaindu behar zituztenek, ez zeukaten Gorteetan egoteko eskubiderik, baina bai Udaletan eta Kontzejuetan.
  • Nekazari koilazoak, lurrari lotuak, hasieran morroi-lanak egiten zituztenak eta gero errentariak.
  • Azkenean, erlijio gutxiengoak:juduak, mairuak eta beste talde baztertuak, hala nola agoteak.

Hiri batzuek zuzeneko ordezkaritza zuten Gorteetan, Hiri Onak edo Jarlekudun Hiriak deituak. XVI. mendean, Erresumako sindikoek hiribildu onen nomina finkatu zuten, Gorteetan esertzeko eskubidearekin eta haien lehentasun-ordenarekin, eta honako 30 hauek izan ziren, hurrenkera honetan:

  1. Iruñea
  2. Lizarra
  3. Tutera
  4. Zangoza
  5. Erriberri
  6. Gares
  7. Viana
  8. Elo
  9. Tafalla
  10. Irunberri
  11. Agoitz
  12. Alesbes
  13. Uharte Arakil
  14. Mendigorria
  15. Torralba
  16. Kaseda
  17. Corella
  18. Etxarri Aranatz
  19. Lakuntza
  20. Larrasoaña
  21. Aguilar Kodes
  22. Esprontzeda
  23. Valtierra
  24. Lesaka
  25. Doneztebe
  26. Urrotz
  27. Oibar
  28. Atarrabia
  29. Zuñiga
  30. Cascante
Nafarroako merindade historikoak.

Nafarroako erresuman erregeak deitzen zien gorteetara hiru estatu nagusietako ordezkariei (nobleak, eliza eta burgesia), erresumako arazoak tratatzeko. Erakunde hau XI. mendean hasi zen osatzen eta XIV. mendean egituratu zen Nafarroako gizarteko sektoreen ordezkari gisa. XIII. mendean, Xanpainako etxea Nafarroako koroaz jabetu ondoren (Teodebaldo I.a, 1234), aitonen semeen eta zaldunen, hirietako burgesen eta eliz hierarkiaren ordezkariak bildu ohi ziren erregea hil eta gero, haren kargua hartuko zuen ondokoak estatu bakoitzari zegozkion foruen aldeko zina egin zezan.

Gero eta maizago egin ziren bilkura hauek eta 1329. urtean, gorte horietara bildutako ordezkariek berek hautatu zuten erregina (Joana II.a, Filipe III.a Evreuxkoaren emaztea), beste erregegaiaren hautua baztertu ondoan. Erregina honek berak eman zion erakunde egitura ohiturazko gorte hari, eta hiru estatuak hasi ziren legera parte hartzen, hasierako Gorte Nagusiaren ordez (Nafarroako hamabi handiki aberatsen batzarra, justizia erakunde nagusi bihurtu zen aurrerantzean Gorte Nagusia). Handiki aberatsek, aitoren semeek eta zaldunek osatu zuten nobleen eta militarren estatua (hogeita hamasei ordezkari hasieran). Estatu berezirik gabe geratu ziren hidalgoak edo noble txikiak.

Nafarroako kondestablea izan zen nobleen estatuko buruzagia, XV. mendetik aurrera. Talde itxia eta indartsua osatzen zuen Elizako hierarkiak, hasieran: Iruñeko apezpikua, Iruñeko, Orreagako eta Tuterako kalonje-buruak, Jerusalemgo San Joango Ospitalarien priore nagusia eta Leire, Iratxe, La Oliva, Irantzu, Fitero, Montearagon eta Urdazuriko monasterioetako abadeak. Hirietako ordezkariek osatzen zuten hirugarren estatua. Burgu eta hiri hauetako ordezkariak ziren, hasieran: Iruñeko San Fermin, San Nikolas auzoetako eta Nafarreria edo hiri zaharreko ordezkariak, Lizarra, Tutera, Zangoza, Erriberri, Gares, Urantzia, Viana, Guardia, San Vicente de la Sonsierra, Donibane Garazi, Auritz, Elo, Irunberri, Larrasoaña, Atarrabiako hirietako ordezkariak. Agilar-Arranotegi, Bernedo, Torralba, Esprontzeda eta Lanzko ordezkariek ere parte hartzen zuten zenbaitetan. Gorteetatik kanpo geratzen ziren errege hiriak eta laborari ez nobleak; errege-erreginaren manupean zeuden hauek. Erregeak deitzen zien gorteetara (Nafarroa Garaian erresuma galdu zenean, erregeordeak bete zuen askotan beharkizun hori, Gaztelako erregeak horretarako baimena eman ondoren) eta, bildu ondoren, Nafarroako Forua zin egiten zuen erregeak. Forua aldatzeko edo hobetzeko, hiru estatuen baimena behar zuen erregeak, ez zuen aski bi estatu bere alde edukitzea.

Nafarroako Gorteak foruaren babesaz arduratzen ziren, legeak xedatzen zituzten (erregeak berez ez zezakeen inolako legerik xeda), zergak ezartzen eta foru-hausleen aurkako neurriak hartzen. Eztabaidak batera egiten zituzten hiru estatuek, baina botoa nork bere aldetik ematen zuen. 1501. urtean sortu zen Erresumako Diputazioa, Gorteek momenturo zuten ordezkaritza gisa.

Gaztelaren menpeko gorteen jarraipena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelako koroak Nafarroako erresuma konkistan hartu ondoren (1512-1515), aldakuntza handiak izan ziren Nafarroako Gorteetan eta hiru estatuetan. 1523tik aurrera, espainiarrek Nafarroa gehiena okupatu ondoren, Nafarroako Henrike II.a erregeak gorteak Donapaleun deitu zituen, bere kontrolpeko lurretan, balio sinboliko handiko mugimendua eta, horretan oinarrituta, okupatu gabeko Nafarroaren estatuak (gorteak) garatu ziren Pirinioez iparraldera. Iruñean, berriz, murriztu egin zen eliz ordezkarien kopurua, handitu egin zen nobleen kopurua eta sarrera egin zitzaion Gaztelaren aldeko militar handi askori eta emendatu zen ordezkatutako hirien kopurua (38 gehiago XVIII. mendean). XVI. mendea arte, urtean behin biltzen ziren gorteak gutxienez; 1513-1829 urteen artean, ordea, 75 bat alditan bildu ziren gorteak, hamar-hamabost aldiz urtean XVII. mende erdialdetik aurrera.

Erdi Aroko konposizioa bere esentzian mantenduz, Fernando Katolikoak eta bere ondorengoek Gorteen hiru estamentuak nabarmen birmoldatzeari ekin zioten. Elizako estamentua murriztu egin zen Iruñeko kalonjeak eta atzerriko prelatuak desagertu zirenean (Calahorra, Tarazona, Baiona eta Akizeko gotzainak; eta Montearagongo abadea): kontrola ere estutu zuen Gaztelak horrela. Elizako kideen kopuruaren murrizketa hein batean orekatuta geratu zen Nafarroako Bikario Nagusiaren presentzia handiagoarekin, Marcillako administratzailearen ondorengo integrazioarekin (1626)[6].

Unibertsitateen estamentua ere aldatu egin zen zenbait hiribilduren gehikuntzaren ondorioz: 1513 eta 1572 artean Urrotz, Doneztebe, Etxarri Aranatz, Lesaka, Zuñiga, Valtierra, Esprontzeda, Atarrabia, Lakuntza, Oibar eta Cascante sartu ziren. Cintruenigok 1572an egin zuen lehen aldiz, Arguedasek 1608an, Etxalarrek 1630ean eta Milagrok 1687an. Guztira 38 unibertsitate Los Arcosen sarrera kontatzen bada, 1753an Nafarroara itzuli ondoren. Guztiaren, lurralde ordezkapena mugatua zen, eta hala geratu zen agerian 1565ean, eskaera egin zutenean Iruñea, Lizarra eta Zangozako merindadeetako ibar bakoitzak eserlekua izateko Gorteetan. Estamentu honetarako ordezkari edo prokuradoreak, oro har, kontzeju irekietan hautatzen zituzten, edo herri handieagoeta errejimenduak izendatzen zituzten (Zangozan, adibidez, 1642 arte, gobernu-ofizioetan egondakoek zuten hautatzekom eskubideak). Nahiz eta prokuradore bat baino gehiago bidali herri bakoitzak (inoiz sei lagun ere) hiribildu edo hiri bakoitzak boto bakarra zuen[6].

Estamentu militar edo noblean, Gaztelako erregeek kontrola indartu zuten halaber. Kasu honetan, partaidetza lotua zegoen bereziki oinetxe jauregien instituzioarekin. Orube edo oinetxe jakin bati lotutako titulu honek segitu zuen hazten, Gaztelako Koroari dirua ordainduz lortzen zelarik titulua; horrela Espainiako zentroarekiko lotura hazkorra izan zuen noblezia nafarrak[7].

Desagertu ziren arte (1841), tirabira handiak izan ziren Nafarroako Gorteen eta Espainiako erregeen eta erakunde gorenen artean. XVIII. mendearen hasieran, politika zentralistagoak ezarri zituen Filipe V.a errege borboitarrak eta, Katalunian, Aragoin eta Valentzian ez bezala, Nafarroako erakundeak errespetatu zituen arren, saiatu zen murrizketa batzuk egiten. XVIII. mendean guztiz ahuldu ziren Nafarroako Gorteak, Madrilgo koroaren eraginaren mendean. 1794. urtetik aurrera, Nafarroako erakundeen aurka jo zuen bete-betean Godoy ministro espainiarrak. 1810-1814 bitarteko urteetan desagertu ziren Nafarroako Gorteak (Espainiako konstituzio liberalak balio gabe utzi zituen 1812an). 1814. eta 1824. urteetan berrezarri zituen Fernando VII.ak Nafarroako Gorteak. 1841. urtean desagertu ziren Nafarroako Gorteak. Nafarroako Diputazioan zeuden liberalek berek bultzatu zuten neurri hau.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Nafarroa, Foru Erkidegoa. Nafar foruaren historia eta egungo baliotasuna.. Nafarroako Gobernua, Hezkuntza eta Kultura departamentua, educacion.navarra.es (kontsulta data: 2025eko apirilak 21).
  2. Dohaintza. Parliztegia, parlamentodenavarra.es (kontsulta data: 2025eko apirilak 21).
  3. a b Gallego Gallego, Javier. Las sedes de las Cortes de Navarra (siglos XIV y XV). El caso de Estella. sehn.org.es (kontsulta data: 2025eko apirilak 25).
  4. Gallego Gallego, J. Javier, Larrión Arguiñano, José Luis. El Parlamento de Navarra. Servicio de Publicaciones del Parlamento de Navarra, 2003, search.worldcat.org (kontsulta data: 2025eko apirilak 29).
  5. a b Miranda García, Fermín, Felones Morrás, Román. Merindadeak. Nafarroako Historiako Gaiak Bigarren Hezkuntzarako, Hezkuntza eta Kultura Departamentua, Nafarroako Gobernua, educacion.navarra.es (kontsulta data: 2025eko martxoak 22).
  6. a b Gran Enciclopedia de Navarra | CORTES. (kontsulta data: 2021-10-09).
  7. (Gaztelaniaz) Martinena Ruiz, Juan José. (2009). Palacios Cabo de Armería, una peculiaridad de Navarra. Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro, Universidad de Navarra., 47-75 or. (kontsulta data: 2021-10-09).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]