Sigmund Freud

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Sigmund Freud 1911an.

Sigmund Freud (Freiberg/Příbor, 1856ko maiatzaren 6aLondon, 1939ko irailaren 23a) mediku eta neurologo austriarra izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia judu baten barruan jaio zen. Vienako Unibertsitatean ikasi zuen, hipnosia landu zuen baina historiara pasatu da "Psikoanalisiaren aita" moduan, arlo honetan egindako lan itzela dela eta. Inkontzientea ikertu zuen bereziki, ametsen mundua eta buru-gaixotasunek sexualitatearekin dituzten loturak. Erlijioek patologia psikiatrikoarekin dauzkaten zerikusiak ere aztertu zituen.

Medikuntzan doktore titulua eskuratu ondoren, neurologia lanetan hasi zen Vienan (1886). Charcoten (Paris, 1885) eta Bernheimen eraginez (1889), histeriaren etiologiari eta hipnosia sendabide gisa erabiltzeari buruzko lehen lanak idatzi zituen (Studien über Hysterie, 1895, Histeriari buruzko ikerketak). Breuer-ekin batera psikismoaren eta kontzientearen arteko bereizketa azpimarratu zuen, eta inkontzientea aztertzeko metodo berri bat aurkitu zuen. 1895az geroztik, ideien eta oroimenen irudien elkarketa librea oinarri duen psikoanalisi teknika zabaldu eta hipnosia bazterrera utzi zuen. Teknika berri horrek, Freuden ustez, kontzientearen logikara makur ezin daitezkeen esanahi inkontzienteak ikertzeko bidea ematen du, eta ametsak, ekintza okerrak (huts egiteak, ahaztutako gauzak) edo sintoma neurotikoak (antsiak, fobiak, beldurrak, etab.), argi ditzake, gizartearen edo moralaren arauak zapaldu eta ezkutarazi dituen ordezko zeinu baitira. 1905ean Drei Abhandlungen zur Sexualtheorie (Hiru saio sexualitatearen teoriaz) idatzi zuen eta haur sexualitateaz egindako ikerketak aurkeztu zituen bertan; garapen psikosexualaren aldiak (aho aldia, uzki aldia, falikoa eta genitala), eta Ediporen konplexua. ik. Edipo, konplexua. Okerreko sexu jokaerak ere ikertu zituen (bereziki sadismoa eta masokismoa); narzisismoa definitu zuen, eta bulkaden eta psikearen teoria zaharra eraberritu zuen. Psikoanalisia neurosietarako sendabidetzat hartzen zen hasieran, baina 1913tik aurrera, Freudek bere aurkikuntzak talde psikologiako gertaera ilunak argitzeko erabili zituen (Ediporen konplexuaren eta gizarte totemikoetako intzestuaren debekuaren artean dauden harremanak, adibidez); eta kulturarenak (erlijioa, artea, etab.) gizartearentzat erabilgarriak ez diren bulkaden ordez hartu beharreko baliotzat zituen. Hasieran jakitun asko azaldu zen psikoanalisiaren kontra, oso moral estukoa baitzen garai hartako gizartea, baina 1903tik aurrera, jarraitzaile asko izan zituen eta gaur egun ere baditu (K. Abraham, A. Adler, Bleuler, M. Bonaparte, S. Ferenczi, Anna Freud, E. Jones, C. G. Jung, M. Klein, O. Rank, W. Reich, W. Steckel). Naziek debekatu egin zituzten Freuden teoriak. Haren beste zenbait lan: Die Traumdeutung (Ametsen ulerpidea, 1900), Totem und Tabu (Totema eta Tabua, 1913), Das Ich und das Es (Ni-a eta Zera, 1923).

Nazien jazarpenagatik, 1938an ihes egin behar zuen Frantziara, eta hortik Ingalaterrara. 1939ko irailaren 23an hil zen Londonen, minbizi prozesu baten ondorioz.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Studien über Hysterie ("Histeriari buruzko ikerketak"), 1895
  • Die Traumdeutung ("Ametsen interpretazioa"), 1899
  • Zur Psychopathologie des Alltagslebens ("Eguneroko bizitzaren Psikopatologia"), 1901
  • Drei Abhandlungen zur Sexualtheorie ("Hiru saiakera Sexualitatearen Teoriari buruz"), 1905
  • Totem und Tabu ("Totem eta Tabu"), 1913
  • Zur Einführung der Narzißmus ("Nartzisismoaz"), 1914
  • Jenseits des Lustprinzips ("Plazerraren Printzipiotik harago"), 1920
  • Das Ich und das Es ("Nia eta Hura"), 1923
  • Die Zukunft einer Illusion ("Ilusio baten etorkizuna"), 1927
  • Das Unbehagen in der Kultur ("Egonezina kulturan"), 1929
  • Der Mann Moses und die Monotheistische Religion ("Moises eta Monoteismoa"), 1939
  • Abriß der Psychoanalyse ("Psikoanalisiaren zirriborroa"), 1940

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Sigmund Freud

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Andonegi, X. 2004: Nietzsche eta Freud filosofian eragile, Donostia, Jakin ISBN 84-95234-23-8
  • Insausti, X. 1998: "Hitzaurrea" in Sigmund Freud, Ilusio baten etorkizuna, Donostia, Jakin ISBN 84-95234-02-5