Ben-Hur (1959ko filma)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ben-Hur
Datuak
Jatorrizko izenburua Ben-Hur
Izenburua euskaraz Ben-Hur
Urtea 1959
Estreinaldia 1959ko azaroaren 18 (New York)
Generoa Drama historikoa
Herrialdea Ameriketako Estatu BatuakAmeriketako Estatu Batuak
Iraupena 212 minutu
Aurrekontua 15.000.000 $
Banatzailea Metro-Goldwyn-Mayer
Zuzendaria
William Wyler
Ekoizleak
Sam Zimbalist
William Wyler
Gidoilariak
Karl Tunberg,
Gore Vidal
Christopher Fry
Aktoreak
Charlton Heston
Jack Hawkins
Haya Harareet
Stephen Boyd
Hugh Griffith
Musikagileak
Miklós Rózsa
Argazkilariak
Robert L. Surtees
Jatorrizko hizkuntza
ingelesa
Sariak
11 Oscar Sariak, tartean film onenarena

Ben-Hur William Wylerrek 1959an zuzendutako filma da. Lew Wallace idazle eta jeneralak idatzitako Ben-Hur: Kristoren historia bat eleberrian oinarrituta dago. Film honen aurretik, beste batzuk ere egin ziren historia honetan oinarrituta, baina ez zuten arrakastarik izan 1959ko filmarekin alderatuta.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Nazareteko Jesusen garaiko Judean girotutako pelikula honek Juda Ben-Hur printze juduaren historia kontatzen du. Filmaren hasieran gaztetako lagun batekin elkartzen da, hainbat urte Erroman egin dituen Mesala generalarekin. Honek bere aberria eta erlijioa utzi eta Erromaren zerbitzura lan egiteko eskatzen dio, horrela etorkizun oparoa izango duelakoan. Ben-Hurrek, baina, uko egiten dio bere adiskidearen eskaintzari, eta bere herriari eta erlijioari leial irauten du. Horrek bien arteko haserrea pizten du.

Zoritxarreko istripu baten ondorioz, Ben-Hur, bere arreba Tirza eta ama Myriam atxilotu egin zituzten. Ama eta arreba ziegan sartu zituzten eta Ben-Hur galeretara bidali zuten esklabo. Galerara bidean zihoala, Nazaretetik igaro zen, eta bertan Jesus ezagutu zuen, honek ur pixka bat eman zionean erromatarren aginduaren aurka.

Galeretan hiru urte lanean zebilela, bera zihoan ontzia erasotu zuten Erromaren etsai batzuek, baina Ben-Hurrek bere buruaz gain kapitaina salbatzea lortu zuen. Horregatik, kapitainak bere semeorde egin zuen Erroman. Bitartean, Mesalarekiko gorrotoa handitzen joan zitzaion bere barnean, eta aukera sortu bezain laster Judeara itzuli eta mendekua hartzea erabaki zuen. Bidean, Baltasar erregea eta Sheilk Iderim merkatari arabiarra ezagutu zituen; lehenengoak Mesiasen berri eman zion, Jainkoaren bidalia zela adieraziz. Bigarrenak bere zaldiekin lasterketa garrantzitsu baten parte hartzeko aukera eskaini zion. Lasterketa horretan parte hartzekoa zen Mesala ere.

Jerusalenera itzultzean, bere etxea bertan behera utzita aurkitu zuen, eta inork ere ez zuen bere ama eta arrebaren berririk. Gaztetan bere morroi izan zen Simonidesen alaba Esterrekin ezkondu zen. Honek ezkutatu egin zion bere ama eta arreba legenarrak jota zeudela, gaixoentzako kobazulo batean.

Lasterketa egunean, Judak argi zeukan mendekua hartu behar zuela. Lasterketa gogor baten ondoren, Mesala garaitu zuen. Hau hilzorian gelditu zen Ben-Hurren zaldiek zapalduta. Mesalak, hil aurretik, esan zion bere ama eta arreba non zeuden, eta Judak bertara joatea erabaki zuen. Han Ester aurkitu zuen, beraiei janari apur bat eramatera joana, eta berarekin haserretu zen aurretik horren berri eman ez ziolako. Baina honek Nazareteko Jesusen berri eman zion, eta azken aukera bezala ama eta arreba berarengana eramatea erabaki zuen.

Jerusalenera heltzean, baina, erromatarrek Jesus atxilotu eta heriotzara zigortu zutela jakin zuten. Gurutzea eramaten zihoala, Juda konturatu zen Jesus hori zela galeretara bidean berari ura eskaini ziona, eta laguntzea erabaki zuen. Azkenean, Juda, bere ama, arreba eta emaztea Jesusen heriotzaren testigu izan ziren. Juda lur jota gelditu zen bere itxaropen bakarra horrela galduta ikustean, baina etxera bihurtzean bere ama eta arreba sendatuta aurkitu zituen. Orduan konturatu zen Jesusen handitasunaz eta Jainko izaeraz.

Aktoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aktorea Pertsonaia
Charlton Heston Judah Ben-Hur
Jack Hawkins Quintus Arrius
Haya Harareet Esther
Stephen Boyd Mesala
Hugh Griffith Sheik Ilderim
Martha Scott Miriam
Cathy O'Donnell Tirzah
Sam Jaffe Simonides
Finlay Currie Baltasar
Frank Thring Pontzio Pilato
Claude Heater Jesus

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben-Hurrek 11 Oscar irabazi zituen, bere garaian inork lortu ez zuen errekorra. Bere ostean Titanicek eta Eraztunen Jaunak soilik lortu zuten horrelako emaitza ona. Film onenari, aktore onenari, zuzendari onenari, bigarren mailako aktore onenari (Hugh Griffith), arte zuzendari onenari, argazkigintza onenari, jantzi onenei, ikus efektu onenari, muntatze onenari, soinu banda onenari eta soinu onenari Oscarrak irabazi zituen hain zuzen.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ben-Hur (1959ko filma) Aldatu lotura Wikidatan