Laugarren Gurutzada

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Laugarren Gurutzada
Gurutzadak
ConquestOfConstantinopleByTheCrusadersIn1204.jpg
Konstantinopolisen konkista 1204an.
Data 1202 - 1204
Lekua Balkanak
Emaitza Zisma Nagusia
Gudulariak
Gurutzatuak: Bizantziarrak:
Buruzagiak
* Bonifazio I.a Montferratekoa * Isaak II.a Angelus
Indarrak
Gurutzatuak: 10.000
Veneziarrak: 10.000 soldadu eta 210 itsasontzi[1]
Bizantziarrak: 15.000 soldadu[2] eta 20 itsasontzi

Laugarren Gurutzada (1202 - 1204) Gurutzadetako laugarren kanpaina izan zen.

Jatorrizko helburua Egipto zeharkatuko zuen espedizio batean musulmanek kontrolaturiko Jerusalem berreskuratzea zen[3]. Hala ere, 1204ko apirilean, Mendebaldeko Europako gurutzatuek, Bizantziar Inperioko hiriburua, Konstantinopla kristau ortodoxoa, inbaditu eta arpilatu zuten[4]. Gertaera honek Eliza Ortodoxoa eta Eliza Katoliko Erromatarraren arteko haustura, Zisma Nagusia, bururatu zuen[5].

Konstantinoplako Inperio Latindarra (1204–1261) eratzeaz gain, gurutzatuek konkistaturiko lurraldeetan beste latindar estatu batzuk sortu zituzten.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1192an sinatu zen akordioari eta Saladinen heriotzari esker, urte batzuk bakean igaro ziren. Gurutzatuen estatuak, itsasbazterreko zerrenda estu batean kokatuak, aberatsak ziren ekonomiaren aldetik baina oso ahulak erakunde militarren aldetik. Aberastasuna itsasaldeko hirien bidez egiten ziren salerosketei zor zitzaion gehienbat: Akre zen, esate baterako, Mediterraneo Sortaldeko merkatu nagusietako bat; eta halaxe bizi ziren hango buruzagiak, handizki eta esne mamitan. Ahultasun militarra, berriz, giza baliabideen urritasunak eta muga defendagarririk ez izateak eragina zen; europarren laguntza militarra hutsa izan baitzen.

Gurutzatuak Konstantinoplan sartzen (1204), Eugène Delacroixen olio pintura, 1849

Horiek horrela, 1198an Inozentzio III.a aita santuak Laugarren Gurutzadarako deia egitea erabaki zuen, estatu kristau haien egoera hobetzeko. Erantzunik hoberena Frantzian izan zuen, Tibalt Xanpainakoa, Balduin Flandriakoa eta Luis, Bloisko kondea buruzagi zirela. Tibalt 1201ean hil zenean, Bonifazio Montferratekoa bihurtu zen gurutzadako buru. Espedizioan ez zuten erregeek parte hartu eta helburua Egipto zen[6].

1200ean gudaroste gurutzatua Venezian bildu zen, bidea itsasoz egiteko asmoz. Bertan, Enrico Dandolo duxak, Bonifazio Montferratekoak eta Alexio IV.a Angelo bizantziar usurpatzaileak elkar hartu zuten, gurutzadaren helburua aldatu eta Konstantinopla erasotzeko, hiruren nahia baitzen Alexio III.a Angelo, bizantziar enperadorea, kargutik kentzea. 1202ko azaroan, gurutzatuek Zadar hiri katolikoa setiatu eta arpilatu zuten; hori dela eta, Inozentzio III.ak eskumikatu zituen[7]. 1203an Bizantzio eraso eta Alexio IV.a enperadore jartzea lortu zuten. Horrek liskar asko eragin zituen, eta 1204ko apirilean gurutzatuek hiria hartu zuten. Erasoa izugarria izan zen. Gurutzatuek milaka kristau hil zituzten, emakumeak eta haurrak barne. Elizak eta jauregiak lapurtu eta txikitu zituzten, hiriko artelan guztiak ostuz. Gertaera hauekin amaitu zen Bizantziar Inperioa, hainbat estatutan banatu baitzen, eta Balduin Flandeskoa bilakatu zen Konstantinoplako Inperio Latindarra sortu berriaren enperadore[8].

Konstantinoplako arpilatzea gertatu ondoren, Erromako eta Bizantzioko elizen artean harreman onak izateko itxaropenak eten egin ziren, Aita Santuak soldaduak gaitzetsi zituen arren. Palestinako estatu kristauentzat, berriz, kolpe bikoitza izan zen; batetik, espero zuten laguntza ez zen iritsi eta, bestetik, Konstantinoplan zaldunentzako erakarpen polo bat sortzeak, Lurralde Santuetan zeuden asko bertara joatea ekarri zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Phillips. The Fourth Crusade, 106. orr.
  2. S. Blondal, The Varangians of Byzantium, 164
  3. Angold, Michael The Fourth Crusade: Event and Context. Harlow, New York: Longman, 2003
  4. Lilie, Ralph-Johannes Byzantium and the Crusader States, 1096-1204 Oxford: Clarendon Press, 1993
  5. Godfrey, John 1204: The Unholy Crusade Oxford: Oxford University Press, 1980.
  6. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman brit izeneko erreferentziarako
  7.   Gibbon, Edward, The Decline And Fall Of The Roman Empire, Chapter 60, ccel.org, http://www.ccel.org/g/gibbon/decline/volume2/chap60.htm. Noiz kontsultatua: 2016-06-21 .
  8.   The Sack of Constantinople, roman-empire.net, http://www.roman-empire.net/constant/1203-1204.html. Noiz kontsultatua: 2016-06-21 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Laugarren Gurutzada Aldatu lotura Wikidatan


Historia Artikulu hau historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.