Leidor antzokia

Koordenatuak: 43°08′09″N 2°04′36″W / 43.13574°N 2.07656°W / 43.13574; -2.07656
Wikipedia, Entziklopedia askea
Leidor antzokia
Leidor zinema
Leidor antzokiaren atzealdea.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaTolosa
Koordenatuak43°08′09″N 2°04′36″W / 43.13574°N 2.07656°W / 43.13574; -2.07656
Map
Historia eta erabilera
Inaugurazioa1961eko irailaren 30a
JabeaTolosako Udala
Edukiera800
Kontaktua
HelbideaSan Frantzisko pasealekua 6-8
Leidor antzokiko sarrera

Leidor antzokia edota Leidor zinema Gipuzkoako Tolosa udalerrian dagoen antzoki bat da. Bertan, astero filmak pantailaratzeaz gain, antzerkilanak nahiz musika emanaldiak ere eskeini ohi dira. Bestalde, urtero bertan Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa ere ospatu ohi da.


Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1961eko irailaren 30ean inauguratu zuten Ben-Hur film famatuarekin, eta sekulako arrakasta izan zen. Lehen saioa Cinemascope pantailarekin egin zuten, nahiz eta aurrerago, Bartzelonako Rex zinema itxi, eta handik ekarri Todd-ao sistemako pantaila.[1]

Leidor izena Eduardo Mokoroak sortu eta Emeterio Arreseren epilogoa duen izen bereko operatik hartu zuten garai hartako sustatzaileek.[2]

Goi mailako aretoa egin nahi izan zuten: belusezko 1.576 butaka (horietako 300 goiko solairuan eta, pasilloetan aulkiak jarrita, ia 2.000 eserlekuetara iristen zen), bi taberna, 70mm-ko Crono Phillips zilarrezko kalitate handiko pantaila, soinu magnetikoa zortzi kanalekin, linterna ona, soinu hobea izateko zementua, eta zerrautsa paretetan. Lehen pisuan Miguel Angel Alvarez pintoreak horma-irudi bat margotu zuen.

Dionisio Larrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dionisio Larrea izan zen Leidorreko lehen hamarkadetan arduradun nagusia. Dionisio Larrea lazkaotarra zen jaiotzez, maisua zen Asteasun, baina Tolosako Gorriti zinemako kontuak eramaten zituen, Rivera eta Mejorada bazkideentzat, eta han hasi zen zinema programazioa egiten. Iñigo Vivanco biloraren arabera, «garai hartan oso zaila zen programazioaren munduan sartzea, eta berak lortu zuen. Hango esperientziari esker, gero beste herri askotan aritu zen horretan», besteak beste, Errenteria, Lazkao, Bergara, Andoain, Donostia (Dunixi zinema)...

Donostiako Urbieta kaleko eskoletan irakasle zegoela, Tolosako enpresari talde bat joan zitzaion, eraiki nahi zuten zinema baten ardura hartzea proposatuz. San Frantzisko pasealekuan, Elosegi markesen lorategian, etxe batzuk eraiki behar zituen Subijana kontratistak, eta azpialdean zinema bat zabaldu nahi zuten, beste lokal komertzial batzuekin batera. Subijana bera, Azurza anaiak, Uria anaiak, Ganzarain eta beste batzuk zeuden talde hartan. Hasiera batean ezezkoa eman zien, oso zinema areto txikia zutelako buruan. Denbora batera, berriz etorri zitzaizkion, berak nahi zuen neurrikoa egitea onartuz: Espainiako handiena, eta mundukoa ere bai, berak esaten zuenez. Larrea bera ere bazkide sartu zen Espectaculos Tolosa enpresan, eta zinemako kudeatzailea izan zen hasieratik.[1]

Lehenengo hamarkadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera hartan gaur egun baino lokal handiagoa zen. Bi leihatila zituen, egungo bi etxe atarien ondoan, eta langile dezente ziren: bi txartel-saltzaile, bi atezain, lau aretozain, bi zerbitzari, kabinako burua, operadorea, laguntzailea eta muntatzailea eta hiru garbitzaile. Egunero izaten ziren saioak, asteazkenean izan ezik, eta asteburuan hiruna saio izaten ziren. Hasiera batean behintzat, igande goizetan ere izaten ziren. Oporrik ez zuten egiten udan.

Lehen hamarkada haietan, 1976 arte, apaizek eta familia onetako kideek osatutako zentsura batzorde batek sailkatzen zituen pelikulak, 1, 2, 3, 4 eta 4R kategorietan. Splendor in the Grass azken maila horretan sailkatu zuten, eta herriko elizetako pulpituetatik hori ikustea bekatua zela-eta, eskumiku mehatxuak bota zituzten joatera ausartzen zirenentzat. Igande horretan Leidor aretoa bete egin zen, pasilloak aulkiz bete ondoren.

No-Doa botatzera ere behartuta zeuden, 1976 arte, saio guztien hasieran, Francoren erregimenaren propagandarako dokumentalak. Hurrengo urteetan ere komeni zen ematea, inspektoreak izaten zirelako kontrolatzen. 1983. urtean utzi zioten botatzeari.

Tabena zinemaren ardatzetako bat zen eta bertan denetarik saltzen zen, ardoa, likoreak, pintxoak, bonboiak eta abar. Alkohola saltzea debekatu zutenean izan zen zinemaren krisietako bat. Hala ere, 1990 arte taberna irekita egon zen. Beste une zail batzuk izan ziren, besteak beste, Dolby stereo sistema ezarri zenean edo etxerako bideoa sortu zenean.

Eraberritzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leidor antzokiko eserlekuak

1983ko abuztuan Tolosan eta Euskal Herri osoan izandako uholdeek kalte handiak eragin zituen Leidorren. Butaka patioa urez bete zen, igerileku baten itxura hartuz. Ura pantailara arte iritsi zen.[3] Udalaren eta hainbat elkarteren laguntzarekin (Arco Iris elkarteko Arpegi taldeak jaialdi bat egin zuen Leidorren alde) zinea berriro martxan jartzea lortu zuten.[1] Berrikuntzaren ondoren, besaulki berriak erosi behar izan zituzten eta 1.200 pertsonara jaitsi zen aretoaren edukiera.

Handik urte gutxira, zentsura desagertu zen, eta biluzteko filmen gorakada ezagutu zuten. Emmanuelle, Salon Kitty eta Azken tangoa filmak izan ziren arrakastatsuenak. Programa bikoitzen eta saio jarraituen garaia ere izan zen.[1]

Bigarren erreforma handia 1988-89 urteetan izan zen, Dionisio Larreak enpresari Leidor erosi zionean. Orduan sortu ziren, gaur egun sarreraren alboetan dauden bi lokal komertzialak, eta azpiko garajeak. Dionisio Larrea 1994an hil zen eta, orduan, familia udalarekin akordio batera iritsi zen; aretoaren kudeaketa erakunde publikoaren eskuetara pasatu zen.

2006an azken eraberritzea egin zitzaion eta akustika, erosotasuna eta eszenatokia hobetu zituzten. Eraberritze hori Mario Sangali eta Rozio Peña arkitektoek zuzendu zuten eta 2016ko irailaren 8an ireki zen berriro Euskadiko Orkesta Sinfonikoaren emanaldi batekin.[4] Inaugurazio ekitaldien artean Kepa Junkera eta Oskorri aritu ziren.[5]

Fitxa teknikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpiatalburuko testua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskenatokiaren antolamendua/neurriak:[6]

Zabalera 12 m
Sakonera 14 m
Altuera 6 m
Edukiera 824


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Joxemi Saizar. «Leidorreko kontu zaharrak» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  2. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1998-06-16). «La ópera de Eduardo Mocoroa "Leidor" se estrena 66 años después de ser escrita» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  3. (Gaztelaniaz) «Veinticinco años atrás....» El Diario Vasco 2008-08-27 (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  4. «Leidor berria» (PDF) Ataria.
  5. «Leidor antzoki berritua zabaldu dute» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  6. Kulturklik. (). «Leidor Aretoa» www.kulturklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leidor antzokia Aldatu lotura Wikidatan