Lankide:JonAltolagirre/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ezagutza edo ezaguera ezagutzeko ahalmena eta horrekin errealitateari buruz eskuraturiko informazioa, ulermena eta ekintzak burutzeko trebezia da, esperientziaz, heziketaz nahiz ikerkuntzaz. Ezaguera ikuspuntu filosofikotik aztertzen duen jakintza-arloa epistemologia da. Ezagutza kontzeptuak gai baten inguruko ulermen teoriko zein praktiko bati egiten dio erreferentzia. Hau implizitua (ezagutza praktikoa bezalakoa) edo esplizitua (ezagutza teorikoa bezalakoa) izan daiteke; formala edo informala eta sistematikoa edota partikularra izateaz gain.[1] Psikologiak eta soziologiak ere aztertzen dute ezagutza: psikologiatik ezaguera prozedura kognitibo konplexu moduan aztertzen da.[2]

Ezagutzaren teoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Επιστημη edo Episteme-ren (ezaguera) irudikapena, Efesoko liburutegian.

Ezagutza epistemologiaren aztergai nagusia da, dakiguna, hau nola dakigun eta jakiteak zer esan nahi duen ikertzen duena.[3]

Platonen definizio klasikoaren arabera uste batek ezagutzatzat hartzeko ondorengo hiru irizpideak bete behar ditu: justifikatua egotea, egia izatea eta uste izatea.[4] Egun, epistemologoek orokorrean onartzen dute irizpide horiek ez direla nahikoa. Ezagutzaren definizio alternatibo ugari daude, horien artean, Simon Blackburnen proposamena, zeinaren arabera egiazko uste justifikatu bat akats baten ondorioz duenak ez du ezagutza, edota Richard Kirkhamena, zeinaren arabera ustearen justifikazioak honen egiazkotasuna dakarren ezinbestean.[5]

Teoria hauen aurka eszeptikoak daude. Pentsalari hauen ustez ezinezkoa da ezagutza eskuratzea, ez baita posible usteak justifikatzea.

Ni-aren ezagutza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ni-aren ezagutzak pertsona batek bere sentsazio, pentsamendu, uste eta beste gogo-egoerei buruz duen ezagutzari egiten dio erreferentzia.[6] Filosofiaren historian zehar ezabaida ugari egon da Ni-a eta honi buruz dugun ezagutzari buruz. Rene Descartesek, bere eszeptizismoaren eskutik, ondorioztatu zuen  Ni-a dela ziur ezagutu dezakegun gauza bakarra, eta hau izan zen bere teoriaren oinarria: Pentsatzen ari naiz, beraz banaiz (Cogito ergo sum). Bestalde, David Humek, zalantzan jarri zuen Ni-aren ezagutza izan dezakegunik, esanez hau ez dela pertzepzio multzo bat baino gehiago.

Sokrates

Ezagutzaren balioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar onartu izan da ezagutzea uste izatea baino baliotsuagoa dela. Ezagutzaren balioaren lehen aurkezpena Platonen Menon dialogoan agertzen da. Bertan Sokratesek esaten du Larisarako bidea dakien pertsona batek soilik gidatu ahal dituela beste pertsona batzuk hara. Baina esaten du, hara nola joatearen egiazko ustea zuen norbaitek ere gidatu ahal dituela. Sokratesen ustez biek, ustez ezagutza duenak eta egiazko ustea duenak, ahal dute ekintza gidatu. Menonek orduan galdetzen dio zergatik ematen zaion ezagutzari egiazko usteari baino balio handiagoa. Sokratesek erantzuten dio ezagutza baliotsuagoa dela hau justifikatua dagoelako. Hortaz, egiazko uste bat justifikatuta izateak bihurtzen du hau ezagutza.[7]

Ezagutza zientifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sir Francis Bacon

Zientzia eta ezagutza zientifikoa filosofiaren aztergai garrantzisuak izan dira historian zehar. Metodo zientifikoaren garapenak ekarpen garrantzitsua egin dio mundu fisikoa eta bertan ematen diren fenomenoei buruzko ezagutza lortzen den moduari.[8] Ezagutza zientifikotzat hartzeko, ikerketa metodo bat ebidentzia behagarri eta neurgarriak batzean, arrazoiean eta esperimentazioan oinarrituta egon behar da. Zientzia beraren garapenarekin batera, ezagutza zientifikoak erabilera orokorragoa du gaur egun biologia eta giza eta gizarte zientziak bezalako diziplinetan.[9]

Sir Francis Bacon kritikoa izan zen ezagutza zientifikoaren garapen historikoarekin; bere lanek ikerketa zientifikoan metodologia induktiboa finkatzen eta zabaltzen lagundu zuten. Baconek ezagutza boterea dela zioen, bere aforismo famatuan agertzen den bezala.[10]

Ezagutza zientifikoak ez du zertan ziurtasuna esan nahi; izan ere, zientifikoek ez dute inoiz jakingo ea beren teoria guztiz egiazkoa den ala ez. Horregatik ezagutza zientifikoaren oinarria guztia zalantzan jartzea litzateke, hala, zalantza horrek egia absolutuago batera eramango duelakoan.[11]

Ezagutza kokatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donna Haraway

Ezagutza kokatua egoera jakin bati dagokion ezagutza da. Ezagutza sortzeko modu batzuek, saiakera eta akatsa edo esperientziaren bitartez ikastea bezelakoek, ezagutza kokatua sortu ohi dute. Ezagutza kokatua hizkuntzan, kulturan edo tradizioetan txertatuta egon ohi da. Gainera, ezagutza gizakien gaitasun kognitiboekin guztiz lotua dagoela esan ohi izan da.

Donna Harawayk erabili zuen kontzeptua lehen aldiz, Sandra Hardingen ekarpenen oinordeko gisa. Teoria honek munduaren ikuskera egokiago, aberatsago eta hobe bat ematen du Harawayren ustez.[12] Ezagutza kokatuaren arabera, egoera bakoitzak garai jakin horretako zientzia narratiba bilakatzen du. Arturo Escobar antropologoak narratiba hori ez dela ez fikzio ez egitate dio, baizik eta biak nahastuta sortutako narratiba historiko bat.[13]

Nahiz eta Harawayen argudioak teoria feministan oinarrituta egon, ezagutza kokatuan nagusi den oinarri eszeptikoa post-estrukturalismoaren argudio nagusietan presente dago. Oinarrian bi teoriek historiaren, boterearen eta geografiaren garrantzia azpimarratzen dute, lege unibertsal edo estruktura funtsezko oro baztertzeaz gain.[14]

Ezagutza erlijioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristautasunaren aldaera ugaritan, Katolizismoan edota Anglikanismoan bezala, ezagutza Espiritu Santuaren zazpi oparietako bat da.[15]

Gnostizismoan, ezagutza jainkotiarra eskuratzea helburuetako bat da.

Islamean, ezagutzari garrantzi handia ematen zaio. “Dakiena” (al-ʿAlīm) Jainkoaren ezaugarri nagusiak islatzen dituen 99 izenetako bat da. Koranak dio ezagutza Jainkoarengandik datorrela eta Hadith askok ezagutzaren eskuratzea bultzatzen dute.[16]

Tradizio judutarrean, ezagutza pertsona batek lor dezakeen ezaugarri baliotsuenetako bat kontsideratzen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «definition of knowledge from Oxford Dictionaries Online» web.archive.org 2010-07-14 (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  2. Ferrater Mora, José. (1979). De la materia a la razón. Alianza ISBN 84-206-2225-7. PMC 5311749. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  3. Steup, Matthias; Neta, Ram. (2020). Zalta, Edward N. ed. «Epistemology» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  4. Giannopoulou, Zina. (2013-06-27). «Knowledge as True Judgment with an Account» Plato's Theaetetus as a Second Apology (Oxford University Press): 155–183. ISBN 978-0-19-969529-4. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  5. KIRKHAM, RICHARD L.. (1984-10-01). «Does the Gettier Problem Rest on a Mistake?» Mind XCIII (372): 501–513.  doi:10.1093/mind/XCIII.372.501. ISSN 0026-4423. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  6. Gertler, Brie. (2020). Zalta, Edward N. ed. «Self-Knowledge» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  7. Plato. (2002). Five dialogues. (2nd ed.. argitaraldia) Hackett Pub. Co ISBN 0-87220-633-5. PMC 49525785. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  8. (Ingelesez) «Definition of SCIENCE» www.merriam-webster.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  9. (Ingelesez) Facebook; Twitter; options, Show more sharing; Facebook; Twitter; LinkedIn; Email; URLCopied!, Copy Link et al.. (2012-07-12). «Stop bullying the 'soft' sciences» Los Angeles Times (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  10. «The Quotations Page: Quote from Sir Francis Bacon» The Quotations Page (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  11. «Barry Stroud on Scepticism» philosophy bites (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  12. «Situated Knowledges: The Science Question in Feminism and the Privilege of Partial Perspective» Women, Science, and Technology (Routledge): 489–506. 2013-09-11 ISBN 978-0-203-42741-5. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  13. «CHAPTER 1. Introduction: Development and the Anthropology of Modernity» Encountering Development (Princeton University Press): 1–20. 2012-12-31 ISBN 978-1-4008-3992-6. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  14. Foucault, Michel. (1982-07-XX). «The Subject and Power» Critical Inquiry 8 (4): 777–795.  doi:10.1086/448181. ISSN 0093-1896. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  15. «Catechism of the Catholic Church - PART 3 SECTION 1 CHAPTER 1 ARTICLE 7» web.archive.org 2007-05-04 (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  16. (Ingelesez) «ALIM | Definition of ALIM by Oxford Dictionary on Lexico.com also meaning of ALIM» Lexico Dictionaries | English (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).