Lankide:SaraGarBlan/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Izenburua: Lehen manifestu surrealista (1924)


Lehen manifestu surrealista edo Manifeste du surréalisme (1924) André Bretonek idatzitako surrealismoaren idatzi garrantzitsuenetarikoa da. Mugimendu honen oinarriak ezarri ziren testu honen bidez, garaiko ezinbesteko iturri bihurtuz. Gizarte arrazionalaren kontrako mugimendua izanik filosofia kantianoa eta zientifikoa ukatzeko proposamena biltzen zuen, eta horren kontra jotzeko talde surrealista biltzerakoan arrazoia alde batera uzteko zer-nolako esperimentuak egiten zituztela azaltzen digu Bretonek, horretan idazkera automatikoa funtsezko erreminta izanik.



Testuinguru historiko artistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Surrealismoa krisi intelektual eta filosofiko baten garaian sortu zen, positibismoa eta arrazionalismoa kolokan zeuden garai honetan. Surrealismoak jarrera iraultzaile eta liberalizatzailea suposatu zuen, Lehenengo Mundu Gerra (1914-18) eta Bigarren Mundu Gerra (1939-45) tartean.

Lehenengo Mundu Gerraren sarraskiaren ondoren, zientziarekiko mesfidantza (honen bitartez arma eta lehergaiak sortu zirelako), baita bestelako esparruetan;  filosofian, artean, literaturan… krisia eman zen. Zibilizazioaren krisia orokorrean, norbanakoaren kontra zihoan bere burua suntsituz. Beraz, surrealismoaren kasuan, testuinguruak garrantzia handia dauka mugimendua eta bere manifestuak ulertzeko, izan ere honek sortzaileetan eragina izango du. Surrealistak beren gizartearen autoritarismo eta burgesiaren kontra altxatu ziren, kultura tradizionalaren kontrako eraso pertsonala zen belaunaldi oso baten esku. Bestalde, gerrak tragedia kolektibo eta pertsonal garrantzitsua ekarri zuen, garai honetako mugimenduen katalizatzailea izan zelarik, hasieran dadaismoarena eta gero surrealismoarena. Gerraren ondorioz, mendebaldea krisi eta nihilismo batean zegoen murgildurik, mendebaldeko zibilizazio eta modernitatearen aurkako jarrerak sustatuz.[1]

Plazerra bilatzen zuen artea alde batera utzi zuten eta zibilizazio burgesa kritikatzeko helburua zuen dadaismoa sortu zen,beraz surrealismoaren aitzindaria kontzideratu dezakegu, beraz surrealismoaren aitzindaria kontzideratu dezakegu. Dadaismo mugimendu nihilista, ukatzaile eta suntsitzailea izan zen, hasieran Zurich eta gerra ondoren Parisera mugitu zen, bertako gazterian eragina izanik. Ondorioz Littérature aldizkaria sortu zen, surrealismoaren lehenengo nukleoa izango zena. Talde honen baitan surrealismoaren lehenengo hazia zegoen, 1919. urtean Breton, Aragon eta Soupaultekin batuko zen surrealismo taldea sortuz.[1] Hasieran, dadaismoaren baitan arimaren aldarrikapena bilatzen zuten eta 1921. urtean, dadaismoa amaitu eta surrealismoaren bidez jarraitu zen. Surrealismoak garrantzia gehiago eman zion pentsamenduaren funtzionamenduari, gai sozial eta politikoei, kolektibotasunean zentratuta (komunismoan). Bretonek bere manifestuan dadaismoarekiko negazioa adierazi zuen. Bi mugimenduak gazteen etsipena erakutsi zuten, bizitza materialista, monotono, aspergarri, gerra eta nazionalismoa sustatzen zuen Europako kulturaren kontrako joera zen. Dadaismoan ez bezala, surrealismoan taldea itxia zen, gehien bat Parisen zegoena eta talde honen burua André Breton “Aita Santua” zen.[1] Surrealismoak nihilismoaren aurrean, osasun bide bat bilatzen zuen egoera mentaletan, pentsamenduaren oinarri errealak aztertuz (Freud-en Die Traumdeutung edo Ametsen interpretazioa liburuan oinarrituta) eta estasia bilatuz, beraz esaten da automatismo psikikoarekin batera jaiotzen dela surrealismoaren mugimendua.

Autorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

André Breton (Tinchebray, Frantzia 1896 - Paris 1966) poeta, saiakera-idazle eta teorikoa izan zen, surrealismo mugimenduaren fundatzaile eta figura nagusia, ”Surrealismoaren Aita Santua” ezizenarekin ere ezagutzen zen.

Jatorri umileko familia batean jaio zen, eta bere gurasoak medikuntza ikastera derrigortu zuten. 1916. urtean artearen munduarekin lehenengo kontaktua dauka, lehenengo Paul Valéry idazlearen bidez eta gero talde dadaistan sartu zen.

Lehenen Mundu Gerra bitartean, ospitale psikiatrikoetan lan egin zuen eta Sigmund Freud-en lanak ezagutu zituen, hemen idazkera automatikoaren lehen esperimentazioak gauzatu zituen. Garai honek berebiziko garrantzia izan zuen bere teoria surrealistaren funtsa izango zelako. 1920. urtean, idazkera automatikoa aztertzen zuen bere lehen obra idatzi zuen Philippe Soupault-en laguntzarekin, Les Champs magnetiques. Handik gutxira dada taldearekin apurtu zuen eta Louis Aragon eta Philippe Soupault-ekin Littérature aldizkaria fundatu zuten, 1924. urtean aztertzen dugun Manifeste du surréalisme idatzi zuen eta hemendik eratorri zen surrealismo taldea, Philippe Soupault, Louis Aragon, Paul Éluard, René Crevel, Michel Leiris, Robert Desnos eta Benjamin Péret-ek osatzen zuten. Lehen manifestu honetan surrealismoaren oinarriak ezarri ziren, automatismo psikikoa adierazpen medio bezala ulertuz.

Mugimenduak pixkanaka politikaren bidea hartu zuen eta 1927. urtean Aragon, Éluard eta Breton Alderdi Komunistan afiliatu ziren. 1929. urtean, Second Manifeste du surréalisme argitaratu zen eta polemika handia piztu zuen, izan ere Bretonek baieztatzen zuen surrealismo mugimendua iraultza marxistarekin batu behar zela, aldiz 1935. urtean alderdia abandonatu zuen errealismo sozialistaren propaganda egiten zutelako.

Breton talde surrealistaren buru nagusia zen, mugimenduaren printzipioak era zorrotz batean defendatzen zituen, hauek betetzen ez zutenek taldetik botatzen zituen, esaterako Roger Vitrac, Philippe Soupault, Antonin Artaud, Robert Desnos eta Salvador Dalí taldetik kanporatuak izan ziren artista batzuk ziren.

1937. urtean “Gradiva” galeriaren inaugurazioa zela eta, Mexikora bidaiatu zuen eta hemen Trotski ezagutu zuen. 1941. urtean, Martinica eta Santo Domingotik bidaiatu ondoren, New Yorkera joan zen eta hemen Prolégomènes à un troisième manifeste du surréalisme ou non (1946) idatzi zuen eta VVV aldizkaria fundatu zuen. 1943. urtean Elisa Bindhoff Enet ezagutu zuen, bere emazte berria izango zena. Bigarren gerrate mundiala zegoen bitartean Amerikan errefuxiatu zen, baina 1946. urtean Parisera bueltatu zen eta 1956. urtean Le Surrealisme Même idatzi zuen. Surrealisten taldean jarraitu zuen 1966. urtera arte, bere heriotza heldu zenean.

Testuaren analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Surrealismo hitza Guillaume Apollinaire-ek sortu zuen 1917. urtean bere bi obra definitzeko: Les Mamelles de Tirésias (1917) eta Parade (1917), bere garaian ez zuten arrakasta izan publikoak ez zuelako hitzaren esanahia ulertzen, baina geroago surrealismoa sortu zenean garrantzia handia hartu zuen. Bretonek Apollinaireri dedikatu zion Manifeste du surréalisme (1924).[2]

André Breton eta Louis Aragon surrealismoaren teorilari garrantzitsuenak izan ziren. Andre Breton hasieran dadaismoko poeta zen,  baina mugimendu honen nihilismoa zela-eta, desilusioa sentitzen zuen eta adierazpen artistiko berri bat bilatu zuen. Horrela dadaismoa Freud-en teoriekin lotu zuen, sistema kapitalista-burgesaren kontrako erasoa psikoanalisiaren eta pentsamenduaren analisiarekin alegia. Freuden subkontzientearen inguruko interesa amets eta idazkera automatikoaren bidez manifestatu zuen.[2] Breton, 1923. urte amaieran, mugimendu berria erakusteko Apollinaire-ren lanean fijatu zen, bere mentore eta laguna izan zena (1918. urtean hil zen) eta bere omenez “surrealismo” deitu zuen.

Korpus teorikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Surrealismoaren definizioa eta justifikapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

André Bretonek manifestu hau Guillame de Apollinaire poetari omenaldiz idatzi zuen, izan ere, azaldu dugun moduan, bere obra hartu zuen erreferentzia surrealismo hitza bere mugimenduari atxikitzeko. Manifestuan bertan, surrealismo hitza definitu zuen honen erabilpenaren justifikapen gisa:

“Soilik asmo txarrekin zalantzan jar dezakete surrealismo hitza erabiltzeko eskubidea guk ematen diogun zentzuarekin, ezian, begi-bistakoa da gu baino lehen hitz hau ez zuela zortea ezagutu. Hortaz, definitzen dut behingoz:

Surrealismoa: s.m. Automatismo psikiko purua zeinekin saiatzen den hitzez naiz beste edozein modura pentsamenduaren benetako funtzionamendua adierazten. Pentsamenduaren diktatua, arrazoiak inposatutako kontrol guztia baztertuz eta kezka estetika eta moralak alde batera utziz.

Entziklopedia: Filos. Surrealismoak deusestatuak izan ziren asoziazio mota batzuen errealitate gorenaren sinismenean oinarritzen da, ametsaren ahalguztiduntasunean, pentsamenduaren jarduera desinteresatuan. Bestelako mekanismo psikikoen gaineko hondamen definitiboa probokatzeko joera dauka eta hauek bizitzaren arazoentzako konponbidetan ordezkatzera. Profesioa egin dute SURREALISMO ABSOLUTUAREN federa: Aragon, Baron, Boiffard, Breton, Carrive, Crevel, Delteil, Desnos, Eluard, Gérard, Limbour, Malkine, Morise, Naville, Noli, Péret, Picon, Soupault, Vitrac.”[3]

Bretonen mugimendua justifikatzeko beste modu bat artearen historia aztertzea zen, honetan aurrekariak bilatuz, hots, literatura eta artearen esparruko artista batzuei surrealistak, edo hobe esanda protosurrealistak izatea atxikitzen die. Literaturaren alorrean Dante (Divina Commedia), Shakespeare (A Midsummer Night's Dream), Mallarme, Baudelaire, Rimbaud, Lewis Carrol eta Edgar Allan Poe garrantzitsuenak dira. Aldiz, artearen esparruan, bere garaikideak direnak soilik aipatzen ditu, Picasso (Les trois bailarinas) eta Duchamp.[2]

Gizarteari kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Surrealismoren definiziotik abiatuta azaltzen da automatismo psikikoa, irudien asoziazioa eta pentsamenduaren funtzionamendu erreala. Manifestuaren bitartez ontologia eta existentziaren inguruko kontzeptuak azaltzea daukate helburu, non bizitza eta surreala batera kontzebitzen dira, surrealismoa bizitzeko modu bat bezala, soilik esperimentatuz izan daitekeena eta ez pentsatuz. Honen bidez bizitzaren bizitasuna berreskuratzea daukate helburu.[1]

Errealismoaren kontrako jarrera ukatzen da: finalismoa, filosofia kantianoa eta zientifisizmoa, hauek motz geratzen dira eta gauzen esentzia hautematea galarazten dute. Hau ukatuz surrealismoak arima liberazioa aldarrikatzen du eta gizaki eta munduaren arteko erlazio ezberdina eratzea.[1] Filosofia kantianoa helbururik gabeko mundu desenkantatua eta arrazoiarengatik kohibituta bizitzaren izaera fantastikoa ahaztu dena berreskuratu behar da eta garaitua izan den arima berreskuratzen, horregatik modelo kantianoa ukatzen da.

Bretonek ematen duen definizioan argi uzten du surrealistak “izpirituaren puntua” bilatzea dutela helburu,[1] errealitate eta desioa elkartuz, honek garrantzi handia izango du manifestuetan, filosofia kantianoa gainditzeko. Errealitatea eta desioa elkartzeko, kontzientziaren barruko aldaketak beharrezkoak dira, benetako bizitza lortzeko, honek haurtzaroa modelo dauka. Bizitzaren inguruko kontzepzio berri bat plazaratzen da surrealismoaren bidez eta honek eragina izango du geroago existentzialismoaren sorreran.

Gizakiaren sentitzeko modua eta bizitza baloratzeko era aldatzen da, jokaera eta praktika espontaneo eta automatikoen bidez, emozioa tresna ezinbestekoena bihurtzeko, egira heltzeko ezinbesteko. Bretonek berak surrealismoaren partaideei XX. mendeko erromantiko izena atxikitzen die manifestuan.

Surrealismoaren proposamena, subkontzientzia eta irrazionalaren erabilpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talde surrealistaren kezka nagusietarikoa arrazonamendu logikotik at dagoen zentzumena aurkitzea da. Horretarako surrealistek Freuden zenbait ideia harturik ikerketa anitzak egin zituzten subkontzientera heltzeko, baina psikologoaren kontrako norabidea harturik. Izan ere Freudek subkontzientera heldu nahi zuen gaixotasun psikologikoen kausak aurkitzeko, horrek ez-ohiko jarrerekin amaitzea ahalbideratzen zitzaiolako. Aldiz, surrealistek subkontzientea sormen erreminta bezala ikusten dute.

Bretonek bere manifestuan zenbait baieztapen egiten ditu intuiziotik abiatuta, esaterako, subkontzientea proposatzen du natura eta gizakiarekiko kanala bezala. Subkontzientea gugan at dagoen ahotsa bezala deskribatzen du,  eta Delfoseko orakuluarekin konparatzen du. Dimentsio transzendente hartara heltzeko pentsamenduen kontrol arrazionalak ezabatu behar ditugula zihoen, nolabaiteko trantzea lortzeko. Ahots hori entzuteko, talde surrealistak hipnosia, idazkera automatikoa edo bestelako esperimentuak gauzatzeko biltzen zen.

Subkontzientera heltzeko nahia dela-eta, Bretonek ametsei buruz hitz egiten du lehen manifestu honetan, beste errealitate bat bezala aurkeztuz. Bretonek planteatzen du posiblea dela amets bakarra izatea gau osoan, edo beharbada ametsen jarraitasuna ematen dela hainbat egunetan zehar.

Bretoni ametsak oso erakargarriak egiten zaizkio, besteak beste, erantzukizunik ez daudelako hauetan. Desirak bete ahal zituen bertan eta ez zuen aukeratu behar, bakarrik bere burua eramaten utzi behar zuen. Gizarte industrializatuan non gizabanakoak gero eta erantzukizun gehiago ditu, surrealistek faltan sumatzen dute ez sentitzea aukeratzera behartua, eta norberaren ekintzen ondorioak ez pairatzea. Garai horretan zientzian eta teknologian emandako aurrerapauso erraldoiak izan ziren, eta askok gaindituta sentitu ziren. Horregatik zenbait artistek erreakzionatu zuten pentsaera logikoa eta enpirismoa deuseztatuz.

Antzeman dezakegu ere Bretonen interesa arazo mentaletan, berarentzat halako gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonek logika eta sozializazioarekin apurtu dutelako, beraz haien subkontzientearen ikerketan oso interesatuta dago.

Ondorioak eta eraginak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Surrealismoak beraz, ametsen munduan jartzen du arreta eta beste errealitate bat  kontuan hartzen du, honen baitan metaforak, zentzurik gabeko konbinazioak, emaitza arraroak, esperpentikoak eta bidai mistikoak erabiliko dituzte.

Andre Bretonek gerra tartetako abangoardien mugimendu garrantzitsuenetariko bat gidatu zuen, surrealismoa, eta bere manifestua honen nondik norakoak markatu zituen hain zorrozki, non marku honetatik irteten ziren artistak taldea abandonatzera gonbidatzen zuen Bretonek. Arte eta kulturaren esparruan berebiziko garrantzia izango duen mugimendu eta filosofia izan zen, subkontzienteari ateak ireki zizkion, pentsaera irrazionalarekin lan egiteari, arrazoia bigarren planu batera zokoratuz edo kasu batzuetan erabat baztertuz.

Lehen manifestuak definitu zuen lehen aldiz surrealismoa egun ulertzen dugun erara hein handi batean, izan ere taldearen funtsa determinatu zuen: garaiko arrazionalismoarekiko errefusa, subkontzientearen erabilpen kreatzailea... Manifestuaren bidez taldearen koherentzia finkatu zen eta ezagutaraztea eraman ziren, taldekide berriak lortuz (beste batzuk kanporatuak izan ziren ere), horien artean artista plastiko garrantzitsuak, egun surrealismoaren irudia direnak.

Surrealismoaren elementu asko gaur egun oraindik mantentzen dira, izan ere “surrealismo” hitza gure hiztegi komunean sartu da era normal batez erabiltzen den adjektibo gisa irrazionala edo zentzugabea den oro definitzeko.[2]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BRETON, A. (2001): Manifiestos del surrealismo. Buenos Aires: Editorial Argonauta. http://aulabach.salesianosatocha.es/pluginfile.php/5730/mod_resource/content/0/andre-breton-manifiesto-surrealista.pdf

GOMPERTZ, W. (2013). ¿Qué estás mirando? 150 años de arte moderno en un abrir y cerrar de ojos. Taurus. ISBN: 9788430601257

JARILLOT RODAL, C. (2010). Manifiesto y vanguardia: Los manifiestos del futurismo italiano, dadá y el surrealismo. Bilbao: Universidad del País Vasco. ISBN: 9788498604030

PULLA GONZÁLEZ, J. (2016): Filosofía y fotografía del surrealismo. La teoría surrealista y la génesis de la fotografía documental (Tesis doctoral). Universidad de Alicante. http://hdl.handle.net/10045/57588

Aipuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f PULLA GONZÁLEZ, J. (2016): Filosofía y fotografía del surrealismo. La teoría surrealista y la génesis de la fotografía documental (Tesis doctoral). Universidad de Alicante. http://hdl.handle.net/10045/57588
  2. a b c d Gompertz, Will, 1965-. ([2013]). ¿Qué estas mirando? : 150 años de arte moderno en un abrir y cerrar de ojos. Editorial Taurus ISBN 9788430601257. PMC 845337840. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  3. (Gaztelaniaz) Breton, Andre. (2001). Manifiestos del surrealismo. Editorial Argonauta, 44-45 or..