Lankide:Irenerl/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Agroekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agroekologia kontzeptua modu askotan definitzen da, zientzia, mugimendu sozial edo nagusiki praktika multzo bezela. Zientzia moduan agroekosistemen azterketaz arduratzen da eta nola hauen osagaiek beraien artean interaktuatzen duten. Mugimendu sozialak laborantzaren identitatea defendatzen du honen erabilgarritasuna eta garrantzia berreindikatzen. Aldi berean, laborantzak berekin lotuta eramaten duen kultura defendatzen du (kultura hau herrialde bakoitzaren araberako izaten da, batzuetan indartsuagoa eta besteetan ahulagoa). Azkenik praktika multzoa ere bada agroekologia eta honen bidez bilatzen dena laborantzaren optimizazio bat da ikuspuntu ekologiko batetik. Agroekologiak bere baitan hainbat disziplina garaikide eta tradizional nahasten ditu. Kontzeptu zientifiko eta sozialen elkarketa da laborantza modu jasangarri eta ekologiko batean aurrera eramateko.

Eskoriatzako baserri bat ardiekin

Agroekologia maila askotakoa izan daiteke, kontsumo pertsonalerako agroekologiatik hasita agroekologia industrialeraino. Agroekologia betidanik egon da gizartearen barnean eta adibide ezaguna euskal kulturaren adierazle moduan daukagu, baserria. Baserriak balore tradizional horien eta teknika modernoen sinbiosiaren adierazle garbiak dira. Belaunaldiz belaunaldi igarotako tradizioa geroz eta modernogoak diren teknika eta printzipioekin nahasten joan direlako; baina, balore tradizional hauek oinarrian mantenduz. Azken urteetan agroekologiari garrantzi handiago ematen hasi zaio laborantza industrialaren ondorioz. Laborantza industriala gaur egun Lurraren egoeraren kausa bat da eta agroekologia honi aurre egiteko bide garrantzitsuenetako bat bezala ikusten hasi da.

Kontzeptua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agroekologia hainbat esparruetan hedatu den terminoa da; hainbat esanahi jasota. Ondorioz, benetan duen esanahia nahasi edo beste zentzu batzuekin erabili ohi da. Akats ohikoenak hauek dira:

Ez da laborantza mota bat; organikoa, biodinamikoa, naturala eta permakulturala bezala.

  • Nekazaritza mota desberdinetan aplikatu daiteke, eskala txikian eta handian.

Nahasketa ohikoena, agroekologia laborantza estilo bat dela pentsatzea da; zeinek teknika bakar batzuk erabiltzen ditu  eta produktu kimiko eta sintetikoen erabilpena mugatuta du. Hau da,  agrokultura ekologikoaren sinonimo bezela erabiltzen da.[1]

Agroekologia eta nekazaritza ekologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agroekologia eta nekazaritza ekologikoa ez dira gauza bera. Agroekologiak ikuspegi teorikoa du, eta ikuspegi ekologikotik, sozialetik eta ekonomikotik nekazaritzaren iraunkortasuna handitzea du helburu. Bitartean, nekazaritza ekologikoa agroekologiaren kontzeptuak praktikan jartzea da. Agroekologiak oinarri zientifikoa ematen die nekazaritza ekologikoei.

Nekazaritza ekologikoa, funtsean, Europar Batasuneko araudi eta erregulazio probintzialaren mende dagoen ekoizpen-teknika den bezala, agroekologia lurraldean errotuta dago, kokatuta dagoen komunitatea kontuan hartzen du, kultura bati lotuta dago eta ezagutza teknikoa eta behaketa uztartzen ditu.

Agroekologiak, produktu desberdinen erabilpenak daukan ingurumen eta osasun  inpaktua, inpaktu ekologikoa eta ekonomikoa aztertzen ditu. Erabilpenak ondorio negatiboak dituenean adierazi egiten da; ekosistemaren funtzioekin bat datorren irtenbide batekin ordezkatuz.

Agroekologiaren printzipioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agroekologiak baditu hainbat printzipio eta ondorengoak lirake garrantzitsuenak:

Letxuga landaketa
  1. Landare- eta animalia-dibertsifikazioa, bai espezie mailan zein maila genetikoan.
  2. Elikagaien eta materia organikoen birziklatzea, elikagaien eskuragarritasuna optimizatuz.
  3. Laboreak hazteko baldintza edafiko egokiak betetzea, materia organikoa erabiliz eta lurzoruen biologia sustatuz.
  4. Ur- zein lurzoru-galerak minimizatzea, higadura- eta ureztatze-prozesuak kontrolatuz.
  5. Intsektu patogenoen eta belar txarren galerak minimizatzea, prebentzio jardueren bidez.
  6. Landareen eta animalien erreinuko espezieen arteko sinergiak eta erlazioak ustiatzea.[2]

Agroekologiaren erabilerak agroekosistema baten kudeaketa ekologikoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izurriteen kudeaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, agrokimikoen erabilera intensiboa baldintzatzen ari da, ez soilik osasunean dituen kalte handiengatik, izurriteen arazoa konpondu ez izanagatik ere.

Patataren kultiboak kaltetzen dien intsektua

Intsektiziden erabilera mugatu edo guztiz debekatzeak pentsamendu aldaketarekin eman behar da, fitofagoekin bukatzea bilatzen den bitartean ez da irtenbiderik lortuko.

Onartu beharra dago ekosistemaren parte direla eta hauekin biologikoki bukatzea ez dela aukera bat, horregatik suntsitu eta kontrolatu beharrean mantendu eta gidatu egin behar dira. Hau lortzeko izurriteen erabilpen ekologikoa bilatu behar da, kaltegarriak diren intsektuak erregulatuz kontsumidoreen osasuna kaltetu gabe ekosistema bakoitzaren baliabideak kontuan edukita.

Artropodo edo fitofago batek populazioa azkar handitzeko gaitasuna duenean eta uztan kalteak sortzen dituenean , produktuaren kalitatea okertuz eta honen balioa gutxituz, izurrite bat dela esaten da.

Urte askotan, espezie biotiko asko kontsideratu dira izurrite, populazio tamaina txikiak edukita eta kalte gutxi sortuta. Horregatik izurrite kontsideratu ahal izateko, honek sortzen duen kalte ekonomikoa ezin da izurritea kontrolatzeko behar den balio ekonomikoa baino txikiagoa izan.

Izurriteak, laborantzaren arazo gehienak bezela, hauentzat faboragarriak diren balditzetan ugaltzen dira eta honekin ekosistemak baldintzatzen dituzte. Izurriteen garapena emateko baldintzen sorrera ikuspegi erredukzionistari lotuta doa. Ikuspegi honek beti ikusi ditu izurriteak kontrolatu beharreko zerbait bezela. Ikuspegi agroekologiko batetik, analisi sistematikoa planteatzen da izurriteak ulertzeko, fitofagoak ekosistemaren edo biotaren parte bat bezela hartzen dira eta hauek ingurunearekin duten erlazioa ikertzen da.

Agroekosistema baten kate trofikoan maila trofiko desberdinak aurkitu daitezke. Adibidez landaretzak lehenengoa maila osatzen du eta izurriteak sortzen dituzten fitofagoak bigarrena. Azken hauek beste organismo batzuen elikagaiak dira, maila trofiko desberdinak sortzen. Azken maila trofikoan hiperparasitoideak aurkitzen dira, fitofagoen harrapakari eta parasito direnak eta izurriteak kontrolatzen lagundu dezakete.

Agrosistema baten barruan maila trofikoez gain, konpetentzia sortzen da osagai desberdinen artean. Erlazio hauei faktore biotiko deritze eta populazio bakoitzaren tamaina baldintzatzen dute. Analisi sistematikoa egiten denean, Agroekologiaren baitan dagoena, erlazio desberdin hauek nola funtzionatzen duten eta ze baldintzek laguntzen duten fitofagoen areagotzea jakiten da. Honen helburua, baldintza hauek ez emateko estrategia desberdinak aurkitzea da.

Ikuspegi agroekologikotik izurriteak zergatik agertzen diren begiratu behar da, izurriteentzat faboragarriak diren baldintzak zuzentzeko. Ikuspegi tradizionalean, galdera bakarra izurriteekin nola bukatzea zen.

Sasitzaren kudeaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agroekosistemak ezbehar biotikoei aurre egin behar die. Hau agroekosistemak dituen erronka haundienetako bat da. Laborantzan, betidanik sasitzaren agerpena arazo bezela ikusi da eta honekin bukatzea izan da helburu nagusi bat.Gaur egun, herbizidak dira metodo erabiliena, sasitza kontrolatzeko eta laborea garbi mantentzeko.

Sasitza ikusi daitekeen zelai baten argazkia.

Tradizionalki sasitza beti ikusi da zerbait txarra bezela, esfortzu handia egiten suntsitzeko, aintzinan mekanikoki kenduz eta industralizazioarekin herbizidekin.

Agrokulturaren ikuspegitik,ordea, sasitza ekosistemen parte integral bat direla ulertu behar da, hauen funtzioak aintzat hartuz eta ulertuz eta beste elementuekin duten erlazioak kontuan edukiz irtenbide bat bilatzeko. Biodibertsitatearen parte bezela sasitzak hainbat funtzio betetzen ditu, erosioa prebenitu, karbonoa finkatu, organismo kaltegarrien populazio eta prozesu hidrologikoen erregulazioa  adibidez.

Ikuspuntu agroekologiko batetik, estrategia desberdinak  lokalki moldatu behar dira, leku bakoitzeko ekosistemaren ingurumen ezaugarri eta ezaugarri sozial eta kulturalen arabera. Beraz, sasitzaren kudeaketa agroekologikoa ahal da modu honetan definitu: “Sasitza agroekosistema baten baloreen barruan kudeatzeko estrategia multzoa da, hauen efektu negatiboak murriztea eta onuragarriak direnak sustatzea dute helburu. Beti nekazariak eta hauen kultura errespetatuz”. Sasitza modu ekologikoan kudeatzeko modu asko daude, baina denek printzipio jakin batzuk jarraitzen dituzte.

Hauek dira ekologikoki sasitza kudeatzeko jarraitu beharreko printzipioak:

  • Sasitza ekosistemaren elementu bat bezela ulertu behar da, rol jakin batzuk betetzen dituena eta beste elementu biotikoekin erlazionatzen dena, bere populazio dinamika propioarekin.
  • Modu holistiko eta sistematikoan oinarritu behar da, epe luzera bideratuta.
  • Sasitza ateratzeko ematen diren prozesu ekologiko eta fisiologikoak ezagutzea, kontuan edukita nola aldatzen diren guk esku hartu eta gero.
  • Elikagai gutxi daudenean lehia ematen da eta esku hartu eta gero lehia hau aldatu daitekela kontuan hartu behar da.
  • Lehia sasitza eta laborearen artean ematen da, biek edukiko dute efektua bestearengan. Lehia bi espezien ezaugarrien baitan dago.
  • Espezie bakoitzaren lehiatzeko gaitasuna kontuan eduki behar da, garai desberdinetan aldatu  egingo dena.

Gaixotasunen kudeaketa ekologikoa laboreetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasun bat duen landare baten argazkia.

Azken urteetan, fitopatologoak konturatu dira gaixotasunak agroekosistemetan ekosistema naturaletan baino ohikoagoak direla. Hau dela eta, ondorioztatu da gizakiaren  esku hartzeak “naturaren balantzean” gaixotasun epidemikoak sortzen lagundu duela. Laborantza modernoan, arazo honi aurre egiteko erabiltzen den metodo ohikoena plagizidak dira. Hauen erabilpen masiboak gizaki eta animaliei kalte egin diete eta onuragarria den fauna guztiz suntsitu du. Biodibertsitatea murrizteaz gain patogeno erresistenteak sortu ditu.

Orokorrean, gaixotasunak fungizida sintetikoen kantitate handiekin kontrolatu izan dira, espezie fungiko asko suntsituz, gehiengoa saprofitoak izanda. Honek hutsune bat uzten du, patogenoek erabili dezaketena berriro agertzeko eta landarea infektatzeko, babes saprobioa galdu duenez errazagoa izango da eta landarea babesgabe gelditzen da. Biodibertsitate galera gizakiaren esku hartzeagatik oso nabaria da gaixotasunen esparruan, gizakia sartzean naturak duen autoerregulazioa galtzeen da, elementu deberdinen arteko erlazioek sortzen duten oreka hautsiz. Hau elementu homeostatikoak berezarriz konpondu daiteke, biodibertsitate maila egokiak lortuz. Kontrolaren helburua gaixotasunek landareak guztiz ez kaltetzea da, erabilera galdu ez dezaten.

Agroekologiaren ikuspegitik, patogenoak ez dira suntsitu behar, neurriak aplikatuz gain kontsideratu behar da “mantentze ekologikoa”. Honek bilatzen duena gaixotasuna maila ekonomikoa baino baxuago mantentzea da, hau ekosistemaren parte kontsideratuz. Hau lortzeko gaixotasunen kudeaketa integratuko teknika desberdinak erabiltzen dira. Gainera kontuan eduki behar da agroekosistemetan populazioen barruan dibertsitate genetiko asko dagoela;beraz, moldatze gaitasun haundia edukiko dute.

Gaixotasunen kudeaketa integratuko teknikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknika edo estrategia hauek agroekosisteman  gaixotasunek sortzen dituzten kalteak murriztea dute helburu, ingurumenean ahalik eta  kalte gutxien sortuz. Teknika edo estrategia erabilienak hauek dira: kudeaketa kulturala, kontrol biologikoa, solarizazioa , estaldura kultiiboetako gaixotasun ekologikoak erabiltzea eta agrokimikoen erabilpen puntuala(ez masiboa gaur egun bezela).

Gaixotasun kudeaketarako elementuak patogenoen inokuloetan zentratu behar dira jarduera agrikola mantentzeko. Patogeno baten presentziak ez du kezkatu behar, honen kalteen intentsidadeak baizik. Ondorioak izan behar dira murriztu edo saihestu behar direnak.

Teknika aislatuak erabiltzea ez da eraginkorra, praktika kulturalen eta aurretik aipatutako tekniken konbinazio izango zen gomendagarriena.

Biodibertsitatearen kudeaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agroekosistemen eta paisaia dibersifikatuen sustapena funtsezko estrategia bat da agroekologiaren printzipioetan  oinarritutako sistema diseinatzeko orduan. Ideia nagusia agroekosistemen funtzio eta egitura eraldatzea da, biodibertsitateak eskaintzen dituen abaintailak erabiltzeko. Horrela, kanpoko produktuen erabilera gutxitzea bilatzen da, inpaktu ekonomiko, ekologiko eta sozialak murriztuz. Biodibertsitatea sustatu eta erabiltzen dugunean  agroekosistema batean, ez dira laboreak eta abereak sartzen bakarrik, aurreko bi puntuetan aipatu ditugun fitofago, sasitza eta biota guztia sartzen da barruan (kontrolatzaileak ere sartzen dira, polinizatzaileak eta mikorrizak adibidez).

Biodibertsitatez hitzegiten denean, dibertsitate begetala funtsezkoa da, biota dibertsoa edukiko duelako lotuta. Dibertsitatea hainbat estrategiekin areagotu daiteke; labore txandakatzez, polikultiiboak erabiliz, ongarri ekologikoak eta estaldura kultiboak erabiliz, sistema agroforestalen bidez, eta sasitza erabiliz. Teknika guzti hauek dibertsitate kulturalarekin estuki lotuta daude, nekazarien helburu eta jakintzarekin zerikusi handia dauka eta.

Oso garrantzitsua da sasitzen eta izurriteen kudeaketa zuzen bat egitea, hauek ezagutuz eta ekarri ditzaketen onurak erabiliz. Landare bakoitzaren ezaugarriak oso garrantzitsuak izango dira erabiltzen diren teknikak zehazteko eta sasitza basatiaren erabilpena edo presentzia mugatzeko.

Biodibertsitatearen erabilpena agroekosistemen barruan oso beharrezkoa da, aurreko bi puntuak honen barruan sartu ahal dira. Teknika desberdinak erabili daitezke, beti eremu edo tokiaren ezaugarriak kontuan edukita eta bertako gizartearen kultura errespetatuz.[1]

Agroekologia munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laborantzak Europan aldaketa nabarmenak jasan ditu azken urteetan. Aldaketa hauek batez ere Europar Batasunak bultzatuak izan dira planetaren egoera eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko. Europar Batasuneko kideek “Pacto Verde Europeo” adostuta dute. Honen bidez lortu nahi diren helburuak aldaketa klimatikoaren aurka lehen kontinente jasangarria bilakatzea da eta horretaz gain COVID-19-ak eragindako kalteetatik irtetea. Paktuak ezarritako helburuak lortzeko Europar Batasunak hainbat proiektu bultzatu eta finantziatu ditu agroekologiaren esparruan. Proiektu hauen artean “From farm to fork” edo Horizonte 2020 dago; azken honek agroekologian ikerketak sustatzen ditu. Proiektu honek alde sozialetik kontzientziazio lan bat egiten du eta bestaldetik hobekuntzak bilatzen ditu gaur egungo laborantza sistemarako. Horizonte 2020 proeiktuarekin batera beste erreforma edo lege daude elkarlanean, horien artean PAC (“Política Agrícola Común”) erreforma. Honekin guztiarekin bilatzen dena da gure gizarte hainbat esparru elkarlanean aritzea helburu komun batekin kasu honetan agroekologiaren eboluzioa eta indartzea da. Proiektuak sortzeaz gain legediaren erreforma bat ere bilatzen du Europak. Lurrak merkantzia bezala soilik begiratzen duen ikuspuntua, giza eskubideekin eta lurra beraren egoeratik begiratzen duen ikuspuntu batera aldatzea nahi da. Maila txikiagoan ere erabakiak hartu dira azken urteetan. Laborantza-erreformak bultzatzen ari dira Europa guztitik eta hauen arrakastaren froga Eskozian daukagu. 2016an onartu zen laborantza-erreformaren legearen bidez ikus dezakegu posiblea dela agroekologian baliabideak inbertituz laborantza sistema europar jasangarri eta ekologiko bat mantentzea; hau da, Europa mailan posiblea dela laborantza-erreforma arrakastatsua.[3]

Ipar Amerika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuak eta Kanada potentzia handiak izan dira beti laborantzaren inguruko tendentzi edo sistema mundialetan. Bi estatu hauek kontra egin dute agroekologiaren sailean Nazio Batuen tratatu eta batzarretan. Estatu hauetan laborantza makroindustriala indartu da horrek ekartzen dituen ondorio guztiekin. Ondorio ekologikoak lurren gehiegizko ustiapena eta ekosistemen suntsiketa izango ziren. Ekonomikoak ere badaude, alde batetik onura jasoko zutenak enpresa handiak izango ziren eta bestaldetik langileak, baldintza txarrak jasango zituzten. Azkenik, ondorio sozialak ere egongo ziren, lehen sektorearen zabaltze honek migrazio masibo bat eragiten du batez ere Mexikotik. Arazo guzti hauen konponbidea aurkitzeko azken urteetan agroekologiak batzen dituen ideiak bultzatzen saiatzen ari da jendea. Politikoen aldetik eta unibertsitateetatik ez dute laguntza ez atentzio handirik jasotzen.Horregatik,aldaketa hauek eskala txikian hasi dira baserritar eta arrantzale txikien artean. Hainbat ekimen eta iniziatiba aurrera eraman dira azken urteetan:

  • “People’s Agroecology Process”: Amerikar natibo eta amerikan bizi diren jatorri afrikarreko biztanleek bultzatua (Puerto Rico, Estatu Batuak eta Kanadako baserritarrak batez ere)
  • “U.S. Food Sovereignty Alliance (USFSA)”: Sektore rurala eta urbanoa elkartzeko ekimenak bultzatu dituzte agroekologiaren ideiak zabaltzeko.
  • “Agroecology Research and Action Collective”: Irakaskuntzan profesionalak diren pertsonen talde bat da agroekologia gehiago ikertzea eta hezkuntza maila bajuagoetan txertatzea duena helburu gisa.[4]

Hego Amerika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Amerikan praktika agroekologikoak indar eta historia handia daukate. Agroekologia mugimendu hau 1970ean indartu zen batez ere. Hego Ameriketako estatuek diru laguntzak jaso zituzten Nazioarteko Diru Funtsa-ren bidez, diru laguntza horiek baldintza gogorrak zituzten merkataritza askearekin lotuta eta horrek ahalbidetu zituen munduko enpresa eta korporazio handiak estatu hauetako lurrak bereganatzea. Ondorioz bertako laborantza lokalak ezin izan zuen konpetentziari aurre egin. Laborantzarako teknika hauek (agroekologiak bultzatuak) irtenbide bat izan ziren baliabide mugatuekin bizirauteko. Estatu guztietan berdin izan ez den arren, laborantza eboluzionatzen joan dira bertako biztanleak, beraien arbasoen jakintzak gaur egungo tresneria garaikidearekin konbinatuz. Agroekologia esparru bat da non laguntzak eta zabalkuntza asko ematen ari diren lurralde hauetan. Hego Ameriketan agroekologia derrigorrezko hezkuntzan geroz eta gehiago ikusten da.[5][6]

Asia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asia larrialdi klimatikoarengatik kontinente kaltetuenetako bat da. Hondamendi naturalak geroz eta gehiago ematen ari diren fenomenoa batzuk dira eta Asia ez da salbuespena. Asian goi-buruek hainbat erabaki hartzen egon dira arazoei aurre egiteko; baina, ez dira oso arrakastatsuak izaten ari. Horren aurrean Asia guztiko baserritarrek (larrialdi klimatikoaren ondorioak zuzenki jasan dituztenak) konponbideak proposatu ditzute eragina dutenak eta egoerari buelta ematen lagunduko dutenak. Erabaki nagusia beraien laborantza sistema guztia biodibertsiatatearen mantenura bideratzea da eta horretarako agroekologiaren printzipioak eta teknikak aplikatzea:

  1. Ura biltzeko sistemak
  2. Ureztapen teknika berriak, tantan bidezko ureztapena adibidez
  3. Hazi tradizionalen erabilera, biopestizida eta biongarriekin batera
  4. Eguzki energiaren erabileraren sustapena[7]

Afrika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agroekologia Afrikan eztabaida sortzen duen gai bat da. Batzuen ustetan agroekologiak ez du laguntzen kontinente honek behar duen garapenari. Afrikar askorentzat agroekoloegia ez da aurrerapausu bat. Agroekologiak bertako produktuen kontsumoa bultzatzen du eta bertako biztanleak ez dute uste hori denik bide egokiena baliabide falta argiaren aurrean. Hala ere, badaude hainbat elkarte eta talde agroekologia gizartean sartzen saiatzen ari dena; Taldeetatik nabarmenetako bat AFSA ("African for Food Sovereignity in Africa").[8]

Ozeania[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Australian agroekologiaren esparruan CSIRO taldea da erreferentea. Garaua eta kotoia da Australiako nekazaritzaren oinarria eta talde honek alderdi hauetan egiten ari da aurrerapen gehien.[9]

Agroekologia Euskadin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu agroekologikoak Euskadin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza ekologikoaren azalera, 2008. urtearen amaieran, 1.350,51 ha erregistratu ziren guztira, eta nahiko modu orekatuan banatzen dira: Araba da pisu kuantitatibo handiena duen probintzia (EAEko azalera osoaren % 36,9), eta, ondoren, oso gertu du Gipuzkoa ( % 36,3), baita Bizkaitik nahiko urrun ere ( % 26,7).

Txakolia egiteko zelaiak, Getaria

Labore ekologiko motaren araberako banaketak larre, belardi eta bazkak nabarmen menderatzen dituela adierazten du (azalera ekologiko osoaren % 58,3), eta, ondoren, zereal, lekadun eta bestelakoetarako lurzoruak ( % 14,7), mahatsondoak ( % 7,6) eta fruta-arbolak ( % 7,5).

Lurraldeen araberako banaketari dagokionez, Araban zerealak, lekadunak eta bestelakoak nabarmentzen dira ( % 38,5), eta Bizkaian eta Gipuzkoan larreak, belardiak eta bazkak dira nagusi ( % 85 eta % 55, hurrenez hurren).

Euskadiko ekoizpen ekologikoak garapen mugatua izan du orain arte, Europako beste eskualde batzuekin alderatuta. Kontuan hartuta gizarteak gero eta interes handiagoa duela produktu ekologikoak ekoizteko eta kontsumitzeko, Eusko Jaurlaritzak FOPE (Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Plana) proiektua jarri zuen abian 2014an.[10]

Ekoizpen ekologikoaren eta agroekologikoaren sustapena bultzatzeko proposamenak azken urteotan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure Erkidegoari dagokionez, ekoizpen ekologikoak garapen mugatua izan zuen Europako beste eskualde batzuekin alderatuta, baita herrialdeko beste autonomia-erkidego batzuekin alderatuta ere. 2014an, Eusko Jaurlaritzak FOPE proiektua jarri zuen abian, Euskadin Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Plana, Euskal Autonomia Erkidegorako hazkunde ekonomiko iraunkorraren aukera aprobetxatzeko helburuarekin, gizarteak gero eta interes handiagoa baitu produktu ekologikoen ekoizpenarekiko eta kontsumoarekiko.

FOPEen 2014an finkatutako helburuak eta adierazleak honako hauek izan ziren:

  1. Operadore kopurua 600 eta transformadore kopurua 200 arte handitzea (orduan 389 eta 125 zeuden, hurrenez hurren).
  2. Kontsumo-kuota bikoiztea (orduan % 1ean baloratua)
  3. Nekazaritzarako eta abeltzaintza ekologikorako erabiltzen den nekazaritza-azalera erabilgarria (NAE) bikoiztea ( % 1,1etik % 2,2ra).
  4. EAEko nekazaritza ekologikoari buruzko ikerketa- eta prestakuntza-ildoak irekitzea eta sendotzea.

2020ean Berriro ere, beste plan berri bat aurkeztu zen Euskadin “EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO EKOIZPEN EKOLOGIKOA SUSTATZEKO PLANA” lemapean. Plan hau 2014ean planteatu zen FOPE planaren jarraipena da, eta, beraz, Euskadin hazkunde jasangarri handiagoa lortzeko bideari berriro ekiteko aukera izanik, jatorri ekologikoko produktuen ekoizpenean eta kontsumoaren sustapenean oinarrituta. Beraz, kontuan hartu dituzte 2014an helburu horrekin ezarritako helburuak, eta aurreko planaren egoera oraingo baldintzetara egokitu dituzte.[11]

Agroekologia Nafarroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu agroekologikoak Nafarroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2019an, CPAEN/NNPEKek bildutako datu estatistikoek Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren hazkunde iraunkorra berrestu zuten, 83.348 hektarea zituelarik kontrolpean, hau da, Nafarroan nekazaritzarako erabiltzen ziren azalera osoaren % 7,2. Operadoreen kopuruak ere gora egin zuen aurreko urteekin aalderatuta: 2018ko urtarrilean 624 izan ziren eta 2019ko urtarrilean 667.

Agroekologiak gero eta pisu handiagoa du nekazaritza-ekoizpenean, eta datuek hori erakusten dute, azken urteetan etengabe hazi baita, CPAEN/NNPEKek urtero egiten dituen estatistika-datuen arabera. Hazkunde horrek berretsi egiten du mundu mailan, Europan eta Europar Batasunean izandako joera. Hala, Nafarroan hektareatan eta operadoreetan izandako hazkundeak berretsi egiten du kontsumitzaileek produktu ekologikoaren eskaera handiagoa egiten dutela.

CPAEN/NNPEKek argirtaratutako Nafarroako foruko 2021. urteko nekazaritza-ekoizpen ekologikoari buruzko txostenetik ateratako datuak dira ondorengoak. Nafarroako sektore ekologikoak hazten jarraitzen du, 62.000 hektarea baino gehiagoko azalerarekin eta 746 operadorerekin. Gainera, 35 sektoretako 2.500 elikagai ziurtatu ditu. Datu horien arabera, operadore kopurua % 6,9 hazi da, eta ziurtatutako azalera, berriz, % 2,6, 2020 urtearen aldean.

Hurrengo urtetara begira, hainbat plangintza aurkeztu dira azken urteotan. Horien artean, “NAFARROAKO EKOIZPEN EKOLOGIKOAREN 2021-2030 PLAN ESTRATEGIKOAREN ESKEMA” izenarekin aurkeztu zutena.[12]

Euskal Herrian agroekologia bultzatzeko proiektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jabier Ibarbia baserritarra Tolosan bere behiarekin

Euskal Herrian agroekologia bultzatzen duen baserritar eta herritarrez osatutako elkartea da EHKOlektiboa eta bioekologiatik harago doan laborantzaren alde ari da lanean. Agroekologiak teknika ekologikoez gain irizpide sozial, ekonomiko eta kulturalak ere hartzen ditu kontuan: kontsumo moduak, laborariaren erabakitzeko gaitasuna, neurrizko produkzioa, salmenta zuzena… 2007tik hainbat topaketa egin dituzte eredu hori garatzeko eta 2014ean lortu zuten juridikoki egitaratzea. Gaur egun, 220 kidez osaturik dago elkartea, horietatik 125 laborari, 67 herritar eta 8 elkarte.

Proiektuarekin bat egiten duten laborariei EHKO identifikatzailea emango zaie, honek ekoizpen ekologiaren araudiak errespetatu eta beste hainbat alor kontuan hartzen direla adieraziko du, esaterako, lurraldetasuna, gertutasuna eta elkarlana.

EHKOlektiboaren sorkuntzak Europar Batasunaren laguntzaz gain beste zenbait elkarteren parte hartzeak ere izan ditu; Biolur Gipuzkoak, Bio Nekazaritzak, ENEEKek eta Landare Kontsumo elkarteak, besteak beste.[13]

Erlazionatutako kontzeptuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Agroekosistema: Agroekosistema bat ekosistema bat da erabilera edo jarduera agrikola bat duena non talde biotiko eta ingurune fisiko batek elkar eragiten duten. Agroekosistema bateko talde biotikoa landare eta animaliz osatuta dago eta ondorioz hauen arteko interakzioa ematen da konpetentzia eta lehia horien artean. Jarduera agrikola aurrera eramateko erabiltzen den talde biotikoaren osagaiaren arabera sailkatzen dira. Agroekosistemak ez dira guztiz ekosistemak kontsideratzen nagusiki hauen orke edo jarduera gizakiak erregulatua dagoelako. Baina, kontzeptu ekologikoak guztiz aplikagarriak dira hauen azterketarako; energia fluxuak edo materiaren zikloak dira kontzeptu hauen adibide.[14]

Wikipediatik at erabilitako estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Sarandón, Santiago Javier, ed. (2014). Agroecología.  doi:10.35537/10915/37280. (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  2. (Katalanez) Agroecologia. 2022-02-24 (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  3. (Gaztelaniaz) Martos, Laura. (2021-06-22). «Hacia la agroecología en Europa» Alimenta ODS (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  4. (Ingelesez) Author, Guest. (2019-11-12). «Agroecology and Food Sovereignty in North America» UVM Food Feed (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  5. «Declaration on “The Role of Agroecology on the Future of Agriculture and the Food System” « Biosafety Information Centre» biosafety-info.net (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  6. (Ingelesez) Solis-Montero, Lislie; Flores-Palacios, Alejandro; Cruz-Angon, Andrea. (2005-06). «Shade-Coffee Plantations as Refuges for Tropical Wild Orchids in Central Veracruz, Mexico» Conservation Biology 19 (3): 908–916.  doi:10.1111/j.1523-1739.2005.00482.x. ISSN 0888-8892. (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  7. (Gaztelaniaz) «Agroecología vs caos climático: en Asia campesinas y campesinos encabezan la batalla» grain.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  8. (Ingelesez) AFSA – Transitioning to Agroecology. (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  9. (Gaztelaniaz) Ae, Revista. (2023-02-14). «Datos agricultura ecológica mundial (2021): el mercado sigue creciendo pero a menor ritmo» SEAE (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  10. (Gaztelaniaz) r01e00000ff26d4686ba470b88326490b79e05c49, r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f. (2017-06-26). «La agricultura ecológica como parte de la estrategia de desarrollo agrario sostenible» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  11. (Gaztelaniaz) r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000fe4e66771ba470b85e6897e3cbce045d. (2015-04-21). «Plan de Fomento de la Producción Ecológica (FOPE) 2020-2023» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  12. (Gaztelaniaz) «La producción ecológica de Navarra sigue creciendo» www.navarraecologica.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  13. «Euskal Herrian agroekologia bultzatzeko identifikatzailea sortuko du EHKOlektiboak» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  14. (Gaztelaniaz) Hart, Robert D.. (1985). Conceptos básicos sobre agroecosistemas. Bib. Orton IICA / CATIE ISBN 978-9977-951-61-4. (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).