Durangoko Emakumeen Kartzela

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lankide:Wikimaribarre/Proba orria2» orritik birbideratua)
Durangoko Emakumeen Kartzela
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaDurango
Inaugurazioa1939
Suntsipena1940

Durangoko Emakumeen Kartzela 1939ko azarotik 1940ko abendura bitartean, Karidadeko (Ospitaleko) mojen zaintzapean, Durangoko Nevers ikastetxean egon zen kokatua.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1938an eta 1939an komentua zen gaur Nevers ikastetxea dena. Faxistek Bizkaia hartu ondoren, bertan dozenaka emakume sartu zituzten. Preso politikoak ziren eta Estatu Espainoleko toki guztietatik ekarri zituzten Durangora. Zornotza, Saturraran, Bilboko Chalet de Orue eta Durango izan ziren emakume presoen kokagune ezagunenak. Eta horiek guztiak erlijiozko ordenen esku egon ziren.[1]

1939ko azarotik 1940ko abendura bitartean, Karidadeko (Ospitaleko) mojen zaintzapean, Durangoko Nevers ikastetxean egon zen emakumeen kartzela. Bertan zeudenak faxismoak politikoki errepresaliaturiko emakumeak ziren: Errepublikaren bizitza politikoan (mitinetan, manifestazioetan...) edo gerran parte hartu zuten emakumeak.

Gainera, faxismoak delitu berri bi sartu zituen andrentzat: abortua eta proxenetarik bako prostituzio autonomoa. Mota bi horietako presoak zeuden: politikoak eta sozialak. Bertan egondako emakumeen lekukotzek oso bizi-baldintza gogorrak deskribatu zituzten. Gizonek ez bezala, andrek ez zeukaten oherik, eta lurrean lo egin behar izaten zuten, pilatuta. Horrenbeste andra zegoenez, espetxe edo kartzela esan beharrean emakumeen biltegia esaten zioten andra presoek. Ikasgelak ziega bihurtu ziren eta han 40-50 andra biltzen zituzten. Egun osoan ez ziren ziegatik irteten, mezatara joateko ez bazen, edo Cara al Sol kantatzeko. Dutxatzen ere ez zieten uzten.[1]

Andrek elkartasun sareak sortu zituzten, bai barruan baita kanpotik laguntzen zieten herritarrekin ere.[1]

Heriotzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durangoko emakumeen kartzelan 11 pertsona hil ziren; 5 andra eta 6 ume.[2]

  • Dolores Castillo Solsona. 43 urtekoa
  • Guadalupe Gargallo Alegría. 34 urtekoa
  • Eugenia Hinojosa. 21 urtekoa
  • Nieves Martín. 56 urtekoa
  • Eustaquia Pérez López. 30 urtekoa
  • Manuel Arana Egiñu. 6 urtekoa
  • Antonio Cáceres. 6 hilabetekoa
  • Victoria Gaver Espinosa. 2 urtekoa
  • Alejandro Jimeno Mantelui. 8 hilabetekoa
  • Ángeles M.L. Landa Carmona. Urte betekoa (edo, Lancha Carmena)[3]
  • Victor Martín Bayón. 4 urtekoa

Presoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trenez heltzen ziren emakumeak Durangora: bagoi bakoitzean 30 bat preso pilatzen zituzten. Espainiako gainerako presondegietatik ekartzen zituzten, Andaluziatik barne. Egunero-egunero, trenak emakumez gainezka heltzen ziren. Abereentzako trenak zirenez, goian leiho txikitxoa zuten eta arnasa hartzea ere zaila izaten zen. Bertatik, soldaduek presoak zenbatzen zituzten: bakoitzaren izena oihukatzen zuten eta norberak abizenarekin erantzun behar izaten zien. Gehienetan, hiru bat eguneko bidaia izaten zen, egun bateko jana baino ematen ez bazieten ere. Horregatik, presoak indar barik heltzen ziren Durangora: arnas-estuka eta makal. Nevers ikastetxeak 2.000 emakume pilatu zituen.[2] Haien artean:

  • Tomasa Cuevas
  • Rosario Sanchez Mora Rosario Dinamitera
  • Florencia Zabaleta Pagola
  • Vicenta Garnika Laserna
  • Isabel Ponce
  • Isabel Burgos
  • Amparo Burgos (Amparito)
  • Lucila Cabrejas
  • María Rosado
  • Ramona Pereira
  • Lucía Valencia
  • Manuela Seoviano
  • Dolores Sierra
  • Esperanza Tello
  • Libertad
  • Carmen Jiménez
  • Nieves Torres
  • Flor Cernuda

Lekukotzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durango, 1936 elkarteak urteak daramatza kartzela hartan egon ziren edo bisitan joaten zirenen lekokotzak biltzen. Hemen ditugu haietariko zenbait:

  • Edurne Gorosarriren lekukotza. Edurne Gorosarrik ama eduki zuen kartzelan. Egunero, amamak prestatutako jatekoa espetxeko sarreran uzten zuen, leihotik ama ikusteko aukeraren bat edukiko zuelakoan.

Amari injustizia handia egin zitzaion, amak ezer egin barik. Durangoko bonbardaketa eta gero, erbestera alde egin genuen. Frantziak 1938an mugan ipini gintuen: Bartzelonara (artean Errepublikak agintzen zuen) edo Bilbora joateko (orduko, Francoren menpe). Guk Durangora bueltatzea erabaki genuen, ez genuen-eta ezer ere egin! Erbestetik bueltatu ginenetik, kalean iraintzen gintuzten, eta ama salatu zuten. Handik hilabetera atxilotu zuten. [4][5]

Edurne Gorosarriren amak, Vicenta Garnikak, 40 urte zeukan preso sartu zutenean. UGTkoa zen eta manifestazioetan eta aurreko hauteskude kanpainan ere parte hartu zuen. Ez zekien ez irakurtzen, ezta idazten ere. Durangoko kartzelan ikasi zuen irakurtzen. Vicentak preso egon zen garaian jasandakoek piztu zioten Maria Gorosarri billoba ikerlariari memoria historikoa berreskuratzeko grina.[6]

  • Maite Andueza Zabaletaren lekukotza.[7][8]Bideoa. Chiloeches presoa bisitatzera joaten zen.
  • Purificación y Juanita Etxaburu Isasiren lekukotza: Emakumeen kartzela eta milizianak.[9]Bideoa
  • Barreñatarren lekukotza. [10]Bideoa
  • Edurne Gorosarri Garnikaren lekukotza. Vicenta Garnika Laserna, 40 urterekin atxilotu zuten presoaren alaba.[11]Bideoa
  • Maria Esperanza Igarza Zubiateren lekukotza. Izeko Mari (Mari Zubiate Igartua), 17 urterekin atxilotu zuten presoa bisitatzera.[12] Bideoa

Aitortza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahaztuak, 1936-1977 elkarteak jarritako plaka

  • 2007an maiatzean Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Durangoko emakumeen kartzelan preso egondako emakumeak omentzeko asmoz, plaka oroigarria jarri zuen gaur egun Nevers ikastetxea denaren kanpoaldeko horman, antza, horma hori baita frankismo garaian komentu eta kartzela izandakotik iraun duen aztarna bakarra. Ondorengo testua jarri zuten plakan: «1936ko kolpe faxistaren ondoren toki honetan kartzela zigorra jasan zuten» emakumeei eskainita, eta horiek «askatasuna, justizia soziala, II. Errepublikako gobernua eta Euskal Herriko eskubideak» defendatzeagatik zigortuak izan zirela aitortzen du». Elkarteko kideek gerora jakin ahal izan zutenez, ikastetxeko arduradunek plaka kendu egin zuten, bertan idatziriko testua ez baitzen haien gustokoa eta ikastetxeko horman oroigarririk jarri ahal izateko, arduradun horiek esaldi bakarra onartzen zuten: Hemen, emakume presoak egon ziren 1938 eta 1939 urteetan.[13] [14]
Plaka
  • 2008an Memoriaren Tokia izeneko ekitaldia. Durangon emakumeen kartzela izan zela gogoratuz. [15]Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Durangoko emakumeen kartzelan preso egondako emakumeak omentzeko asmoz plaka oroigarria jarri zuten, Nevers ikastetxe pareko horma batean, ekitaldi xume bezain hunkigarrian.[13] Hain zuzen, aurreko urteko maiatzean jarri ostean ikastetxeko arduradunek kendu zuten plaka bera.[16]
  • 2010ean Emakumeen kartzela gogoratu zuten Martxoaren 31ko bonbardaketaren ekitaldien artean. Gerediaga elkarteak, Berbaro elkarteak, Kriskitin dantza taldeak eta Durangoko Udalak Martxoaren 31 zela-eta hainbat ekitaldi prestatu zituen. Horien artean Durangon, orain Nevers ikastetxea dagoen tokian, emakumeen kartzela egon zela gogoratu zuten, Oroimen Egunean.
Durango, 1936 eta Andereak elkartekoak Maria Gorosarri, Maite Andueza eta dantzariekin, 2021.11.27
  • 2021ean, Durango, 1936 Elkarteak eta Andereak Elkarteak omenaldi ekitaldia antolatu zuten Emakumeen kartzela egon zen Nevers ikastetxean.[17] Agurrik Gabeak izeneko ekitaldian 1939-1940 urteen artean Durangoko emakumeen kartzelan egondako presoak omendu zituzten. Horretarako, soka-dantza berezia egin zuten; Durangoko dantza taldeetako dantzariek, Aikoko kideek eta baita Iurretako plaza-dantzak taldeko kideek ere. 49 emakume bildu elkarren ondoan lore sorta baten inguruan, Patxi Labordaren koreografiagaz Joseba Sarrionandiak osaturiko koplen erritmora dantzatu ziren. Erika Lagomak abestu zituen koplak Onintza Azkaratek biolaz lagundurik. Horren ostean, kartzela horretan hildako emakume eta umeen izenak gogoratu zituzten. Maria Gorosarri EHUko irakasleak kartzelaren inguruan ikertutakoa azaldu zuen. Maite Anduezak berriz, txikia zenean kartzelara joaten zela kontatu zuen Madrilgo Chiloeche izeneko presoa bisitatzera.
Plaka. Kartzelan hildako 5 emakume eta 6 umeren izenekin. 2023.01.21
  • 2023ko urtarrilaren 21ean kartzelan errepresaliatutako biktimak omendu zituzten.[18] Durango Udalak plaka bat jarri zuen kartzelan hildako bost emakumeen eta 6 umeen izen eta abizenekin.[19]Inma Garrastatxu Durango alkateak, Julian Rios alkateordeak eta Maria Gorosarri ikertzaileak hartu zuten hitza, Marian Bilbatuak aurkeztuta. Dantzariek soka dantza eskaini zuten Ixone Aroma buru zela, Leire Vargasek abestutako eta Eunate Zarrabeitia eta Ana Tere Maestro bibolin joleen erritmora.[20][21][22]
  • Joseba Sarrionandiak Durangoko Kartzelako Emakumeen omenez sortutako koplak (Kuba, 2021)

Ikasgelak ziega bihurtu

zituzten jeneralek:

Durangon Les Mères de Nevers

hartuko zuten balek.

--Nor zara ba zu? --galdetzen dute

andre ahaztuen itzalek.

Min zaharra isiltzen dute Ikastetxeko arrakalek.

Komentu, ziega, eskola: gogorrak erregelak,

eta ez ziren gutxi izango oinazearen gelak.

Oroimena naiz, ene andreok.

Ai, nire hutsarte itzelak zuekin beterik daude ahanzturaren hotelak.

Historia ez da amaitu, hortxe dugu gertuan.

Iragana ezin da iragan gure pentsamenduan.

Andre presoak suntsitu arren ore ederren moduan,

presente daude pertsona duinen errekuentuan.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «"Alderdiek abandonatu egin zituzten emakume presoak, gizonezkoen borrokan zentralizatu zirelako" - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-16).
  2. a b González, María Gorosarri. (2011). «Durangoko emakumeen kartzela» Astola: ikerketa eta historia (5): 26–39. ISSN 1888-234X. (Noiz kontsultatua: 2023-01-18).
  3. «HOMENAJE EL SÁBADO (I) · Ángeles, la bebé arrebatada en la cárcel de Durango, un caso de violencia contra las mujeres» MugaKultura 2023-01-19 (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
  4. «Durango 1936 Kultur Elkartea» durango1936.org (Noiz kontsultatua: 2021-11-29).
  5. Ama Durangoko kartzelan. .
  6. «“36ko gudaren emakume presoak ez zituzten politikotzat hartzen”» durangon.com 2021-06-16 (Noiz kontsultatua: 2023-01-16).
  7. «Durango 1936 Kultur Elkartea» durango1936.org (Noiz kontsultatua: 2021-06-25).
  8. «Durango 1936 Kultur Elkartea» durango1936.org (Noiz kontsultatua: 2021-11-29).
  9. «Durango 1936 Kultur Elkartea» durango1936.org (Noiz kontsultatua: 2021-11-29).
  10. «Durango 1936 Kultur Elkartea» durango1936.org (Noiz kontsultatua: 2021-11-29).
  11. «Durango 1936 Kultur Elkartea» durango1936.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-18).
  12. «Durango 1936 Kultur Elkartea» durango1936.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-18).
  13. a b [https://gara.naiz.eus/paperezkoa/20080309/66584/eu/Durangoko-emakumeen-kartzela-izandakoa-berriro-ere-memoriaren-tokia-da «Durangoko emakumeen kartzela izandakoa, berriro ere, �memoriaren tokia� da - GARA»] gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-29).
  14. «Frankismo garaian Durangoko kartzelan izandako emakumeak gogoan - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2021-06-25).
  15. «Durangon emakumeen kartzela izan zela gogoratuz - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2021-06-25).
  16. Ahaztuak1936-1977. (domingo, marzo 09, 2008). «AHAZTUAK 1936-1977 / OLVIDAD@S 1936-1977: DURANGOKO EMAKUMEEN KARTZELA IZANDAKOA, BERRIRO ERE, «MEMORIAREN TOKIA» DA» AHAZTUAK 1936-1977 / OLVIDAD@S 1936-1977 (Noiz kontsultatua: 2021-06-25).
  17. «Durangoko kartzelan preso egon ziren emakumeak oroitzeko ekitaldia egingo dute Durangoko Bruno Maurizio Zabala kalean - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2021-11-30).
  18. «[ARGAZKI GALERIA Durangoko emakumeen kartzelan errepresaliatutako biktimak omendu dituzte - Durango»] Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  19. «Durangoko emakumeen kartzelan errepresaliatutako biktimak omenduko dituzte zapatuan - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
  20. «“Andren militantzia politikoa ezabatu zuen frankismoak”» durangon.com 2023-01-23 (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  21. (Gaztelaniaz) ««Sin camas ni espacio para tumbarse»» El Correo 2023-01-18 (Noiz kontsultatua: 2023-01-31).
  22. «[ARGAZKI GALERIA Durangoko emakumeen kartzelan errepresaliatutako biktimak omendu dituzte - Durango»] Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]