Manuel Sein
Manuel Sein | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Senpere, 1928ko abenduaren 21a |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Heriotza | Saint-Jean-de-Luz, 2002ko urtarrilaren 14a (73 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | bertsolaria |
Manuel Sein Usandizaga, izengoitiz Xanpun (Senpere, Lapurdi, 1928ko abenduaren 21a – Donibane Lohizune, Lapurdi, 2002ko urtarrilaren 14a) bertsolaria izan zen. Sei urte zituenetik Urruñan bizi izan zen. Urruñako plazan kantatu zuen lehenbizikoz Errexil bertsolariarekin batera. Xalbadorrekin eta Mattinekin batera kantatu zuen harrezkero. 1980ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera iritsi zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Manuel Sein Usandizaga Senpereko Olagaraia baserrian sortu zen 1928ko abenduaren 21ean. Hortik familia osoa Ahetzera aldatu zen eta bertan lau urte egin ondoren, Urruñara, amaren sortetxea zen Xanpun izeneko baserrira aldatu ziren. Garai hartan Manuelek sei urte zituen. Baserri honek, euskal usaian ohikoa den bezala, bizitza osoan deitu izan zaion goitizena eman zion. Hamabi urtera arte herriko eskolara joan zen gainerako haur urruñarrekin batera, baina ainitzetan ezin izaten zuen joan anaia zaharrenak II. Gerla Handira soldadu eramanak baitziren, eta baserriko lanak egin behar izaten zituelako.
Urruñan, garai hartan, Euskal Herriko ditxolaririk ospetsuenetako bat bizi zen, Bixente Ezkierdo izena zuena, eta Xanpun harekin zaletu zen euskal hitzaren magia eta jolasean. Hamabi-hamahiru urte zituela, eta erdipurdika bazen ere, bertsotan hasi zen lagunen arteko giroan. Jende aurrean, lehen aldiz, Oleta auzoko bestetan kantatu zuen, bertako plazan, orduan Urruñan bizi zen Joan Joxe Eizmendi “Errexil” eta Ahetzeko Mattinekin batera.
Hamazazpi urterekin parte hartu zuen Ezpeletan jokatu zen bertso norgehiagokan, baita geroxeago Luhuson jokatu zenekoan ere. 1948ko apirilaren 5ean, hemezortzi urte zituela, parte hartu zuen Hernandorenak Saran antolatu zuen Bertsulari Xapelgoa entzutetsuan. Hurrengo urteetan, Gipuzkoako eta Nafarroako bertso saio eta txapelketetan buru-belarri ibili zen, baita Iparraldeko saioetan ere, Xalbador, Mattin, Zubikoa, Errexil, Ezponda, Basarri, Uztapide, Lizaso, Lasarte eta garaiko gainerako bertsolariekin batera. Hauxe izan zen Euskal Herria edo Euskadi bere osotasunean ezagutzeko Xanpunek ongi baliatu zuen aukera. Honela kantatu zituen bihotz-bihotzetik ateratako bertso hauek:
« | Euskadi zaharra 1. Goretsi dezagun denok Euskadi zaharra, bihotzetan piztu dauku indarraren karra, erakuts dezagun beroz zoin dagon azkarra. Gora Euskadi eta euskaldun indarra! 2. Hizkuntzarekin dauzkagu, kultura, kirola, 3. Aizkolari izan, berdin harria jasotzen, 4. Berdin pilotaria harrika plazetan, |
» |
Hogeita hiru urte zituela Anttoni Basurko donibandarra ezagutu zuen. Neska honen familia Pasai Donibanetik Lapurdira etorria zen. Aita arrantzalea zen lanbidez, eta Donibane Lohizuneko Ongi etorri izeneko itsasontzian hartu zuten lanerako. Hori dela eta, familia guztiarekin batera, Donibane Lohizunera aldatu zen eta hortxe bizi izan ziren hortik aurrera. Anttoni Donibane Lohizuneko Begiraleak euskal kultura elkartean ibili zen ttiki-ttikitatik, eta baita Xanpun ere, emaztegaiaren bitartez, elkartera hurbildu baitzen gazte-gaztetatik. 1952ko urrian, Emanuel eta Anttoni Donibane Lohizuneko elizan ezkondu ziren eta hiri horretan bizi izan ziren hortik aitzina. Lau haur ukan zituzten, bi neska eta bi mutil. Orduz geroztik, Xanpunek gorespen handia erakutsi zuen beti Donibanerekiko, eta gorespen hori nabarmen islatzen zuen bere bertsoetan. Donibane eta Ziburu izeneko bertso sortan honela dio bigarren koblan:
« | Donibane ta Ziburu ditu agertzen lehen argiak, zoin diren leku paregabeak, ederrak bezin garbiak. Anai-arrebak direla ere erran baiditake biak, Urdaxuriak berexten ditu ta bateratzen zubiak. |
» |
Eta Gora Donibane! izeneko bertso sorta hunkigarrian honela erraten digu azken koblan:
« | Laborariak, arrantzaleak, eta berdin hiritarrak, denek erakuts herriarentzat maitasun eta indarrak, landatuz diren itsaso, mendi, ibai ta zelai ederrak. Gora, gora zu Donibane,eta zurekin donibandarrak! |
» |
Sortzez laboraria zen Xanpun, baina gerora beste bi lanetan txandatuz ibili zen, uda aldean arrantzale eta neguan hargin. 1963tik aitzina, eta hemeretzi urtez, Sobaco enpresak Hendaiako kostaldean eraiki zuen arraintegian kudeatzaile aritu zen. Bertan txangurroak, txitxardinak eta horrelakoak hazten zituzten. Bitartean, bertsolari jarraitu zuen han-hemenka.
Euskal kantuak ere izugarri maite zituen eta Begiraleak elkarteak antolatzen zituen ekitaldietan parte hartu izan zuen. Begiraleak elkartean antzerki talde bat eratu zutenean Xanpun deitu zuten bertan parte hartzera, eta baita berak jarduera berriari gogoz eta kemenez ekin ere. Telesforo Monzonen eta Piarres Larzabalen zenbait antzerkitan Behorraren ostikoa, Zurgin zaharra, Matalas…) parte hartu zuen. Azken horretan bera izan zen Matalas, hau da, pertsonaia nagusia. Antzerki taldearekin Parisen bizpahiru aldiz ibili zen.
2002ko urtarrilaren 17an zendu zen. Geroztik, bera bizi izan zen kaletxoa Xanpun bertsulari kalea izenaz birbataiatu zuten.
Bertsoen ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xanpun bertsolari erromantikoa zen, bihotzez kantatzen zuena. Euskaltzale handia zen, eta Euskadi ongi ezagutzeaz gain, sakon maite zuen. Donibanen, behin, Euskadiko mugak izeneko bertso gogoangarria kantatu zuen bere arrangura garbiki azalduz:
« | Nork ez daki gaur gure Euskadi zer modutsutan dabilen? Gu bentzutu nahi gaituzten hoiek ken ditzagun lehenbailehen. Gu gira euskotarrak eta zendako ez egon hemen? Hoiek gaur buru uzten badira Guziok gaituzte hilen. |
» |
Azken agurra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azken agurra Donibane Lohizuneko elizan egin zitzaion. Hiletara ehunka bertsozale, bertsolari eta euskaldun hurbildu ziren beraien esker ona agertzera. Aldarera igota, Txomin Ezpondak bertso hau kantatu zion:
« | Ustekabean etorri zaigu berri triste ta iluna; Xanpunen hilketak izan baitu lur ikaren oihartzuna. |
» |
Segidan, 1998tik gure egunetara Begiraleak elkarteko lehendakari den Xabier Soubeletek honako bertsoa kantatu zion elkartearen esker ona adierazteko:
« | Ezkil dorrearen pare ixilik dago eliza, gaur itzali baitzaio itsaspuntako haritza. Xanpun hor zen goresteko, hark zuen bertsuaren giltza. Begiraleak-en izenean hartu nahiko nuke hitza. Lehenik, antzerki ekintza, ta gure bertsularitza, solas, irri eta mintza, zuauren izaitearen agintza. Milesker zuri bihotzez, Zu, euskal enbor bortitza! Omenaldi ederrena gaur bihotzean dugun ixiltza. |
» |
Txapelketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Joxemari Iriondo: Xanpun bertsularia, Auspoa argitaletxea, 302. zenbakia, Zarautz, 2006.