Edukira joan

Francoren diktadura

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Francoren erregimena» orritik birbideratua)

Espainiar Estatua
Estado Español
1939 – 1975
Diktadura
bandera

armarria


Ereserkia
'Marcha real'

Goiburua
Una, Grande y Libre
Geografia
HiriburuaBurgos (1936-39)
Madril (1939-75)
Biztanleria35.563.535 (1975, zenbatespena)
Azalera796.030 km2 (1975) km²
Ekonomia
DiruaEspainiar pezeta
Kultura
Hizkuntza(k)Hizkuntza ofizial bakarra: gaztelania
ErlijioaKatolizismo erromatarra
Historia
Sorrera1939
Desagerpena1975
Aurrekoa
Espainiako Bigarren Errepublika
Ondorengoa
Espainiako Erresuma

Francoren diktadura, diktadura frankista edo erregimen frankista 1939tik 1975ra Espainian ezarritako erregimen politiko diktatoriala izan zen, Francisco Franco Bahamonderen buruzagitzapean. Espainiako Gerra Zibiletik 1975ean hil zen arte iraun zuen.

1940ko hamarkadan diktadura militarra finkatu egin zen, aurkarien errepresio politiko eta ekonomikoa eta autarkian oinarrituriko politika ekonomikoa mantenduta. Autarkia hori Bigarren Mundu Gerrak eragin zuen, diktadura frankistak parte-hartze onuragarria izan baitzuen Alemania naziari Dibisio Urdina bidaltzearen ondorioz; Alemaniako armadari Sobietar Batasunaren aurka borrokatzen lagundu zion boluntarioen militar taldea izan zen Dibisio Urdina.

Estatuaren gerrako posizio ofiziala neutraltasuna izan arren, Espainiako agintariek lankidetzan jarraitu zuten Ardatzeko potentziekin, eta wolframa esportatu zion Alemaniari, gurdi blindatuetarako mineral preziatua. Gerraren bilakaera Aliatuen alde jarri ahala, wolframa esportatzeari uzten ez ziola ikusita, Estatu Batuek Espainiara petrolio erregaia eta elikagaiak bidaltzeari utzi zioten 1944an, krisi larri bat piztuz.

Hurrengo urteetan, Espainia bakarturik geratu zen, eta nazioarteko jokotik kanpora, baita NBE edo Nazio Batuen Erakunde sortu berritik, Aliatuek sustatua. Erregimena hondamendira joan zitekeela ikusita, Francoren diktadura bere alde faxista ezkutatzen hasi zen eta, trukean, antikomunismoa zein nazional-katolizismoa areago nabarmentzen. 1949an, gerra egoeraren amaiera ezarri zuen erregimenak.

1950eko hamarkadan, Gerra Hotzaren garaian, Espainia Ameriketako Estatu Batuentzako eta Europako aliatuentzako Sobietar Batasunaren aurkako aliatu estrategia bilakatu zen. NBEk bertan behera utzi zuen Espainiaren gaitzespena 1950eko urrian, eta 1953an Francok alde biko hitzarmena sinatu zuen AEBrekin.[1] Eisenhower AEBko presidentearen bisita jotzen da jarrera horren erakusgarritzat (1959).[2]

60 eta 70eko hamarkadetan, garapen ekonomikoak hobekuntza nabaria baina desorekatua izan zuen, eta erdi mailako gizarte klase bat sortu zen. Teknokrata katolikoak heldu ziren erregimenaren erdigunera, Opusekoak. Ingeniaritza lan publikoak eta programa nuklear zibil bat sustatu ziren. Norbanakoaren askatasuna eta askatasun politikoa ez ziren era berean garatu eta langileak eta ikasleak diktaduraren aurkako mobilizazioak egiten hasi ziren.

Frankismoa, erregimen politiko gisan, Francoren heriotzarekin amaitu zen. Estatu buruaren postua Joan Karlos I.a erregeak hartu zuen. Artean hasi zen diktadura erregimenetik monarkia parlamentariorako bidea, gaur egun "Espainiako trantsizioa" deitzen dena. Espainiako Gobernuak ez du oraindik Francisco Francoren diktadura ofizialki gaitzetsi, eta oroimen historikoa berreskuratzeko prozesuak etengabe oztopatu izan dira.

Espainia da, munduko demokrazien artean, diktadura garaiko Estatu terrorismoa ikertu ez duen bakarra. Estatuak berak edo estatuak bultzatuta egindako eskubide urraketa ugari oraindik ofizialki onartu, ikertu eta zuzendu gabe daude. Eskubide urraketa horien artetik nabarmenena oraindik hobi komunetan ehortzita dauden 88.000 gorpuena da. Munduko estatu burujabe guztien artetik, Espainia da desagertutako pertsona gehien dituztenetan bigarrena: Kanbodiak baizik ez dio aurrea hartzen.[3] Espainiako Justiziak, frankismoaren krimen horiek berak ez ikertzeaz gainera, kanpokoek ikertzea ere eragozten du.[4]

Garai ezberdinak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francok heriotza zigorra berrezarri zueneko idatzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« Faltsukeria nabarmen batek bultzatutako sentimentalismoz jokatuta -bateraezina da hori estatu indartsu eta zuzen batekin-, " zigorren eskala orokorra" mutilatu zuten, eta handik, heriotza zigorra kendu zuten zorigaiztoko Errepublikako zigor-kodetik. Zege honen bidez, guztiz berrezartzen da heriotza zigorra. »
Francisco Franco, Burgos, 1938ko uztailaren 7a.

Gerraostea (1939-1945)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiak Gerra Zibilaren garaian bere biztanleriaren zati handi bat galdu zuen, baita bere gaitasun produktiboa ere. Eskasiak gose egoerak bikoiztu zituen eta izugarrizko miseria iraunarazi zen. Francoren erregimenak gerra zibilaren ondorenean indarkeria areagotu zuen errepresalia eta zigorren bidez. Irabazle eta galtzaileak ondo bereizi zituen gerra osteak, eta ez zegoen adiskidetzeko modurik. Erregimenaren desagerpenerako faktore garrantzitzu bat bihurtu zen hori gerora.

Gainera, egoera gero eta gehiago okertu zen, Gerra Zibila amaitu eta hilabete batzuk geroago, Bigarren Mundu Gerra hasi baitzen (1939-1945).

Espainiak ez zuen parte zuzena hartu gerran, baina zeharka bai. Lehenengo, Italia faxistari eta Alemania naziari eman zien laguntza, baina beti gerraren parte-hartze zuzena saihestuz. Hendaiako hizketaldiaren ondoren, ekintza adierazgarriena espainiarren mobilizazioa izan zen, borondatez nahiz beste egoera batzuengatik mugitua, Dibisio Urdina, Sobietar Batasunaren aurka borrokatzera joan zelarik.

Bien bitartean, Espainiak aliatuei neutraltasun jarrera erakutsi zien, aliatuek irabazten zuten heinean, gehiago nabaritzen hasi zena. Hala eta guztiz ere, Espainiaren jarrera zalantzagarriaren ondorioz, aliatuen garaipenak, erregimenaren bakartze internazionala ekarri zuen. Mendebaldeko demokraziek ez zuten Espainiar Errepublika defendatu eta, Mundu Gerraren ostean, Marshall Planari jarraituz, Mendebaldeko Europa sortu zen, baina Espainia eta Portugal kanpoan geratu ziren.

1939tik aurrera, gerra amaitu zenetik, diktaduraren aurkako erresistentzia armatu bat azaldu zen makien eskutik, batez ere, landa-eremuetan eta mendian jardun zuten gerrillari taldeak. Beraien jardunaldi indartsuena 1940ko hamarkadako bigarren zatian eman zen. 50eko hamarkadaren hasieran, Espainia erabateko gainbeheran aurkitzen zen. 1952an, biztanleria Espainiatik ateratzen hasi zen eta Frantziara joateko. Urte hartatik 1965era arte, partidek gero eta bakartuagoak iraun zuten bizirik.

Garaiko politika ekonomikoak autarkiaren eredua jarraitu zuen, Italia eta Alemaniako gerren ekonomia nahiko ondo mantenduz. Autarkia, gai ekonomikoetarako Estatuaren zuzeneko esku-hartzean oinarritzen zen, baita burujabetza ekonomikoan ere, munduko beste herrialdeekin merkataritzarik egon ez zedin.

Estatuaren esku-hartzea ekonomiaren zati handi batean hedatu zen. Estatuak legeetatik kanpo atera zituen nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak, prezioak finkatu eta ekoiztutako produktuen jabetza eskubidea mugatuz. 1941ean, Instituto Nacional de Industria delakoa sortu zen (INI) eta kanpo-merkataritzaren kontrol zorrotza ezarri zen. 1943ko martxo-apiriletik aurrera, Espainiari erregai blokeoa jarri zioten britainiarrek eta estatubatuarrek, eskasia handia eraginez erregimenari, baina bereziki herritarrei. Lau hilabete iraun zituen, erregimenak alemaniarrei wolframioa hornitzea mugatuko zuela hitzarmenean sinatu arte, Aliatuak alemaniarrei gailentzen ari zitzaizkienean.

Eskasiak eta estatuaren esku-hartzeak merkatu beltzera, estraperlora eta okerbideratzea (inportatzeko eta esportatzeko lizentziak, Estatua hornitu...) ekarri zuen. Espainian, kontzentrazio-esparruak zeuden eta 1947an, Espainiako azkena itxi zen, Miranda Ebroko esparrua. Neurri batean, biztanleriaren eskasia, herrialdearen mesederako zeuden hainbat instituziok arindu zuten, falangisten organizazioaren barneko laguntzaile sozialak "Auxilio Social" izenez ezagutuko organizazioa, hain zuzen ere.

Diktaduraren zentralismoak "Espainia, bat, handia eta librea" goiburuarekin, lehenengo urteetan, inguruko nazionalismoen aurkako errepresio basatia izan zen, hauen manifestazio kultural eta linguistikoak debekatuz, besteak beste, maiatzaren 21eko Ordena 1938an eta maiatzaren 16ko Ordena Ministeriala 1940an.

1938an Prentsaren Legea sortu zen, eta indarrean izan zen 1966 arte. Lege honek, aurretiko zentsura berrezarri zuen eta, zuzenean nahiz zeharka, erregimenaren edo Nazioaren izena kaltetzen zuen, gobernuaren Estatu Berriko eginkizunak oztopatzen zituen edo jakinduria asko ez zuen biztanleriaren artean ideia kaltegarriak hedatzen zituen edozein idazki zentsuratzen zuen.

Gerraosteko iritzi orokor bat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerald Brenan idazleak Espainiako gerraostea ezagutu zuen. Bai berak baita haren moduko idazle eta intelektual askok ere behean idatzita dauden ideia eta iritziak zituzten garai hartako Espainiari buruz:

« Negargarria da guztiari darion irudia. Animorik gabe eta etsiturik daude herri eta ideologia guztietako espainiarrak. Gerra zibilean beren hoberena fanatismoaren eskuetan utzi zuten haiek obsesionaturik dauzka ez gutxitan erru-sentimenduak, ez baitago biharamun okerragorik gerra zibilaren eta terrorearen erreinaldiaren ondoan datorrena baizik. Hara eta hona zabaldu den ustelkeriak lotsa eta etsipena sortarazten du, Gobernuaren kontrol-sistemak beren onetik ateratzen ditu negozio-gizonak; bitartean, inflazio izugarriak estuasun handian utzi ditu erdi mailako klaseak eta hirietako herri xehea, eta jaun eta jabe da gosea laborarien artean. Bide guztiak itxirik dituen herri bat, hori da Espainiak gaur ematen duen sentsazioa. »
Gerald Brenan, "La Faz de Espana"

Autarkiaren amaiera (1954-1959)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autarkiaren porrotak politika ekonomikoan aldaketa nabari bat ekarri zuen. Prezioak, merkataritza eta ondasunen zirkulazioa partzialki liberatu ziren. 1952an, elikagaien errazionamendua bukatu zen. Neurri hauek ekonomia hobetu zuten, baina 1954 urterarte ez zen 1935eko biztanleriaren errenta gainditzea lortu.

Ameriketako Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna Mundu Gerran aliatuak izan ziren, baina, ondoren, beren jarrera guztiz aldatu zuten. Gerra Hotzaren funtsezko zati bat, Sobietar Batasuna Ekialdeko Europan zabaltzea eta segurtatzea eta Estatu Batuen eta kontinenteko beste aliatu guztien haien aurkako batasuna izan zen.

Botere eta interes estrategikoko borroka honetan, Estatu Batuak base militarrak ezarri zituen Espainian eta honen ordainetan, 1951n, Espainia laguntza ekonomikoa jasotzen hasi zen. Lankidetza hau, Marshall Planaren ondorioz, Mundu Gerraren ondoren demokrazia parlamentarioek jaso zutena baino askoz ere okerragoa izan zen, hauek, Erresuma Batua, Mendebaldeko Alemania, Italia, Frantzia eta Japonia izan ziren. Haatik, gerrak igaro eta urte batzuk geroago, Espainiaren gabezia oso handia izaten jarraitzen zuen eta ekipo-ondasunen inportazioak, garapena bizkortzen lagundu zuten. Honek, garapena bizkortzeaz gain, diruaren inflazioa eta ezinegon soziala ere ekarri zituen.

1957an, Opus Deiko teknokrata talde bat sartu zen gobernuan eta politika ekonomikoa behin betiko aldatu zuen.

"Teknokrazia" eta "irekidura" (1959-1975)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egonkortasun Planaren etorrera (1959-1961)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Egonkortasun Plana»

Opus Deiko teknokratak 1957an sartu ziren gobernuan eta Egonkortze Plan gogorra jarri zuten praktikan, Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) arauekin bat.

Ekonomia liberalizatu egin zen: autarkiari amaitu zen eta Estatuaren esku-hartzea murriztu. Gastu publikoak txikiagoak izan ziren, ekonomia atzerriari ireki zitzaion, diruaren balioa gutxitu eta atzerritiko inbertsioak erraztu. Ondorio garrantzitsuena 1961etik aurrera izan zen, ekonomiaren hazkundea azkartu zenean.

Garapen ekonomikoa (1961-1973)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Espainiako garapen-planak»

1961 eta 1973 artean, munduan zuen egoera onuragarriak, Espainiako industria eta zerbitzuak azkar haztera eraman zuen. Inbertsio atzerritarrak murriztutako lan-gastuengatik erakarriak izan ziren. Garapenak eta emigrazio jendetsuak, langabeziarekin amaitu zuen. Emigrazio bat sortu zen nekazal eremu espainiarretatik, Europako beste herrialde batzuetara.

Espainiak superabita edukitzea lortu zuen bere merkataritza-balantza eta, izandako defizit historikoa turismotik lortutako diru-sarrera, inbertsio atzerritar eta Europako beste lurraldeetako emigranteengatik konpentsatu zen.

Emigrazioak eta nekazaritza eta abeltzaintzaren ustiapenaren errendimenduaren handiagotzeak presentzia industrial eta turistikorik gabeko nekazal eremuen pobretzea ekarri zuen, desertifikaziogatik.

1963an, Gobernuak hainbat Garapen Plan onartu zituen. Pizgarri fiskal eta estatu-laguntza bidez, garapen ekonomikoko ondorio txarrenak zuzentzeko helburua zuen. Ekonomiak hazten segitu zuen, baina planifikazioa ez zen behar bezala atera eta eskualdeen arteko desoreka sortu zen.

1960ko hamarkadako Kontsumo-gizartea eta aldaketa sozialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

60ko hamarkadan aldaketa sozial ugari izan ziren:

  • Nekazarien emigrazioa hirietara eta Europako mendebaldera. Milioi bat espainiar baino gehiago joan ziren Frantzia, Alemania, Suitza, Belgika eta Europako hainbat herrialdetara lan egitera.
  • Emigrazioak ondorio positiboak eta negatiboak izan zituen.
  • Populazioa emendatu zen, heriotza tasa txikitu eta jaiotza tasa handitu egin zirelako.

1963tik aurrera, osasun zerbitzuak eta pentsio-sistemak handitu ziren. Lehenengo aldiz, gizarte-segurantza biztanleriaren gehiengoaren artean hedatu zen. Etxebizitzen defizita murriztu zen etxebizitza berriak eraikiz. Eraikuntza masibo pribatua bultzatu zen batez ere, erregimenarengandik gertu zeuden enpresarien eskutik, eremu industrialetako biztanleriaren ugalketari erantzunez. Hiri handien inguruan anitz etxebizitza eraiki ziren, baina hirigintzarako aurretiko planifikaziorik gabe, denbora aurrera joan ahala, lo egiteko hiri masifikatuak bihurtuko ziren, askotan komunitatearentzako zerbitzu oso urriekin.

Espainian, garapen ekonomikoak, kontsumo-gizartea sortzen lagundu zuen. 1969an, kobertura zegoen eremuetako etxebizitzen bi herenek telebista zeukaten eta laurden batek autoa. Kontsumo-gizarteak informazioaren mugikortasuna eta informazioa lortzeko erraztasunean lagundu zuen. Honek mentalitate berri bat ekarri zuen, haien artean erlazionaturik zeuden:

  • Doktrina katolikoaren eragina galdu zen gizartean.
  • Sexu harreman eta sozialekiko ohitura berriak.
  • Beste herrialde batzuen moda eta ohituren eragina.

Frankismoaren oinarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diktaduraren oinarriak, beste batzuen artean, espainiar nazionalismoa, katolizismoa eta antikomunismoa ziren. Haiek laguntza modura balio izan zuten diktadura militar autoritario bat zuen gobernua aurrera ateratzeko, "demokrazia organiko" izena hartu zuena, demokrazia parlamentariotik oso urruti.

Gerraren ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francoren diktadurak ahalegin handiak egin zuen arestiko aldietatik gera zitezkeen arrastoak kontu handiz ezabatzeko. 1931ko Konstituzioak aldarrikatzen zituen askatasun guztiak eta zuzenbide eskatua indargabetu ziren, egindako nekazaritza-erreformak deuseztatu eta nekazariei emandako lurrak desjabetu eta lurjabe handiei itzuli zitzaizkien berriro. Halaber, gobernu frankistak Espainiako Bigarren Errepublikako irakaskuntza sistema erabat ezeztu zuten eta gizarteak aurreko urteetan ezaguturiko aurrerapenak bertan behera utzi zituen. Errepublika garaiko garapenak erraustu ziren eta frankistek estatu aparatu ahaldun bat antolatu zuten errepresiorako eta diktadorearen irudia goratzeko.

1938ko urtarrilean, gerraren ondarrean Francok matxinatuen alderdian gobernu bat osatu zuen Estatuaren Administrazio Zentralaren Legea deiturikoa eta honen bitartez Franco diktadoreak beregan hartu zituen ahalmen guztiak: legegintzako boterea, estatuaren eta gobernuaren buruzagitza eta alderdi bakarraren liderra izendatu zuen bere burua. Horrela, sistema autoritario faxista antoaltu zuen Hitlerrek eta Mussolinik euren herrialdeetan egin zuten legez. 1939ko abuztuaren 9an, guda amaitu eta lau hilabetera, Estatu Buruzagitzaren Legea plazaratu zen Francoren boterea indartzeko. Handik aurrera, Francok biztanleriaren eguneroko bizitza kontrolatuko zukeen jainkoaren bermearekin herrialdea bakean egon zedin.

Errepresioko legeak: 1939ko otsaileko Erantzukizun Politikoen Legea izan zen epaileen jardun eta erregimenaren kontrakoen hondamenerako erabilitako lege oinarria izan zen. Testuaren zehaztasun falta zela eta, gerra aurreko erakunde demokratikoekin lotutako espainiarrak kartzelatu eta hiltzeko bidea ematen zuen, eta paradoxa den arren, 1936ko altxamenduarekin bat ez egitea "matxinada militartzat" jotzen zuen.

« (...)Gobernuak (...) uste du unea iritsi dela Erantzukizun Politikoen Lege bat emateko, beren egite edo ez-egite larriekin matxinada gorria gorpuzten lagundu zutenek alde horretatik dituzten erruak kitatzeko balioko duena (...)

Halako zigorrak ezartzeaz arduratuko diren auzitegietako kideak Armadako, Magistraturako eta Falange Española Tradicionalista y de las J.O.N.S.eko ordezkariak izango dira (...)

1. artikulua: Erantzule politiko deklaratzen dira 1934ko urriaren 1etik 1936ko uztailaren 18ra bitarte Espainiari jasanarazi zitzaeion era guztietako asaldura eragiten edo areagotzen lagundu zuten pertsona fisikoak nahiz pertsona juridikoak, eta orobat bigarren data horretatik aurrera, beren egintza batzuekin edo gelditasun larriarekin Mugimendu Nazionalaren kontra aritu direnak edo daudenak.

2. artikulua: Aurreko deklarazioaren ondorioz (...) legez kanpo gelditzen dira 1936ko otsailaren 16an hauteskunde-deia egin zenez geroztik Fronte Popularra osatu duten alderdi edo talde politiko eta sozial guztiak, eta orobat hari aliatu edo atxiki zaizkion alderdi eta taldeak eta Mugimendu Nazionararen Garaipenari kontra egin dioten guztiak.

3. artikulua: Legez kanpo deklaratutako alderdi, talde eta erakundeek esotara galduko dituzte era guztietako eskubideak eta ondasun guztiak

»
Espainiako Aldizkari Ofiziala, 1939ko otsailaren 13a

1940an beste lege bat agindu zuten "mazoneria eta komunismoaren errepresiorako", Francok berak erakunde horiekin zuen itsutasunak aginduta antza. Gainera, elkarri lotuta ageri ziren erakunde biak, nahiz eta hainbat arlotan kontrako pentsamendu eta politika bideak izan.

« [...] Agintzen dut:

1. artikulua: Delitua izango da mazoneria, komunismo eta hurrengo artikuluek aipatutako isileko elkarteetako kide izatea et Lege honetako xedapenen arabera zigortuko da. Gobernuak elkarte horiei nahi dituen adar edo osagarriak gehitu ahal izango dizkie, eta, orduan, Lege honen xedapenak egotziko dizkie behar den moduan egokituta.

2. artikulua: Esandako elkarteak galarazita eta Legetik kanpo daude, eta behin deseginda, haien ondasunak konfiskatuta geratuko dira eta, beraz, erantzukizun politikoen eskumenean. (...). 3. artikulua: Mazoneria edo komunismoaren ustezko onurak edo printzipioak goratu, edo Erlijioa, Herria eta haren oinarrizko erakundeak desegiteko eta gizarte harmoniaren kontrako ideiak zabaltzen duen propaganda guztiari hurrengo zigorra ezarriko zaio: babestu duten egunkari edo erakundeak desegin eta ondasunak kentzea, eta errudun nagusiari edo nagusiei kartzela zigorra, baita laguntzaileentzat ere [...].

»
Espainiako Aldizkari Ofiziala, 1940ko martxoak 2

Galtzaileen zigorra argi agertzen da 1939ko abenduaren 31an egindako Francoren Urtezaharreko mezuan:

« Beharrezkoa da amaitu berri den gerrako gorrotoak eta sua itzaltzea, baina ez liberalen erara, amnistia higuingarri eta suizidak emanda, gehiago baitute iruzurretik barkamenetik baino, baizik eta zigorra lanaz, damuaz eta penitentziaz berrerosiz. Besterik uste duena, arduragabea da, edo traidorea.

Hainbeste kalte jasan ditu Aberriak, hainbesterainoko hondamena eragin du familiengan eta moralean, hainbeste biktimak nahi dute justizia, non espainiar zintzo bat ere, izaki kontziente bat ere ezin den itzuri betebehar nekagarri horietatik.

»

Garapen-planak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1963tik aurrera, Espainiaren barruko ekonomiaren hazkunde desberdinaren emaitza ziren desorekak zuzentzeko lau urteko ekonomia plana egin zuten. Une hartan industria zenez garapenaren motor nagusia, planak kokaleku jakinetan industria bultzatzera mugatu ziren; enklabe horietako ezarpenei, industria garatzeko polo izena eman eta zerga-hobariak eta estatuaren laguntzak ematen zizkieten; hala ere, plan horiek ez zituzten aurreikusitako emaitzak izan, eta hazi egin zen eskualdeen arteko orekarik eza.

« [...] Gerra Zibilaren ostean exekutaturikoen lehenengo ebaluazioa Ramón Salasek egin zuen; horrek 25.000 exekutatu zenbatu zituen, eta kopuru hori gero 30.000raino hazi zen. Baina zifra hori gutxienekoa dela esan behar da, bera kalkulatzeko prozedura oso eztabaidagarria izan baita. Oraingo ikerlariek diotenez (esaterako, Solé), 50.000 exekuzio egon ziren. Espainiako biztanleria Frantziakoaren erdia zela aintzat hartu barik, esan daiteke, behetik jota, Francok 20 aldiz espainol gehiago hil zituela, askapenaren ostean hildako frantses kopurua baino.

Baina, gainera, zapalkuntza gutxieneko berme judizialik gabe egin zen, oso iraunkorra izan zen eta jazarpen prozedurak estali zituen, bata bestearen atzean. Epaiketa guztiak militarrak izan ziren, eta, bertan, esate baterako, bere alabak prostituitzen zituen emakume batetik bizitzea leporatzen zitzaion, inolako probarik gabe, salatuari (adibidez, Companys presidenteari gertaturikoa). Oso ohikoak ziren 15 pertsonari batera auzi berean egindako epaiketak, edo ordubetean beste horrenbeste pertsona epaitzea [...].

»
Tussel, J.: «Los muertos de Franco», El País, 1997ko abenduaren 22a.

Estatu autoritarioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregimenaren oinarriak bi gerra handien arteko aldian sortu ziren Europan. Joera faxistak gailendu ziren, diktadurazaletasunatik oso gertu zeuden ideia horiek demokrazia, sozialismoa eta liberalismoa gaitzesten zuten.

Frankismoa faxismoan oinarritzen da, Espainiara falangistek egokitua. Haren helburuak hauexek dira: Espainia osoa elkarturik egotea, katolizismoa, komunismoaren ezabatzea eta arrazismoa. Ez du demokrazia aintzat hartzen; beraz, diktadura da.

Sinbolo nagusietako bat Cara al sol ereserkia izan zuen, Irungo (Gipuzkoa) Pedro Mourlane Mitxelenaren letra eta Zegamako (Gipuzkoa) Juan Telleriaren musika duena. Hala ere, Francoren diktadurako nazio ereserki ofiziala Errege Martxa zen, gaur egun Espainiako Erresumak duen nazio ereserki bera.

Emakumea Frankismo garaian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francoren diktaduran zehar, emakumeak 1931ko konstituzioak ematen zizkion eskubideak galdu zituen, horien artean, berdintasuna gizonarekiko eta botoa emateko eskubidea.

Erregimenarekin, emakumeak familiako ama eta emazte papera hartu zuen. Asko eta asko errepublikaren aldekoak izateagatik hil ziren, batzuk praktika politikoa burutzeagatik eta beste batzuk ezkerreko joera zuten gizonen emazte edo senide izateagatik, hauetako asko, ezagun nahiz ahaideengatik salatuak izateagatik zigortu zituzten. Errepublikaren aldeko emakumeak Eva berriak izenez ziren ezagutuak, hauek, Espainiaren aurkako semeak edukiko zituzten eta, horregatik, ilea mozten zieten eta errizino-olioa ematen zieten, ondoren kale guztiaren aurrean umiliatzeko.

Honez gain, ezkondurik zeuden emakumeak, ez zeukaten lan-merkatura irteteko eskubidea. 1938ko Lanaren Foruarekin, Estatuak etxeko lanak erregulatu zituen. Lan egin zezaketen emakume bakarrak ezkongabe eta alargunak ziren; gainera, ezkonduz gero, ezkontza baino hilabete bat lehenago, beraien kaleratzea sinatu behar zuten, eta berriz ere lan egiteko, senarraren baimena behar zuten. Gainera, soldata baxuagoak zeuzkaten. Hau guztiagatik, familia aurrera ateratzea oso zaila zen eta, oinarrizko kontsumorako errazionamendu libretak izan arren, gosea edukitzen jarraitzen zuten, emandakoa ez baitzen nahikoa familia guztia elikatzeko. Ondorioz, emakume askok estraperlora jo zuten, beraiek egindako produktuak, elikagaien truke aldatuz. Estraperloa guztiz debekatuta zegoenez, harrapatuz gero, kartzelara joaten zinen edota multa jaso.

Familia jerarkia bat zen, non, emakumea senarraren menpe eta seme-alabak aitaren menpe zeuden. Emakumeak zati okerrena eramaten zuen, bere eginbeharra senarra asetzea baitzen, atsegintasuna emanez. Emakumearen Atalaren aldizkariak, Pilar Primo de Rivera buru zena, emakumeei nola jokatu behar zuten irakasten zien, beti gizonaren menpe, eskubiderik gabe, iritzirik gabe eta beti men eginez. Adulterioa Kode Penalak zigortzen zuen.

1937an Emakumearen Gizarte Segurantza sortu zen, Mercedes Sanz Bachiller eta Javier Martinez Bedoya buru zirelarik, doako emakume langileak lortzeko; hori derrigorrezkoa zen 17 eta 35 urte bitarteko emakumeentzat, beti ere ezkongabeak, ospitaletako langileak... 1941ean Emakumeen Babeserako Patronatua sortu zen, non, elizgizon asko zegoen emakumea elizara hurbildu eta bizioetatik urruntzeko. Erdi maila eta maila altuko emakumeak Ekintza Katolikoan egiten zuten lan, langileei lagunduz eta gerraren bat galdu zutenak bisitatuz.

Emakumearen lan-egoera 1959an hobetu zen Egonkortasun Planarekin, 1961ean emakumeen eskubide politikoen, profesionalen eta lan-eskubideen legeak, lanaren sarbidearen galerarekin eta soldata-diskriminazioarekin amaituko zuena. Senarraren baimena izaten jarraitu behar zuten, hala ere. Eginbehar hau 1976ra arte iraun zuen, Lan Harremanen legea atera zen arte. 1963an ere oso garrantzitsua izan zen Garapen Plana, langile gehiago behar baitziren eta emakumeetara jo baitzuten.

1973an, Emakumearen Nazioarteko Urtearen prestaketa modura, gobernuak alkate kargua eman zien zazpi emakumeei, diktadurako lehenengo alkate emakumeak eta bakarrak.

Diktaduraren urteetan, Espainiak aldaketa asko bizi izan zituen. 1959ko Egonkortasun Planak autarkiaren amaiera ekarri zuen eta garapen industrialerako oinarriak ezarri zituen. Gainera, Europako hiri ezberdinetara eman zen langileen emigrazioa eta, honek, aldaketak ekarri zituen gauzak egiteko modu eta eran.

Aldaketak eman ziren arren, begirunez jokatzen jarraitzen zen. Bikoteek ezin zuten maitasunik erakutsi toki publikoetan eta, gertatuz gero, isuna jarriko zitzaien eta berria egunkarietan argitaratuko zen. Etxebizitza lortzea ere, oso zaila zen, 60ko hamarkadan aldatuko zena eraikinen merketzearekin eta gas butanoaren, kalefakzioaren eta ur beroaren etorrerarekin.

Telebistaren etorrerarekin etxeetan gela berri bat sortu zen, egongela. Honek, erabat aldatu zuen espainiarren bizimodua eta kontsumo-gizartea, denek erosteko ahalmena ez zuten arren. Honengatik guztiagatik, bizilagunak telebistaren inguruan biltzen ziren teleklubean. Autoak erostea ere errazagoa bilakatu zen, 1957ko "Seiscientos" famatua ekarriko zuena, baina autoak ez ziren bakarrak errepideetan, motorrak, scooterrak, motogurdiak eta biskuterrak ere han ibiltzen baitziren.

Ongi pasatzeko moduak ere aldatu egin ziren. Disko-jokagailu eramangarriak eta musika arinak gazteen artean oso arrakastatsuak izan ziren hainbat musika talderekin: Dúo Dinámico, Fórmula V, Los Bravos... dantza askeak ekarri zituztenak. Beste alde batetik, Julio Iglesiasek arrakasta izan zuen Benidormeko Jaialdian eta Massielen La,la,la abestia irabazle izan zen Eurovision Abesti Lehiaketan. Zigarroak biltzearen ohitura zaharrari, Zelta tabakoa erretzearen moda batu zitzaion, gero, kontrabando bidez erosten zen tabako gorri amerikarrarengatik ordezkatu zena.

Eliza ere aldatzen hasi zen, eta Vatikanoko II. Kontzilioan, 1962an Joan XXIII.ak inauguratua, meza emateko herri bakoitzeko hizkuntzan erabili ahal izatea onartu zuten eta, 1963an, latinaren erabilera atzean utzi zuten. Garai honetan sortu ziren apaiz langileak eta kontzilio osteko mojak, komentutik irteten hasi zirenak kalean antolatutako ikasle, komunista eta sozialisten manifestazioetara joateko. Horrek haietako batzuk kleroko partaide zirenentzako kartzelan amaitzea ekarri zuen, besteak beste, Zamorako konkortatuzko espetxean.

Hala eta guztiz ere, diktadurak ez zuen egoera arindu nahi eta, horren adierazgarri Julián Grimauren exekuzioa da (1963).

Gai erlijiosoetan gehien errespetatzen zena Aste Santua zen: denboraldi horretan, dantzalekuak eta billarrak ixten ziren eta, zineetan, film biblikoak besterik ez ziren ikusten, horien artean, La túnica sagrada, Ben-Hur edo Los Diez Mandamientos.

Modernitate haien guztien artean, 60ko hamarkadan, kontzeptu berri bat azaldu zen: aisia. Horren planifikazioa asteburuetan argitaratzen ziren liburuxketan azaltzen zen, Aisi gida izenarekin ezagutuak. Honekin, oporretan hondartzara joatea jarri zen modan, beti ere ahal zutenen artean. Hondartzetan moda berriak azaldu ziren, tradiziozko moraltasunarekin bat ez zetozenak. Espainiako kostei izen erakargarriak ezarri zitzaizkien turistei atentzioa deitzeko helburuarekin, esaterako, Costa Brava, Costa del Sol, Costa Dorada, Costa Blanca, Costa del Azahar, Costa Verde edota Costa de la Luz. Turismoa hartu ahal izateko, hotelak eta apartamentuak sortzen hasi ziren.

Bainu-jantziei zegokienez, gaur egun erabiltzen direnekin parekatuta, oso urrun zegoen gerraosteko bainu-arropa. 1962an, James Bond estreinatu zenean, Ursula Andressek zeraman bikinia ikusi arte, Espainian ez zen bikinirik egon. Hasieran, debekatuta zegoen eta beste aldera begiratzen zen baina, pixkanaka, gero eta gehiago erabiltzen zuten. Estatuaren barruko igerilekuetan, berriz, ez zen hala izan, 70eko hamarkadan hasi ziren emakumeak bikinia erabiltzen, Zaragozako emakume batzuek antolatu zuten matxinada bati esker, prentsak Bikinien gerra izenez bataiatu zuena.

Bestalde, espainiarrak zezenen korridekin jostatzen ziren: Festa Nazionala zen, 60ko hamarkadan futbolak atzean utzi zuen arte. Bai estadioan eta baita telebistaren aurrean ere, espainiarrek kirol horrekin asko gozatzen zuten eta horrela sortu zen mahai-futbola, Alejandro Finisterrek, berez, ume elbarriak birgaitzeko helburuarekin sortu zuena.

Frankismoa gaur egun

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beren burua frankista ultraeskuindar gisan aurkezten duten taldeak oso txikiak dira: lehen hauteskunde demokratikoetan, Madrilgo Kongresuan Blas Piñar Fuerza Nueva alderdiko diputatu izan zenetik, ez dute bat bera ere lortu.

2014ko azaroaren 12an, Frankismoko 20 agintari atxilotzeko agindu zuen Interpolek. Interpolen Argentinako ordezkaritzak agindu zuen. Besteak beste, Rodolfo Martin Villa eta Jose Utrera Molina zeuden inputatuta. Catalaren hitzetan, Auzitegi Nazionalak estradizioari ezezkoa emango zion[5].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Jarque Iñiguez, Arturo. (1994). «ESTADOS UNIDOS ANTE EL CASO ESPAÑOL EN LA ONU, 1945-1950» REDEN: Revista Española de Estudios Norteamericanos. ISSN 1131-9674. https://ebuah.uah.es/dspace/bitstream/handle/10017/4856/Estados%20Unidos%20ante%20el%20Caso%20Espa%C3%B1ol%20en%20la%20ONU%2C%201945-1950.pdf?sequence=1&isAllowed=y.
  2. (Gaztelaniaz) «La visita de Eisenhower a Franco: así legitimó EEUU a la dictadura como aliado contra el comunismo» www.lasexta.com 2022-05-20 (Noiz kontsultatua: 2022-08-19).
  3. (Gaztelaniaz) Alejandro TORRÚS: «Al menos 88.000 víctimas del franquismo continúan sepultadas en fosas comunes», Público, 2012-08-30.
  4. (Gaztelaniaz) Amnesty International: El tiempo pasa, la impunidad permanece, Amnesty International, 2013.
  5. «Frankismoko 20 agintari atxilotzeko agindu du Interpolek», EiTB, 2014-11-12

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(Gaztelaniaz) Artikulua Gara egunkarian